(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Sanferminetan ere Oinarrizko Osasun Laguntzaren sarea erabiltzea gomendatu du asteartea, 2014.eko uztailak 1


Datozen jaietan osasun-laguntza emateko antolaketa berezia prestatzen amaitu dute


Bilera

Vera kontseilaria izan da buru Sanferminetako antolaketa berezia koordinatzeko bileran ( irudia handitu )

Vera kontseilaria izan da buru Sanferminetako antolaketa berezia koordinatzeko bileran
Nafarroako Gobernuak Iruñeko eta eskualdeko herritarrei gomendioa egin die, datozen Sanferminetan osasun-laguntza behar izanez gero osasun-zentrora joan daitezen, ohiko orduetan egongo baita irekita, eta, ordutegi horretatik kanpo, ospitalez kanpoko larrialdiguneak erabil ditzaten.

Marta Vera Osasun Kontseilaria izan da buru gaur goizean Sanferminetako antolaketa berezia osatzen dutenekin egindako bileran. Osasun Departamentuko arduradunez gain (NOGeko zuzendaria eta Ospitaleko Larrialdiak, Ospitalez kanpoko Larrialdiak, Oinarrizko Osasun Laguntza eta zezen-plazako laguntza medikoa zerbitzuetako arduradunak, besteak beste), Nafarroako Larrialdietako Agentziako, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Arloko, DYAko eta Gurutze Gorriko ordezkariak ere izan dira bertan.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren sareari dagokionez, egunero egongo dira irekita Iruñeko, Antsoaingo, Barañaingo, Berriozarreko, Burlatako, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko osasun-zentroak, 8:00etatik 15:20era, igandean (6), astelehenean (7) eta asteburuan (12 eta 13) izan ezik.

Egun horietan behar izan daitekeen osasun-laguntza arrunta herritar bakoitzaren etxetik hurbilen dagoen osasun-zentrora joanda eskatu beharko da, aurrez hitzordua hartuta edo larrialdi-zerbitzuen bidez, behar izanez gero.

Ospitalez kanpoko larrialdiak

Osasun-zentroen ordutegitik kanpo, larrialdiak honako zentro hauetan artatuko ditu Ospitalez kanpoko Larrialdi Zerbitzuak:

-Egunero, 15:00ak eta 20:00ak artean, Ermitagañako eta Arrotxapeko (biak Iruñean) eta Burlatako osasun-zentroetan. Uztailaren 6an eta 7an, 12an eta 13an, osasun-zentro horiek 8:00etatik 20:00etara egongo dira irekita.

-Jaietan egunero, eguneko 24 orduetan, Dr. San Martín anbulatorioan (San Fermin kalea, 29). Beste urte batez, jaietan gertatzen diren osasun-larrialdiak artatzeko erreferentziazko zentroa izango da.

Zentro horretan, Ospitalez kanpoko Larrialdi Zerbitzuak laguntza emateko gune bat izan ohi du eta, jaietan, gune horretan beste mediku, erizain eta administrari bana jarriko dituzte uztailaren 6ko (larunbata) 8:00etatik uztailaren 15eko (asteartea) 8:00etara zentroa etengabe zabalik egon dadin.

Horregatik, esan bezala, Osasun Departamentuak Iruñeko herritar guztiei gomendioa egin die oinarrizko osasun-laguntza behar izanez gero Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak haien eskura jarritako sistema erabiltzeko, haien osasun-zentroetan eta horiek laguntza ematen duten ordutegian, arrunta zein presazkoa den edozer artatzeko. Larrialdiren batean osasun-zerbitzuak behar izanez gero, aldiz, San Martín zentrora (erdigunean) edo kanpoaldeko zentroetara (Ermitagaña, Arrotxapea eta Burlata) joatea gomendatu dute. Horrez gain, Iruñeko eta eskualdeko herritarrei zein bisitariei eskatu zaie jaietan NOGeko larrialdi-zerbitzuetara, lehengo Nafarroako Ospitalea eta Virgen del Camino ospitalea, jotzea saihesteko, ahal den neurrian, izan ere, bertan, kasu larriak artatzen dituzte bereziki.

Luxazioek, ebakiek, kontusio txikiek eta bestelako ezbehar arinek benetan presazko ospitale-laguntza behar dutenak artatzea eragotz dezakete. Halakoak ospitalez kanpoko instalazioetan arta daitezke behar bezala.

Iruñeko eta eskualdeko osasun-garraioaren sare arruntari dagokionez, bizi-euskarri aurreratuko 3 anbulantzia, oinarrizko bizi-euskarriko 3 anbulantzia eta osasun-laguntza emateko prestatuta dagoen helikoptero bat egon ohi dira, baina, jaietan, bizi-euskarri aurreratuko beste anbulantzia bat, oinarrizko bizi-euskarriko beste 3 anbulantzia eta laguntzeko beste ibilgailu batzuk erabiliko dira. Gainera, asteburuetan, oinarrizko bizi-euskarriko beste bi anbulantzia jarrita indartuko dira baliabideak.

Entzierroetarako antolaketa berezia

Entzierroetako zaurituak artatzeko antolaketa berezia hesien ondoko 16 sorospengunek osatzen dute. Horietatik 12 arreta medikoa emateko prestatuta egongo dira. Entzierroaren ibilbideak 848,6 metro ditu, beraz, sorospengune bat egongo da 53 metro inguruko tarte bakoitzeko. Arreta emateko antolaketa osoa Nafarroako Larrialdietako Agentziaren egoitzako 112 SOS Nafarroa zentrotik koordinatuko da.

Entzierroetako sorospenguneak Santo Domingo aldaparen hasieran (Hezkuntza Departamentuaren egoitza), Nafarroako Museoko eskaileretan, Santiago plazan (udaletxearen atzealdea), San Zernin elizako eskaileretan, udaletxean (2), Mercaderes kalean (2), Xabier Jaitsiera (2), Espoz y Mina zeharkalea, Telleria, Ahumada dukea, Labriteko aldapa, Nafarroako Gorteak (telefonoak edo hegoaldeko etxartea) eta Hemingway (iparraldeko etxartea).

Gainera, arreta medikoa emateko prestatuta dagoen sorospengune bakoitzak osasun-garraioa izango du: bizi-euskarri aurreratuko 9 anbulantzia eta oinarrizko bizi-euskarriko 6 anbulantzia. Azken horietatik 2 Gaztelu plazan jarriko dira, 112 SOS Nafarroa zentroak aginduta osasun-garraio gehiago behar dituen ibilbideko gunera eramateko.

Laguntza emateko antolaketan, gutxienez 12 mediku, 12 EUD, 21 garraio-teknikari, 50 sorosle 8 komunikazio-langile eta 8 gune-koordinatzaile izango dira. Ibilbideko osasun-laguntza Gurutze Gorriko, DYAko, suhiltzaileen parkeko eta Osasunbideko baliabide eta osasun-langileen bidez emango da. Lurreko osasun-laguntza eman eta esleituko zaien eremutik ospitalera anbulantzia eraman beharko dute eta, bitartean, 112 SOS Nafarroa zentro koordinatzaileari artatzen diren pertsonen zaurien eta lesioen inguruko informazioa eman beharko diote denbora errealean.

112 SOS Nafarroa zentro koordinatzailea arduratuko da osasun-laguntza antolatzeaz eta zaurituak osasun-zentroetara eramateko moduaz, hiru helburu betetzea oinarri hartuta: zauriturik larrienak izatea osapitaleetara iristen diren lehenak, ospitale bakoitzera ezaugarri teknikoei eta gaitasunei dagokienez egokienak direnak iristea eta zaurituak laguntza-premien arabera bideratzea ospitaleetara.

Aurten, lehen aldiz, entzierroetan arreta emateko antolaketan parte hartzen duten Osasunbidea-NOZeko profesionalak eta zezen-plazako erizaintza eta 112 zentro koordinatzailea komunikatuta egongo dira euren artean, langile guztiek izan dezaten gorabeheren berri, zauritu larrienen arretari lehentasuna eman eta arreta hori koordinatzeko eta lekualdatzeak bizkor eta modu eraginkorrean egin daitezen.

Txupinazoko eta beste ekitaldi batzuetako laguntza

Uztailaren 6an, txupinazoa dela-eta, lehen sorospenetarako hiru arretagune egongo dira, Jacobaren pasabidean, Santo Domingo aldapan (Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren ondoan) eta San Zernin elizan. Gune horiek Gurutze Gorriarekin, DYArekin eta Osasunbiderekin elkarlanean jarri dira, eta jaiei hasiera emateko ekitaldian sortzen den jendetzan gerta daitezkeen kolpe eta kontusioen, kristalekin egindako ebakien eta beste patologia arin batzuen ondoriozko osasun-premiak artatuko dira.

Mediku bat, 3 EUD, sorosleak, oinarrizko bizi-euskarriko 5 anbulantzia eta 3 laguntza-ibilgailu egongo dira guztira gune horietan.

Sanferminetarako prestatu den osasun-antolaketak jaietan egingo diren gainerako jardueretan ere eskainiko du arreta: korridetan eta zezen-plazako zezenketetan oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat egongo da; Gaztelu plazan eta Sarasate pasealekuan antolatzen diren jardueretarako oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat jarriko da 16:00etatik hurrengo eguneko 7:00ak arte, jaietako egun guztietan. Entzierro txikietan oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat egongo da Arrotxapeko zubian; suzko zezena dagoenean, oinarrizko bizi-euskarriko 2 anbulantzia jarriko dira, Udal plazan eta Kontseiluko plazan; su artifizialetan, oinarrizko bizi-euskarriko 4 anbulantzia eta bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat, laguntza-ibilgailu bat, erreskaterako beste bat eta suhiltzaileen 2 ibilgailu egongo dira. Azkenik, Pobre de mí abestean, oinarrizko bizi-euskarriko 3 anbulantzia eta suhiltzaileen 2 ibilgailu egongo dira.

Vázquez de Mella, asteburuetan

Asteburuetan, aurreko urteetan bezala, Oinarrizko Osasun Laguntzako unitate bat jarriko da Vázquez de Mella ikastetxeko patioan, jaietan gerta daitezkeen patologia arinak artatzeko.

Bertan, lehen mailako arreta eskainiko da eta, behar izanez gero, larritasun handiagoko ezaugarriak dituzten pazienteak Dr. San Martín anbulatoriora edo Nafarroako Ospitalegunera bideratuko dira. Ospitalean, bertako medikuek, erizainek eta laguntzaileek etengabeko arreta eskainiko dute uztailaren 5eko (larunbata) 21:00etatik uztailaren 7ko (astelehena) 9:00etara, eta uztailaren 11ko 21:00etatik uztailaren 14ko 9:00etara, etenik egin gabe, Osasunbideren laguntzarekin.

Entzierroko zaurituei buruzko informazioa

Osasun Departamentuak prentsa-areto bat prestatu du NOGeko larrialdien eraikin berrian. Bertan, egunero, entzierroan zauritutakoei buruzko informazio guztia emango da. Kokapen hori aukeratu da aldapatik eta A ospitaleko larrialdi-zerbitzutik gertu dagoelako, izan ere, ekitaldiaren berri egunero ematen duten hedabideak han egoten dira.

Nahi duten kazetariek entzierroa zuzenean jarraitu ahal izango dute prentsa-aretotik bertatik, telebista-pantaila bat jarri dute bertan eta. Gainera, egunero bi aldiz eskainiko da informazioa: lehenengo, 8:25-8:30ean, goiz horretan izandako zaurituen lehen aurrerapen bat egingo dute eta, bigarren, 9:00etan, egun horretako zaurituei buruzko informazio guztia emango da. Oscar Gorría NOGeko Zerbitzu Kirurgikoetako zuzendariordea eta Inmaculada Gimena NOGeko Zerbitzu Medikoen zuzendariordea azalduko dira egunero.

Prentsa-aretoa izango da Sanferminetan osasunaren inguruan sortzen den informazio guztia emateko tokia.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa