(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Azkoienen egin du asteleheneko ohiko bilera astelehena, 2011.eko urtarrilak 24

Azkoiengo Udalari jakinarazi diote, besteak beste, abuztuko suteak erretako basoak berritzeko lanak nola doazen


Foru Gobernuak Azkoiengo udaletxean egin du ohiko bilera. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak astelehenero egiten duen ohiko bilera Azkoienen egin du gaur.

Gauden legealdian, seigarren aldia da bilera Nafarroako Jauregian egin ordez foru erkidegoko herriren bateko udaletxean egiten dutena. Aurreko herriak izan ziren Tafalla (2008ko ekaina), Lekaroz-Baztan (2009ko martxoa), Los Arcos (2009ko urria), San Adrian (2010eko otsaila) eta Viana (2010eko azaroa). 

Bilera udaletxeko udalbatza aretoan egin dute, Miguel Sanz Lehendakaria buru zela.

Amaitutakoan, Gobernuko kideak udalbatzako kideekin bildu dira; Juan Jesus Basarte alkatea ere han zen. Topaketan, zinegotziei jakinarazi diete abuztuaren 11ko sutean erretako basoak berritzeko lanak nola doazen.

Nafarroako Gobernuko eta Azkoiengo Udalbatzako kideak. ( irudia handitu )

Hedabideen aurrean gero egin duen agerpenean, Sanz Lehendakariak Azkoiengo industria sektorearen bultzada nabarmendu du Nafarroako Gobernuak langabeziari aurre egiteko sustatzen dituen jardueren adibide gisa. Aipatu industria bultzadari esker, Azkoienen langabeziak %5,5 egin zuen behera iaz; foru erkidegoko jaitsiera orokorra %5ekoa da.

Zehazki, azpimarratu du zonako sei enpresek lau milioi euro jarri dituztela, inbertitzeko eta ikertzeko, eta foru gobernuak partida horien %15-19 jarri duela.

Sanzek garrantzia eman dio, baita ere, Azkoiengo enpresek 2008an hasitako krisiaren ondorio latzenei aurre egiteko eta Tabakoaren Legearen aurrean amore ez emateko prestatzeko daukaten gaitasuna; izan ere, saltzeko makinen sektorean enpresek jarduerak aldatu eta eremu berriak aztertu behar izan dituzte.

Lehendakariak, halaber, Azkoienen eta Azkoiengo eragin eremuan azken urteetan gauzatutako ekimenak eta epe ertainera begirakoak berrikusi ditu udalbatzako kideekin.

Sanzek ekimen hauek nabarmendu ditu: egoitzetan 62 lagunentzako lekua hitzartzea (5 milioi euro jarrita); kultur etxe eta liburutegietan inbertitzea (Azkoien, Funes eta Milagro); ondarean esku hartzea, Marcillako gazteluan eta Faltzesko elizan, adibidez; turismo sektorearen aldeko apustua, hoteletan eta landa etxeetan inbertituta (Marcilla, Alesbes, Azkoien, Funes eta Milagro); eta aurten hasi eta 2014ra arte ibaiak leheneratzeko gauzatuko duten proiektua (6,5 milioi euroko aurrekontua dago eta Europar Batasuneko funtsak jasoko dituzte).

Horrez gain, Sanz Lehendakariak Azkoienen joan den udarako suteak erretako zona berreskuratzeko plana azpimarratu du, eta esan du administrazioen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela era horretako gertakariei aurre egiteko

.

Basoa berreskuratzea

Suteak 267,73 hektarea erre zituen: 240 Azkoienen eta gainerakoa Faltzesen.

Erretako gehiena (197 hektarea) aleppo pinudia zen; tarteka haritz mediterraneoak eta sasiak zeuden. Suak guztira 150 hektarea pinudi erre zituen.

Erretako basoak berritzen haste aldera, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak mozteko premiak ezarri ditu, gero berritzen laguntzeko.

Aleppo pinuak landare pirofitoak dira: sua antzematen dutenean, pinaburuak ireki eta haziak sakabanatzen ditu, espezieak iraun dezan, baina zuhaitz helduak ez dira gai ernaberritzeko, suak hartu ondoren.

Zuhaitz berriak ager daitezen errazteko, zaharrak mozten ari dira; lan hori Smurfit Forestal enpresari esleitu diote.

Mozketa lanetan hamabi langile ari dira, suteak hartutako 150 hektareatan; abenduan hasi ziren zuhaitz zaharrak mozten eta espero dute udaberrirako amaitzea.

Ateratzen ari diren egurra erabiliko dute peiak (eraikuntza pieza txikiak) egiteko, paper pasta fabrikatzeko eta energia arlorako (baso biomasarako, adibidez). Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren aurreikuspenen arabera, aprobetxamendu horietatik ateratako etekinekin konpentsatuko dute mozketa lanaren gastua; alde horretatik, irabaziak gastuak baino txikiagoak badira, gastu horiek Departamentuak ordainduko ditu.

Datorren udaberrian, Ingurumen Departamentuak beste azterlan bat egingo du, ikusteko landare berriek suak erretako azalera osoa hartzen duten ala ez; antzematen badute mendiko eremuren bat ez dela bere kasa berritu, landaketa artifizialak egingo dituzte.

Aleppo pinuak motel hazten diren arren, aurreikusi dute 3-4 udaberri igaro ondoren kaltetutako lurretan 1-1,5 metroko zuhaitzak egongo direla.

Gainera, Ingurumen Departamentuak mozketa lanak egiten ari direla aprobetxatuko suteak kaltetu gabeko eremuak garbitzeko, beste suteren bat gertatzen bada sua zabaltzea eragozteko.

Azkoiengo, Faltzesko eta Erriberako beste 36 herritako pinudiak aztertzen ari dira orain.

EDER partzuergoa, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ikuskaritzapean, mendi horietarako basoen gestio eramangarriaren ziurtagiria lortzeko lan egiten ari da (PEFC zigilua lortzeak esan nahi du basoko gestioak nazioarteko aintzatespena daukala; Nafarroa aitzindari da estatuan, arlo horretan). Alde horretatik, Departamentuak informazio jardunaldi bat egingo du hilaren 24an, Azkoiengo eta Faltzeseko herritarrei basoak berreskuratzeko jarduera horien guztien berri emateko.

Azkoiengo sutea 2010ean izandako suteetan handiena izan zen: abuztuaren 11n hasi eta 14an amaitu zen.

Sua hain handia eta larria izan zen, batik bat, baso asko zegoelako, haize handia zebilelako eta sua Azkoienera heltzeko arriskua zegoelako. Sutea larriagoa izan zitekeen, hainbeste bitarteko jarri izan ez balituzte.

Izan ere, sua itzaltzen lan egin zuten Azkoien, Cordovilla, Tutera, Tafalla, Lizarra eta Lodosako suhiltzaile etxeetako langileek, Nafarroako Gobernuaren hiru helikopteroek eta Ingurumen Ministerioko aireko hainbat bitartekok:

Noaingo lurreko kargako hegazkina, Agoncilloko (Errioxa) hegazkin baseko antzeko bi hegazkin, Zaragozako bi hegazkin anfibio eta Plasencia de Jaloneko ahalmen handiko helikoptero bat. Halaber, Estatuko baliabide osagarriak eskatu zituzten; zehazki, Zaragozako Larrialdietarako Unitate Militarrak parte har zezan eskatu zuten. Orobat, Nafarroako suhiltzaile etxeetako jardunik gabeko langileei dei egin zieten.

Egoera ikusita, Azkoiengo mendi inguruko etxebizitzetako biztanleei abisua eman zieten, sua herrira hel zitekeelako, eta haientzat behin-behineko aterpea prestatu zuten Azkoiengo udal kiroldegian; han, Gurutze Gorriko eta DYAko langileek hartu zituzten herritarrak.

Gauzak horrela, sua itzaltzeko lanetan aritu ziren 219 suhiltzaile (guztira 2.991 orduan aritu ziren lanean), lurreko 85 ibilgailu (1.119 orduan) eta aireko bederatzi gailu (117 orduan). Nafarroako Gobernuko baliabideen esku-hartzearen gastua 173.266 eurokoa izan zen.

Gobernuak bilera eta Miguel Sanzek prentsaurrekoa egin ondoren, Foru Gobernuko kideak Azkoiengo osasun zentroa handitzeko obrak ikustera joan dira eta Azkoien, Marcilla, Funes eta Faltzesko agente sozial eta ekonomikoak hartu dituzte kultur etxean

.
Dokumentazioa:
Sesión de Gobierno Peralta

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa