(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako lau etxetik hirutan ez da adingaberik bizi

asteazkena, 2014.eko martxoak 5


Foru Gobernuak familiei buruz egindako doagnostikoaren arabera, Nafarroako familiak nabarman aldatu dira. Egindako diagnostikoa ondoren jarduera-plan bat prestatzeko egin da


Transcripción textual del video

Batek edo bik osaturiko familia, ez du adingaberik, etxebizitzaren jabea da, emakumeak etxeko lanak egiten ditu eta krisi ekonomikoa nabari da, baina Espainiako gainerako tokietan baino askoz gutxiago.

Familia

Familia.

Batek edo bik osaturiko familia, ez du adingaberik, etxebizitzaren jabea da, emakumeak etxeko lanak egiten ditu eta krisi ekonomikoa nabari da, baina Espainiako gainerako tokietan baino askoz gutxiago.

Horiek dira gaur egungo Nafarroako familien ezaugarrietako batzuk, Nafarroako Gobernuak egindako azterlanaren arabera. Diagnostikoa arlo horretarako diseinatzen diren politika publikoak bideratzeko jarduera-plana prestatzeko egin da, eta azken hamarkadan Nafarroako etxeetan izan den eraldaketa nabarmena agertzen du.

Azterlana gaur goizean eman dute ezagutzera Foru Gobernuko kideek, egin duten ohiko saioan. Aipatutakoaz gain, gizartearen beste aldaketa esanguratsu batzuen berri ere eman du, esate baterako, ezkontzen direnen kopuruak behera egin du (% 23,7), banantze eta dibortzioek gora egin dute (2012 ezkondutako bikoteen erdiak banandu egin ziren), ama izateko adina atzeratu egin da pixkanaka (gaur egun, 32 urterekin izaten da), emakume bakoitzeko haurren kopuruak behera egin du (1,46 haur; belaunaldien arteko txandatzea bermatzeko 2,1 haur izan behar dira), migrazioaren fenomenoa dela-eta populazioak gra egin du (Nafarroak duela hamar urte zituen biztanleak baino % 15 gehiago ditu) edo 30 eta 34 urte arteko gazteen emantzipazioa hazi egin da (horien % 82 gurasoen etxetik kanpo bizi da).

Íñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilariak prentsaurrekoan emandako datuen arabera, familien kopuruak gora egin du Nafarroan azken urte hauetan (% 31,7): 2001ean 188.772 zeuden, eta 2011n 248.596. Horien % 28,2 adingaberik ez duten bi helduk osatutako familiak dira, eta % 24,5 pertsona bakarrak osatutakoak, gehienetan 65 urtetik gorako emakumeak.

Familia bakoitzeko kide kopuruari dagokionez, 2001ean 2,9 ziren eta 2011n 2,6, hau da, % 10,4 egin du behera. Halaber, dagoeneko adingabeak dituzten etxeen kopuruak % 8 egin du behera hamarka horretan, 2001ean % 34,6 ziren eta 2011n % 26,4. Bestalde, 2011ko datuen arabera, familia ugariak % 4,10 dira, eta % 11,10 izatezko bikoteak. 

Azterlanak denboraldi horretan Nafarroako gizartearen zahartze-prozesua ere jasotzen du. Horren arabera, 65 urtetik gorakoak % 20 dira eta 80 urte edo gehiagokoen taldea gainerako adin-taldeak baino azkarrago ari da hazten. Horri lotuta, azpimarratzekoa da Nafarroa dela gizonen jaiotzeko bizi-itxaropen handiena duen Europako eskualdea (81,1 urte); emakumeen bizi-itxaropenari dagokionez, zazpigarrena da (86,5 urte).

Familiaren balioa eta familia ideala

Familia da herritarrek bizitzan gehien baloratzen duten alderdia, alde handiarekin, eta azken urteetan gora egin du haren estimazio-mailak. Horren harira, CISen (Ikerketa Soziologikoen Zentroa) arabera, Espainiako biztanleriak 10etik 9,57ko puntuazioa eman zion familiari 2008an, baina iaz 9,68 puntu eman zizkion, puntuazio handiagoa lortu duen lana (8,88), lagunak (8,1) edo puntuazio txikiagoa duen aisialdia (7,76) bezalako alderdien gainetik.

Gizarte Politiketako Departamentuak egindako diagnostikoak familien eredu idealak ere aipatzen ditu, bikoteak lanean eta familian dituen eginkizun eta erantzukizunen arabera. CISen arabera, azken urteetan handitu egin da berdintasunezko familiak nahiago dituzten pertsonen kopurua, beraz, bi bikotekideek lan egiten dute eta etxeko lanak eta seme-alaben zaintza banatu egiten dira. Familien eredu hori biztanleen % 52,6ren hobetsiena zen 1994an, eta orain biztanleen % 68,8k hobesten du. Aldiz, behera egin du enplegua duen gizonak eta etxean geratzen den emakumeak osatzen duten familia-eredua nahi dutenen kopuruak. Egoera  hori % 22,5ek aukeratu zuten 1994an eta % 11,9k gaur egun.

Hala ere, datu horiek bestelakoak dira errealitatean ematen den etxeko lanen banaketarekin eta sexuaren araberako seme-alaben zaintzarekin alderatuta.  Nafarroako Estatistika Institutuak egindako denboraren erabilerari buruzko inkestaren arabera, Foru Komunitateko emakumeak gizonak baino 91 minutu gehiago jarduten dira etxeko lanak egiten egunero. Batzuek eta besteek egiten dituzten lanak ere ezberdinak direla jaso da. Gizonen ehuneko handi batek lorezaintza, animalien zaintza eta brikolajearekin erlazionatutako jarduerak egiten dituzte. Emakumeak haurrak zaintzeaz, arropa prestatu eta garbitzeaz, eta sukaldeko jarduerez arduratzen dira gehienbat.

Familiak eta krisi ekonomikoa

Familien testuinguru soziodemografikoari buruzko azterlanak krisi ekonomikoak Nafarroako familiei nola eragin dien ere aipatzen du. Horretarako, AROPE tasa erabili da, azken urteetan pobrezia-tasa neurtzeko asko erabili den Europako adierazlea.

Egindako azterketak baieztatu du pobreziak gorako joera izan duela Espainiako autonomia-erkidegoetan. Nafarroan, 2010ean, pobrezia-tasarik baxuena eman zen, eskualdeen zein estatuko muga kontuan hartuta. Familia motaren arabera, eragin handiena izan dute mendeko seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiek, pertsona bakarrekoek eta mendeko seme-alabak dituzten gainerako familiek.

Lan-merkatuari dagokionez, 2013ko azken hiruhilekoko BAIren datuen arabera, Nafarroako familia aktiboen % 27,4k gutxienez pertsona bat izan zuen langabezian, % 10,9k erreferentziazko pertsona bat zuen langabezian eta % 11,7k kide aktibo guztiak zituen lanik gabe.

Gainera, familien % 2,63tan pentsiodunak bizi dira langabetuekin. Ehuneko hori % 3,22 da Espainian. Datu horrek, aurrekoekin batuta, erakusten du nabarmen hazi dela erretiroagatiko pentsioen mendeko pertsonen kopurua. Diagnostikoaren arabera, horrek esan nahi du familia garrantzitsua dela, krisiaren ondorioei aurre egiteko arintze-baliabide garrantzitsuenetako bat delako.

Azterlanak gutxieneko errenten programek (Gizarte Integraziorako Errenta) eragin positiboa izan dutela ere erakusten du, pobrezia larrienak kaltetutako biztanleen kopurua murriztu baita. Hala, halako laguntza gehien ematen dituzten erkidegoek pobrezia-tasa txikiena dute, esate baterako Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak.

Azkenik, etxeetako arazo ekonomikoei dagokienez, azterketak ustekabeko gastuei, etxebizitza nagusiarekin erlazionatutako ordainketen atzerapenei edo hilaren amaierara heltzeko zailtasunei aurre egiteko gaitasuna izan du aztergai gehienbat. Hiru alderdi horietan, Nafarroa da daturik onenak dituen erkidegoa, eta erraz gainditzen du estatuko batez bestekoa. Zehazki, familien % 24,2k ez du ustekabeko gastuei aurre egiteko gaitasunik (estatuko ehunekoa % 40,9 da); % 2,8k etxebizitzako ordainketak egitean atzeratzen da (estatuan % 9,2); eta % 4,7k zaitasun handiak ditu hilaren bukaerara iristeko (estatuko ehunekoa % 16,9 da).

Familia eta etxebizitza

Etxebizitzaren kasuan, Nafarroako familien % 82,4 da etxebizitzaren jabe (% 85 da estatuko batez bestekoa). Foru Komunitatean eta Gaztela-Mantxan hazi da gehien errentan hartutako etxebizitza nagusien kopurua azken hamarkadan; 2001ean % 7,7 zen ehunekoa, eta 2011n % 10,9.

Gazteen emantzipazioa zen 2001ean familiari babesa emateko aurreko planaren helburuetako bat. Horren harira, nabarmentzekoa da, iazko Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazioaren Behatokiko datuen arabera, Nafarroa dela 30 eta 34 urte arteko gazteen artean emantzipazio-tasarik handiena duen erkidegoa, % 82 hain zuzen ere.

Immigrazioaren ekarpena

Alli kontseilariak aurkeztu duen diagnostikoak dioenez, atzerrikoak etortzea izan da Nafarroako eta Espainiako errealitate soziodemografikoaren aldaketa nagusia azken hamabost urteetan.

Erroldaren arabera, Nafarroan 640.129 pertsona bizi ziren 2011n, hamar urte lehenago baino 84.300 pertsona gehiago. Balio erlatiboetan adierazita, % 15 hazi da biztanleria. Hortaz, 2001ean, atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoa % 5,3 zen eta, 2011n, % 13,6.

Adinaren araberako banaketari erreparatuta, gazteen ehunekoa handiagoa zen 2011n 2001ean baino. Azterlanaren arabera, horretan zalantzarik gabe lagundu dute atzerritarrek, 2001 eta 2011 urteen artean batez beste % 17ko jaiotza-tasa egotea ekarri dutelako.

Ezkontza eta seme-alabak

Amaitzeko, azterketa soziodemografikoak familiarekin erlazionatutako oinarrizko beste adierazle batzuk ere aipatu ditu, ezkontza eta seme-alaben kopurua alegia. Lehenengoari lotuta, azterlanak izatezko bikoteen gorakada, ezkontzaren beherakada (kanonikoa batez ere), banantze eta dibortzioen hazkuntza (2012an egindako ezkontzen % 55,4 deuseztatu egin ziren), berreraikitako familien eraketa eta bigarren ezkontzak azpimarratu ditu. Lehen aldiz ezkontzeko adinak ere gora egin du. 1980an 27,2 urtekoa zen gizonen artean eta 24,6 urtekoa emakumeen artean. Gaur egun 33 urterekin ezkontzen dira lehen aldiz gizonak eta 31,1 urterekin emakumeak.

Seme-alaben kopuruari dagokionez, 1975. urtetik txikituz joan da ugalkortasun-tasa Nafarroan. Urte hartan, emakume bakoitzeko 2,68 seme-alaba ziren; 2012an, aldiz, 1,46. Tasarik baxuena 1995ekoa izan zen, 1,1 seme-alaba. Ordutik aurrera pixkana handituz joan da tasa, batez ere etorkinengatik, krisi ekonomikoaren hasierara arte. Gogorarazi beharrekoa da, belaunaldien arteko txandatzea gerta dadin, ugalkortasun-tasa emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba edo gehiagokoa izan behar dela.

Ama izateko batez besteko adina 32,2 urte da Nafarroan, estatuko bigarren altuena. Espainian, ama izateko batez besteko adina 31,6 da. Halaber, azpimarratu beharrekoa da gorako joera izan duela 35 edo urte gehiagorekin aman izan diren emakumeen kopuruak. 2000an % 22,6 ziren eta 2006an % 26,9. 2012an, emakume horiek izandako seme-alabak % 36,6 izan ziren, hau da, 30 urte baino gutxiagoko amek izandako seme-alabak (% 22,9) baino gehiago. Balio horiek EBko altuenak dira eta emakumeek adin emankorrean dituzten seme-alaben kopuruari eragiten die, zalantzarik gabe.

Nafarroan ezkondu gabeko emakumeek izandako seme-alabak % 30,1 dira guztira 2012an. 1980an % 2,3 izan ziren, 1992an % 10,6 eta 2001ean % 13,4. Hazkuntza horrek zuzeneko harremana du izatezko bikoteak bizikidetzarako modu gisa onartzearekin. Bikote horietakoak ziren ezkontzaz kanpoko jaiotzen % 90, horri buruzko datuen arabera.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa