(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barcina Lehendakariak Nafarroako Ubideko ura aprobetxatzen duen zentral hidroelektrikoa ireki du Agoitzen
osteguna, 2013.eko urriak 17


Sortutako energiak urtean 2 milioi euro emango ditu, kanala egiten amaitzen denean.


Lehendakaria

Barcina Lehendakaria, eserita, zentrala abian jartzen. ( irudia handitu )

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak eta Aranzazu Vallejo Canal de Navarra S.A. (Canasa) sozietate publikoaren zuzendari nagusiak Agoizko zentral hidroelektriko berria ireki dute ostegun honetan. Zentralak Nafarroako Ubideko ura aprobetxatzen du energia sortzeko.

Ia 11 milioi euroko inbertsioa izan duen instalazioak 33 gigawatt ekoitziko ditu orduko (GWh), eta jarduerari esker urtean 2 milioi euro hartuko ditu Canasa sozietate publikoak, kanala egiten amaitzen denean. Sozietate hori arduratzen da kanala eraiki eta ustiatzeaz, eta gobernu zentralak eta Nafarroako Gobernuak esku hartzen dute sozietatean.

Ekoizpena zein kanalaren eraikuntzan berriro inbertituko diren diru-sarrerak pixkanaka handitu egingo dira ureztatzen den azalera eta, ondorioz, Nafarroako Ubideko uraren eskaria areagotu ahala.

Aurten, benetako ekoizpena 5 GWh ingurukoa izango da eta diru-sarrerak 250.000 eurokoak gutxi gorabehera, zentralaren ustiaketa ureztatzeko kanpaina dagoeneko abian izanik hasi eta uraren eskaria ere kalkulatutakoa baino txikiagoa izan baita.

Mintzaldian, Barcina lehendakariak nabarmendu du zentrala eraikitzeak eragin duen hasierako inbertsioa errentagarri bihurtuko dela energia garbia lortuko delako eta Nafarroako Ubidea eraikitzeko baliabideak emango dituelako.


bisita

Agintari eta teknikariak instalazioetan zehar egin duten ibilbidearen une batean. ( irudia handitu )

Ekitaldia kanalaren hargunean izan da, hoditeriaren hasieran, eta bertan izan dira, halaber, José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria eta Carmen Alba Gobernuaren Nafarroako ordezkaria.

Zentral osagarria

Azpiegitura berriak beste zentral baten ekoizpena osatzen du. Zentral hori Itoizko presaren oinarrian dago, eta Irati ibaiaren bidez husten den urtegiko ura aprobetxatzen du.

Lehen instalazioak 13,6 milioi euroko kostua izan zuen eta 368 GWh ekoitzi ditu 2008an martxan jarri zenetik. Horri esker, ordutik hona, Canasak 30 milioi euroko diru-sarrerak lortu ditu.

Hortaz, Itoizko presan pilatutako emari guztiak orain aprobetxatzen dira, presaren oinarriko zentralaren zein kanalaren hargunearen bidez.

Zentralaren ezaugarriak

Gaur ireki den zentrala eraikitzeko urte eta erdiko epea eman zen, hau da, 2011ko abendutik 2013ko ekainera, eta iragan abuztuan jarri zen martxan, proba-aldirako.

54,968 metroko gehienezko saldo hidraulikoa du eta gehienez 45 metro kubiko segundoko eraman ditzakeen diseinuzko emaria. Hasierako hoditeriak 3,5 metroko diametroa du, hodia 2,5 metroko diametroko bi hoditan (bata turbina bidez) banatzen den piezaraino. Bi hodien diametroa 2,2 metrora txikituko da zentralera iristean.

Zentralak ardatz bertikaleko Francis motako bi turbina ditu, zuzenean sorgailura atxikita. Bakoitzaren gehienezko potentzia 10.500 kW-ekoa da eta abiadura nominala 375 bira minutukoa. Sorgailuak sinkronikoak dira eta 2x10.000 kVA-ko potentzia dute.

Nafarroako Ubidea

Itoitz-Nafarroako Ubidea proiektuaren helburuetako bat laboreen 59.160 hektarea ureztatu ahal izatea da, baita edateko uraren hornidura Nafarroako biztanleen % 70entzat bermatzea ere. Gainera, industrialdeen 650 hektarea sortzea eta Foru Komunitatean kontsumitzen den energia elektrikoaren % 6,5 ekoiztea ahalbidetuko du.

Azpiegitura eraiki eta ustiatzeko, 2000ko urtarrilean Canasa sozietate publikoa sortu zen. Sozietatearen % 60ko zatian estatuak esku hartzen du eta % 40ko zatian Nafarroako Gobernuak.

Proiektuaren aurrekontua 723,37 milioi eurokoa da. Zenbateko horren % 50 estatuak (217,01 milioi euro) eta Nafarroak (144,68 milioi euro) eman dute. Gainerakoa maileguen bidez finantzatu da (262,83 milioi euro). Erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifen eta zentral hidroelektrikoek sortutako baliabideen (98,85 milioi euro) bidez amortizatuko dira maileguak.

Eraikitzeko hiru fase ezarri ziren plangintzan. Lehenengoa, Pitillasen dagoen Aragoi ibaiaren inguruetaraino iristen dena, amaituta dago. 98 kilometro luze da eta 22.363 hektarea ureztatzen ditu.

Berriki, gobernu zentralak eta Nafarroako Gobernuak lehen fasea handitzea erabaki zuten, 21 kilometroko beste adar bat eginez. Horrek Itoizko urtegitik Arga eta Egako erriberako beste 15.275 hektareatara eramango du ura. Lanak 2014an hasiko dira egiten.

Amaitzeko, bigarren eta azken faseak Aragoi eta Ebro ibaiak zeharkatzen ditu eta Lor urmaelean amaituko da, Ablitas herrian, Erriberako premiei erantzuteko. Kanalak, amaitzean, 198 kilometroko luzera izango du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa