(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2014rako Nafarroako Aurrekontuen aurreproiektuak gastu sozialetara bideratutako funtsak handitu eta ekonomia eta enplegua suspertzeko baliabideak mantendu ditu ostirala, 2013.eko azaroak 8


Nafarroako Gobernuak gaur onetsi du gastu-muga 3.405,5 milioi euroan ezartzen duen agiria.


Transcripción textual del video

Arlo sozialera bideraturiko funtsak handitzea, ekonomia eta enplegua suspertzeko egiten diren inbertsioak finkatzea, eta herstura-politikari eutsi eta Administrazioaren gastuak murriztea dira 2014rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua ardazten duten hiru helburu nagusiak. Aurrekontuaren gastu-muga 3.405,5 milioi euroan ezarri da, aurtengo urtekoa baino % 0,62 gehiago.

jauregia

Nafarroako Jauregiaren fatxada nagusia.

Arlo sozialera bideraturiko funtsak handitzea, ekonomia eta enplegua suspertzeko egiten diren inbertsioak finkatzea, eta herstura-politikari eutsi eta Administrazioaren gastuak murriztea dira 2014rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua ardazten duten hiru helburu nagusiak. Aurrekontuaren gastu-muga 3.405,5 milioi euroan ezarri da, aurtengo urtekoa baino % 0,62 gehiago.

Agiria gaur goizean onetsi du Foru Gobernuak ezohiko saioan, Lourdes Goicoechea lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun eta Enplegu kontseilariaren aurkezpenaren ondoren. Ondoren, Ekonomia eta Gizarte Kontseilura bidaliko da txostena egin dezaten, datorren azaroaren 18an Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ahal izateko.

Zehazki, 2014rako Nafarroako Gobernuak aurreikusi duen aurrekontua 3.756.705.615 eurokoa da. Zenbateko horretatik 3.405.554.295 euro gastu ez finantzarioaren aurrekontuari dagokio, hau da, departamentuek balia dezaketen kopurua; gainerakoa, 351.151.320 euro, finantza-gastuaren aurrekontuari dagokio.

Lehendakariordeak azpimarratu duenez, proiektu "serio eta errealista" da, datu makroekonomikoak hobetzen hasi baitira. Hala ere, hobekuntza hori ez da antzeman enpresetan eta hiritarren artean, beraz, 2014 ekitaldi "zaila" izango dela aurreikusi da.

Horregatik, aurreko urteetako ildoari jarraituz, aurreproiektuak lehentasuna eman dio gastu sozialari.  Osasuna, hezkuntza eta gizarte-politikek hartzen dute aurrekontu osoaren gehikuntza, eta 21 milioi euro gehiago izango dituzte (% 0,60). Zehazki, 1.718 milioi euro jasoko dituzte, aurrekontu osoaren erdia baino gehiago (% 50,46).

Bigarren ardatzeko alorrek, hau da, ekonomia suspertu eta enplegua sustatzen duten proiektu eta jarduerek, gainerako funtsen zati handiena hartuko dute: 1.423 milioi euro (erabilgarri dagoen gastuaren % 41).

Azkenik, Administrazioaren gastuak murrizteko atalean, sektore publikoa berrantolatzen jarraituko da eta, aurreikusi denez, enpresa publikoen transferentzia arruntak % 10 gutxituko dira; hala, 918.000 euro aurreztuko dira.

Gastu soziala

Gizartearen alorrari dagokioenez, helburua herritarrei oinarrizko zerbitzu publikoak guztiz bermatzea da. Hala, gizarte-zerbitzuen zorroko prestazioetarako baliabideak % 5,11 handitu dira 2013. urtearekin alderatuta (nahiz eta Departamentua berez % 2,53 txikitu den). Osasun Departamentuaren gastua % 4,26 handitu da eta Hezkuntza Departamentuarena % 0,80.

Zehazki, Gizarte Politiketako Departamentuan, 258.889.840 euroko hornidura izanik, prestazioen egungo sistema mantentzeari emango zaio lehentasuna, Mendekotasunari buruzko Legeari eta Gizarteratzeko Errentari lotuta. Laguntza horiek estatuan dauden laguntzarik handienak dira. Halaber, egoitzetako plazek eta sektoreko lanpostuek bere horretan jarraituko dute.

Osasunaren alorrean, 893.057.920 eurorekin, helburu nagusia pazienteei ematen zaien laguntzaren kalitatea bermatzea da. 2014rako aurreikusi diren proiektu esanguratsuen artean kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko abian jarri den programa dago, 50 eta 69 urte arteko 166.000 nafarri zuzendurikoa. Horrez gain, laguntza-eremu guztietan (lehen mailakoa, espezializatua, erizaintza etab.) historia kliniko digitala ezartzeko proiektua ere martxan jarriko da. Datorren urtean hasiko dira ezartzen, baita ere, "Paziente kroniko eta patologia anitzeko pazienteei osoko arreta emateko estrategia". Horrek aldaketa handiak eragingo ditu pazienteari ematen zaion laguntzan zein antolamenduari eta baliabideen kudeaketaren alorrean. Azkenik, aipatzekoak dira ABU eta B Ospitaleko (lehengo Bideko Ama Birjina) ebakuntza-gelak ireki izana eta San Frantzisko Xabierkoa zentro geriatrikoko berrikuntza-lanen hasiera.

Hezkuntza Departamenruak, 566.618.262 euro jasota, orain arte emandako prestazio nagusiak mantenduko ditu: irakaskuntza ertainetarako eta unibertsitaterako beken deialdi orokorra, testu-liburuak eskuratzeko laguntzak, garraio- eta jantoki-zerbitzuak, sare publikoko zein itunpeko sareko zentroentzako funtzionamendurako finantzaketa eta ikastetxeetako inbertsioak. Gainera, teknologia berrien alde apustua egiten jarraituko dute, batez ere liburu digitalaren garapenari eta pixkanakako ezarpenari dagokionez.

Ekonomia suspertzea, enplegua eta proiektu estrategikoak

2014rako Nafarroako aurrekontuaren % 41,8 (1.423 milioi euro) jasoko duen bigarren ardatz nagusia ekonomia suspertzeko, batez ere Foru Komunitaterako proiektu estrategikoen bidez, eta enplegua sustatzeko jarduerek osatzen dute.

Alor horretako lehentasunak honako hauek izango dira: ekintzailetza eta enplegu-mahaia sustatzeko neurriak, enplegurako politika aktiboetarako inbertsioa, I+G+Bren sustapena, internazionalizazioa, lanpostuak sortzen dituzten inbertsioak, azpiegiturak eta obrak, eta lehen sektorearen eta nekazaritzaren eta elikaduraren industriaren aldeko apustua.

Helburu horiekin bat etorriz, Sustapen Departamentuak % 10,49 handitu du aurrekontua, 322.077.031 eurora iritsi arte. Funts berrien helburu nagusiak honako hauek dira: errepideak zaintzea 26,1 milioi euroko inbertsioa eginez (+% 6,5), babes ofizialeko etxebizitzetako errentarientzako laguntzak ematea 11 milioi euroko hornidura izanik (% 6,74) eta Eskualdeko Hiri Garraioa (finantzazioa 7,7 milioi euroraino handitu da).  Horiez gain, Nafarroako Ubidea handitu eta bere funtzionamenduarekin jarraitzeko eta Abiadura Handiko Trena egiteko inbertsioak ere mantendu egingo dira.

Bestalde, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak 326.779.326 euro izango ditu (% 1,46 gehiago). Kasu horretan, bolumen ekonomikoa dela-eta azpimarratzekoa da lehen sektoreko jardueretara 24,9 milioi euro bideratuko direla. Nafarroako herrietan azpiegiturak burutzeko ere 20 milioi jasoko dira.

Enplegurako politika aktiboei lotuta, Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia da beharrezko baliabideak baliatzea estatuko funtsetako diru-sarrerek izan duten % 40ko murrizketari erantzuteko.

Hala, enplegu-zentro berezientzako eta gizarteratzeko eta laneratzeko zentroentzako laguntzak mantenduko dira, 400.000 euro baliatuta, baita ekonomia soziala indartzeko neurriak eta enplegurako eskola-tailerrentzako babesa ere. Gainera, enplegua aurkitzeko prestakuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko da, batez ere ekintzailetza eta gorabidean dauden sektore ekonomikoak sustatzearen alde.

Neurri multzo hori Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak kudeatuko du jasoko dituen 789.770.709 eurorekin (aurreko urtean baino % 5,88 gutxiago). Zenbatekoak behera egin izana Nafarroak Hitzarmen Ekonomikoaren bidez estatuari egindako ekarpena txikitzeagatik izan da.

Beste departamentu batzuk eta banaketa kapituluka

Aipatu diren bi blokeetan barne hartu ez diren aurrekontuen % 7,74 Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eta Kultura, Turismo eta Instituzioekiko Harremanetarako Departamentuaren artean banatu da, 247.298.148 euro (+% 3,30) eta 40.435.572 euro (-% 4,61) bideratuko dira, hurrenez hurren. Funtsen azken bi zatiak, 15.680.327 euro eta 446.280 euro Nafarroako Parlamentuak (+% 0,98) eta Nafarroako Kontseiluak (-% 5,22) jasoko dituzte hurrenez hurren.

Kapitulu ekonomikoen arabera, zenbateko handiena transferentzia arruntek osatzen dute, 1.306 milioi eurorekin (-% 4,07). Atzetik daude langileen gastuak: 1.093 milioi euro, % 2,55 gehiago. 534,4 milioi euro inguruko gastu arruntek ere 3,03 egin dute gora. Finantza-gastuak, aldiz, 127,9 milioi eurokoak dira (+% 26,07). Inbertsio errealetan 181,6 milioi euro erabiliko dira (+% 15,80) eta kapital-transferentzietan 160,5 milioi euro (-% 10,44).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa