(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak 2,89 milioi euro erabiliko ditu 2017ra arte bertako biztanleen eta immigranteen arteko bizikidetza hobetzeko ostirala, 2014.eko azaroak 7


32 ekintza aurreikusi dira enplegurako sarbideari, hizkuntz bitartekotzari eta toki-esparruko kultur artekotasunaren sustapenari lotuta, beste gai batzuen artean


Immigrante bat

Immigrante bat.

Nafarroako Gobernuak datozen hiru urteotan 2,89 milioi euro erabiliko ditu bertako biztanleen eta Foru Komunitatean bizi diren jatorri atzerritarreko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko. Ildo horretatik, 32 ekintza egingo dira enplegurako sarbideari, hizkuntz bitartekotzari eta toki-esparruko kultur artekotasunaren sustapenari lotuta, beste gai batzuen artean.

Hala ondorioztatzen da Bizikidetzarako Nafarroako Estrategiaren dokumentutik. Dokumentu hori gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu du Gizarte Politikako kontseilari Iñigo Allik, Gizarte Politika eta Kontsumoko zuzendari nagusi Mariano Otorekin batera. Testu hori Nafarroako Gobernuak egin du toki-erakundeen eta eragile sozialen laguntzarekin, eta haiei bidali zaie azken ekarpenak egin ditzaten behin-behinekoz onartu aurretik.

Aipatu denez, ekimen honen helburua da, Nafarroako bertako biztanleak nahiz Komunitatean bizi baina jatorri atzerritarra dutenak "zerbitzuen sistema publiko baten zati senti daitezen, eskubide eta betebehar berberekin". Horretarako, hiru ildo estrategiko finkatzen dira harrera, integrazio, bizikidetza, partaidetza eta sentsibilitateari lotuta.

Ildo estrategiko horiek 16 neurritan zehazten dira eta haiek, aldi berean, 32 ekintza barneratzen dituzte. Aurrez aipatutakoaz gain, honako hauei lotutakoak nabarmentzen dira: gazteen eta emakume immigranteen aldi baterako ostatua; gazte immigrante eta bertakoen arteko sozializazio eta elkarrekintzarako guneak sortzea; ahuldade-egoeran dauden emakume immigranteen jabekuntza; gaztelania ikastea; eta doako osasun-laguntzarako sarbideari eustea.

Ekintza horiek finantzatzeko aurrekontuaren urteko xehatzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 668.332 euro erabiliko ditu 2015ean, 1.113.695 euro 2016an eta 113.695 euro 2017an.

Nafar berriak

Gaur egun, 2014ko datuen arabera, Nafarroan bizi diren 640.00 pertsonetatik % 13,5 atzerrian jaio ziren, hots, 86.240 bizilagun. Haietatik, % 31 Espainiako nazionalitatea dute eta gainerako bizilagun nafarren eskubide nahiz betebehar berberak dituzte.

Bestalde, Espainiako nazionalitatea ez duten 59.363 pertsonak, hau da, atzerritarrak direnak, Nafarroako biztanleriaren % 9,3 dira; Espainiako batez bestekoa, % 10,7 da. Baldintza erlatiboetan, Komunitateko hegoaldean batzen dira bereziki, Tutera inguruko biztanleriaren % 14,9 dira eta Goi Erriberakoaren % 13,2. Iruñean eta Iruñerrian, atzerritarren ehunekoa Nafarroako batez bestekoaren antzekoa da, % 10,4.

Udalerrien arabera, Castejon da atzerritar gehien dagoen udalerri nafarra (% 23,6); atzetik daude: Alesbes (% 20.9), Larraga (% 19,9), Funes (% 19,4), Milagro (% 18,7), Cintruénigo (% 18,2), Caparroso (% 18,1), Corella (18,1%) eta Cadreita (17,6%).

16 neurri

Aipatu denez, bertako pertsonen eta atzerriko jatorria duten pertsonen arteko Bizikidetzarako Nafarroako Estrategiaren dokumentuak 16 neurritan xehatutako hiru ildo estrategiko jasotzen ditu, eta honako hauek dira:

1. Atzerritarren prozesu juridiko-administratiboak kudeatzea.

2. Atzerritarren araudiari lotutako prozesuen gaineko informazioa eta desbideratzea.

3. Atzerritarrek gaztelania ikasteko aukera izatea.

4. Emakume immigranteen jabekuntza sustatzea beren jatorrizko kultur sistematik sortutako ahuldade-egoerak detektatzean.

5. Gazte immigranteen eta bertakoen arteko sozializazioa eta elkarrekintzarako guneak sustatzea.

6. Jatorrizko herrialdera bere borondatez itzultzea.

7. Gazte eta emakume immigranteei aldi baterako ostatua ematea

8. Kultur aniztasuna kudeatzea.

9. Atzerritarrek Nafarroako osasun-sistemarako sarbidea izatea.

10. Egoera juridiko-administratibo irregularrean dauden biztanle atzerritarren enplegagarritasuna hobetzea.

11. Toki-espazioan kultur arteko bizikidetza sustatzea.

12. Immigranteen elkarteei laguntzea kultur aniztasuna sustatzeko.

13. Migrazio-fenomenoaren gaineko sentsibilizazio-ekintzak.

14. Nafarroako administrazio publikoetako profesional eta arduradun politikoei kultur artekotasuneko arloan prestakuntza ematea

15. Nafarroako migrazio-fenomenoaren gaineko azterketa eta zabalkundea.

16. Hizkuntz eta kultur artekotasuneko bitartekotzan esku-hartzea.

Neurri horiek 32 ekintza batzen dituzte guztira, eta dokumentuan zehaztuta daude haiek justifikatzen dituzten arrazoiekin, deskribapenarekin, helburuekin, pertsona eta talde onuradunekin, egutegiarekin, arduradunekin, jarduera-modalitatearekin, ebaluatzen utziko duten adierazleekin eta aurrekontuarekin.

Bizikidetzaren aldeko apustua

Nafarroako Gobernuak egindako diagnostikoaren arabera, Bizikidetzarako Nafarroako Estrategia egin aurretik, immigranteen presentzia adierazgarria den udalerrietan bertako eta jatorri atzerritarreko biztanleen artean "aldi berean elkarrekin egoteko" harremana dago gehiengo batean; batzuen eta besteen arteko harremanik ez dago kasik, baina errespetatzen dira eta ez dute elkarren artean gatazka handirik.

Aipagarria da, azterketa horrek ere mito faltsuak eraisten dituela horretarako estatistika-datuak erabiliz, esaterako: immigranteak medikutara gehiago joaten diren mitoa, gastu sozial gehiago kontsumitzen dutela, oinarrizko gizarte-zerbitzuak kolapsatzen dituztela edo babestutako etxebizitzen onuradun nagusiak direla, beste adibide batzuen artean.

Nafarroako Gobernuaren apustua da "benetako bizikidetza"-ko harreman batera heltzea bizilagun batzuen eta besteen artean, horretarako toki-erakundeekin koordinatutako zehar-neurriak hartuz. Gainera, Bizikidetzarako Nafarroako Estrategiak jatorri immigranteko biztanleak zerbitzu publiko orokorretara bideratzen ahaleginduko da, aukera-berdintasuna arriskuan utz dezaketen berariazko baliabideak sortu gabe edo bazterketa-egoerak sortzen lagunduko ez dutenak.

Horiek izango dira Estrategiaren helburu nagusiak. Hala, Gizarte Politiketako Departamentuaren arabera, etapa berri bati ekingo zaio, eta bertan immigrante berriak hartzeko fasea gainditu da, migrazio-fluxuak murriztu direlako eta Espainiako nazionalitatea dutenen kopuruak gora egin duelako.

Geratzeko erabakia hartuta

Ehunekoei begiratuta, udal-erroldaren arabera, Nafarroako atzerritarren biztanleria % 1,7tik (2000. urtea) % 9,3 pasa da (2014). Nolanahi ere, balio absolutuetan, azken hiru urteotan Foru Komunitatean bizi direnen atzerritar-kopuruak % 17 egin du behera (71.600 ziren 2011n, eta 59.363 2014an).

Jaitsiera hori migrazio-fluxua gelditu egin delako gertatu da eta jatorrizko herrialdera ere itzultzen hasi direlako batzuk baina, batez ere, Espainiako nazionalitatea lortzeko prozesua bizitu delako. Azken datuen arabera, 2002tik 2013ra Nafarroan bizitako 23.383 atzerritarrek lortu zuten Espainiako nazionalitatea.

Gainera, immigrante gehienek Espainian geratzeko nahia azaldu dute (% 59,2), eta % 11,5ek, berriz, beren jatorrizko herrialdera itzultzeko interesa. Nolanahi ere, bertako pertsonekin alderatuz, pertsonen % 43,9k bizitokiz aldatzeko aukera aipatu du; bertako bizilagun gehienek, aldiz, beren udalerrian geratzearen alde egiten du.

Erabilitako iturriak

Dokumentu hori egiteko, Gizarte Politiken Departamentuak hainbat teknika kualitatibo erabili ditu Nafarroako migrazio-fenomenoaren dimentsioa era sakonean ezagutzeko asmoz, dagozkion politiko publikoak planifikatzen hasi aurretik.

Horrenbestez, elkarrizketa egin zaizkie: Nafarroako eskualdeetako oinarrizko 21 gizarte-zerbitzuri, Parlamentuan ordezkaritza duten sei talde politikori, 5 immigrante-elkarteri eta gizarte-ekimeneko lau entitateri.

Halaber, azterketa-diagnostiko bat ere egin da Cintruenigo, Faltzes eta Larragako udalerrietako partaidetza sozialeko proiektu baten bidez; haren helburua da, udalerri horietako biztanle immigranteen eta bertakoen arteko bizikidetza-egoeraren berri izatea.

Azkenik, Nafarroako Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak (NIBI) hainbat estatistika-iturritatik jasotako datuak aztertu ditu eta gizarteratzeko politika publikoen garapen teoriko nahiz praktikoari lotutako dokumentuak berraztertu dira.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa