(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Gobernu berriko egituraren dekretua sinatu eta bertako kideak izendatu ditu asteazkena, 2015.eko uztailak 22


Kontseilariak ostegun honetan beren karguez jabetuko dira Foru Gobernuaren egoitzan 12:00etan egingo den ekitaldian


Barkos Lehendakariak foru-dekretuak sinatu ditu.

Barkos Lehendakariak foru-dekretuak sinatu ditu. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Foru Administrazioko departamentuen egitura finkatzen duen foru-dekretua sinatu du asteazken honetan. Bederatzi departamentutan antolatuta geratu da Administrazioa eta arlo bakoitzaren buru izango diren kontseilariak izendatu ditu; kontseilari horiek ostegun honetan, uztailak 23, beren departamentuen kargu egingo dira, Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan, 12:00etan, egingo den ekitaldian.

Lehendakaria Nafarroako Parlamentuan bere karguaz jabetu ondoren eta handik minutu gutxira sinatu du foru-dekretua. Barkosek hamahiru dekretu izenpetu ditu (bat Administrazioaren departamentuen egitura finkatzeko, bederatzi kontseilariak izendatzeko eta hiru bi lehendakariordeak eta eleduna izendatzeko), eta ostegun honetan indarrean sartuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu ondoren.

Foru Administrazioa bederatzi departamentutan egituratu da, eta gizonezkoak diren bost kontseilari eta emakumezkoak diren beste lau kontseilari izango dituzte buru: Manu Ayerdi, Gobernuko lehen lehendakariordea izango dena ere, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren buru izango da, eta Miguel Laparra, bigarren lehendakariorde izango dena ere, Eskubide Sozialetako Departamentuko buru.

Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilaria izango da; María José Beaumont, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria; Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Gobernuko eleduna; José Luis Mendoza, Hezkuntzakoa; Fernando Domínguez, Osasunekoa; Ana Herrera, Kultura, Kirol eta Gazteriakoa; eta Isabel Elizalde, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria.

Departamentu bakoitzaren eskumen-arloa

Garapen Ekonomikorako Departamentuari dagokio Foru Komunitateko Administrazioari emandako eskumenak egikaritzea honako hauei lotutako gaietan: ekonomia-jardueraren plangintza eta programazioa; industria, energia eta meatzaritza; industria-jarduera sustatzea; ikerketa sustatzea, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna; kontrol energetikoa eta meatze-kontrola; energia berriztagarriak bultzatzea; Nafarroako enpresen nazioartekotzea sustatzea; lan-harremanak eta ekonomia soziala sustatzea eta antolatzea; lan-bitartekotza; Nafarroako turismo-sektorea antolatu eta sustatzea; barne-merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea; Nafarroako Errepide Sarea proiektatu, egikaritu, kontserbatu, ustiatu eta babestea; interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbide eta aireportuko obrak kudeatzea edo agintzen zaizkion beste antzeko obra batzuk kudeatzea; geologia eta geoteknia; kartografia; garraio-arloaren plangintza, koordinazioa eta politika egikaritzea.

Eskubide Sozialetako Departamentuari dagozkio honako gai hauek: gai sozialak, familia, kontsumoa, haurtzaro eta nerabezaroari emandako arreta; pertsonen autonomia sustatzea; adineko eta desgaituen beharrei erantzutea; gizarteratzea; immigrazio-politikak koordinatzea; garapenerako nazioarteko lankidetza; enplegu, informazio, orientazio, bide-laguntza eta laneratzeko politika aktiboak sustatzea; lan-merkatuko bitartekotza; etxebizitza eskuratzeko aukera sustatzea eta bizitoki-lurzoruko merkatuan esku-hartzea.

Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuaren eskumenak dira: ogasun publikoa; aurrekontua planifikatu nahiz egitea eta kontrol ekonomiko-finantzarioa; finantza-politika eta Estatuarekin nahiz gainerako administrazio publikoekin koordinazio ekonomikoa izatea; ondarea; estatistika; Europako gaiak eta hango politika jarraitzea.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak honako eskumen hauek izango ditu: Gobernuaren Idazkaritza; erregistro orokorra; administrazioa sinplifikatzea eta administrazio elektronikoa garatzea; informazio-gizartea garatzea eta informazio nahiz komunikazioen teknologiak erabiltzea; Nafarroako Aldizkari Ofiziala; gobernu irekia, kode etikoa, jardunbide egokien eta ustelkeriaren aurkako bulegoa; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta haren ordezkaritza eta defentsa epaiketan; Nafarroako Zuzenbidea sustatzea, hauteskunde-prozesuak; funtzio publikoa; segurtasun-politikak; polizia; joko eta ikuskizunak; babes zibila eta larrialdien arreta; Justiziako Administrazioa; delitu-biktimei laguntza ematea, delinkuenteak errehabilitatzea eta gizarteratzea.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari dagozkio honako hauei lotutako gaiak egikaritzea: hizkuntza politika; gizon eta emakumeen arteko berdintasun-politikak; bake, bizikidetza eta giza eskubideen gaineko politikak; azterketa estrategikoak; herritarren partaidetzako politikak; Gobernuko eledunaren funtzioak; Lehendakariari laguntzea; Parlamentu, beste foru-erakunde batzuk, erakunde autonomo, Estatuko erakunde eta Europako erakundeekiko harremanak; Europar Batasuneko erakundeetan parte hartzea; informazio-politika koordinatzea; herritarren arreta; gizarte-komunikazioko baliabideak; Nafarroako Gobernuaren presentzia Interneten eta sare sozialetan; eta Foru Komunitatetik kanpo, eskualdeko etxe eta egoitzetan bizi diren nafarrekin harremanak izatea.

Hezkuntzako Departamentua unibertsitatekoa eta unibertsitatekoa ez den irakaskuntzari lotutako gaien arduradun izango da.

Osasuneko Departamentuak honako hauei buruzko eskumenak ditu: osasun publikoa, lan osasuna, osasun-laguntza eta osasunaren babesari lotutako eskubideak bermatzea.

Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak honako hauei buruzko eskumenak izango ditu: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarren kulturarako sarbidea demokratizatzea; kirola eta gazteria.

Azkenik, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuak ondorengo gaiei buruzko eskumenak izango ditu: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa-garapena; Nafarroako toki-administrazioa; ingurumena babestu eta kontserbatzea; baliabide hidrikoak; lurraldearen antolaketa eta hirigintza; eta eraikuntza-kalitatea kontrolatu eta sustatzea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa