(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruñean izango da, datorren astean, ordezko energia ekonomikoa sortzeko erabil daitekeen baso-biomasari buruzko azoka osteguna, 2013.eko azaroak 14


Azokan, hitzaldiak, erakusketariak eta erakusketak doan ikusteko aukera egongo da.


Azaroaren 21etik 23ra Iruñean izango da ordezko energia ekonomikoa sortzeko erabil daitekeen Nafarroako baso-biomasari buruzko azoka. Sarrera doakoa izango da, eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta makinen erakusketak egingo dira; besteak beste, ezpaltzeko makina bat egongo da martxan.

"Nafarroako baso-biomasaren I azoka: ordezko energia ekonomikoa" izenburupean egingo diren jardunaldietan energia berriztagarriaren erabilera gerturatuko zaie profesionalei eta biztanle guztiei, oro har.

Azoka antolatzeko elkarlanean ari dira Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroa, CRANA (Nafarroako Gobernuaren fundazio publikoa) eta Iruñeko Udala, eraikuntzaren, energiaren eta paperaren sektoreko Saltoki, Honeywell, Giroa eta Smurfit Kappa enpresen laguntzarekin. Biomasaren ziklo osoari loturiko 35 erakusketari baino gehiagok parte hartuko dute, hau da, biltzen denetik erregai gisa erabiltzen den arte.

Industriaren eta enpresen sektoreak, udal eta tokiko erakundeetako ordezkariak, eta jabeen erkidegoetako arduradunak dira espero diren sektoreak, alor horietan baso-biomasa erabiltzeko aukera handia baitago.

Jardunaldietara joan nahi dutenek aurrez izena eman behark dute energia.info@crana.org helbidera idatzita. Jardunaldietara zein azokara joatea doakoa izango da.

Lehen egunean, azaroaren 21ean, goizeko saioa administrazio publiko eta enpresei zuzendurikoa izango da. Bertan, egungo egoerari eta Nafarroako biomasaren logistikari buruz hitz egingo da. Horrez gain, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa, Foresna (Nafarroako Baso Elkartea), Ademan (Nafarroako Egurraren Enpresari Elkartea) eta biomasaren ekoizleen ikuspegia entzuteko aukera ere egongo da. Gainera, egoitzen, zerbitzuen, enpresen eta finantza-irtenbideen sektoreetako esperientzia praktikoak aurkeztuko dira.

Arratsaldean, guztiei, oro har, zuzenduriko jardunaldia egingo da, baina batez ere auzokideen elkarteei eta lursailen administratzaileei. Bertan, biomasa-instalazio motak eta dituzten abantailak azalduko dira, baita auzokideen elkarteetako adibide praktikoak eta finantzatzeko aukerak ere.

Osteguneko 17:00etatik hasita larunbateko 20:00etara, azoka ikustera joan ahal izango da.  Azpimarratu beharrekoa da, larunbatean, 11:00etatik aurrera, herri-kirolen eta basorako ezpaltzeko makina batek egiten duen lanaren erakustaldiak egongo direla ikusgai.

Nafarroako azaleraren % 65 basoak dira

Nafarroako Gobernuak, 2020rako Nafarroako III. Energia Planaren barruan, bero-energia sortzeko, baso-biomasaren aldeko apustua egin du eta, itxura guztien arabera, energia berriztagarri horren kontsumoa % 28 haziko da hamarkada honetan.

Mendietan lana sortu, ekonomia hobetu eta ingurumenari mesede egiten dion erregaia da. Enpleguari dagokionez, zuzeneko eta zeharkako 1.650 lanpostu sortuko lituzke, dagoeneko sektoreak dituen 4.000 lanpostuez gain, baso-ustiapeneko, zerratokien, enbalatzeko, biltegien eta ekoizpen-zentroen 300 enpresatan banatuta.

Geroz eta udal, enpresa eta auzokideen elkarte gehiagok egiten dute energia mota horren alde. Biomasa hainbat modutara agertzen da ingurumenean, esate baterako, pellet, ezpal, egur gisa, eta instalazioen eskakizun eta erosotasun-premietara egokitzen da. Prezio lehiakor egonkorrari eusten dioten erregaiak dira, etengabe handitzen den prezioa duten gas naturala eta gasolioa bezalako erregai fosilak ez bezala.

Azken 20 urteetan, Nafarroako basoen azalera % 24 hazi da. Gaur egun, Komunitateko azalera osoaren % 65 basoek hartzen dute. Egurra modu kontrolatuan eta ziklo naturala errespetatuta erauzteak basoak zaintzen laguntzen du eta jarduera eta aberastasun ekonomikoa sortzen ditu.

Foru Komunitateak 501 biomasa-instalazio ditu jarrita beroa sortzeko (berogailua eta ur beroa), horietatik 441 etxebizitzetan daude, eta beste 60 enpresetan, hoteletan eta tokiko erakundeetan. Nafarroa osoan zehar dauden instalazioek ia 40.000 kW-eko bero-energia ematen dute.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa