(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Zuzentasunak bikaintasunak besteko garrantzia du hezkuntza-kalitatea lortzeko orduan, adituen arabera

ostirala, 2014.eko martxoak 14


Barcina Lehendakariak, ostiral honetan, azken PISA txosteneko emaitzetan oinarrituta Espainiako hezkuntza-sistema aztertzeko jardunaldia ireki du Lizarran.


Jardunaldi-hasierako mahaia

Barcina Lehendakaria, erdian, alboan (ezkerretik eskuinera) Iribas, Alba, Ganuza eta González dituela. ( irudia handitu )

Hezkuntzaren alorreko 70 aditu elkartu dira ostiral honetan Lizarran, eta ondorioztatu dute irakaskuntzaren kalitatea bikaintasunaren araberakoa ez ezik, zuzentasunaren araberakoa ere badela. Horregatik, hezkuntza-sistemak ebaluatzeko orduan bi kontzeptu horien mailak baloratzearen alde agertu dira.

Jardunaldia Hezkuntzaren Ebaluaziorako Institutu Nazionalak antolatu du Nafarroako Gobernuarekin batera. Estatuko autonomia-erkidego guztietako eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko hezkuntzaren alorreko adituak elkartu dira Espainiako hezkuntza-sisteman egin beharreko hobekuntzak aztertzeko eta, hala, bikaintasunean aurrera egiteko, zuzentasunaren printzioaren kaltetan izan gabe.

Ondorioen agiriak zuzentasuna jotzen du hezkuntza-sistemen elementu baliotsu gisa eta, horregatik, barne hartzeko eta konpentsatzeko politiketan aurrera egitea defendatzen du, "gizartean trebatutako herritarrak ugaritzeko biderik onena" delako. Halaber, bikaintasuna gizarteari eman ahal zaion hezkuntzazko erantzunik onena dela adierazten du, elitista izan gabe "pertsonentzat, ekonomiarentzat eta gizartearentzat onuragarria delako".

Hori guztia dela-eta, hezkuntzako administrazioak eta ikastetxeak hobekuntzarako ildoak eta planak proposatzera bultzatzen ditu, alde batetik, esperotako errendimendua ez duten ikasleen kopurua murrizteko eta, beste alde batetik, pertsona bakoitzak bere gaitasunak ahal bezain beste garatzea lortzeko.


Ikuspegi orokorra

Jardunaldira bertaratu direnak. ( irudia handitu )

Hezkuntza-errendimendua hobetzeko proposamenak

Jardunaldian 2012ko datuen azken PISA txostenean lortutako emaitzak aztertu dira. 60 herrialdetako 15 urteko gazteen gaitasunak ebaluatzen ditu txostenak, irakurriaren ulermena, matematika eta zientzia alorretan. Diagnostikoak agerian jarri du Espainiako emaitza orokorrak hobe daitezkeela, izan ere, batez bestekoa OCDEko herrialdeetakoa bainoa zertxobait txikiagoa da, nahiz eta Nafarroako emaitzak batez besteko horren oso gainetik egon.

Emaitzak hobetzeko, adituek ikastetxeen autonomia areagotu behar dela esan dute, PISAren datuek autonomiaren eta ikasleen errendimendu akademikoaren artean lotura argia dagoela erakusten dutelako. Era berean, irakasleen kualifikazioa ere garrantzitsua esan dute, emaitzarik onenak izan dituzten hezkuntza-sistemak direlako ikaslerik onenak irakaskuntzaren lanbidera erakartzen dakitenak eta esperientzia eta motibazio gehien duten irakasleak inguru kaltetsuenetako ikasleen ikastetxeetan lan egitera bultzatzeko pizgarriak sortzen dituztenak.

Ondorioen agiriak aitortzen du emaitza akademiko onak lortzeko elementu garrantzitsua dela matematika ikasteko motibazioa izatea. Izan ere, Espainian, batez besteko maila baxuagoa da eta antsietate-maila handiagoa.

Hala ere, beste herrialde batzuek PISAren ebaluazioetan lortutako emaitzen analisi konparatiboak erakusten du posible dela hobetzea epe labur samarrean. Horregatik, adituek ikuspegiak, planak eta irizpideak alderatzera eta ebaluazioaren eta etengabeko hobekuntzaren kulturan aurrera egitera animatu dituzte hezkuntza-administrazioak.

Jardunaldia

Jardunaldia Lizarrako Fray Diego kultur etxean izan da, Hezkuntza-sistemen zuzentasuna eta bikaintasuna: 2012ko PISA datuetan oinarritutako analisia. Espainiaren egoera izan du gai, eta autonomia-erkidego guztietako eta PISA nazioarteko txostena egiteaz arduratzen den OCDEko 70 aditu bildu dira.

Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariak eta Alfonso González Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Ebaluazio eta Lurralde Lankidetzarako zuzendari nagusiak hasi dute saioa. Haiekin batera izan dira José Iribas Hezkuntza Departamentuko kontseilaria, Carmen Alba Nafarroaren Gobernuko ordezkaria eta Begoña Ganuza Lizarrako alkatea.

Mintzaldian, Lehendakariak azpimarratu du Foru Gobernuak bere egin duela "haur bat ere ez da geratuko atzean" dioen adierazpena "ukaezina", "ikasle bakoitza bere gaitasunak adierazi eta ezagut ditzan". Horretarako, Barcinak esn du Gobernuak bere gain hartzen duela "lan egin, ebaluatu, planifikatu eta ikasleen hezkuntza premiei erantzuteko erantzukizuna".

Hainbat konferentzia eta mahai-ingurutan Espainiako eta OCDEko beste herrialde batzuetako zuzentasun- eta bikaintasun-printzipioei buruz hitz egin da, baita azken PISA txostenean oinarrituta hezkuntza hobetzeko arloez ere.

Halaber, ikastetxeen arteko analisi konparatiboak aurkeztu eta irakaskuntzan bikaintasuna eta zuzentasuna bermatzeko jardun onen adibideak azaldu dira. Aldi berean, Hezkuntza Batzordearen ohiko bilera egin da, autonomia-erkidego guztietako zuzendari nagudiak elkartu dituena.

Topaketako gairik garrantzitsuenak Pablo Zoido OCDEko PISAren analistak, Alejandro Gómez OCDEko ikastetxeetako PISAren analistak eta Ángel Sanz Nafarroako Gobernuko hezkuntzaren ebaluaziorako arduradunak aurkeztu dituzte hedabideen aurrean.

Nafarroa, Espainiako lehena

Gogorarazi beharrekoa da azken PISA txostenean Nafarroa Espainiako lehena izan zela, eta OCDEren batez bestekoa baino emaitza handiagoak lortu zituela. Nafarroako ikasleek Espainia osoko puntuazio altuena lortu zuten matematikan, bigarren puntuazio altuena irakurriaren ulermenean eta laugarren altuena zientzietan.

Zehazki, 517 puntu lortu zituzten matematikan, eta emaitzarik onenak dituen Europako herrialdearen atzetik (Suitza, 531 puntu) 14 puntura geratu ziren. Irakurriaren ulermenean 509 puntu lortu zituzten, Europan emaitzarik onenak lortu dituen Finlandiak baino 15 puntu gutxiago (524 puntu). Zientzietan 514 puntu lortu zituen, Finlandiak baino 31 gutxiago (545). Aurreko txostenean, Europako herrialde onenarekiko aldea 30, 39 eta 45 puntukoa izan zen, hurrenez hurren, beraz, Nafarroa erreferentzia diren herrialdeen parera gerturatzen ari da.

Emaitzek agerian jartzen dute, baita ere, Nafarroako hezkuntza-sistemaren zuzentasuna, eskalaren beheko mailan ikasle gutxi samar daudelako.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa