(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euro inbertituko ditu Tuterako Lourdes auzoa zaharberritzeko asteazkena, 2010.eko urriak 20

Horrez gain, 1,5 milioi eurora arteko laguntzak emango ditu energia efizientzia eta oztopo arkitektonikoak kentzea sustatzeko


Tuterako Erdi Aroko zubia.

Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio Departamenduaren eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren bidez, 3,8 milioi euro inbertituko ditu Tuterako Lourdes auzoa zaharberritzeko. Zehatz esanda, Toki Administrazio Departamentuak 3 milioi euro bideratuko ditu ingurua berrurbanizatzeko eta Berrikuntza Departamentuak 800.000 euro berogailu instalazioak berritzeko.

Zenbateko hori osatzeko, energia efizientzia sustatzen duten lanetarako laguntzak emango dira, hala nola, energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko eta fatxadak, teilatuak eta arkupeak berritzeko, eraikinen isolamendu termikoa handitze aldera. Horrez gain, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta igogailuak ezartzeko lanak diruz lagunduko dira, orain arte bezala.

Amelia Salanueva Toki Administrazioko eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eta José María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak datu horiek azaldu dituzte ‘Lourdes Renove’ izeneko Lourdes auzoko proiektuaren aurkezpen ekitaldian. Ekitaldia auzoko zentro zibikoan egin da, eta Luis Casado hiriko alkateak ere parte hartu du. Aurkezpena auzokoei zuzendutako jardunaldiaren barruan egin da, eta bide batez, arkitektura lehiaketako proposamen irabazleak aurkeztu dituzte, baita San Juan Bautista erkidegoko berogailua berritzeko proposamena ere. Proiektua aurkezteko jardunaldian etxebizitza blokeetarako proposamen arkitektonikoak ere aurkeztu dituzte, baita auzokoen erkidegoek dituzten finantzaketa aukerak ere.

Auzoa 50eko eta 70eko hamarkaden bitartean eraikitako gizarte etxebizitzek osatzen dute eta biztanle gehienak adinekoak dira. ‘Lourdes Renove’ proiektua Concerto Europako programaren barruan sartzen da. Hain zuzen ere, programa horretan Europako 18 herrialdetako 44 hirik parte hartzen dute, elkarrekin etorkizun jasangarriagoa lortzeko. Zehatz esanda, jardun honetan hurrengo hauek parte hartzen dute: Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio Departamentuaren, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren bidez; Tuterako Udalak, Cener, Cenifer, Nasursa sozietate publikoak eta Zabala aholkularitzak.

Bizigarritasun eta hiri birsorkuntzako baldintzak hobetzea

Proiektuaren bidez eragile horiengandik lortutako laguntzak aprobetxatu nahi dira, auzoko eraikin hondatuak zaharberritzeko. Xede nagusiak bi dira: auzokoen bizigarritasun baldintzak hobetzea isolatzeko eta energia aurrezteko lanen bidez; eta hiri birsorkuntzan laguntzea zoladura jarrita eta saneamendu eta hornikuntza sareak hobetuta. Horrez gain, lan horien bidez, eraikuntzaren sektorean enplegua sustatuko da.

Aurkezpenean Roig kontseilariak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Auzokoen erkidegoek modu aktiboan parte hartzea espero dugu; izan ere, laguntzen programa osoari esker, auzo osasuntsuagoa eta erosoagoa sortzeko aukera dugu". Zehatz esanda, Berrikuntza Departamentuak San Juan Bautista erkidegoko berogailuaren proiektuan biomasa sartzeko laguntzak ematen ditu. Ekimen horrek ‘Los Bloques’ eta ‘Las Torres’ inguruetan eragina du, berogailu zentralizatua baitute, 486 etxebizitza berotzeko. Banaketa sareak egoera makurra du, sistemak desoreka hidraulikoa du eta ez dago kontrol eta arautze neurririk. Departamentuak emandako 800.000 euro ingurutik kopuru handi bat hodiak berritzeko, galdara gela egokitzeko, monitorizaziorako eta zentralizaziorako eta biomasa ezartzeko bideratuko da. Era berean, Departamentuak laguntzak emango ditu energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko (batez ere, eguzki panelak) eta energia efizientzia hobetzeko.

%50era arteko laguntzak zaharberritzerako

Bestalde, Salanueva kontseilariak zaharberritzeko emandako diru-laguntzak aipatu ditu. Diru-laguntza horiek auzoko biztanle guztiek jaso ahal izango dituzte: "2009ko ekainean Presako Neurrien Legea aplikatu zenetik, oztopo arkitektonikoak kentzeko edo igogailuak ezartzeko laguntzen kopurua nabarmen handitu dugu; neurri horiek auzo honetako blokeren batean aplikatu dira". Kontseilariak nabarmendu duenez, auzokoek aurrekontuaren %50eko laguntzak jaso ahal izango dituzte gutxi gorabehera, "izan ere, laguntzak zenbait faktoreren araberakoak dira, hala nola eraikinaren antzinatasuna, energia aurrezteko osagaiak gehitzea eta familia ugaria izatea. Auzo honetan gehieneko kopurua jasotzeko baldintza asko betetzen dira".

Laguntza horiez gain, erkidegoek eskura dauden diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte fatxadak, teilatuak eta arkupeak zaharberritzeko, eraikinen isolamendu termikoaren mailak handitze aldera. Jardun hori Tuterako auzoan egingo da. Laguntzen bidez, etxebizitza bakoitzean babesteko moduko aurrekontuaren %40 estaliko da, 5.000 euro gehienez. Laguntza hori lor dezakete energia efizientzia hobetzeko lanen zaharberritze espedienteak sustatzen dituzten jabeen erkidegoek. Laguntzak emateko ez dago errentaren aldeko mugarik.

Modu horretan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntza hauetara bideratutako aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da guztira.

Berrurbanizazioa urtea amaitu baino lehen hasiko da

Lourdes auzoko jardunaren barruan ingurua berrurbanizatzeko proiektua gauzatuko da. Horretarako, Toki Administrazio Departamentuak 3 milioi euro inguru emango ditu. Laguntza hori Toki Inbertsioen Planaren barruan sartzen da, eta horri esker, hornikuntza eta saneamendu sareak berritu eta auzoko kale batzuetan zoladura jarriko da. Lan horrek 11.500 metro koadro ukituko ditu, eta horrekin batera, argiteria publikoan energia efizientzia bilatuko da. Laguntza horiei esker, ‘Los Bloques’ eta ‘Las Torres’ inguruetan jardunak berehala hasiko dira.

Berrurbanizazio lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira, eta zaharberritze gehienak 2011ko urtarrilean hasiko dira izapidetzen. Lourdes auzoan lau inguru daude: ‘Las Torres’, ‘Los Bloques’, ‘Los 100 pisos’ eta ‘Los Bloques lineales’. Jardun nagusia lehenengo bietan egingo da, hain zuzen ere, auzoko 768 etxebizitzetatik 486 hartzen dituzten inguruetan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa