(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakaria Xabierren egin den VII. Turismo Galaren buru izan da osteguna, 2011.eko apirilak 7


Nafarroako Bidaia Agentzien Elkartea, Marisol eta Hartza jatetxeak, Ayestarán landa ostatua eta Entzierroaren Museoa izan dira sarituak


Sanz Lehendakaria eta Corpas kontseilaria VII. Turismo Galako sarituekin ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma, izan da buru gaur goizean Xabierko Francisco de Jaso auditorioan egin den VII. Turismo Galan. Ekitaldian Kultura eta Turismo Departamentuak 2011ko Nafarroako Erresuma Turismo Sariak eman ditu Nafarroako Turismo Kontseiluak proposatuta. Horien bidez, Departamentuak sektore horren lana aitortzen du.

Galaren izena, aurten, "Nafarroako Erresuma: amets baten magia" izan da eta Jonathan Bakerrek zuzendu du, nazioartean Donimo izenez ezagutzen den mimoak. Oraingoan pertsonaiak iratxo bat irudikatu du, Amets, eta pertsonaia horrek Nafarroako inguruekin egiten du amets. Inguruok Kukusumuxuk diseinatu duen "Te quedarás" ("Geratu egingo zara") publizitate kanpaina berriaren irudietan agertzen dira.


Sanz Lehendakaria 2011ko Turismo Galan egin duen mintzaldian ( irudia handitu )

Mintzaldian, Sanz Lehendakariak "Foru Erkidegoan turismoaren sektoreak duen garrantzi ekonomikoa eta soziala eta sektoreko profesionalek azken urteetan egin duten lan handia" azpimarratu ditu.

Bestalde, Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramón Corpas Mauleónek, nabarmendu du gala ospatzeko Xabier aukeratu dela "Erkidegoko baliabide turistikorik garrantzitsuenetako bat delako". Gaur, apirilak 7, gainera, 505 urte dira Xabierko San Frantzisko jaio zela. Corpasek gehitu du Nafarroak "erakargarritasun turistiko apartak" dituela eskaintzeko eta Foru Erkidegoak duen "berezitasuna" azpimarratu du.

Sariak

Galan 2011ko Nafarroako Erresuma Turismo Sariak eman dira. "Toki erakundeak, turismo partzuergoak edo instituzio publikoak" kategorian Nafarroako Bidaia Agentzien Elkarteak (ANAVI) jaso du saria. Corpas kontseilariak Juan Ignacio Patús Elkarteko presidenteari eman dio saria. Harekin batera izan dira ANAVI osatzen duten enpresetako ordezkariak. Sariaren bidez elkarteak egiten duen lana eta bezeroentzako arreta hobetzeko eta Nafarroa sustatzeko egiten duen ahalegina eskertu dira. Elkartea zortzi enpresak osatzen dute eta hamabost salmenta gune ditu.

"Enpresa turistikoak: ostatuen modalitatea" kategorian, Ayestarán landa ostatuak irabazi du saria. Mª Jesús Ayestarán zuzendariak eta Paco Ayestarán sukaldeburuak Oliteko La Joyosa Guarda hoteleko Pilar Sánchezen eskutik jaso dute saria, aurreko urtean kategoria berean garaile atera zenaren eskutik, hain justu ere. Ostatua Lekunberrin dago eta datorren urtean, 2012an, ehun urte beteko ditu. 108 logela eta 199 leku dauzka eta Víctor Eusa arkitekto nafarraren estiloko bi eraikinetan daude banatuta. Ostatuko hormek Ernest Hemingway, Orson Wells edo Alcalá Zamora bezalako pertsonaia historikoen joan-etorria gogorarazten dute.

"Enpresa turistikoak: jatetxeen modalitatea" kategorian Cadreitako Marisol jatetxeak jaso du saria. Saria Ángel Regueiro Iruñeko Enekorri jatetxeko zuzendari bazkideak, aurreko urtean kategoria berean saria jaso zuenak, eman die María José Cambra eta José María Jiménez senar-emazteei, jatetxearen kudeatzaileari eta sukaldeburuari, alegia. Marisol jatetxea familiakoek hasitako ostatu txiki gisa zabaldu zuten, baina gaur egun oraingo establezimendua da eta berritzailea. Horrez gain, catering enpresa ezaguna ere bada, Cadreitatik Nafarroako bazter eta jai ugaritara eramaten du janaria.

"Ikerketa, garapena, berrikuntza eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak" kategorian Iker Zuasti proiektuaren zuzendariak, Iranzu Ancín Marketing eta Komunikazio arduradunak eta Paula Díaz Entzierroaren Museoko arduradunak jaso dute saria Miguel Sanz Sesma Nafarroako Lehendakariaren eskutik. San Fermín Encierro izeneko proiektua Eventos Virtuales Temáticos enpresak egin du eta sormena, berrikuntza eta bultzada ditu ezaugarri. Enpresa proiektu horrek hainbat ekimen barne hartzen ditu, besteak beste, Entzierroaren Museoa. Museo horrek Iruñera iristen diren turisten eta bisitarien eskaria asetzen du, entzierroaren inguruko guztia, Sanferminetatik kanpo, ezagutzeko interesa dutelako. Enpresa horren beste ekimen bat munduan egin den lehen entzierro simulagailua da; dagoeneko Fiturren, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan ere probatu dute.

Aurten, gainera, Turismo Kontseiluak aipamen berezia egin nahi izan dio Iruñeko Hartza jatetxeari, jabeek erretiroa hartu ondoren itxi egin zutelako. Juana Mari, Julia eta Manuela Arza ahizpek hartu dute saria María Victoria Arraiza Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkartearen ordezkariaren eskutik, 2010ean aipamen berezia jaso zuenak. Nafarroan janari tradizionalaren erreferenteetako bat izan da eta Hartza jatetxeari egindako aipamen bereziak Arza Suescun ahizpen lana azpimarratzen du, kritikari gastronomikoen aitorpena, Michelin izar bat eta bezeroen gogobetetasuna lortu baititu.

Beste emanaldi batzuk

Jonathan Baker nazioarteko artistak hainbat umore saio egin ditu galan. Artistak antzerki mugimenduan esperientzia fisiko zabala du. Donimo pertsonaia antzinako mimo artea eta zinema mutuko komedia eta Jacques Lecoq, Philippe Gaulier eta Pierre Bylanden antzerki garaikideko teknikak bateratuz sortu ditu. Halaber, Europako eta Hego Amerikako hainbat telebista saiotan antzeztu du.

Bestalde, ospakizunean Salvador Vicentek, Yunke magoa izenez ezagutzen denak, hartu du parte; Yunke ilusio handien espezialista da. Europako magorik ezagunenetakoa da. 22 urte zituela magiaren munduan profesional gisa hasi zen lanean eta 25 urterekin bigarren geratu zen Lisboan egin zen FISM Magiaren Munduko Txapelketako Ilusio Handietan.  Hurrengo urtean, Parisen, berari eta David Copperfieldi Mandrakes d'Or saria eman zieten. Izen handiko garaikur hori Mandrake magoaren omenez ematen du Frantziako Magoen Akademiak urte guztiko ilusionista onenak ezagutzeko. Orduan, Montecarloko Grazia Printzesa Antzokian egin zuen ikuskizunagatik jaso zuen saria.

Kike eta Daniel Vicente aizkolariek (Otsagabiako aita-semeak) jendea basoan murgildu dute aizkorakaden erritmoaren bidez; horren ondoren, Zangozako Luis Gil ikastetxe publikoko ikasleek kandelen bidez Japoniako bandera irudikatu dute hango herria omentzearren. Horren ostean, Nova Lux Ensemble Iruñeko Ganberako Abesbatzak Stravinskiren Ave María abestu du.

Galan zehar hainbat bideo jarri dira. Lehenengo bideoak departamentuak marketingaren eta produktu turistikoen garapenaren alorrean burutu duen jarduera laburtu du. Bigarrenak 2005etik orain arte egin diren galak eta 2006tik orain arte eman diren sariak gogoratu ditu. Azkenik, hirugarren bideoak turismoaren sektoreko ordezkarien iritziak azaldu ditu; denek azpimarratu dute "sektore pribatuaren eta publikoaren artean izan den ulermena eta lankidetza".

Ekitaldia "Navarra, pasión por el rojo" ("Nafarroa, gorriarekiko grina") bideoarekin amaitu dute. Proiekzio horretan lau minutuz Foru Erkidegoko etnografia eta jaiak erakutsi dituzte, baita natura, Done Jakue Bidea, historia, artea eta berrikuntza teknologikoak ere.

Hemendik gutxira barneko turismoa sustatzeko abian jarriko den kanpainaren aurrerapen gisa, gazteluaren dorreetako batetik izara batzuk eseki dituzte bata bestearekin korapilatuta eta "Escápate a conocer Navarra" ("Zatoz Nafarroa ezagutzera") zioen kartel bat.

Gaztelurako eta auditoriorako sarreretan 2011rako Nafarroako Turismoaren publizitate kanpainako pertsonaiak jarri dira.

 

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa