(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Julio Caro Baroja antropologo eta historialariaren ehungarren urteurrena ospatzeko ekitaldien programari ekin dio Nafarroako Gobernuak asteazkena, 2014.eko martxoak 12


Barcina Lehendakariak gaur ireki du Barojari eskainitako erakusketa; Nafarroako Liburutegian dago ikusgai.


Amador Cerezo, Félix Carmona, Barcina Lehendakaria eta Carmen Caro. ( irudia handitu )

Julio Caro Baroja (Madril, 1914ko azaroak 13 -- Bera, Nafarroa, 1995eko abuztuak 18) jaio zela ehun urte beteko direnez aurten, Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak, gaur goizean, Nafarroako Liburutegian, antropologoa, historialaria, hizkuntzalaria, folklorista eta saiakera-idazlea, eta Pío Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja idazlearen loba zenari eskainitako erakusketa ireki du.

Aurten Foru Komunitatean ehungarren urteurrena dela-eta egingo diren ekitaldietan lehena izan da.

Julio Caro Baroja lurralde honetako errealitate historikoaren eta sozialaren hainbat alderdi ikertu eta jendarteratu zituen goi-mailako intelektuala izan zen. Nafarroari buruzko gai ugari landu zituen bere lanetan, esate baterako, Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina (1945), Los pueblos del norte de la Península Ibérica (1943), La vida rural en Vera de Bidasoa (1944), Las brujas y su mundo (1961), El carnaval (1965), La hora Navarra del XVIII (1969), Etnografía Histórica de Navarra (1971), La casa en Navarra (1982) eta familiaren biografia kontatzen duen Los Baroja. Memorias familiares (1972) bezalako liburuetan, baita ehundaka artikulu eta saiakeratan ere.

Bizitzan hainbat sari jaso zituen, Nafarroan emandakoak barne. Julio Caro Baroja da Foru Komunitatearen bi galardo gorenak jaso dituen bakarra: Nafarroako Urrezko Domina (1984) eta Vianako Printzea Kulturaren Saria (1995), baita Nafarroako adopzio-semearen titulua ere.

"Navarra intensa. Homenaje a Julio Caro Baroja" erakusketa

Nafarroako Liburutegiak urteurrenaren ospakizunak hasi ditu "Navarra intensa. Homenaje a Julio Caro Baroja" erakusketarekin. Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuak sortu du, eta aurten egongo da ikusgai Nafarroako zentroetan eta kultur etxeetan.

24 panel handik osatzen dute erakusketa. Paneletan, Julio Caro Barojak bere azterlanetan landutako hainbat gairi erreferentzia egiten dien argazkiak daude, idazlearen testu laburrek lagunduta. Panel berezi bat egileari berari eskainitakoa da, beste bat Berako Itzea etxeari eta beste bat "Navarra, las cuatro estaciones" dokumentalari. Azken hori egiteko eskatu zien Nafarroako Foru Aldundiak, Vianako Printzea Instituzioaren bidez, Pío eta Julio Caro Baroja anaiei 1970ean.

Gainera, Liburutegiak idazlearen edo berarekin erlazionatutako liburuak eta ikus-entzunezko materiala ere jarri du ikusgai jendeak irakur eta begira ditzan. Kontsultatzeko ez diren dokumentu batzuk ere jarriko dira ikusgai, beira-arasetan. Argitalpen Atala "Príncipe de Viana" aldizkariaren ale berezi batekin (206. zenbakia, 1995ean argitaratua) aritu da elkarlanean; Julio Caro Barojari eskainia izan da oso-osorik. Erakusketan hark idatzitako "La hora navarra del siglo XVIII: Personas, familias, negocios e ideas", "Navarra, cuatro estaciones" eta "Navarra, tradiciones y costumbres" labak gehitu dira.

Ekitaldian, Barcina Lehendakariaz gain, Amador Cerezo Nafarren Txokoen Estatuko Federazioko lehendakariordea eta Carmen Caro Jaureguialzo Julioren loba, Caro Baroja familiaren izenean, mintzatu dira.

Erakusketa Nafarroako zentroetan eta honako kultur etxe hauetan jarriko da ikusgai: Logroñoko kultur aretoan, apirilaren 1etik 16ra; Gasteizko kultur aretoan, apirilaren 22tik maiatzaren 5era; Zaragozako Nafarren Etxean, maiatzaren 5etik 19ra; Madrilgo kultur aretoan, maiatzaren 20tik 28ra; Bilboko Nafarroako Etxean, maiatzaren 29tik ekainaren 11ra; Valladolideko kultur etxean, ekainaren 12tik 27ra; Burgosko kultur aretoan, irailaren 16tik 30era; Santanderreko kultur etxean, urriaren 2tik 15era; Barakaldoko kultur aretoan, urriaren 16tik 29ra; Sevillako kultur aretoan, urriaren 31tik azaroaren 13ra eta Bartzelonako Nafarroako Etxean, azaroaren 14tik 27ra.

Irakurketa-gida eta lanak berreskuratzea

Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Atalak Caro Barojari buruzko irakurketa-gida prestatu du, Nafarroako liburutegien sarea osoan banatuko dena eta zentroko web-orriak ikus daitekeena.

Atal berak Nafarroako Gobernuak argitaratutako Julio Caro Barojaren obren argitalpena berreskuratzea ere sustatu du eta, gaur egun, Nafarroako etnografiari, arkitekturari, pentsaera-joerei, historiari, hizkuntzari eta abarri buruz idazleak idatzitako testu batzuetan oinarritutako argitalpen berezi bat prestatzen ari da.

Erakusketa etnografikoak Nafarroako Museoan eta Beran

Bestalde, urritik hasita 2015eko martxora, Nafarroako Museoan "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoak antolatutako erakusketa egongo da ikusgai. Azken museo horren sorreran parte hartu zuen Bidasoko baserrietako nekazaritzako lanabesen lehen bilduma osatuta eta, beraz, bere jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatuko da.

Erakusketaren proiektua Caro Baroja anaiek iragan mendeko 60ko hamarkadan "Navarra, las cuatro estaciones" pelikularako grabatu zituzten irudien eta, berrogeita hamar urte beranduago, "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnografikoak dokumentatu zituen gertaeren arteko alderaketan oinarritzen da. Horri esker, mende erdian egindako adierazpen kulturalen hedapenaz eta bilakaeraz jabetzeko aukera egongo da, baita Foru Komunitateko ondare etnologiko eta materiagabeen ikerketaz eta dokumentazioaz ere. Erakusketan "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnografikoko funtsetako hainbat pieza erakutsiko dira, instituzioek eta partikularrek utzitako beste batzuk ere, urtaroen joana jarraituko duen muntaia batean.

Gainera, Nafarroako Gobernuaren eta Berako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, herriko kultur etxean ere erakusketa etnografiko bat egongo da ikusgai 2014ko bigarren seihilekoan, Julio Caro Baroja omentzeko. Ekitaldia antropologo eta historialariaren jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko Beran egingo diren ekitaldietako bat izango da. Herrian, Baroja familiak familiaren etxea izan zena, Itzea, du oraindik. Pío Barojak erosi zuen 1912an.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa