(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Goicoechea lehendakariordea Nafarroako berrindustrializazioaren alde agertu da dinamizazio ekonomikoa eta enpleguaren sorrera areagotzeko bide gisa osteguna, 2013.eko otsailak 21


Nafarroako desenpleguaren egoerari buruz Parlamentuan egindako osoko bilkura monografikoan egindako agerraldian defendatu du, hazkundea berrikuntzan, nazioartekotzean eta ekintzailetzan oinarritu behar dela


Lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari Lourdes Goicoechea Zubelzu. ( irudia handitu )

Lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari Lourdes Goicoecheak desenpleguaren egoerari buruz Nafarroako Parlamentuan egin den osoko bilkura monografikoan parte hartu du gaur. Bere agerraldian "garrantzizko neurriak eta egiturazko erreforma konplexuak" hartzeko beharra defendatu du Foru Komunitatea berrindustrializatzeko xedearekin.

Zehazki, Goicoechea kontseilariak aipatu du berrindustrializazioa "anbizio handieneko helburua" dela ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko. Alde horretatik, esan du "Nafarroaren hazkundea industriari bultzada berri batean oinarritu behar dela, berrikuntza, nazioartekotzea eta ekintzailetza protagonista nagusiak izanik". Gogora ekarri du azken hilabeteotan "industria-sektore sendoagoa eta anitzagoa" lortzea eragingo duten zazpi enpresa berri ezartzea hitzartu dela

Goicoecheak ere berriki hartu diren zenbait neurriren balantzea egin du, bizkortze ekonomikoa eta berrindustrializazioa sustatzeko bidetik doazenak.


Goicoechea lehendakariordeak Parlamentuan egindako agerraldiaren beste une bat. ( irudia handitu )

  • Lehenik eta behin, Goicoecheak enpresa berriak ezartzea errazten duen politika fiskal berria aipatu du eta, ekintzaileentzako Sozietate Zerga eta PFEZ berri batekin batera, Iruzurraren aurkako Borroka Plan berri bat barnean hartzen du eta ezkutuko ekonomiaren aurka egiteko eragile ekonomiko eta sozialekin berriki lortutako akordioa.

  • Ekintzailetza sustatzeko neurri zehatzei dagokienez, Goicoechea lehendakariordeak gogoratu du Gobernuak landutako planak gai hori ikuspegi integral batetik aztertzen duela ekintzaileen kulturaren alde egiteko eta ekintzaileei laguntza instituzionala nahiz sozial eskaintzeko. Gainera, ekintzaileei laguntzeko neurri berriak barnean hartzen ditu 'crowfunding' bidez (taldeko mikrofinantzaketa) edo burokrazia murriztea enpresa berriak sortzen dituztenei.

  • Jarduera ekonomiko berriak abiarazteko beharrezko finantzaketari buruz, lehendakariordeak gogoratu du zenbait kreditu-lerro zabalik daudela Europako Inbertsio Bankuaren (250 milioi euro) eta Banco Santander-en bidez (350 milioi euro) eta baita mikrokredituak ere beste finantza-erakunde batzuen eskutik.

  • Nafarroako enpresen nazioartekotzea da, Goicoechearen arabera "hazkundearen oinarrietako bat", Gobernuak amaitzear duen Nafarroako II. Nazioarteko Planaren ardatza. Gainera, kontseilariak adierazi du 2014-2020 urteetarako Europako Finantza Esparrua berria, Espainiarako 1.824 milioi euro izanik, Nafarroarentzat "aukera bat" dela. Aipatu du Cosme (ETEen finantzaketa eta sorrera), Progress (langileen mugikortasun geografikoaren eta profesionalaren sustapena) eta Horizonte 2020 (lidergo industriala eta berrikuntza) programa berriak "aukera interesgarriak" direla Nafarroarentzat.

  • Goicoecheak adierazi du, esportazioak handitzearekin batera, "anbizio handieneko helburua" Nafarroaren berrindustrializazioa izan behar dela enpresa berriak erakarriz. Gogoratu du azken hilabeteotan Gobernuak zazpi enpresa berrirekin akordioak sinatu dituela Foru Komunitatean finka daitezen.

  • Azkenik, kontseilariak automobilgintzaren sektoreaz aritu da; sektore hori bultzatzeko lan egiten ari dira "Volkswagen-en bigarren modelo bat ekoitziz", eta nekazaritzako elikagaiei buruz ere hitz egin du "Nafarroako etorkizunerako estrategikoa dena". Bi sektoreak azpiegitura berrien eraikuntzaz baliatuko dira, Nafarroako Ubidea edo AHT esaterako, eta kontseilariaren aburuz haiek "berrindustrializazioan, nazioartekotzean, ikerketan eta birsortze ekonomikorako funtsezko sektoreen sustapenean eragina duten zutabeak dira".

Desenpleguaren aurkako neurriak

Lehen lehendakariordeak esan du Nafarroa "egoera kezkagarrian" dagoela desenpleguak gora egin duelako. BAIren azken datuen arabera, % 17,15ekoa da. "Alboko autonomia erkidegoen antzeko tasa" da, baina gaineratu du "langabezia nabarmen igo den arren", krisia hasi zenetik "Espainiako gainerako tokietan baino askoz gutxiago" egin duela gora Nafarroan.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen azterketatik ondoriozta daiteke desenpleguaren igoera biztanleriak izan duen hazkundearekin batera joan dela, alboko autonomia erkidegoetako hazkundea baino handiagoa izan dena. Horrek esan nahi du Nafarroak "alboko autonomia erkidegoek baino Espainiaz kanpoko pertsona gehiago hartu dituela eta gure merkatuak, krisi ekonomiko egoeran, ezin izan dituela haiek guztiak barnean hartu".

Nafarroako Gobernuak, Goicoecheak azaldu duenez, eragile ekonomikoekin lanean dihardu desenpleguan dauden pertsonak kontratatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Alde horretatik, IV. Enplegu Plana luzatzeari esker, lehentasunezko jarduketa-lerro batzuk ezarri ahal izan dira, eta datozen hilabeteotan sendotu egingo dira.

Haietako bat izango da, 20 teknikari enplegu-eskatzaileei laguntza emateko zerbitzuan sartzea. Era horretan, lanik gabe daudenei ematen zaien arreta hobetu nahi da banakako planak eta enplegagarritasuneko ibilbideak egikarituz.

Prestakuntza-arloan Goicoecheak azaldu du 2013an lan-merkatuaren eskariarekin bat datorren prestakuntza ematen jarraituko dela prestakuntzako eta enpleguko ikastaro nahiz programa mistoen bidez:

- Berritasunen artean, funtsezko eskumenetako eskaintza sendotuko da kualifikazio txikiko pertsonek prestakuntza espezifikoagoa jaso dezaten.

- CENERekin ere elkarlanean ariko da nazioartean finkatzeko Nafarroako enpresei laguntza emateko.

- ETEen kontratatzeko konpromisoa eta lehiakortasuna sustatzen duten deialdiak berriz diseinatuko dira.

- Ingeleseko eta frantseseko prestakuntza-programa bat abian jarriko da, online.

- Prestakuntza, laguntza eta orientazioko ekintzak barnean hartzen dituen integratutako programen barnean sartzen da, tailer-eskola eta enplegu-tailerretarako estrategia berria. Urte honetatik aurrera, lan-merkatuaren errealitatera bideratuta dago eta, hari esker, programa horietako ikasleek enplegu bat izateko aukera dute beraien prestakuntza amaitu ondoren.

Enpleguaren Sustapena eta Aukeren Berdintasunari dagokionez, kontseilariak ekintzailetza-tasa hobetzeko hiru neurriren berri eman du:

- Erakundeen sare bat sortuko da, era koordinatuan lan egingo du eta informazioa partekatuko du enpresa bat abiarazi nahi duten pertsonei behar bezalako aholkularitza emateko.

- Toki Garapeneko Agenteen programa berriz aztertuko da Foru Komunitateko lurralde guztian enplegua sortzeko aukerak identifikatzeko asmoarekin.

- Eta azkenik, Lourdes Goicoecheak iragarri du, laster autoenpleguaren diru-laguntzen programa Europako araudiari egokituko zaiola. 2013an itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak aldatu egingo dira eta itzuli beharreko diru-laguntzak bihurtuko dira; 2014an sartuko dira indarrean eta mikrokredituen antzera funtzionatuko dute.

Azkenik, kontseilariak baieztatu du 2013an aurreko urtean jada ezarritako honako laguntza-lerro hauekin jarraituko dela:

- Toki Erakundeei emandako diru-laguntzak lanik gabe dauden pertsonak kontratatzeko; haien bitartez langabeak kontratatzeko soldata-kostuen % 50 eta % 90 artean finantzatzen da. Sistema horrekin 2012an 655 pertsona kontratatu ziren.- Toki Erakundeei emandako diru-laguntzak Gizarteratzeko Errenten hartzaileak kontratatzeko. Gizarte Politiken Departamentuarekin batera finantzatzen da eta, hari esker, 2012an 320 pertsona sartu ahal izan dira lan-merkatuan.

- Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntza langabeak kontratatzeko. Haren bidez, langabeak kontratatzeko soldata-kostuen % 70 arte finantzatzen da. 2012an neurri horrekin 49 pertsona kontratatu ziren.

- Ezintasunen bat duten pertsonei dagokienez, Nafarroak SMIren % 75eko laguntzari eutsiko dio ezintasuna duten langileentzat, eta hori egiten jarraitzen duen Komunitate bakarra da. Neurri horrekin, 2012an 1.283 lanpostu ez dira galdu Enpleguaren 17 Zentro Berezitan eta haiei 7,5 milioi euroko diru-laguntza eman zaie. Horri gaineratu behar zaio enpresa arruntetan kontratatutako 54 ezinduak, 252.00 euroko diru-laguntza jaso dutenak.

Parlamentuan izandako agerraldian, Goicoecheak alderdi politikoei "neurri zehatzak, egingarriak, bideragarriak era errealak" eskatu dizkie "adostasunaren eta akordio politiko eta sozialaren bidez" lortuko direnak; halaber, seguru agertu da "lan-formula berriak aztertu eta baloratu behar ditugula lan-banaketan eragina izango dutenak enpleguei eusteko bide bezala".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Lourdes Goicoechea lehendakariordearen agerraldia
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa