(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Europatik etorritako gazteentzako 450.000 euro baino gehiagoko laguntzak kudeatu ditu 2013an osteguna, 2014.eko otsailak 13


Halaber, martxorako ‘Erasmus+’ Europako programa berriari buruzko bi prestakuntza-saio antolatu ditu, desagertutako Gazteak Ekinean ordezten duena


Nafarroako Gobernuak Gazteak Ekinean Europako Programaren 453.482 euro kudeatu ditu iaz. Diru hori erabili da honako hau finantzatzeko; gazteen arteko trukeak, prestakuntza-ekintzak, boluntarioak hartzeko eta bidaltzeko kontinenteko beste herrialde batzuetara eta beste zenbait gazte-ekimen.

Horrela jakinarazi du gaur goizean Iruñean Gazteriako zuzendariorde nagusi Ángel Ansa-k eman duen prentsaurrekoan. Laguntza horietaz zuzenean bostehun gazte baino gehiago baliatu dira.

Egindako ekintza nagusiak Nafarroako eta Europako beste herrialde batzuetako gazteen arteko trukeak izan dira. Guztira, 229 pertsonak parte hartu dute eta 112.000 euro baino gehiagoko finantzaketa jaso. Zehazki, Nafarroako 11 gazte-taldek (110 pertsona), beren begiraleekin batera, parte hartu dute Alemania, Belgika, Danimarka, Georgia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Suedian egindako trukeetan. Txekia, Danimarka eta Ingalaterrako 119 gaztek ere bisitatu dute edo bisitatuko dute laster Nafarroa.

2013an zehar ere Europako finantzaketatik 50.000 euro baino gehiago erdietsi dira 65 gaztek sustatutako bederatzi ekimen garatzeko. Beste gai batzuen artean enpleguari, tokiko kulturari, boluntariotzari eta aisialdiari edo astialdiari lotutako proiektuak dira.

Gazteak Ekinean programaren bitartez, Europako 18 gazte Nafarroako erakundeetako boluntario izan dira eta Foru Komunitateko beste 9 gaztek lan berak egin dituzte Alemania, Austria, Zipre, Kroazia, Frantzia, Georgia, Italia eta Suediako beste erakunde batzuetan. Horretarako, 158.000 euro baino gehiagoko finantzaketa erdietsi da.

Azkenik, 15 gazteren partaidetza publikoa eta soziala laguntzen zuen proiektua garatu da, beste 25 gazterentzako prestakuntza-proiektuak egin dira Europar Batasunean dauden inguruko herrialdeetan eta prestakuntza-ikastaroak antolatu dira Foru Komunitatean; ikastaro horietan Nafarroako, Espainiako beste eskualde batzuetako eta atzerriko 180 gaztek parte hartu dute. Ekintza horiek Europatik etorritako 130.000 euro baino gehiagoko finantzaketa izan dute.

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak eskubide osoko kide moduan parte hartu du, INJUVE eta autonomietako ordezkariekin batera, Gazteak Ekinean programa Espainian kudeatzen zuen Agentzia Nazionalean.

‘Erasmus+’ programa

`Erasmus+’programa, desagertutako Gazteak Ekinean izenekoaren ordezkoa, urtarrilaren 1ean sartu da indarrean eta 2020. urtera arte luzatuko da. Haren esparruen barnean hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirola sartzen dira. Europar Batasunak aurreikusi du lau milioi gaztek parte hartuko duela programa honetan, indarrean izango den sei urteetan.

Programa horren helburuen artean honako hauek ageri dira: ikasleen Europako mugikortasuna, praktiketako ikasleak, irakasleak eta gainerako hezkuntzako langileak, gazteak, gazteen arduradunak eta boluntarioak. ‘Erasmus+’-en beste xede bat loturak sortu eta sendotzea da hezkuntza, prestakuntza eta gazteen erakundeen eta lan-munduaren artean. Azkenik, programa horrek ere elkarrizketaren alde egitea eta beharrezko datuak batzea bilatzen du hezkuntza-sistemen nahiz gazteen prestakuntzako erreforma lortzeko.

Horretarako, ‘Erasmus +’-ek bost ekintza-mota aurreikusten ditu. Lehenengoa irakaskuntza-arrazoiengatik pertsonak mugitzeko da; bigarrena lankidetzari buruzkoa jardunbide egokien berrikuntzarako eta trukerako; hirugarrena, politiken aldaketari laguntza emateko; laugarrena Jean Monnet-en irudiari lotuta dago eta azkenekoa kirol-arloan oinarritzen da.

Programa horrek 2014. urterako 1.800 milioi izango ditu, eta kopuru horretatik 174,2 gazteria-arloan erabiliko dira. Laguntza horiek jaso ditzake hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kiroletako esparruan lan egiten duen erakunde publiko edo pribatu orok; bai eta gazteen sektorean lan egiten duten gazte-taldeek ere, baina ez nahitaez gazte-antolaketako esparruan lan egiten dutenek.

Programa berriari buruzko prestakuntza-ikastaroak

Europako laguntzen esparru berri hori ezagutzera emateko Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak, programa horretako Espainiako Agentzia Nazionalarekin batera, martxoan Iruñean egingo diren prestakuntzako bi ekintza programatu ditu. Gazte-elkarte edo aisialdi edo astialdiko taldeetako gazte, langile eta boluntarioentzat zabalik daude, bai eta gazteen lanean esperientzia duten koordinatzaile edo prestatzaileentzat ere.

Lehen ikastaroa martxoaren 5ean egingo da, 09:00etatik 14:00ak arte, "Fuerte del Príncipe" Gazteen Egoitzan, Iruñean, Goroabe kalean dagoena. Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute honako helbide elektronikoan: mlarumbu@navarra.es.

Bestalde, bigarren ikastaroak ‘Erasmus+’ programa sakonago jorratuko du eta martxoaren 6tik 9ra bitarte egingo da. Ekintza horretan Espainia guztiko hogeita hamar bat teknikarik eta gaztek parte hartuko dute. Interesatuek Espainiako Agentzia Nazionalean izena eman beharko dute ondorengo helbide elektronikoan: tcp2@injuve.es. Ikastaroak doan dira.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa