(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak 2014rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua aurkeztu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan
asteartea, 2013.eko azaroak 12


3.405 milioi euroko gastu-muga izanik, alor sozialeko funtsak handitu dira eta ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea azpimarratu dira.


Goicoechea lehendakariordea EGKren bileran. ( irudia handitu )

Lourdes Goicoechea lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilaria izan da, gaur goizean, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bilerako burua, eta kontseilukideei 2014rako Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektua aurkeztu die.

Nafarroako Gobernuak egindako proposamenaren arabera, datorren urterako 3.756,7 milioi euroko gastua sortuko da. Zenbateko horretatik 3.405,5 milioi euro departamentuek eskura izango dituzten funtsak dira, 2013an baino 0,62 gehiago, eta 351,1 milioi euro finantza-gastuari egokituko zaio.

Aurreproiektuak gastu sozialari eman dio lehentasuna, 1.718 milioi euro alor horretara bideratuta, hau da, aurrekontu osoaren erdia baino gehiago (% 50,46) osasun, hezkuntza eta gizarte-politiken jardueretarako. 2013rekin alderatuta, 21 milioi euro gehiagoko funtsak jasoko lituzkete alor horiek. Gainerakotik, zati handiena ekonomia suspertu eta enplegua sustatzearekin lotutako jarduerak finantzatzera bideratu da: 1.423 milioi (erabilgarri dagoen gastuaren % 41). Aurreproiektuan administrazioaren kostua murrizteko politikari eutsiko zaiola aurreikusi da, sektore publikoa berrantolatu eta enpresa publikoetako gastua txikituz.

EGKri Foru Gobernuak prestatu duen Zerga Neurriei buruzko Legearen aurreproiektuaren berri ere eman zaio. Guztira, bost zerga motaren (PFEZ; Sozietateen gaineko Zerga; Ondarearen gaineko Zerga;  Oinordekotza eta Dohaintzen gaineko Zerga; eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga) 65 aldaketa proposatu dira, zergak Nafarroako gizartearen errealitatera moldatuta eguneratzeko.


EGK, bilerako une batean. ( irudia handitu )

EGK-k aurreproiektuaren balorazioa egin ondoren, araudiaren arabera derrigorrezkoa baita, Nafarroako Gobernuak bi agiriak onetsi eta Foru Parlamentura bidaliko ditu datorren azaroaren 18an izapideak egin eta onesteko.

Zerga-erreforma, erakunde eta herritarrek parte hartzeko irekia

Bestalde, Goicoechea lehendakariordeak EGK-ko kideei azaldu die Gobernua osoko zerga-erreforma prestatzen ari dela, eta erakunde, enpresa eta herritarren kopururik handienaren partaidetza eta adostasuna izatea espero dela. Hori dela-eta, dituzten proposamenak Kontseiluko idazkariaren bidez bidaltzeko eskatu die, Gobernuak baloratu eta proiektuan barne har ditzan. Itxura guztien arabera, erreforma 2014ko lehen seihilekoaren amaieran aurkeztuko da Parlametuan, bertan eztabaidatu dezaten.

Ekonomia eta Gizarte Kontseilua organo aholku-emailea da

EGK organo aholku-emailea da, eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguaren Departamentuaren mendekoa da. Zeregin nagusia arlo sozioekonomikoak arautzen dituzten Foru Legeen aurreproiektuei buruzko txostenak egin eta irizpenak ematea du, bereziki Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuen inguruan. Horrez gain, ekonomiaren, zergen, lanaren, nekazaritzaren, enpleguaren eta gizarteko ongizatearen alorreko beste edozein gairi buruzko balorazioak ere egiten ditu, Nafarroako Gobernuak edo Parlamentuak eskatuta zein beraren ekimenez.

EGK erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Foru Komunitatearen Administrazioa; Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa, UGT, Comisiones Obreras, ELA eta LAB sindikatuak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren patronala (CEN),  Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Elkartea, Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Elkartea, Nafarroako EHNE sindikatua, Nafarroako Lan Enpresen Elkartea, Gurelur ekologisten elkartea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Irache Kontsumitzaileen Elkartea eta Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea.

Goicoechea lehendakariordearekin batera izan dira Juan Franco Aurrekontuen zuzendari nagusia, Maria Jesús Valdemoro Ekonomiaren eta Enpresen Politikaren zuzendari nagusia; Imelda Lorea Lan eta Arriskuen Prebentzioko zuzendari nagusia eta Mariano Oto Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren ordezkariak izan dira Javier Martinena, Javier Troyas eta Alberto Pascual. Bileran izan diren sindikatuetako ordezkariak hauek izan dira: Juan Goyen, Jesús Santos eta Idoia Remírez UGTren izenean, Raúl Villar eta David Escobosa (CCOO), Iñaki Zabaleta (ELA) eta Rafa Izquierdo (LAB).

Horiez gain, honako hauek ere bertan izan dira, euren erakundeak ordezkatzeko: Mariano Herrero (NUKF), Ignacio Ugalde (ANEL), José María Martínez (UCAN), Félix Bariáin (UAGN), Ioseba Echarte (EHNE), Valero Casanovas (REAS), Carlos Rey (REAS), Manuel Arizcun (Irache kontsumitzaileak) eta Pedro Pascual (NUP).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa