(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak handitu egin du zerbitzu eta politika publikoen kalitatea ebaluatzeko sistema asteartea, 2010.eko abenduak 14

NAPIk politika publikoen ebaluazioak eskatzeko prozedura ezarri du, eta zerbitzu karten segimendua egingo du


Politika Publikoak Ebaluatzeko Batzordearen bilera.

Politika Publikoak Ebaluatzeko Batzordearen bilera. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuaren Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Batzordeak bi erabaki hartu ditu gaur, administrazio unitateen zerbitzu karta eta politika publikoen ebaluazioa eta segimendua egiteko sistema handitze aldera, 21/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraiki (batzorde hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia dago).

Zehazki akordio horiek dira kanpo ebaluazioak sustatzeko prozeduren gainekoak. Prozedura horiez Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzua arduratuko da.

Hala, indarrean dauden segimendu mekanismoak handitu dituzte; orain arte, departamentuek eta administrazio unitateek autoebaluazioak besterik ez zituzten egiten.

Lehenbiziko akordioan zerbitzu karten kanpo ebaluazioa egiteko prozedura ezarri dute: unitate eta erakundeek egindako autoebaluazioetan oinarritutako azterketa sistematikoak egingo dituzte.

Nafarroako foru erkidegoko administrazioaren mende dauden departamentu eta erakunde publikoen kasuan, zerbitzu kartak ofizioz ebaluatuko dituzte, onartu eta bi urtera. Gainerako administrazio publikoek, hau da, zerbitzu publikoak gestionatzen dituzten edo interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten toki erakunde, sozietate publiko eta fundazioek (21/2005 Foru Legearen aplikazio eremuan jasotako erakundeek), kanpo ebaluazioa egitea eska diezaiokete Politika Publikoak Ebaluatzeko Batzordeari, egoki irizten diotenean.

Kanpo ebaluazio horien emaitzak zerbitzu karten ardura duen unitateari bidaliko dizkiote, txosten batean. Txosten horretan adieraziko dituzte indarguneak eta hobetu daitezkeen alderdiak, baita zerbitzu kartaren bertsio berri bat egiteko aholkuak ere; karta berri hori sei hilabeteren buruan egin beharko dute.

Bigarren akordioan esku-hartze publikoen kanpo ebaluazioak egiteko batzordeak jasotzen dituen aginduak formalizatzeko prozedura zehaztu dute.

Kasu horretan, ebaluazioa ez da ofizioz egingo, baizik administrazio bakoitzean eskumena daukan organoak eskatuta. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat egin daiteke, eta hitzarmen horretan zehaztu behar dira alderdi bakoitzaren konpromiso teknikoak, juridikoak, administratiboak eta, hala badagokie, ekonomikoak.

Politika Publikoak Ebaluatzeko Batzordeak Nafarroako Jauregiko Joaquin Elizondo aretoan gaur egin duen bilerara honako hauek bertaratu dira: Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero (bileraburua izan da); Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusia, Tomas Rodriguez Garraza; Modernizazio eta Administrazio Elektronikoko zuzendari Jose Luis Menendez Rodriguez; Bikaintasunerako Nafarroako Fundazioko presidentea, Miguel Angel Maiza; Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko teknikaria, Juan Jesus Echaide Baigorri; UGT sindikatuko ordezkaria, Jesus Bayon Modino; CCOO sindikatuko ordezkaria, Javier Barinaga Adrian; eta NAPIko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Maria Asuncion Ruesta Ozcoidi

.

2011rako aurreikuspenak

Aipatu akordio horiek onartzeaz gain, batzordeak 2011rako lan plana egin du; erakundeak 57.196 euroko aurrekontua dauka hurrengo ekitaldirako.

Adostutakoaren arabera, batzordeak datorren urtea baliatuko du "2005-2010 aldiko Nafarroako ebaluazio publikorako sistema" liburua idazteko. Liburu horretan azken bost urteetan egindako bidearen berri emango dute.Halaber, batzordeak denbora horretan egindako jardueren balioespena egingo dute eta 2011-2015 aldirako plan estrategikoa zehaztuko dute.

Batzordeak aurreikusi du, gainera, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin adostuta dauzkan akordioei eustea, tokian-tokian zerbitzu publikoen kalitate hobetzeko planak zabaltzeko, batetik, eta politika publikoak ebaluatzea sustatzeko jarduera plan bat egiteko, bestetik

.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa