(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hotzaren ondorioz, soroetan neguko laborea bildu besterik ez dute egin astelehena, 2011.eko urtarrilak 3

Erriberabeitian, izozteko ilarrak landatzeko lursailak prestatzen bakarrik ari dira


Denboraldiaren hasieran euria eta gero izotza egin dituenez, eta Gabonak direla eta, soroetan lan gutxi egiten ari dira; batik bat, neguko ureztaketa laboreak biltzen eta lehorreko soro estentsiboetan herbizidak jartzen ari dira.

Leku gehienetan, neguko barazkiak biltzen besterik ez dira ari: kruziferoak, artoa eta olibak. Erriberabeitian, izozteko ilarrak landatzeko lursailak prestatzen bakarrik ari dira. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak soroak nola dauden azaltzeko astero egiten duen txosteneko datu batzuk dira horiek.

Abenduaren 24tik 31rako astean, hasieran euria egin du erkidego osoan; gero, 25ean hasi eta hiruzpalau egunetan, oskarbi egon da eta inoiz baino hotz gehiago egin du, bai egunez, bai gauez. Hala ere, 29an hego haizea sartu zenez, astearen azken aldera ez du hainbeste hotz egin.

Atertu egin duenez, artaburuak ez daude hain heze eta, beraz, uzta handiagoa izango da. VII. eskualdean soro gehienetako uzta bildu dute; orain, iparraldeko lurretan ari dira lan gehiago egiten. Etekinak onak dira: ekoizpena 120.000 tm ingurukoa izango da. Merkaturatze garaian prezioei eutsiz gero, nekazariek aurreko urteetako eskasia konpentsatuko dute; izan ere, uzta ez zen errentagarritasun maila egokira heltzen.

Kruziferoen kanpaina ez da oso ona izango. Udaberrian eta udaran ez du eguraldi ona egin eta, gainera, azken asteak hotzak izan dira; horrek guztiak kalte egin die landareen ziklo begetatiboari. Brokoliaren eta azalorearen fruituak behar baino txikiagoak dira eta, beraz, lursailen etekina txikiagoa da. Gainera, kapituluak azkarregi moztu dituzte, izoztutako produktuen industriaren eskariei erantzute aldera, eta, beraz, azkeneko produkzioa ez da ona izango. Hori gutxi balitz, zutik dauden barietateak zikloz pasatzen ari dira eta horrek eragiten du kalitatea txartzea eta gaixotasunak agertzea. Ekoizpen defizit hori dela eta, udaberriko laboreetarako lur gehiago eskatzen ari dira.

Karduak ere ez ditu ondo hartu azkeneko izotzaldiak. Hotzak labore guztiak kaltetu ditu, batik bat landareak lotu gabe zeuden lursailak. Landare gehienak moztu dituzten arren, etekinak behera egin duenez, eraldaketa industriaren eskariak gora egin du. Espero dute eguraldiak hobera egiten duenean kaltetutako lursailetan landareak berriz sortzea eta, era horretan, kalteak konpentsatzea.

Izotzaldiek alkatxofa soroak ere asko kaltetu dituzte. Neguko ernetzea eten egin denez, orain espero dute udaberriko ernetzean landareak berreskuratzea. Giroa epelduz gero otsailean landareak lehenera egitea espero dute; izan ere, kaltetuta dauden arren, oraindik ernaberritu daitezke.

Nafarroako landaketez gain, hotzak eragina izan du, baita ere, penintsularen ekialdean eta Segura ibaiaren beheko ibarrean: ekoizpen prozesu bete-betean zeuden eta landatutako gehiena galdu dute.

Hotzak lehorreko laboreei eta fruta arbolei eragin die

Lehorreko zereal soroetan, euria eta izotza egin duenez, herbizidak jartzeari utzi diote; hala ere, bigarren hamabostaldian ia zereal labore guztietan ari ziren herbizidak botatzen.

Egun horietan egindako tratamenduak egokiak izan ziren, baina, hala ere, belar txar asko dagoenez, lursail askotan tratamendu osagarriak egin beharko dituzte.

Aurrera egite aldera, espero dute lurrak drainatzea eta giroa epeltzea, laborearen fenologia egokia den bitartean; alde horretatik, neguko herbizidak (herbizida merke ere esaten zaie) aplikatuko dituzte.

Hotzak eten egin du gariaren, oloaren eta garagarraren hazkuntza begetatiboa; hala, erraz bereizten dira urrian eta azaroko lehen hamabostaldian landatutako soroak eta azaroko bigarren hamabostalditik aurrera landatutakoak. Lehenbizikoek (gehienak) itxura ona dute eta landareak ernamuintzen ari dira. Aldiz, ereitea atzeratutako lurretan, hezetasun nahikoa ez dagoenez eta hotz egin duenez, Erriberan landareak galtzen ari dira, baita Nafarroa erdialdean eta Lizarrerrin ere.

Soro batzuk (batik bat garagar soroak) horitzen ari dira klorosiagatik; hala ere, ongarri nitrogenatuak jartzen urtarrilean hasiko dira.

Horretarako, kooperatibak ongarri nitrogenatuak biltzen ari dira (urea, urea eta sufrea, amonio sulfato, e.a.).

Lehorreko labore alternatiboetan ere hotza garapen begetatiboa kaltetzen ari da: aurreko kanpainen aldean, landareak fenologia aldetik atzeratuta daude. Nafarroa erdialdeko, Iruñerriako eta Pirinioetako koltza izotzaldiak nahiko ondo ari da jasaten. Breen kontrako tratamenduak egin dituzte eta herbizidak bota dituzte, soroetan belar txarrak zeudelako.

Lekadunei dagokienez, Lizarrerriko eta Pirinioetako zaldi habek benetako 5-8 orri dauzkate zabalduta eta, oraingoz, izotzak ez du eragin hosto asko galtzea. Azaroan Nafarroa erdialdean ereindako zalkea eta Iruñerrian eta Pirinioetan ereindako ilarrak ondo ari dira hazten (metro koadroko landare kopurua egokia da); hala ere, giroa noiz epelduko zain daude, laborea finkatu eta bideragarria izan dadin.

Fruta arbolei dagokienez, olibak biltzen ari dira eta erroten %70-80an dagoeneko amaitu dute xehatze kanpaina. Orain arteko etekinak aurreko kanpainakoak baino txikiagoak dira, baina, hala ere, iaz adina oliba bilduko dute (16.000 tm inguru), landatutako olibondo berri asko sendotu egin direlako eta beste batzuk olibak ematen hasi direlako.

Garaiotan, egurra zaintzeko neguko tratamendu fitosanitarioak egiteaz eta herbizidak aplikatzeaz gain, foru erkidegoko fruta arboladi eta mahasti gehienetan inausketa lanak egiten dituzte.

Bestalde, iparraldean elurra egin duenez nahiko behean eta izotzaldiak gogorrak izan direnez, abere gehienak ukuiluetan daude edo, gutxienez, ustiategitik gertuko zelaietan; abere gehienei, gainera, elikagai gehigarriak ematen dizkiet. Alde horretatik, abeltzainek ondo zaintzen dute elikadura, ekoizpen gastuak gora egiten ari direlako (pentsua, gasolioa, e.a.), eta ustiategietan lortutako produktuen prezioak ez duelako laguntzen igoera hori orekatzen.  
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa