(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ikasleek Europako ikasleek baino emaitza hobeak lortu dituzte irakurketan, zientzietan eta matematikan asteartea, 2010.eko abenduak 7

Nafarroa Espainiako eta ELGAko lehen tokian dago hezkuntza kalitateari buruzko PISA txosteneko hiru ikerketa arloei dagokienez


Gela interaktiboa Nafarroako institutu batean.

Gela interaktiboa Nafarroako institutu batean.

Gaur argitaratutako

PISA txostena 2009 agiriaren arabera, Foru Komunitateko ikasleek ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) herrialdeetako ikasleen batez besteko puntuazioa baino hobea lortu dute irakurketa ulermenean, matematikan eta zientzietan.

Alberto Catalán Higueras Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak emaitza horien balorazio positiboa egin du, bere ustez modu horretan erakusten baita Nafarroako hezkuntza sistema liderra dela eta bide onetik doala. Horrez gain, kontseilariak nabarmendu duenez, emaitza horiek ikusita "ez dugu lasaitu behar eta ikasleen errendimendua hobetzeko eta Europan eta munduan hezkuntzako bikaintasuna mantentzeko beharrezko neurri guztiak aplikatzen jarraitu behar dugu".

Catalánek azpimarratu du emaitzak pozik egoteko modukoak direla, "batez ere irakurketari dagokionez, izan ere, 2009ko azterlanak gaitasun horri lehentasuna eman dio eta aurreko txostenean ELGAko batez bestekoaren azpitik geunden, eta orain gainditu egiten dugu".



Modu horretan, Nafarroak 497 puntu lortu ditu irakurketa ulermenean; ELGAko batez bestekoa 493 da, eta Espainiakoa 481. Aztertutako beste bi gaiei dagokienez, matematika eta zientziak, Foru Komunitateak, PISA 2006 txostenean bezala, ELGAko herrialdeen batez bestekoaren gainetik jarraitzen du: matematikan 511 puntu lortu ditu (ELGAko batez bestekoa 496 da, eta Espainiakoa 483), eta zientzietan 509 puntu (501 da ELGAko batez bestekoa, eta 488 Espainiakoa).

PISA 2009 txostena egiteko, 65 herrialdek parte hartu dute, 2006an baino 8k gehiago, eta Espainiako 14 autonomia-erkidegok, Ceutaz eta Melillaz gain. 15 urteko 470.000 ikasle inguru hautatu zituzten probak egiteko. Nafarroak 52 zentro ausaz hautatu zituen, eta horietako bakoitzetik 35 ikaslek parte hartu zuten gehienez, hau da, 1.504 ikaslek guztira, gehienak DBHko 4. mailakoak.

Irakurketa hobetzeko plana Nafarroan



PISAn lortutako puntuazioari dagokionez, Hezkuntza Ministerioak Espainiari dagokionez egindako txostenaren arabera, aurkeztutako emaitzek batez besteko balioa eta batez besteko balio horren %95eko konfiantza tartea eskaintzen dute. Horrek esan nahi du batez besteko antzeko puntuazioak dituzten herrialde guztien artean (konfiantza tarteek neurri batean bat egiten baitute), horien ordenari buruz ezin dela ezer esan. Beraz, ez dago alde esanguratsurik, esaterako, Herbehereen (508 puntu) eta Erresuma Batuaren artean (494 puntu), ezta bi balio horien arteko puntuazioak lortu dituzten herrialdeen eta autonomia-erkidegoen artean ere, hala nola Estatu Batuak, Suedia, Alemania eta Frantzia edo Madril, Gaztela eta Leon, Katalunia, Errioxa, Nafarroa, Aragoi eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Bestela esanda, ezin da esan herrialde edo autonomia-erkidego horietako zeinek duen emaitzarik onena, konfiantza tarteek tarte erkidea baitute.

Alberto Catalán Hezkuntza kontseilariak nabarmendu duenez, irakurketa gaitasuna hobetzea Hezkuntza Departamentuaren lehentasunezko helburua da, eta 2008tik Nafarroan plan bat aplikatzen ari dira. Hori dela bide, besteak beste, DBHko mila irakasle trebatu dira eta zentro bakoitzean gaitasun hori hobetzeko ekintzak bultzatzen dira.

Kontseilariak gehitu duenez, planak aurtengo ikasturtean jarraituko du, zentroetako irakurketa planak ebaluatuta, eta Lehen Hezkuntzako irakasleengana hedatuko da.

Ebaluazio autonomikoekin bat

Hezkuntza Departamentuko teknikarien arabera, PISA 2009 txostenetik atera daitekeen ondorioetako bat da Nafarroan urtero egiten diren diagnosi ebaluazioetan lortutako mailak eta PISAn lortutakoak antzekoak direla. Teknikarien ustez, horrek erakusten du Nafarroako ikasleen eskakizun maila ELGAk PISA ebaluazio honetan ezarritako nazioarteko mailekin bat datorrela.

PISA siglak "Programme for International Student Assesment" esan nahi du, hau da, "Ikasleak Ebaluatzeko Nazioarteko Programa". ELGAko herrialdeek babesten dute, eta horren bidez, gaur egungo ezagutzaren gizarteak planteatutako erronkei aurre egiteko 15 urteko gazteek duten prestakuntza mailari buruzko datuak lortu nahi dira.

Modu horretan, hezkuntza-sistemen errendimenduaren adierazle erabilgarria da, neska-mutilak adin horretan helduaroan eta lan munduan edo goi mailako ikasketetan sartzear baitaude. Horrez gain, txostenean ikasleei, eskolei, hezkuntza-sistemari eta beste alderdi batzuei buruzko informazio osagarriaren datuak bildu dira.

Hori guztia dela eta, PISA txostena herritarrei eskainitako hezkuntzaren emaitzak hobeto ulertzen laguntzen duen tresna da, eta hezkuntzaren alderdi zehatzak hobetzen laguntzen du. Arlo eta alderdi desberdinak baloratzeko, idatzizko probak (aukera anitzeko galderak edo erantzun eraikikoak) eta galdera-sortak erabiltzen dira, baita "testuinguruko" galdera-sorta ere, familia-inguruari eta ikasleari buruzko informazio orokorra jasotzeko.

 
Dokumentazioa:
Informe PISA 2009
Resultados Navarra Informe PISA 2009

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa