(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Zainketa bereziko eremutzat jo dira Zaraitzu, Ezka eta Binies ibaien arroak eta Irati ugaldearen sistema asteartea, 2014.eko abuztuak 19


19 dira dagoeneko Nafarroako aniztasun biologikoaren erakusgarri diren eremuak


Igaraba edo bisoi europarra dira Zaraitzu ibaiko espezie aipagarrienetako bi ( irudia handitu )

Zaraitzu ibairen, Ezka eta Binies ibaien eta Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistemen inguruak zainketa bereziko eremutzat jo dira.

Foru-dekretu egokiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, zainketa bereziko beste bederatzi eremu izendatzeko fasea amaitu du Foru Komunitateak. Halakotzat jotzen dira Nafarroako aniztasun biologikoaren erakusgarri diren eta, batzuetan, desagertzeko arriskuan dauden habitat naturalak dituzten eremuak. Hortaz, gaur egun, 19 dira ezaugarri horiek dituzten Foru Komunitateko eremuak. 93.313 hektareako azalera hartzen dute guztira.

Zaraitzu ibaia

Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago eta 414,55 hektareako azalera hartzen du; Otsagabia, Ezkaroze, Orontze, Espartza-Zaraitzu, Sartze, Gorza, Galoze, Nabaskoze, Erromantzatua eta Irunberritik pasatzen da.

Zaraitzu ibaia sartzen da eremuan, Otsagabiako Zatoia eta Anduña ibaien elkargunetik hasita Arabiungo arroilaraino.  Haitzarte horretatik irten ondoren, Leireko mendilerroarekiko paralelo igarotzen da, ekialdea-mendebaldea norabidean, Irati ibaiarekin elkartzen den arte, Irunberriren hegoaldean. Xabros ibaia ere eremuan sartzen da, Igari kontzejuko Itxusartatik Zaraitzu ibaian isuri arte, Gorzan. Aizpurgiko arroila ere barne hartzen du.

Ia ibai osoan zeharreko bi ibaiertzetako landaredia nabarmentzen da eremuan. Pirinioetako ibaiertzetako hainbat baso eta baso aurreko motaren adibide adierazgarriak ditu.  Gainera, Europar Batasunaren intereseko beste habitat batzuk ere baditu eremuak, ugaldeen bereizgarri direnak, esate baterako, hondartzetako eta legar-harteetako landareak eta larre eta belardi hidrofiloen eta ihitokien hainbat mota. Flora-espezieen artean, nabarmentzekoa da lathraea squamaria, epipactis palustris edo anemone ranunculoides espezieen presentzia.

Faunari dagokionez, eta zehazki ugaztunen artean, igaraba eta bisoi europarra dira espezierik garrantzitsuenak. Martin arrantzalea eta ur-zozoa ere daude eremuan. Anfibioen kasuan, uhandre piriniotarra nabarmentzen da. Aizpurgiko arroilako haitzetan hegazti harkaiztar aipagarriak daude, hala nola sai zuria, sai area, belatz handia eta belatxinga mokogorria.


Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sisteman, Europar Batasunaren intereseko zazpi habitat mota daude ( irudia handitu )

Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema

Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Orbaizeta, Orbara, Hiriberri Aezkoa, Aribe, Garralda, Garioa, Oroz-Betelu, Agoitz, Longida, Urraulbeiti, Irunberri, Ledea, Zangoza, Orreaga, Auritz, Artzibar, Erro, Esteribar, Lizoain eta Urrotz-Hiria herrietan. 1.101,04 hektareako azalera hartzen du.

Irati, Urrobi eta Erro ibaien hainbat tarte sartzen dira eremuan, baita Txangoa errekaren zati bat ere. Irati ibaiaren bi tarte sartzen dira eremuan, Itoizko urtegiak eteten dituenak; haietako lehena Txangoa errekarekin bat egiten duen puntuan hasten da, eta Orotz-Betelutik behera bukatzen da; bigarrena, berriz, Itoizko urtegitik (Agoitz) Aragoi ibaiarekin bat egin arteko tartea da. Urrobi ibaiaren tartea Alorzar inguruan (Orreaga) hasten da eta Itoizko urtegiaren iparraldeko aldean bukatu, Nagoretik gertu. Erro ibaiaren zatia Irnizan hasi eta Irati ibaira isurtzen den tokian amaitzen da. Azkenik, Txangoa errekaren kasuan, Orbaizetako Fabrikatik Irati ibaira isuri arteko tartea sartzen da eremuan.

Europar Batasunaren intereseko zazpi habitat mota ere gehitu dira inbentarioan, besteak beste, lizardiak, zuhaixka-formako sahasti piriniotarrak eta haltzadiak. Eremu horren barruan sartu da Jauregiaroztegi hezegunea, Nafarroako eremu atlantiko eta piriniotarreko hezegune garrantzitsuetako bat.

Landare-espezieen artean, azpimarratzekoa da galanthus nivalis, Foru Komunitatean katalogatutako espezie nemorala; espeziearen hiru populazio besterik ez dira ezagutzen. Igaraba arrunta, bisoi europarra eta Pirinioetako desmana dira fauna-espezierik garrantzitsuenak. Saguzaren, Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren hainbat kolonia ere daude.

Ezka eta Binies ibaiak

288,67 hektarea hartzen ditu eremuak eta Nafarroako ipar-ekialdean dago, Izaba, Urzainki, Erronkari, Bidankoze eta Burgi herrietan. Belaguako lautadatik pasatzen da, Aztaparreta erreka-zuloan eta Belagua ibaian barna, Uztarroze ibaiarekin bat egiten duen puntura arte. Handik, Ezka ibaian jarraitzen du, Salbaterra Ezkako mugaraino (Zaragoza probintzia). Binies ibaia ere sartzen da eremuan, Olaberria erreka-zulotik (Bidankoze) Ezka ibaira isurtzen den arte (Burgin).

Eremuaren % 40 baino gehiago ibaiertzek osatzen dute, zuhaixka-formako sahastiek eta lizardi piriniotarrek, adibidez. Horri lotuta, azpimarratu beharrekoa da Ezka eta Binies ibaietako sahastiak Nafarroako ibai kantauriar-piriniotarretako zuhaixken %33 baino gehiago direla.

Burgiko arroilan, ezpeldi iraunkorrak daude, baita mosaiko-itxurako garriga submediterraneoak, mendiko baso mistoekin edo pagadiekin.

Eremuko ipar-ekialdeko muturrean, Belagua ibaia morfologia kordatuko ibilgu aktiboa duen ibai-ohe glaziar baten gainetik pasatzen da, zati batean, eta Foru Komunitatean metaketa glaziarren gainetik doan tarte kordatu bakarra da. Ibai-ohe horren legarretan, campanulla speciosa aurkitu da, Nafarroan oso urria den Pirinioetako espezie endemiko bat.

Faunari dagokionez, igaraba, Pirinioetako desmana, Martin arrantzalea eta ur-zozoa dira espezierik garrantzitsuenak, Anfibioen artean, uhandre piriniotarra eta igel piriniotarra nabarmentzen dira. Loina eta penintsulan urritzat jotzen den barbo buztangorria ere badira eremu horretan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa