(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erretiratu diren profesionalei eta Coyotair enpresari omenaldia eginez ospatu dute Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren urteroko jaia
asteartea, 2011.eko martxoak 8

Nafarroako Larrialdi Agentziak 2010ean kudeaturiko 9.161 jardueren balantzea egin du


Gaur omendu dituzten zortzi profesional erretiratuak eta Semberoizen senideak

Rábade, Sáinz, Elizalde eta Vergara gaur omendu dituzten zortzi erretiratu profesionalekin eta Semberoizen senideekin ( irudia handitu )

Barne zuzendari nagusia, Juan Ramón Rábade, eta Nafarroako Larrialdi Agentziako (NLA) zuzendari kudeatzailea, David Sáinz, izan dira buru foru erkidegoko suhiltzaileen urteroko jaia dela eta antolatu duten ekitaldian. Ekitaldian joan den urtean erretiratu ziren zerbitzuko bederatzi kide omendu dituzte, baita Coyotair S.A. enpresa ere, Nafarroako Gobernuko helikopteroen zerbitzuaren esleipenduna izan baita.

Programa goizeko 11:30ean hasi da Iruñeko San Juan de Dios klinikako kaperan meza eginez. Jarraian, Cordovillako Parke zentralean (Galar) urtero suhiltzaileen patroiaren eguna, San Juan de Diosena, ospatzeko omenaldia egin da. Suhiltzaileen patroiaren eguna eskualdeko gainerako parkeetan ere ospatu dute. Ekitaldian Ana Elizalde Urmeneta, Iruñeko Udaleko Mugikortasun eta Hiritarren Segurtasuneko zinegotzia, eta Javier Vergara Falces, NLAko Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko zuzendaria, izan dira beste agintari batzuen artean, esate baterako, Alfonso Fernández Díez, Foruzaingoaren burua.

NLAk azken urtean erretiroa hartu duten zortzi kideek egindako lana aintzatetsi dute: Veremundo Ajona, Juan Jesús Cumba, José Luis Díaz, Francisco Javier Domench eta Luis Ángel Zubieta suhiltzaileek eta NLAko hiru langilek, María Luz Vicuñak, Elisa Olorizes eta Eusebio Medinak.Francisco Semberoizi ere omenaldia egin diote, pasa den urtean hil zen suhiltzaileari. Haren senideek lore sorta eta egindako lanagatiko aitorpena jaso duten profesional guztiei eman dioten plaka jaso dute.

Horrez gain, 2007tik NLArekin lankidetzan jarduten diren talde edo pertsonei ematen zaien sariari dagokionez, Coyotair enpresari esker ona adierazteko oparitxo bat eman diote helikopteroz ospitaleetara gaixoak edo zaurituak eraman eta helikopteroan larrialdietan esku-hartzeko zerbitzuak eskaintzearren. Andrés Ardidek, enpresako aholkulariak, eta Javier Arilla, pilotoak, oroitzapenezko plaka bat jaso dute. Azken urteetan honako hauek omendu dira: Nafarroako Segurtasun Kontseilarien Elkarteak, Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko suhiltzaile bolondresak, NLAko Ureko Erreskate Taldearen sortzaile eta arduradunak, Gurutze Gorria eta DYA.


Coyotair enpresako ordezkariak

Agintariak Coyotair enpresako ordezkariekin ( irudia handitu )

Mintzaldian, Rábadek adierazi du gaur omendutako guztien lana "konpromisoaren eredua" dela eta, horren bidez, "ondare gisa behar bezala egindako zerbitzua, gaur egungoa eta gizartera egokitzen dena" utzi dutela eta Foru Gobernuaren larrialdi arretaren zerbitzua "etengabe hobetzeko" apustua egin dutela.

Azken urtean Suhiltzaileen Zerbitzuaren azpiegiturak osatzeko egindako ahalegina ere azpimarratu du. Horretarako, Iruñan, Trinitarios inguruko hiriko suhiltzaile parke berria egin da eta, ekipamenduak hobetzeko, materiala erosi da, esaterako, Tuterako parkeak duen autoeskala berria. Horrez gain, aurrekontu doiko garaian bizi arren, aurten suhiltzaileen 20 plazako lan eskaintza publikoa  aterako dela nabarmendu du.

Sáinzek, bestalde, Nafarroako larrialdi egiturak eta, batez ere, suhiltzaileen zerbitzuak azken urteetan hartu duen garrantzia azpimarratu du, "larrialdi sorta guztia" kudeatzeko gai izan baita, baita Foru Erkidegoan ospitalera gaixoak eta zaurituak eramateko egiten diren jarduera batzuk ere. Hori ez da hala gertatzen beste autonomia erkidegoetan. Horrek, gainera, NLAk bere langileak modu jarraituan trebatzeko eta "prebentziorako plangintza" egiteko apustua egitea eragin du.

Esku-hartzeak eta profesionalak

Ospakizunak zerbitzuaren balantzea egiteko ere balio izan du. 2010ean 9.161 kudeaketa burutu zituzten guztira, horietatik % 37,6 salbamenduekin loturiko esku-hartzeak (3.451), % 31,4 suteekin loturikoak (2.885), % 26,7 laguntza teknikoak (2.453) eta % 4 esku-hartzerik gabeko irteerak (372) izan ziren. NLAko suhiltzaile profesionalen parkeak ospitaleetara 2.710 gaixo edo zauritu eramateaz ere arduratu ziren. Bestalde, Agoitz, Bera, Goizueta, izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko suhiltzaile bolondresen sareak, 145 langilek osaturikoak, 5.708 lanordu egin zituzten 374 esku-hartzetan.  Pasa den neguko suhiltzaileen kanpainari esker, basoko 178 sute itzali zituzten eta aurreko ekitaldian 284. Udako kanpainan, aldiz, 421 sute erregistratu ziren.

Iruña da esku-hartzerik gehien eragiten dituen hirigunea (% 50) eta, bere atzetik, parkeen jarduera mailaren arabera, Altsasu, Auritz, Nabaskoze, Oronoz-Mugairi, Azkoien, Zangoza, Tafalla eta Tutera daude. 

Foru Gobernuko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko Zuzendaritzak, gaur egun, honako hauek osaturiko plantilla finkoa du: kanpainen alorreko buruak, erreskate taldeek eta talde bereziek, aginte eta babes alorreko buruak, 286 suhiltzailek, 101 kabok, 12 sarjentuk, 7 ofizialordek eta 3 ofizialek, laguntzeko zerbitzuak emateko 40 pertsonak eta prestatzaile fisiko batek. Sasoien araberako arriskuak dauden garaietan (udan eta neguan) behin-behineko langileak kontratatzen dira. Zehazki, udako kanpainan 18 pertsona kontratatzen dira Foru Erkidegoko behatokien sarerako, 49 gidari laguntzaile, helikopteroz lekualdatzen den brigadari laguntzeko 4 gidari, 88 peoi laguntzaile eta helikopteroz lekualdatzen den brigadarako 12 peoi laguntzaile. Neguko kanpainan 10 gidari laguntzaile eta 18 peoi laguntzaile gehitzen dira aldi baterako.

Babes Zibileko Zuzendaritzak, bestalde, honako hauek ditu: prebentziorako alor teknikoko burua, SOS Nafarroa alorreko burua, laguntzarako alor teknikoko burua, plangintza alorreko burua, larrialdiak koordinatzeko eta zuzentzeko alorreko burua, koordinatzeko 38 operadore laguntzaile lanaldi osokoak eta 9 operadore lanaldi partzialekoak, 7 aretoko buru eta 5 teknikari. Kudeaketa Zuzendaritza 21 langilek osatzen dute; langile horiek langile teknikariak eta administrazio langileak dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa