(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak "Hartu atseginez" promozio-kanpaina berria eta Paisaien ibilbidea aurkeztuko ditu FITUR azokan ostirala, 2013.eko urtarrilak 25


Foru Komunitateak 8,8 milioi bisitari inguru (turistak eta txangozaleak) hartzen ditu urtean; horri esker 668 milioi euroko diru-sarrerak jasotzen dira


Transcripción textual del video

Nafarroak "Hartu atseginez" izeneko komunikazio- eta publizitate-kanpaina berria aurkeztuko du FITUR Turismoaren Nazioarteko Azokan. Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra izango da Madrilen dagoen IFEMA azoka-barrutian.

Bertan, Paisaien ibilbide berria eta Nafarroako Turismoaren Plan Integralaren bidez berritu den eskaintza turistikoa emango ditu ezagutzera. Horixe adierazi du gaur goizean egin den prentsaurrekoan Juan Luis Sánchez de Muniáin bigarren lehendakariorde eta Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak. Harekin batera izan da Carlos Erce Kulturako zuzendari nagusia.

Sánchez de Muniáin lehendakariordea (ezkerretik hasita 5.a) izan da buru, gaur Nafarroako Jauregian egin den Nafarroako Turismo Kontseiluaren ohiko bileran ( irudia handitu )

Nafarroak "Hartu atseginez" izeneko komunikazio- eta publizitate-kanpaina berria aurkeztuko du FITUR Turismoaren Nazioarteko Azokan. Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra izango da Madrilen dagoen IFEMA azoka-barrutian.

Bertan, Paisaien ibilbide berria eta Nafarroako Turismoaren Plan Integralaren bidez berritu den eskaintza turistikoa emango ditu ezagutzera. Horixe adierazi du gaur goizean egin den prentsaurrekoan Juan Luis Sánchez de Muniáin bigarren lehendakariorde eta Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak. Harekin batera izan da Carlos Erce Kulturako zuzendari nagusia.  

Foru Komunitateak profil komertzialagoaren aldeko apustua egingo du aurten eta, komertzializazioari babesa emateko programaren bidez, atal bat gehituko da eskaintza bereziak aurkeztuko dituena bidaia-agentzia eta bisitari berezientzat.


2013ko FITUR azokako stand-aren irudia ( irudia handitu )

Nafarroarren stand-a FITUR azokan

Stand-ak 503 metro koadro izango ditu eta aurreko urteetakoaren antzeko neurriak izango ditu. IFEMA azoka-barrutiaren 7. pabiloian egongo da.

Haren diseinua Nafarroako Turismoaren Plan Integral berriaren estrategiaren araberakoa da. Bertan, planean zehaztutako produktu turistikoak emango dira ezagutzera, arreta berezia jarriz naturari eta kulturari lotutako turismoari, landa-turismoari, jai eta ohiturei, gastronomiari, biltzarrei eta merkatuko sail zehatzen beste eskaintza batzuri, esate baterako, osasunaren turismoari, hegaztien behaketari edo kirol-turismoari. 

Asmoa zera da: bisitaria stand-era iristen denean Nafarroan sartzen deneko sentsazioa izatea, bertako naturaz eta ondareen aberastasunaz inguratuta sentitzea, eta Nafarroa bisitaria zaindu eta hari ongi-etorri beroa egiten dion lurraldea dela jakitea. Izan ere, Nafarroako natura, kultura, gastronomia eta abar atseginez hartu eta gustuko izaten dute.

Stand-aren egitura xumea eta erabilgarria da.

Perimetroak hainbat sarrera ditu, eta horietatik "Déjate abrazar" testua irakur daiteke. Barruan, bisitaria herrietako galtzada-harrizko zolatik joango da oinez, besarkada bat irudikatzen duten argazkiez inguratuta dagoela. Aurkezpenak eta bilerak egiteko guneak Nafarroako zuhaitz eta zuhaixkek mugatzen dituzte: izeiek, gorostiek, pagoek, ezpelek eta abarrek, eta promozio gastronomikoa egingo da barradun gune batean.  

Stand-aren sarrera nagusian, harrera egiteko, informazioa emateko eta arretarako gune bat egongo da. Bertan lau pertsona egongo dira. Esparruaren inguruan produktu turistikoen beste zortzi erakusmahai jarriko dira: bi arlo komertzialekoak (ostatuak eta komertzializazioa babesteko programako eskaintza turistiko bereziak) eta beste sei askotariko produktu turistikoena (kultura, natura, landa-giroa, gastronomia, jaiak eta biltzarrak). Goiko solairuan, bilerak egiteko hiru gela jarriko dira, baita argitalpenetarako biltegi bat, bulego bat eta turismo aktiborako erakuslehio bat ere (Volkswagen Polo ibilgailu bat, naturako jarduerei loturiko materialez beteta).

 

"Nafarroako Erresuma, hartu atseginez"

"Hartu atseginez" komunikazio- eta publizitate-kanpaina berriaren helburua Nafarroa, emozioen bidez, helmuga turistiko gisa sustatzea da. "Besarkadaren" edo harreraren bidez, bisitariei esan nahi zaie Nafarroak ongi-etorri beroa egiten diela bertako kultura, natura, jaiak, gastronomia, ardoa eta abarren bidez.

"Egin harrera" edo erderazko "Déjate abrazar" esaldiarekin hasita, Komunitateko produktu turistiko nagusiak aurkeztuko dira: egin harrera lurreko koloreei; Donejakue bidearen aztarna ezabagaitzari; gehien gustatzen zaizuna egiteko aukera ematen dizun naturari; esperientzia ahaztezinak bizitzeko parada emango dizun naturari; luzaroan iraun duten jai herrikoi eta ohiturei; atzoko eta gaurko gastronomia zoragarriari; biltzar arrakastatsuak izaten lagunduko dizun MICE turismoaren helburuari, edo denbora gelditzen deneko uneari.

Stand-ean, girotzeko, hainbat gaztek bisitariei harrera beroa egingo diete eta zapi gorriak emango dizkiete.


Nafarroako Paisaien ibilbide berria

Nafarroako Paisaien ibilbidea aurkeztuko dute FITUR azokan. Ibilbide berri horrek bi elementu izango ditu ardatz: behatokiak eta ura.

Ibilbidean zehar paisaien eta ikuspegien leku interesgarriak ikusi ahal izango dira. Ibilbideko seinaleak udaberrian jarriko dituzte. 18 leku aukeratu dira: besteak beste, Erratzuko (Baztan) Xorroxin ur-jauzia, Iratiko basoko Kubo ur-jauzia, Ariztokiako behatokia (Aezkoa) edo Larra-Belaguako behatokia (Izabatik Frantziara doan errepidean). 

Beste behatoki batzuk ere aukeratu dira, esate baterako, Aralarko San Miguel Santutegia, Azpirozko behatokia (Iruña-Donostia autobian) eta Leurtzako urtegiak (Urrotzen). Lumbierko eta Arbaiungo (Iso mendatean) arroilak ere gehitu dira ibilbidean.
Iruñerrian, Argaren ibaiertzeko paseoa eta Zaldi Zuriaren behatokia ikusi ahal izango dira. El Perdón mendilerroko behatokitik ere pasatzen da ibilbidea, erromesen monumentuaren ondotik.  

Erdialdean, Ujuéko behatokitik eta Pilatosen balkoitik ere igaroko da ibilbidea. Azken horretatik ikus daiteke Ameskoa ibarreko pagoen ikuspegia, Urederraren sorburua eta Lerateko badia (Allozko urtegian).  

Erriberan, nabarmentzekoak dira Aguilaresko behatokia, Yugo mendiko behatokia, Senda Vivako behatokia, Bardeak natura-parkean dagoena, eta Pitillasko urmaela.  

Ibilbidea dinamizatzeko argazki-proiektu bat egiten ari dira. Alde batetik, GPS koordenatuen bidez, bisitariei aukeratutako guneraino iristen lagunduko zaie. Beste alde batetik, argazkirik onenak ateratzeko urratsak eskainiko dira. Bisitariei kokapenik egokiena, unerik onena (urtaroa, eguna eta ordua) eta bestelako datu teknikoak adieraziko zaizkie.  

Proiektua Nafarroako turismoaren webgunearen bidez eta sare sozialen bidez zabalduko da eta lehiaketak antolatuko dira. Mugikorretarako doako aplikazio bat ere egingo da. Aplikazioak tokiaren irudia, bertara heltzeko modua, GPS koordenatuak, kokapen zehatza eta abar erakutsiko ditu.

Turismo Plana agertzen duen aldizkari bat argitaratu da

Aldizkari bat argitaratu dute FITUR azokan, beste azoka batzuetan eta aurkezpenetan banatuko dena. Aldizkarian Nafarroako Turismoaren Plan Integraleko estrategia eta eskaintza turistikoa azaltzen dira.

"Navarra: déjate abrazar por sus propuestas turísticas" aldizkariak koloretako 68 orrialde ditu eta 4 informazio-atalek osatzen dute, Nafarroako Turismoaren Plan berriko estrategiari, produktu turistiko berriei, Nafarroako Turismoaren jarduerei eta Nafarroako turismoaren sektorearekin loturiko kontaktuei buruz.

Planak produktu turistiko nagusien estrategia berria azaltzen du, eta kulturaren eta naturaren turismoa, landa-turismoa, gastronomiaren eta ardoen turismoa, jaien eta tradizioen turismoa eta biltzarren turismoa oinarrizko kategoriatzat jotzen ditu. Merkatu-nitxo batzuk ere ezarri ditu, esate baterako: osasunaren turismoa, Nafarroan ikastea, hegaztien behaketa, erlijioaren turismoa, motorren jarduerei loturiko turismoa, Nafarroako entzierroak, maskotekin bidaiatzea, kirolaren turismoa eta Nafarroako produktuen eta artisautzaren merkataritza.  

Aldizkarian zera nabarmentzen du: Komunitateak "zirrara eragiten duen natura eta luze iraun duten ohiturak ditu", erresuma gisa izan duen historiaz hitz egiten du eta Donejakue bidearen hasiera izateaz; jaiak nolakoak diren azaltzen du, baita Iruña harresidun hiri historikoa dela eta berdegune zabalak dituela ere. Halaber, lurraldeko produktuen kalitatea eta gastronomia aparta nabarmentzen ditu eta Nafarroa kalitatezko helburu iraunkorra eta burutsua dela dio.

Aldizkariak Komunitatean turismoak duen garrantziari buruzko datuak ere eskaintzen ditu.

Turismoari buruzko datuak

Foru Komunitateak 8,8 milioi bisitari inguru (turistak eta txangozaleak) hartzen ditu urtean; horri esker 668 milioi euroko diru-sarrerak jasotzen dira.

Turismoa BPGd-ren % 5 eta % 6 artekoa da eta 29.000 biztanle aktibori ematen dio lana.

Krisialdiaren urte honetan Nafarroako hotelek izan duten joera ona eta Nafarroa bisitatzen duten atzerriko turisten hazkuntza handia (% 13,2) nabarmentzen ditu.

Nafarroak bisitarien gogobetetasun-mailarik handienetarikoa du, estatuko zein atzerriko bisitarien artean. Zerbitzu turistikoak kalitatezkoak dira, eta bisitariek kalitate-prezio erlazio ona duen helburutzat dute.  

Urtarriletik azarora 1.024.521 bisitari izan dira eta 2.219.627 alditan pasatu dute gaua Nafarroan. Datu horiek, 2011koekin alderatuta, % 3,9 eta % 5,2 baxuagoak dira, hurrenez hurren.

Hala ere, aldakuntza horiek emaitza hobeak izan dituzte Nafarroako hoteletan urtarriletik abendurako denboraldian (bisitariek % 3,7 egin dute gora eta % 7,1 igo da gaua pasatzen dutenen kopurua). Establezimendu horietan, batez besteko egonaldiak % 4,3 egin du gora aurreko urtearekin alderatuta, sektore osoan prezioei eusteko egin den ahaleginari esker. Azpimarratu beharrekoa da, turisten % 60k hoteletan hartu dutela ostatu, eta establezimendu horietako hazkuntzak oso positiboak direla krisialdian egonik.

Horrez gain, atzerriko turisten artean ere hazkuntza nabaritu da. Joera hori 2012 osorako egiaztatu zuten Frontur-en datuek: 2012an, Nafarroan, 245.134 turista atzerritarrek hartu zuten ostatu, 2011n baino % 13,2 gehiagok. Estatuko bigarren hazkuntzarik handiena da, izan ere, zazpi autonomia erkidegok atzerriko turisten hazkuntzan kopuru negatiboak erregistratu zituzten eta batez besteko hazkuntza % 2,7 izan da.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa