(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan bizi diren etorkinen % 89k ez du bere herrialdeetara joateko asmorik, krisiaren eragina pairatu arren

asteartea, 2011.eko apirilak 26


Foru Gobernuak immigrazioari buruzko laugarren inkestaren behin betiko emanaldia plazaratu du


Nafarroako Etorkinen Arretarako Bulegoa

Nafarroako Etorkinen Arretarako Bulegoa ( irudia handitu )

Nafarroan bizi diren etorkinen % 88,7k ez du asmorik datozen bost urteetan bere herrialdera itzultzeko, krisi ekonomikoak portzentaje horretako etorkinen lan baldintzak okertu baditu ere. Hala adierazi du Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak kolektibo horren egoeraren inguruan egin duen laugarren azterlanak. Behatokia Foru Gobernuaren Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko organismo independentea da.

Pasa den urtearen erdialdean, Nafarroako Gobernuak "Krisiak Nafarroako etorkinen artean duen eragina. 2010eko inkesta" azterlanaren aurrerapena eskaini zuen. Azterlan horren arabera, krisialdiaren ondorioz ez da nabarmen hazi jatorrizko herrialdera edo beste herrialde batera joateko asmoa duten etorkinen kopurua. Inkesta egin duten lau etorkinetatik hiruk datorren bosturtekoan Nafarroan geratzeko asmoa dute eta % 11,3k bakarrik itzuli nahi du denboraldi horretan bere herrialdera. Zertxobait egin du gora (% 4,5etik % 13,2ra) datozen bost urteetan lan aukera berrien bila beste autonomia erkidego batera lekualdatzeko aukera aintzat hartu duten etorkinen kopuruak.

Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorraren epe labur eta ertaineko pronostikoaren arabera, etorkinen lekualdatzeak ez dira nabarmen haziko.  Gainera, gehienek baztertu egin dute jatorrizko herrialdera itzultzeko aukera. Biztanle horiek Nafarroan geratzeko arrazoiak hauek dira: gehienek bizileku txartel iraunkorrak eskuratu dituzte, familia dagoeneko berriz elkartu da eta espainiar herritartasuna lortu dut.

2010eko inkestak Nafarroako Gobernuak duela hamar urte hasi zuen ikerketaren norabidea jarraitzen du immigrazioaren erralitatea sakon ezagutzeko. Orain arte egin den laugarren azterlana da; 2000. urtean etorkinen inguruko lehen ikerketa orokorra egin zen, 2003koa etorkinak haien familiekin elkartzeari buruzkoa izan zen eta 2008an Foru Gobernuak abiaturiko programa ibiltariaren ingurukoa, hizkuntza- eta kultura arteko bitartekotza programari buruzkoa alegia.


"Krisiak Nafarroako etorkinen artean duen eragina. 2010eko inkesta" azterlanaren azala

"Krisiak Nafarroako etorkinen artean duen eragina. 2010eko inkesta" azterlanaren azala

Landa lana

Oraingoan, inkesta krisiak etorkinen artean duen eragina neurtzeko egin da. Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorraren argitarapenen bilduma digitaleko laugarren azterlana da eta 500 CD argitaratu dira instituzio, erakunde edo interesa duten partikularrentzat.

Azterketaren oinarria CIES ikerketa eta gizarte azterlanen zentroari egiteko eskatu zitzaion hasierako landa lana da, Nafarroako behatokiak sakon aztertu zuena.

Inkestan parte hartu duten etorkinen % 71,5ek esan du krisiaren eragina nabaritzen hasi zirenetik gizarteko jarduera gutxiagotan parte hartzen duela, % 53,9k esan du lan baldintzek okerrera egin dutela, % 47,3k etxeko zorrek gora egin dutela eta % 36,1ek lanposturen bat galdu duela. Inkestaturikoen % 31k krisiaren ondorio zuzena Espainiara ekarri nahi zituzten familiako kideekin elkartu ezina dela aipatu du, % 34,9k bizilekua aldatu behar izan du eta % 22,8ri enplegua erregulatzeko espedienteak kaltea eragin dio. Inkestan parte hartu dutenen % 31,6k esan du bere herrialdera itzuli nahi duela, baina ezin dezake hala egin, eta % 23,8k esan du familiak haien diru sarrerak behar dituela. % 47,7k krisia saihesteko prestakuntza ikastaroak egin ditu.

Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak azpimarratu du egoera ekonomikoak nabarmen okertu duela etorkinen laneko egoera azken biurtekoan. Langabezian dauden eta lana bilatzen ari direnen portzentajea 2008an % 20 izatetik 2010ean % 30,2 izatera pasatu da; horrekin batera, lan baldintzek ere okerrera egin dute. Hortaz, kalifikaziorik behar ez den lanpostua duten etorkinen portzentajea 2008an % 44,8 izatetik 2010ean % 54,1 izatera pasatu da.

Bost eguneko lanek ere % 17 egin dute behera eta lau egun edo gutxiagokoek, aldiz, gora. Hori dela eta, lanpostu irregularrenak edo pilatzen direnak ugaritu dira. Astelehenetik ostiralerako lan astearen ordez, egun gutxiagotako lanpostuetan jardun dira edo krisiaren ondorioei aurre egiteko lan osagarriak bilatu dituzte.  Hori hala izanik, bigarren lanpostua dutenen portzentajea 2008an % 3,6 izatetik 2010ean % 14,4 izatera pasatu da.

Halere, etorkinek lan merkatura berregokitzeko duten gaitasuna azpimarratu du; % 33,8k beste lanpostu bat bilatzea lortu du krisia larriagotu aurretik zeukatena galdu arren.

Gizonezkoenak bihurtu diren jardueretako langabezia handiagoa denez, gizonen eta emakumeen arteko lan egoeran bereizketa egon da. Inkestari erantzun dioten emakumeen langabezia tasa txikiagoa izan da eta gizonek baino lanpostu gutxiago galdu dituzte. Hala eta guztiz ere, emakumezkoek hainbat lanpostu izateko joera dute, asteko egun gehiagotan egiten dute lan eta gizonezkoek baino lan baldintza okerragoetan: lanean ari diren emakumeen % 15,2k ez du kontraturik; gizonen kasuan, aldiz, % 7,1 dira kontraturik gabekoak.

Etxearekin zerikusia duten zorrak hamar aldiz ugaritu dira

Azterlanaren arabera, halaber, etorkinen osasun egoerak okerrera egin du, horren ondorioz, osasun baliabideetara gehiago jotzen dute, nahiz eta bertako biztanleen aldean neurri txikiagoan. 2008ko egoerarekin alderatuta, % 23 egin du behera haien egoera "ona edo oso ona" dela esan duten etorkinen portzentajeak; % 65 dira egoera horretan bizi direnak orain.

Krisiak mota guztietako patologiak eta horien ondoriozko kontsulta medikoak ugaritu ditu, batez ere lan eta gizarte baldintza ahulenak dituztenentzat.  Osasun zentroa etorkinek gehien erabiltzen duten zerbitzua da.

Etxebizitzari dagokionez, 2010ean, biztanle etorkin guztien % 64,9k etxebizitza errentan hartua zuen (% 52,6k etxebizitza osoa hartu zuen errentan eta % 12,5ek logela bat). Etxearekin loturiko zorrak areagotu izana nabarmena da, izan ere, 2008tik hamar aldiz ugaritu dira. Gauzak horrela, ia bi etorkinetatik batek gaur egun mota horretako zorrak ditu. Horrez gain, hipoteken gastuak gora egin du, hainbat banku eta kutxak maileguak emateari uko egin dio eta etorkinek lanpostuak galdu dituzte; horren guztiaren ondorioz, etorkinen % 5,4k jabetzan zuen edo etorkizunean eros zezakeen etxebizitza galdu du.

Diskriminazio etnikoa, gizartea elkartzearen oztopoa

Inkestan parte hartu duten etorkinen ia % 40k aitortu du etorkinak izateagatik beste modu batera tratatzen dituztela sentitzen dutela. Lanean (% 24), establezimendu publikoetan (% 21) eta kalean (% 20,1) nabaritzen dute gehien bazterketa hori.  Oro har, Latinoamerikako etorkinak eta Afrika iparraldekoak baztertuago sentitzen dira ia alor guztietan; Europar Batasunekoek, aldiz, onartuagoak direnaren ustea dute.

Etorkinen % 38,5ek etorkinei harrera egin eta gizarteratzen laguntzen dieten gizarte ekimeneko erakundeetara jo du eta % 24,1ek oinarrizko gizarte zerbitzuak baliatu ditu.  Harrera egiteko baliabideen erabilera pixkanaka behera egiten ari da eta Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorraren ustez, horren arrazoia etorkinak heldueraren ondorengo faseetan daudelako da, baita laguntzeko sare informalak areagotu direlako ere (% 10,9k esan duenez, jatorriko herrialdeko familiak diruz laguntzen die).

Afrika iparraldetik datozenak dira kalteberenak

2010ko inkestaren arabera, inkestan parte hartu duten Afrika iparraldeko etorkinek krisiaren eraginak modurik gogorrenean pairatzen dituzte aztertutako parametro guztietan. Egoera horren aurkakoa bizi dutenak Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoak dira eta, alorraren arabera, espainiar herritartasuna lortu dutenak.

Langabezia handiena etorkin magrebtarren artean eman da, gehienbat eraikuntzaren sektorean jarduten direlako. Lanpostutik gehien galdu duen taldea da (% 53,2), baita 2008tik etxebizitza gehien aldatu behar izan duena (% 48,4) edo jabetzan zuen edo etorkizunean eros zezakeen etxebizitza galdu duena ere (% 12,9).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa