(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak Nafarroan enplegua sortzeko eta gastu publikoa murrizteko neurri batzuk iragarri ditu

asteazkena, 2011.eko abuztuak 31


AHTaren obren hasiera, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Batzordea kentzea eta emankorrak ez diren bulegoen eta higiezinen salmenta dira nabarmentzen direnak


Transcripción textual del video

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak enplegua sortzea eta Foru Erkidegoko gastu publikoa murriztea helburu duten neurri ekonomiko batzuk iragarri ditu gaur. Nafarroako Gobernuak oinarrizko hiru jarduera ardatzetan jarriko du arreta: enpleguaren sorrera sustatzen duten ekimen publiko berriak diseinatu eta ezartzean, 2011rako defizita zorrotz betetzean eta 2012rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzean. Azken horiek "benetan estrategikoak izango dira", esan du.

Barcinaren mintzaldia

Barcina Lehendakariaren mintzaldia gobernuaren saioaren ondoren ( irudia handitu )

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak enplegua sortzea eta Foru Erkidegoko gastu publikoa murriztea helburu duten neurri ekonomiko batzuk iragarri ditu gaur. Neurriak aurrez aztertu ditu Gobernuak asteroko saioan, eta horien bidez egiturak murriztea da asmoa, esate baterako, Ikus-entzunezkoen Batzordea eta Nafarroako RTVEren Aholkularitza Kontseilua kentzea, gastu arrunta eta funtzionamendu gastua gutxitzea, inbertsio publikoa bultzatzea enplegua sortzeko, eta jarduera ekonomikoaren plan bat sustatzea sindikatu eta enpresariekin.

Barcinak esan duenez, Nafarroako Gobernuak oinarrizko hiru jarduera ardatzetan jarriko du arreta: enpleguaren sorrera sustatzen duten ekimen publiko berriak diseinatu eta ezartzean, 2011rako defizita zorrotz betetzean eta 2012rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzean. Azken horiek "benetan estrategikoak izango dira", esan du.

Lanpostuak sortzeari buruzko lehen ardatzean, Barcinak Abiadura Handiko Trenaren obren hasiera aipatu du. Cadreita eta Alesbes arteko 8,5 kilometroko tartea 30 milioi euroko zenbatekoarekin esleitu ondoren, obrak datozen asteetan hasiko direla aurreikusi da. Trena eraikitzeak ehunka enplegu zuzen sortuko ditu eta askoz gehiago mantendu egingo dira, materialak eta zerbitzuak hornitzen dituzten enpresei dagokienez.

Langabeziari aurre egiteko iragarri diren beste neurri batzuk hauek dira: Moderna Fundazioa berehala abiaraztea, Inbertsioen Europako Bankuak Moderna Planerako eman dituen 250 milioi euro enpresa proiektu jakinetara bideratzeko, 2012-2016rako Inbertsio Publikoen Plan berri bat prestatzea eta Nafarroako agente sozial eta ekonomikoekin elkarlanean aritzea. Horren haritik, esan du Foru Gobernua UGT, CCOO eta CENekin lanean ari dela Ekonomia Aktibatzeko Plan bat sortzeko.

Bestalde, Lehendakariak kontu publikoen kudeaketan zorroztasuna eta doitasuna lortzea helburu duten neurri batzuk aipatu ditu. Hori da Gobernuaren bigarren ekintza ardatza. Azaldu duenez, helburua Estatuarekin adostutako defizit maila "zorrotz betetzea" da, hau da, 2011ko BPGren % 1,3. Zentzu horretan, Barcinak, eskuragarri dagoen informazioaren arabera, aurreratu du diru-sarrerak 2010eko ekitaldikoak baino altuagoak izan arren, ez duela ematen ekitaldi honetarako aurreikusitakora iritsiko direnik. Horregatik, datorren astean, Nafarroako Gobernuak 2011ko ekitaldia ixteko prozedura onetsi eta 2012ko Aurrekonturako gastuen muga ezarriko du.

2013rako helburua Nafarroak zor publikoa sortu beharrik ez izatea da, hala, ez da gastatuko Foru Erkidegoko diru-kutxetara sartzen den dirua baino gehiago. "Benetan ari garela erakusteko dagoeneko abian diren neurri batzuk aipatuko ditut", esan du Barcinak. Hauexek dira:

- Amaitu da goi-kargudunen % 24 eta Administrazioko egituraren % 8 murrizteko prozesua. Horrez gain, irailean, enpresa sektore publikoko administrazio kontseiluetako 170 lanpostu kenduko dira, hortaz, guztira % 47 baino gehiago.

- Ibilgailuen parke ofiziala murriztu eta horren erabilera kontrolatuko da; horretarako, Gobernuko kideen, goi-kargudunen eta Administrazioko funtzionarioen bidaia gastuei, dietei, hoteletako eta sakelako telefonoetako gastuei eragingo dien arau murriztaile berriak bete beharko dira. Helburua parkea homogeneizatzea eta sinplifikatzea da eta, batez ere, kostua aurreztea.

- Foru Administrazioko langileen trebakuntza ikastaroak garatu dira laneko ordutegitik kanpo, hartara, ez da baliabiderik erabili beharko ordezkapenak kontratatzeko.

- Foru Erkidegoko Administrazioak egin beharko dituen erosketa guztien kostua sinplifikatu eta aurreztuko da.

- Nafarroako Ospitale Gunean laguntzarako laborategiak batu dira.

- Iruñeko Lezkairu auzoan Gune Mediko Teknologikoa eraikitzeko proiektua atzeratu da.

- Nafarroako Gobernuaren bulego eta higiezin ez emankorrak saltzeko programa jarriko da abian eta 2012an hasiko dira aplikatzen.

- Nafarroako Ikus-entzunezkoen Batzordea eta Nafarroako Radiotelevisión Españolaren Aholkularitza Kontseilua kenduko dira.

2012ko aurrekontu "estrategikoak"

Lehendakariak aipatu duen jarduteko hirugarren ardatza 2012rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzeari buruzkoa da, 2013an aurrekontuaren oreka lortzeko lehen pausua izango delako. Barcinak esan duenaren arabera, Gobernua aurrekontuak sinplifikatzen saiatuko da kudeaketa hobetu eta gardentasuna areagotzeko. Horren haritik, gastuak berrikusi, berrantolatu, murriztu edo kentzeko lana egingo dela adierazi du, eta arreta berezia jarriko zaie krisiari aurre egiteko neurriei, mota guztietako laguntza eta zerga hobariei, diru-laguntzei eta gainerako transferentzia arruntei eta kapital transferentziei loturikoak direnei.

"Garai berri batean bizi gara; krisialdi ekonomikoan ez ezik, aldaketa sozialen garaian ere bizi gara. Jada ez dute balio inertziek eta 'hau betidanik egin da horrela' modukoek", esan du Barcinak. Hortaz, lehendakariak azpimarratu du "Funtzio Publikoko langileen Estrategia" bat prestatzen hasiko direla, sindikatuekin adostuz gero. Horrek gida gisa balio beharko du alor honetan epe luzera jarduteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
  Barcina Lehendakariaren mintzaldia
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa