(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako 11.000 familiak 40 milioi euro jaso zituzten iaz laguntza sozialetan, 2012an baino laurden bat gehiago

asteartea, 2014.eko martxoak 11


Alli kontseilariak bere Departamentuak iaz egindako jardueren balantzea eta 2014rako proiektu nagusiak aurkeztu ditu, besteak beste, pertsonen autonomia sustatzeko zentro bat


Argazki orokorra

Alli kontseilariak, zuzendaritzako taldeak inguratuta, hedabideei hitz egin die ( irudia handitu )

11.133 familiak 39,5 milioi euro jaso zituzten Nafarroako Gobernuaren eskutik gizarte-errenten eta 2013an alokairuak ordaintzeko laguntzen bidez. Aurreko urtekoak baino 5 26 handiagoak izan ziren jasotako errenta eta laguntzak, eta familia onuradunen kopuruak % 22 egin zuen gora.

Laguntza jaso zuten familia guztietatik 9.472k Gizarte Integraziorako Errenta jaso zuten. Nafarroako Gobernuak 37,7 milioi euro bideratu zituen errenta horretarako. Gainerako familia unitateek, 1.661 familiak hain zuzen ere, larrialdi-laguntzak jaso zituzten alokairua ordaintzeko edo behar-beharrezko etxetresna elektrikoak erosteko.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako 1.241 lanpostu sortzen lagundu zuen, erakunde pribatuekin batera, gizarte-enplegu babesturako, zuzeneko enplegu aktiborako eta gizarte-enplegurako programen bidez.

Kopuru horien berri Íñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilariak eman du departamentuaren 2013ko jardueren balantzea eta aurtengo urterako aurreikusitako proiektu nagusiak aurkeztu dituen gosari informatiboan. Ekitaldian kontseilariarekin batera izan da departamentuko zuzendaritza-taldea. Mariano Oto Gizarte Politiketako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Teresa Nagore Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Pruden Induráin Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Gemma Botín Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziako zuzendari kudeatzaileak osatzen dute.

2014rako proiektuak eta bloga

2014rako aurkeztutako proiektuen artean pertsonen autonomia sustatzeko zentro bat abian jartzearena nabarmentzen da. Nafarroako Gobernuak urritasunen bat duten edo mendekoak direnei eman dizkien zerbitzu eta baliabideak zentralizatuko ditu. Halaber, bi lege-proiektu prestatuko dira, bata berdintasunari buruzkoa eta bestea genero-indarkeriari buruzkoa, eta urrian edo azaroan Parlamentura bidaliko dela espero da; haurren eta nerabeen arretarekin, 0 eta 3 urte arteko haurren garapeneko nahasmenduen arreta goiztiarrarekin, kontsumoarekin, nazioarteko lankidetzarekin, familiarekin, gizarteratzearekin, immigrazioarekin, genero-indarkeriarekin eta boluntariotzarekin erlazionatutako bederatzi plan estrategiko ere idatzi edo eguneratuko dira.

Alli kontseilariak adierazi duenez, Gizarte Politiketako Departamentua "pertsona guztien garapena, gizarteratzea eta autonomiaˮ bultzatzeko ari da lanean. Horretarako, politika publikoak prebentziora eta erabilgarri dauden baliabideak "banan-banako oinarrizko laguntzara" bideratzen ditu.

Gizarte Politiketako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia

2013an Gizarte Politiketako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak egindako jarduera nagusietako bat 10.000 familiari baino gehiagori gizarte-errentak eta laguntzak emateko 39,5 milioi euro baliatu izana da. Azpimarratzekoa da Nafarroak duela estatuko pobrezia-tasarik baxuena (% 7,3) eta, Foru Komunitatean, 33 biztanletik batek gutxieneko diru-sarreren errenta jasotzen duela (estatuan 84 biztanletik batek jasotzen du errenta hori).

Iazko urtean ere adostu zen datozen lau urteetarako oinarrizko gizarte-zerbitzuetarako finantzazio egonkorra. 2013an 12,7 milioi euro jaso zituzten eta 55.000 pertson baino gehiago izan ziren onuradunak. Nazioarteko lankidetzari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 5,1 milioi euro bideratu zituen 17 herrialdetako 42 proiektu finantzatzeko. 1,9 milioi pertsonak jaso zituzten onurak.

Zuzendaritza nagusiak "konpromiso sozialeko proiektua" zigilua ere sortu zuen, proiektu solidarioak finantzatzen laguntzen duten pertsona edo enpresei zerga-onurak ematen dizkiena. 2013an 84 gizarte-proiektuk parte hartu zuten ekimenean.

Aurtengo urterako jarduera nagusien artean Nafarroako Gizarteratze Estrategia dago. 70 milioi euroko aurrekontua izango du eta hirugarren sektoreko erakundeekin eta eragile sindikalekin batera diseinatu da. Immigrazioari, boluntariotzari, kontsumoari eta lankidetzari lotutako plan estrategikoak ere landuko dira. Halaber, Gizarte Politiketako Zuzendaritza Nagusiak kalkulatu duenez, aurten % 10 handituko da gizarteratzeko errenta jasoko duten familien kopurua.

Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentzia

Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziak, aurtengo urtearen amaieran, autonomia bultzatzeko zentroa jarriko du abian. Mendetasuna baloratzeko taldeak, mendeko bizitzaren bulegoa eta laguntza teknikoen bulegoa barne hartuko ditu. Baliabide horrek gune bakar gisa funtzionatuko du, eta familiak elkartzeko tokia ere izango da.

Horrez gain, buruko osasuneko okupazio-zentroan 40 plaza gehituko dira, mendetasuna prebenitzeko ekintzak 8,5 milioi euroren bidez finantzatuko dira eta mendetasuna baloratzean gaitasunaren eta inguru pertsonalaren irizpideak ezarriko dira.

2013an, Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziak 31 milioi euro bideratu zituen urritasunak eta buruko gaixotasunak dituztenentzako 1.200 plaza finantzatzeko. Gainera, 183 prestazio esleitu zizkien egoitza batean itunik gabeko plaza hartzen zutenei. Zaharren egoitzetako 2.079 plaza itundu zituen eta beste 757 laguntza esleitu zizkien egoitzetan itunik gabeko plaza zuten herritarrei.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua

2014an, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak aukera-berdintasunaren lehen plana ebaluatuko du eta arlo horretako lege berriaren oinarriak zehaztuko dituen agiria idatziko du. Genero-indarkeriaren foru-lege berriaren proiektua ere egingo du. Aurreikusitakoaren arabera, urrian eta azaroan bidaliko du Parlamentura. Arlo horren inguruko plan estrategiko bat ere prestatuko du.

Familiei laguntzeko estrategia bat eta lana eta familia bateratzeko laguntza sorta ere sortuko ditu. Adingabeei dagokienez, haur eta nerabeen arreta-plana eguneratuko du eta babesgabeko adingabeak familietan hartzeko figura berriak diseinatuko ditu. Aurten, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak adingabeentzako neurri judizialen zentroa eta adingabe gatazkatsuak behatu eta hartzeko eta babesik ez duten adingabeak egoitzetan hartzeko zentroak kudeatzeko lehiaketetarako deialdia egingo du.

2013an institutuak gauzatutako jardueren artean, tokiko berdintasunaren agenteen figurari eutsi izana eta horretarako aurrekontua handitzea izan ziren. Halaber, iaz, berdintasun-unitateak ezarri ziren Nafarroako Gobernuko departamentu guztietan, sustatutako politika eta ekintza guztietan generoaren ikuspegia kontuan har dadin.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua

Amaitzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, 2014an, oinarrizko kirola sustatuko du, kirol-federazioak bultzatuko ditu, Miguel Induráin fundazioaren plan estrategiko berria lantzen lagunduko du eta iaz onetsi zen Gazteriaren Foru Planaren jarraipena egingo du.

2013an 22.512 adingabek hartu zuten parte Nafarroako Kirol jokoetan, eta 8.420 ikaslek hartu zuten parte 200 ikastetxetan baino gehiagotan egindako eskola-kanpainetan. Iaz Gazte Txartelaren programa ere sustatu zen. 49.000 gaztek daukate txartela, eta Caja Rural eta la Caixa-k parte hartzen dute programan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa