(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilariak Gergetiaingo (Itzagaondoa) San Martin ermita sendotzeko proiektua aurkeztu du ostirala, 2011.eko apirilak 29


Nafarroako Gobernuak sendotze-proiektua 21.540 eurorekin finantzatu du


Carlos García Cederna-Garalurreko ordezkaria, Alejandro Cortez alkatea, Corpas kontseilaria, Elsa Plano zinegotzia eta Carlos Erce Turismo zuzendari nagusia. ( irudia handitu )

Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilaria Gergetiaingo San Martin ermitara (XII. mendea) joan da gaur eguerdian, Alejandro Cortez Jiménez Itzagaondoa ibarreko alkateari eta Elsa Plano Kultura zinegotziari aipatu ermitaren sendotze-proiektua emateko. Proiektu hori 2010-2014 Landa Garapen Jasangarriaren Planaren barruan aurkeztuko da, hain zuzen ere, Gobernu zentralak landa-inguruak garatzeko duen ekimenaren barruan.

Gergetiaingo San Martin ermita sendotzeko proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez. Aurrekontu osoa 21.540 eurokoa da; kopuru horretatik 3.840,00 euro eraikineko planoak egiteari dagozkio, eta 17.700,00 euro sendotze-proiektuaren idazketari, ermitaren gaur egungo egoeraren azterketa barruan hartuta.

Ez dago albiste gehiegirik Gergetiaini buruz, baina Itzagaondoko populaketaren antzinatasuna –ain atzizkiarekin amaitutako toponimo ugarietatik ondorioztatzen da, batez ere ibarraren bihotzean (Gergetiain, Indurain, Muniain, Gusiain, Akiriain). Toponimo horiek erromatar jatorria adierazten dute, argi eta garbi. Lehenengo erreseña historikoa 1108koa da. 1786 eta 1950 bitartean, 27 eta 22 biztanle artean zeuden. XX. mendearen erdialdetik aurrera, biztanleriak behera egin zuen eta 1970 inguruan guztiz hustu zen. Gaur egun baserri guztiak bertan behera utzita eta aurrietan daude, etxeetako bat izan ezik, noizean behin aspaldiko biztanle bat etortzen baita bertara, eta abereentzat ukuiluren bat ere badago.

Ermitaren oinetan, abadetxe izandakoaren aurriak ikusten dira, 1980ko hamarkadan erori zena. Jauregi bat ere dokumentatuta dago, baina ez dakigu non zegoen. XVII. menderako tokiko nobleziak harana utzita zuen eta jauregietan baserritarrak bizitzen hasi ziren.

Elizari dagokionez, gaur egun San Martini eskainita dago. Ibarrean beste eliza batzuk ere santu horri eskainita daude. 1780tik parrokia-artxiboa du.

Gergetiaingo San Martin ermita landa-inguruko erromatar estiloko tenplua da, nabe bakarra du, hiru tarte desberdinetan banatua, gehi abside erdi-zirkularra. Hormak harlanduzkoak dira. Kanoi-gangei parpain-arku bikoitzek eusten diete, eta oinarrian atxikitako zutabe erdiko pilastrak dituzte. Nabearen bigarren tartean, hegoaldeko paretan, erdi-puntuko arkua duen portada kokatzen da, eta absideko leiho txaranbelduarekin batera, barrualdean argia sartzeko puntu bakarrak dira. Nabearen oinetan zurezko koru sinple bat dago, eta ziurrenik XVI. mendean gehitu zuten. Oin laukizuzeneko sakristia bat burualdeari atxikita dago epistolaren aldetik, hori ere XVI. mendekoa.

Horma pikoan bao bakarreko kanpai-horma sinplea altxatzen da, erdi-puntuko arkuarekin, kanpaia barruan hartzeko. Kapitelek eta harroinek tematika begetaleko diseinuak, sinboloak eta giza irudiak eskematizatzen dituzte, portadako ornamentu-errepertorioaren antza dutela. Ermitaren barrualde osoa margotuta egon zen. XX. mendearen lehen erdian harrizko horma guztiak zulatu ziren harriaren antzeko kolorea zuen mortairuarekin junteatzeko, eta piezakatze guztiak lerro zuriekin nabarmendu ziren.

Ermitako zoruan zurezko taulak daude, zutabe batzuei iltzatuta. Horiek zorua igo egiten dute, aire-ganbera bat sortuz.

XX. mendearen erdialdean, Gergetiain biztanlerik gabe geratzean, ermita bertan behera utzita geratu zen, eta gaur egunera itxura horrekin iritsi da.

Hona hemen proiektuan aurreikusitako jardunak:

- Ermitatik hurbil dauden landareak garbitzeko lanak eta erantsitako etxearen aurria desmuntatzeko lanak. Azterketa geoteknikoa lurzoruaren ezaugarriak ezagutzeko.
- Apeo eta aldamiatze orokorra segurtasunez lan egiteko eta sendotze-lanetan balizko eraisketak saihesteko. Burualdea, ingururik hondatuena, modu uniformean apeatuko da.
- Burualdeko hormak azpiberritzea. Azterketa geoteknikoaren arabera, beharrezkoa balitz, burualdeko hormen zimenduak azpiberrituko dira eta mendebaldeko eta iparraldeko hormen oinarrietan dagoen lurzoruaren zati bat lur trinkoarekin jasoko da.
- Hormak, arkuak eta gangak hainbat jardun eginda sendotuko dira, sendotu beharreko ingurua kontuan hartuta: absideko gangaren geometria zuzenduko da apurka-apurka altxatuta, katuen bidez, arkuetan eta gangan ziriak sartuta, gangako zati itsutuak eta burualdeko leihoa desmuntatu eta berreraikitzea, karesnearen injekzioak hormak eta arrakalak betetzeko, juntura-berdintze orokorrak eginda…
- Teilatua eraikitzea. Proiektuan egiturarako konponbide logikoa proposatzen da, zertxen, petralen eta zur-aldaketen bidez osatua. Egitura berriaren diseinua eta kalkulua lanak gauzatzen diren bitartean egokituko dira, teilatua demuntatu ondoren.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa