Ikusi egun honetako albiste gehiago
Dendak igande eta jaiegunetan irekitzeko 2011ko egutegia ezarri dute
osteguna, 2010.eko abenduak 23
Gehienez zortzi egunean ireki daitezke dendak
Txikizkako Merkataritzaren Nafarroako Behatoki Aholkulariak, foru erkidegoko arlo horretako kontsultarako organoak, lehenbiziko bilera egin du gaur goizean. Bileran dendak igande eta jaiegunetan irekitzeko 2011ko egutegiaz egin dute eztabaida, Nafarroako Gobernuak onartu baino lehen.
Bileraburua Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, Jose Maria Roig Aldasoro, izan da.
Egutegiaren arabera, gehienez zortzi egunean ireki daitezke dendak, aurten bezala:
urtarrilaren 2an eta 9an, apirilaren 21ean, uztailaren 3an (Tuteran uztailaren 26an), azaroaren 29an (Iruñean bakarrik) eta abenduaren 3an, 8an eta 26an.
Espainian indarrean dagoen araudia merkataritza orduei buruzko 1/2004 legetik eratorritakoa da.
Foru erkidegoan, berriz, merkataritza 17/2001 Foru Legea medio dago arautua, 6/2010 Foru Legean jasotako moduan.
Legeria horren arabera, Nafarroan, oro har, igande eta jaiegunetan ezin da merkataritza jarduerarik egin, salbu berariaz baimendutako zortzi egunetan.
Ordutegiari dagokionez, baimendutako jaiegunetan gehienez 12 orduan eduki daitezke dendak irekita (lanegunetan bezala).
Edozein modutan, igande eta jaiegunetan dendak irekitzeko debeku orokorrak bi muga dauzka.
Batetik, establezimendu batzuk ireki daitezke,
ogia, egunkariak eta erregaia saltzen dituztenak kasu.
Eta bestetik, negozio mota dena delakoa ere 300 metro koadro baino gutxiagoko salmenta azalera duten dendak.
Merkataritza arloko kontsultarako organoa
Txikizkako Merkataritzaren Nafarroako Behatoki Aholkulariaren helburua da sektorean lehiatzeko gaitasuna hobetzeko jarduerak sustatzea.
Organoko kideak hauek dira: merkataritza arloan aginpidea duen departamentuko (burua); ekonomia, ogasun, toki administrazio, lurraldearen antolamendu, kontsumo eta turismo arloetan aginpidea duten Nafarroako Gobernuaren departamentuetako ordezkari bana; merkataritza arloan aginpidea duen zerbitzuko zuzendari nagusia eta zuzendaria; Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak izendatutako hiru ordezkari; Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak izendatutako bi ordezkari; Nafarroako Dendari Elkarteen Federazioak izendatutako hiru ordezkari; Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatutako bi ordezkari; Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetako bi ordezkari; merkataritzaren sektorean aritzen diren sindikatuetako hiru ordezkari; merkataritza sektorean aritzen diren enpresa erakundeetako hiru ordezkari (enpresen eragin eremuak Nafarroa osoa hartu behar du); eta idazkaria.