(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Europako azterlan baten arabera, Nafarroa talenturako eskualde erakargarria da osteguna, 2011.eko apirilak 28


Azterlanean Nafarroaren bizi-kalitatea, hezkuntza maila eta erosteko ahalmena baloratu dira, Holanda, Norvegia, Suedia, Suitza, Alemania eta Lituaniako beste zazpi eskualderekin alderatuta


"Brain Flow" proiektuak eskualde periferikoetan edo hiri handiak ez dituztenetan talentua erakartzeko gaitasuna aztertzen du. Proiektu horren barruan egindako azterlan baten arabera, Nafarroa eskualde erakargarria da talenturako. Azterlana Europako zortzi eskualdetan egin da, horiek talentua erakartzeko duten potentziala aztertzeko, eta oraintsu aurkeztu da Iruñean egindako bileran. Bileraren buru Juan Franco Nazioarteko Garapenaren zuzendari nagusia izan da, eta horretan Europako hogeita hamar bat adituk parte hartu dute. Ekimena Nafarroako Nazioarteko Planaren barruko jardun bati dagokio, eta horretan, Nafarroarekin batera, eskualde hauek lan egiten dute: North-Rhein Westfalia (Alemania), Gelderland (Holanda), Overijssel (Holanda), Värmland (Suedia), Nemunas (Lituania), North Switzerland-Basilea (Suitza) eta Hedmark (Norvegia).

Aipatu azterlanaren arabera, Nafarroa eskualde erakargarria da Foru Komunitatetik kanpoko langile kualifikatuentzat, eta krisi ekonomikoa eta langabezia etorkizuneko erronkak dira. Azterlanean, gainera, gazteen kualifikazio handia eta I+G-ren aldeko apustua azpimarratzen dira. Azterlanean Nafarroaren erakargarritasuna lau faktoreren arabera baloratu da: talentua erakartzea, talentua sortzea, langileei atxikitzea eta, amaitzeko, "talentu lokartua" aktibatzeko gaitasuna. Horretarako, Europan 20 adierazle kuantitatibo baino gehiago aztertu dira, hala nola BPGd, Foru Erkidegoan bizi den atzerritarren kopurua, I+G-n lan egiten dutenen ehunekoa eta goi-mailako ikasketak dituzten gazteen ehunekoa.

Talentua erakartzeko gaitasunari dagokionez, azterlanaren arabera Nafarroa Espainian hazten ari den eskualdeetako bat da, per capita errenta handia du eta giza garapenaren indize handia, ELGAren arabera (0,972). Talentuaren sorkuntzan azpimarratzekoa da zientziaren eta teknologiaren esparruan lan egiten duten pertsonen kopurua, Europako batez bestekoaren gainetik baitago, baita herritarren kualifikazio handia ere, helduen %36,9k unibertsitateko ikasketak baitituzte. Talentuari eusteko gaitasunari dagokionez, azterlanean herritarrek eskualdearekin lotura estua dutela eta lokarri horiek direla bide lanbide-ibilbidea Nafarroan garatzen dutela ondorioztatu da, Europako beste eskualde batzuetan baino ehuneko handiagoan. Hala ere, langabezia handia talentuari eusteko faktore negatiboa izan daiteke. Amaitzeko, ‘talentu lokartuko’ baliabideak aktibatzeko gaitasunari dagokionez, hobetzeko arlo bat online lana sustatzea izango litzateke, eta puntu indartsu bat, giza kapitalaren kualifikazio handia.

Ondorioak

Azterlanaren arabera, aztertutako zortzi eskualdeen puntu erkidea langabeziaren gorakada da, baina inguru batzuetan profesional kualifikatuak falta dira. Horretarako, txostenean etorkizunerako zenbait proposamen gehitu dira, "Brain Flow" partzuergoko kide diren eskualde guztiek talentua erakartzeko gaitasuna hobetu dezaten. Modu horretan, eskualde arloan analisi bat egitea planteatzen da, toki ekonomiaren beharrizanak identifikatzeko eta beharrizan horiekin bat datozen prestakuntza- eta enplegu-programak sortzeko. Era berean, Europako programak eta funtsak erabiltzea proposatzen da (adibidez, Lifelong learning), herritarrei beharrezko prestakuntza lortzen laguntzeko.

Iruñean egindako bileran, Nafarroak toki ekonomiarako giltzarriak diren sektoreen barruan talentua erakarri eta kudeatzeko duen esperientzia azaldu zen. Modu horretan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bultzatu eta AINek eta Humanek esparru horretan egindako zenbait azterlan aurkeztu ziren. Programa osatzeko, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalera eta Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Nazionalera bisitak egin ziren. Bisitariek Nafarroan biomedikuntzaren eta energia berriztagarrien sektoreekin lotutako ikerketa-esparruan egindako lana ikusi ahal izan zuten.

"Brain Flow" programa

Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak "Brain Flow" proiektuan bazkide moduan parte hartzen du, Europako beste zazpi eskualderekin batera: Overjissel eta Gelderland (Holanda), Varmland (Suedia), Hedmark (Norvegia), North Rhein Westfalia (Alemania), Nemunas (Lituania) eta Basilea (Suitza).

Interreg IVC Europako ekimenak eskualde horiei 3,5 milioi euro eman zizkien 2010-2013 aldirako, eta kopuru horretatik 600.000 euro Nafarroari dagozkio. Kopuru horretatik %75 EGEF funtsekin ordainduko da, eta beraz, Foru Komunitateak 450.000 euro jasoko ditu proiektu honetan parte hartzeko.

Parte hartzen duten eskualdeek talentua, giza kapitala eta berrikuntza erakartzearen esparruan garatutako eginera onak bateratzen dituzte, gerora neurri horiek gainerako eskualdeetan ezarri ahal izateko. Esperientzia-truke hori sei hilerik behin egindako bileretan egiten da, eta seihileko honetan Iruñeari dagokio ekitaldiaren anfitrioia izatea.

"Brain Flow" programaren helburua talentuaren erakarpena hobetzea da, eskualde periferikoetan edo metropoli handiak ez dituztenetan. "Brain Flow" "miniprograma" proiektuaren tipologiari dagokio, hau da, berezko azpiproiektuen deialdiak ditu, eta horietara talentua erakartzearen inguruan interesa duten Nafarroako Gobernuko departamentuak, erakundeak eta nafar enpresak aurkez daitezke.

Iruñean egindako bileran, ‘Brain Flow’ proiektuaren barruan finantzatutako azpiproiektuak aurkezteko hirugarren deialdia egin zen. Deialdi horretara Nafarroako entitateak eta gainerako eskualdeetako entitateak aurkez daitezke hainbat ekimen aurkezteko, besteak beste hauen inguruan: eskualdeko sektore estrategikoei laguntzeko ekimenak, goi mailako hezkuntza eta eskualdearen erakargarritasuna hobetzea, hori guztia talentua erakartzeari lotuta. Interreg IV C programako beste proiektu batzuetan bezala, azken helburua izango da eskuratutako etekinak eta garatutako eginera onak Europako beste eskualde batzuetara eraman ahal izatea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa