(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kultura Departamentuak Tuterako Museoa eta Xabierko Gazteluko eta Zubietako Errotako bilduma museografikoak aintzatetsi ditu ostirala, 2010.eko abenduak 31

Nafarroan sei museo eta bi bilduma museografiko daude aintzatetsita


Nafarroako Museoa.

Kultura eta Turismo Departamentuak (Vianako Printzea Erakundeak), museo eta bilduma museografiko iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legeari jarraiki, Tuterako Museoa museotzat hartu du ofizialki, eta Xabierko Gazteluko eta Zubietako Errota Ekomuseoko bilduma museo bilduma iraunkortzat.



Tuterako Museoa herriko Dekano Jauregian dago, Artzapezpikutzarena da eta 2000. urtetik dago jendearentzat irekia. Erakusketa iraunkorrean Tuterako merindadeko elizetako arte erlijiosoko piezak daude, baita hiri indusketetako hondakin arkeologikoak ere, Nafarroako Gobernuak emandakoak. Gainera, bisita gidatu eta eskola umeentzako tailer didaktiko ugari egiten dituzte.

Xabierko Gazteluko Museoa aspaldikoa da, nahiz eta orain dagoen erakusketa 2006an inauguratu zuten. Museoa eta gainerako monumentu esparrua Jesusen Konpainiarena da. Museoko bilduman Xabierko San Frantziskori eta haren espiritu erlijiosoari buruzko dioramak eta kultur ondasunak daude. Jendeak bisita libre edo audiogidarekin egin dezake; gainera, bertako langileek bisita gidatuak egiten dituzte.

Zubietako Errotako Ekomuseoa 1998an ireki zuten: irin errota jabeen elkarteak laga zion Malerrekako Udalari. Museoaren ardatza errota da, baina objektu etnografikoak ere badaude, eskualdeko bizimoduaren eta folklorearen erakusgarri.

Nafarroan sei museo eta bi bilduma museografiko daude ofizialki aintzatetsita. Museoak hauek dira: Nafarroako Museoa, Gustavo de Maeztu Museoa, Muñoz Sola Arte Modernoko Museoa, Oteiza Fundazioaren Museoa, Karlismoaren Museoa eta Tuterako Museoa. Eta bilduma museografiko iraunkorrak dira Xabierko Gazteluko Museokoa eta Zubietako Errotako Ekomuseokoa.

Foru Legearen arabera, "museoak jendearentzat zabalik dauden erakunde iraunkorrak dira, irabazi-asmorik gabe eta gizartearen zerbitzuan eta haren garapenerako, arkeologia, historia, arte, etnologia, zientzia eta teknika edo kultur arloko balioa duten ondasunak eta bildumak eskuratu, kontserbatu, ikertu, zabaldu eta erakusten dituztenak, ikerketa, interpretazio, hezkuntza eta gozamenerako".

Eta bilduma museografiko iraunkorrak dira "pertsona fisiko edo juridiko batek irabazi asmorik gabe kontserbatzen dituen kultur ondasunen multzo egonkorrak, zeinetan ezin diren bete, funtsen kopuru txikia, baliabide eskasia edo teknikaririk eza dela-eta, museoei esleitutako eginkizun guztiak, betiere haien titularrek bermatzen badituzte, gutxienez, jendearen bisitak ordutegi egoki eta finkoan, funtsak kontserbatu, zaindu eta erakusteko oinarrizko baldintzak eta ikertzaileentzako erabilera".
Legearen arabera, museoak ofizialki aintzatesteko baldintzak hauek dira:

- Balio arkeologikoa, historikoa, artistikoa, etnologikoa, zientifikoa, teknikoa edo kulturala duten ondasunen bilduma egonkor bat izatea, horiek ukigarriak zein ukiezinak izan, museoaren eragin esparruarentzat eta helburuentzat nahikoa eta egokia dena.
- Museoaren eginkizunetarako egokia den higiezin bat izatea, museoaren egoitza iraunkorra izanen dena.
- Museologian eta kasuan kasuko museoaren edukiari eta eginkizunei loturiko zientzia arloetan prestakuntza duten langile teknikoak izatea.
- Urteko aurrekontu-zuzkidura egonkorra izatea, bere eginkizunak eta helburuak betetzeko modukoa.
- Bere plan museologikoaren arabera jardutea.
- Funtsen inbentarioa eta erregistro liburuak izatea.
- Bildumaren erakusketa iraunkor, antolatu eta esanguratsua egitea, azalpenak eta guzti.
- Ingurumenaren eta segurtasunaren aldetik, bildumaren kontserbazioa eta zaintza bermatzeko moduko ezaugarriak izatea.
- Funtsak ikusteko moduan izatea, ikerketarako, kontsultarako, irakaskuntzarako eta jendeak ezagutu eta gozatzeko.
- Erakusketa jendearentzako zabalik izatea, modu iraunkorrean eta bisitatzeko ordutegi finko batekin.

Halaber, bilduma museografiko iraunkorrek, aintzatespena lortzeko, baldintza hauek bete behar dituzte, legearen arabera:

- Balio arkeologikoa, historikoa, artistikoa, etnologikoa, zientifikoa, teknikoa edo kulturala duten ondasunen bilduma egonkor bat edukitzea, horiek ukigarriak nahiz ukiezinak izan.
- Bere eginkizunetarako egokia den higiezin bat edukitzea, bildumaren egoitza iraunkorra izanen dena.
- Bere bildumaren erakusketa iraunkorra, antolatua eta esanguratsua egitea.
- Funtsen inbentarioa eta erregistro liburuak izatea.
- Ingurumenaren eta segurtasunaren aldetik, bildumaren kontserbazioa eta zaintza bermatzeko moduko ezaugarriak izatea.
- Erakusketa jendearentzako zabalik izatea, modu iraunkorrean eta bisitatzeko ordutegi finko batekin.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa