(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak arte-ikasketekin jarraitzeko 12 beka luzatu ditu ostirala, 2013.eko abuztuak 16


Bekak luzatzeko aurrekontua 148.048 eurokoa da


Amaia Leiza eta Begoña Garayalde, iaz Baluarten egin zen Gabonetako ekitaldian. ( irudia handitu )

Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2013-2014 ikasturtean arte-ikasketekin jarraitzeko 12 beka luzatu ditu. Aurrekontua 148.048,75 eurokoa da, eta Nafarroako Gobernuaren helburua da aurreko deialdietan bekak jaso zituzten 30 urtetik beherako 12 ikasle nafarrek estatuko edo atzerriko zentro ospetsuetan prestakuntza artistikoa jasotzen jarraitzea.

Bekak luzatzeko eskariak zegozkien diziplinetako adituen batzorde batek ebaluatu ditu. Adituek nabarmendu dute bekadunek oso ondo aprobetxatu dituztela bekak ikasturte honetan: asko ikasi dute, hasitako prestakuntzari eusteko ahalegin handia egin dute eta motibatuta daude.

Luzatutako 12 bekak diziplina hauetakoak dira: arte eszenikoetako 4 (3 dantzakoak eta 1 antzerkikoa); arte plastikoetako 1, ikus-entzunezko arteetako 2 eta musikako 5.
Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak 20 urte baino gehiago daramatza ikasleek estatuko edo atzerriko zentro entzutetsuetan prestakuntza artistikoa jasotzen jarraitzeko bekak ematen.

Arte eszenikoak, dantza eta antzerkia
 
Amaia Leiza Apesteguiak
 bigarren luzapena lortu du, Madrilgo Carmina Ocaña Ballet Eskolan dantza klasikoko programa profesionala egiteko.

Carmina Ocaña Ballet Eskola Madrilen ballet klasikoan espezializatuta dagoen bakarra da. Eskola 1968an sortu zuten eta orain munduko dantza-konpainia onenetan lan egiten duten hainbat dantzari prestatu dituzte han.
Begoña Garayalde Bueyk lehen luzapena lortu du, Carmen Amaya Dantza Kontserbatorio Profesionalean dantza klasikoko 6. maila egiteko. Kontserbatorio horren helburu nagusia da ikasleei dauzkaten gaitasun tekniko eta artistikoak ahalik eta gehien garatzen laguntzea. .

Lucia Nieto Verak lehen luzapena lortu du, Mariemma Dantzako Errege Kontserbatorio Profesionalean dantza garaikideko 3. maila egiteko.
Kontserbatorioa duela 60 urte sortu zuten eta gaur egun han prestatutako 300 ikasle inguru estatuko eta nazioarteko konpainia garrantzitsuetan lanean ari dira; izan ere, irakasleen maila handia da.


Amaia Azcona eta Villanueva anai-arrebak, guztiak bekadunak, 2012ko Gabonetako ekitaldian. ( irudia handitu )


Amaya Cortaire Ciordiari lehenbiziko luzapena eman diote, Antzezpeneko Errege Goi Eskolan eszenografia ikasteko; Eskola hori Espainiako zaharrena eta Europako ospetsuenetako bat da. Antzezpeneko Errege Goi Eskolan mende eta erdi baino gehiago daramate ikuskizunetako profesionalak antzezpeneko diziplina eta espezialitateetan prestatzen, ez bakarrik teknikan, baita erro artistiko eta filosofiko sakonetan ere.

Arte plastikoetan lehen luzapena

Maite Otaño Taniñeri ere lehen aldiz luzatu diote beka, Ravensbourneko Unibertsitatean (London, Erresuma Batua) Zerbitzuen Diseinuko masterra egiten jarraitzeko.

Ravensbourneko Unibertsitatean talentua eta enpresak sustatzen dituzte, ikaskuntzaren, gaitasunen, ikerketa aplikatuaren, enpresen eta berrikuntzaren bitartez. Unibertsitatea arlo hauetan dago espezializatuta: hedabide digitalak, diseinua, moda, telebista, irrati-difusioa, produktuen diseinu interaktiboa, arkitektura, giro-diseinua, diseinu grafikoa, animazioa, mugimendu-irudiak, hedabideetarako musika-ekoizpena eta soinu-diseinua.

Ikus-entzunezko arteetan bi luzapen

Nafarroako Gobernuak lehenbizikoz luzatu dio beka Maria Manero Murori, Bristolgo Unibertsitatean (Erresuma Batua) Animazio masterra egin dezan; unibertsitate britainiar hori sektoreko erreferenteetako bat da.

Marina Lameiro Garayoari ere lehen aldiz luzatu diote beka, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Ikus-entzunezko Muntaiari buruzko graduondoko programa egin dezan.

Azken urteetan, Pompeu Fabra Unibertsitateak Bartzelonako auzo batzuetako hirigintza-berrikuntza gauzatzen lagundu du eta, gainera, jakintza sortzeko eta transferitzeko gune berriak sustatu ditu.

Musikan bost luzapen

Diziplina horretan, Miriam Zubieta Domezaini luzatu diote beka, lehen aldiz, Vienako (Austria) Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean (Universität für Musik und darstellende Kunst Wien) Lied eta Oratoria masterra egin dezan; unibertsitate horrek sona handia dauka musika, antzerki eta zinema alorretan.

Fermin Villanueva Saenz de Pipaonek lehen luzapena lortu du, Leipzigeko (Alemania) Felix Mendelssohn-Bartholdy Musika eta Antzezpeneko Goi Eskolan (Hochschule für Musik und Theater Felix Mendelssohn-Bartholdy) biolontxelo masterra egiteko. Alemaniako lehen Musika Kontserbatorioa Felix Mendelssohnek sortu zuen 1843an, Leipzigen. Gaur egun, Leipzigeko Kontserbatorioa musika eta artea ikasteko Alemaniako eta mundu osoko zentro garrantzitsuenetako bat da.

Isabel Villanueva Saenz de Pipaonek lehenbiziko luzapena lortu du, Genevako Musika Unibertsitatean (Suitza) biola-bakarlari masterra egiteko.
Genevako Musika Unibertsitatea (Haute École de Musique, HEM) Suitzako musikako goi-mailako irakaskuntza-zentro ospetsuenetako bat da. Europako bihotzean dago eta nazioartean sona handian duen komunitate akademiko eta artistikoak egiten du han lan. HEMek Genevako Musika Kontserbatorioan du jatorria; kontserbatorio hori 1835ean sortu zuten eta Europako zaharrenetako bat da. Franz Liszt eta Dinu Lipattik irakatsi zuten han, besteak beste.

Amaia Azcona Cildozi lehen aldiz luzatu diote beka, Londoneko (Erresuma Batua) Guildhall Musika eta Antzezpen Eskolan (Guildhall School of Music and Drama) kantu lirikoko masterra egin dezan.

Eskola hori munduko kontserbatorio eta antzezpen-eskola nagusietako bat da, eta berrikuntza, esperimentazioa eta ikerketa sustatzea da erakundearen helburuetako bat. Goi-mailako irakaskuntzan 800 ikasle baino gehiago dauzkate, mundu osoko 60 herrialde ingurukoak.

Naiara Ijurco Riscok bigarren luzapena lortu du, piano klasikoko eta klabezineko ikasketak egiteko Groningeneko (Holanda) Prins Claus Kontserbatorioan (Hanze University). Kontserbatorio hori lautan izendatu dute Herbeheretako kontserbatorio onena, eta nazioartean da ezaguna, ideia berritzaileak eta nazioarteko irakasle bikainak dauzkalako.

Gabonetako ekitaldia eta erakusketa

Bekak jasotzen dituztenek konpromiso bat hartzen dute: Kultura Zuzendaritza Nagusiaren-Vianako Printzea Erakundearen arte-hedakuntzako programetan parte hartzea.

Horregatik, eszena, musika eta ikus-entzunezko arteetako bekadunek ekitaldi bat eskainiko dute abenduaren 26an eta 27an, Baluarteko Ganbera Aretoan. Halaber, Gabonetan, Huarte Arte Garaikideko Zentroan arte plastikoetako bekadunek egindako lanak egongo dira ikusgai.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa