(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak emakumeen sexu-organoen mozketa prebenitzeko eta ohitura horri aurre egiteko protokolo bat sortu du asteartea, 2013.eko abuztuak 6


Zenbatespenen arabera, Foru Komunitatean 203 emakume daude sexu-organoak moztuta, eta 93 neska mozteko arriskuan


Nafarroako Gobernuak emakumeei sexu-organoak moztea prebenitzeko eta ohitura horri aurre egiteko protokolo bat sortu du. Izan ere, sexu-organoen mozketa mendebaldeko herrialdeetan ere zabaltzen ari da, ohitura hori duten herrialde eta etnietako jendea etortzen delako bizitzera.

Zenbatespenen arabera, Foru Komunitatean 203 emakume daude sexu-organoak moztuta, eta 93 neska mozteko arriskuan

Ohitura hori errotik kentze aldera, protokoloan osasun, hezkuntza, gizarte-zerbitzu eta justizia arloetako profesionalak koordinatzeko esparru bat ezarri da. Helburua da profesionalei ohitura horren gaineko oinarrizko ezaupideen eta antzemateko adierazgarrien berri ematea eta Nafarroan hautemandako kasua artatzeko eta segimendua egiteko jardunbide protokolizatuak eskaintzea.

Protokoloaren arabera, "arazoa konpontzeko bide eraginkor bakarrak" informazioa eta prebentzioa dira, eta azkena egin beharrekoa neurri judizialak hartzea.

Alde horretatik, kautelazko hainbat neurri ezarri dira, adibidez: informazio- eta heziketa-jarduera soziokulturalak antolatzea; gurasoei adingabeak aldi baterako estatutik kanpora eramatea debekatzea; adingabea aldian-aldian aurkeztea, debeku hori betetzen dutela ziurtatzeko eta osasun arloko profesionalek aztertzeko; eta gurasoak guraso-ahala erabiltzeko desgaitzea.

Jarduera-mailak

Testuan Nafarroan ohitura hori errotik kentzeko lau jarduera-maila zehaztu dituzte. Lehena da arriskuan dauden neskatoak aurkitzea eta identifikatzea.

Jarritako adierazgarri nagusiak dira emakumea izatea, ohitura hori onartuta dagoen etnia edo herrialde batekoa izatea eta sexu-organoak moztuta dauzkan emakumeren bat dagoen familia batekoa izatea. Arriskua hur-hurrekotzat hartuko da, gainera, familiak jatorrizko herrialdera joateko bidaia antolatzen badu, askok bidaia neskei sexu-organoak mozteko aprobetxatzen baitute.

Bigarren maila dagoeneko sexu-organoak moztutako emakumeak aurkitzea eta haiekin lan egitea da, honela: batetik, jasandako kaltea konpontzeko ekintza terapeutikoak eskaintzea; eta bestetik, ohiturari buruzko informazioa ematea, prebentzio moduan, ohitura transmititzeko joera izaten baitute.

Beste bi mailak arrisku-taldeen prebentzio- eta heziketa-jardueren gainekoak dira; alderdi legal, humanitario eta kulturalei ematen zaie garrantzia, baita inplikatutako agenteen prestakuntzari ere. Inplikatutako agenteak dira, hain zuzen, osasun, gizarte-zerbitzu, hezkuntza eta justizia arloetako profesionalak (abokatu elkargoetakoak, indarkeria epaitegietakoak eta adingabeen fiskaltzakoak, besteak beste).

Dokumentua Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak idatzi du, honako hauen laguntzarekin: Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuk (Gizarte Politikak, Hezkuntza, Osasuna, Justizia, Etxebizitza, Enplegua, Babes Zibila, Lege eta Auzitegi Medikuntza eta Foruzaingoa), Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritza, Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Iruñeko Udaltzaingoa, Fiskaltza Gorena, Nafarroako Auzitegi Nagusia, Nafarroako abokatuen elkargoak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta eragindako emakumeekin lan egiten duten gizarte-erakundeak.

Sexu-organoak moztearen ondorioak

Emakumeen sexu-organoen mozketa da emakumeei kanpoko sexu-organoak erauztea edo organo horien parte bat kentzea; ohitura hori emakumeen aurkako indarkeriatzat hartua dago.

Ohitura muturrekoena infibulazioa da, hau da, klitoria eta bi ezpain pareak kentzea eta bulba jostea; kasu horretan, zulo txiki bat bakarrik geratzen zaie, gernua eta hilekoa kanporatzeko.

Ondorio oso kaltegarriak dauzka epe motz eta luzera. Oso mingarria da eta hemorragiak eta infekzioak eragin ditzake, baita heriotza ere; gainera, emakumeek GIB eta hiesa hartzeko arrisku handiagoa dute eta erditzerakoan arazoak izan ditzakete (haurren heriotza-tasa handiagoa da). Hori gutxi balitz, emakume askok diote prozesuaren aurretik antsietatea eduki zutela eta prozesuak iraun zuen bitartean ikaragarrizko izua.

Emakumeei sexu-organoak moztea lesio-delitua da, pertsonaren osotasun fisikoaren kontrako erasoa; Kode Penaleko 149.2 artikuluan tipifikatuta dago eta sei eta hamabi urte arteko zigorrak dauzka ezarrita. Gainera, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza eta zaintza eskubidea erabiltzeko desgaitzeko hamar urterainoko zigorra jar daiteke, baita estatuan egoteko baimena berritzeko debekua ezarri ere.

Hainbat herrialde eta erlijiotako kultura-jardunbidea da. Egiaz, musulmanek ez ezik kristauek eta judutarrek ere egiten dute. Kasu gehienetan egiten dute uste dutelako neskaren edo emakumearen onerako dela: gehiago errespetatuko dutela, ezkontza hobea eta familian ospea izango dituela, eta baita ugalkorragoa izango dela ere.

Europan 500.000 emakume daude sexu-organoak moztuta eta 180.000 mozteko arriskuan. Normalean 4 urtetik 14 urtera bitartean mozten dizkiete. Gaur egun, talde batzuk haurrak aste gutxi batzuk dauzkanean ere egiten dute hori, nerabezaroan oztoporik jar ez dezaten, besteak beste.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa