(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 622.782 euroko diru-laguntza eman du Elizondoko ur-depositu berria eraikitzeko ostirala, 2013.eko azaroak 8


Horniduraren kostuaren % 90 da laguntza; ostiral honetan inauguratu du Barcina Lehendakariak.


Barcina Lehendakaria, ur-deposituaren inaugurazio-ekitaldian.

Barcina Lehendakaria, Esparza kontseilariaren eta Baztango alkatearen artean, ur-deposituaren barruan. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak 622.782 euroko diru-laguntza eman du Elizondoko ur-depositu berria eraikitzeko. Gaur goizean Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak inauguratu duen ur-deposituaren kostuaren % 90 izan da jasotako laguntza.

Ekitaldian, Garbiñe Elizegi Baztango alkatea, José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Patxi Pérez Toki Administrazioko zuzendari kudeatzailea eta Luis Miguel Lameirinhas Iturri-Ederra uren elkarteko lehendakaria ere izan dira.

Lehendakariak azpimarratu du jarduera Nafarroako Gobernuak inguru horretan "apustu ausarta" egin izanaren adierazgarri dela. Adierazi duenez, Toki Azpiegituren Planaren bidez inbertsio osoaren % 19,3 jaso dute Baztan, Bidasoa eta Ultzamak, hau da, biztanleko 160,65 euro. Aldiz, Nafarroako biztanleek batez beste 32,4 euro jaso dituzte. Yolanda Barcinak toki-erakundeek horniduren azpiegiturak hobetzeko egiten duten ahalegina eskertu du.

Zehazki, depositu berriari esker nabarmen handituko da erregulatzeko gaitasuna. Horrek hornidura-bermea hobetuko du eta Elizondoren banaketa-sarean presioa handitu, orain arte herriko toki batzuetan eskasa izan baita. Hala, horniketak kalitate askoz handiagoa izango du eta baldintzak ere askoz hobeak izango dira kontsumitzaileentzat. Lehengo depositua ponpaketa metatzeko instalazio gisa erabiliko da, eta bertatik depositu berrira eramango da ura.


Barcina Lehendakaria, Baztango alkatearekin, Esparza kontseilariarekin eta Iturri-Ederra elkarteko lehendakariarekin.

Barcina Lehendakaria, Ituri-Ederra elkarteko lehendakariaren eta Baztango alkatearen artean eta beste agintari batzuekin batera. ( irudia handitu )

Instalazio berria hormigoi armatuzko ganbera biko depositua da, 1.700 m3-ko edukierakoa. Lehengo depositutik pasatzen da ura depositu berrira ponpaketa-sistema berri batekin. 5,50 x 4,00 metroko kaseta da, 22 kW-ko potentziadun bi ponpa eta 200 mm-ko diametro eta 250 metroko luzerako burdinurtu nodularreko hodiaz osaturiko bulkatzeko hoditeria ditu. Zehazki, depositu berria eta lehengo depositua 250 mm-ko diametro nominaleko eta 250 metroko luzerako burdinurtu nodularreko hodi nagusi baten bidez daude lotuta. Hargunea elektrikoa da, teleaginte eta telekontrolarekin.

Depositua Construcciones Mariezcurrena, S.L. enpresak eraiki du hamar hilabetean.

Amaitu da Baztango bederatzi herritarako uraren goi-hornikuntzako konponbide bateratuaren bigarren fasea

Ostiral honetan inauguratu diren obrez gain, Baztango bederatzi herritarako (Irurita, Lekaroz, Ziga, Zagaurre, Gartzain-Ainzano, Ariztegi, Etxerri, Arraioz eta Arrazkazan) uraren goi-hornikuntzako konponbide bateratuaren bigarren faseko obrak ere amaitu dira. Obra horiek burutzeko, Nafarroako Gobernuak 268.760 euro eman ditu, hau da, kostu osoaren % 90.

Bigarren fasean sistemaren hasierako baliabideak indartu dira, iturburu berriak hartu eta hurrengo faseak gauzatzea ahalbidetu da, baliabide berri horiekin proiektu honetan sartzeke dauden gainerako herriak hornitzeko.

Esku-hartzea, "Iruritako konponbidea" izenekoa, ez dago guztiz amaituta, Irurita eta Lekaroz herriak soilik hornitzen baitira proiektu horren bidez. Gogorazi beharrekoa da, proiektuaren lehenengo fasean Lekaroz eta Iruritako deposituetara doazen hoditeria nagusiak berritu zirela.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa