(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako 200 langilek larrialdietako beren koordinazioa probatu dute lurrikara-simulakro batean
larunbata, 2015.eko azaroak 14


Beaumont kontseilaria Kintoa inguruko zonaldean atzo eta gaur egindako probetan izan da


agintariak

Beaumont kontseilaria, Nafarroako eta Frantziako arduradunekin. ( irudia handitu )

Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuetako 200 bat langilek lurrikara-simulakro bat egin dute atzo eta gaur artean Kintoko zonaldean, Safer Pyrineés mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren barnean prestatutako koordinazio nahiz telekomunikazioen sistemak probatzeko asmoz.

Honako proba hauek egin dituzte: baserri bateko sutea itzaltzea, haren barnean pertsonak egonik, eta basoko beste sute bat itzaltzea; biktima askoko trafiko-istripu bat artatzea, haietako batzuk atera ezinik daudela; zaurituak erreskatatzea Eugiko urtegiko presatik erortzean, eta zirkulazioko ezbehar baten ondorioz urtegira eroritako pertsonak erreskatatzea, uretan isurketa toxiko bat eragin duena; lurrikarak ustez kolapsatutako eraikin batean salbamenduko lanak egitea (3,8 magnitudekoa eta epizentroa Bancan izanik, eta 5,4ko zenbait erreplika, epizentroa Alduiden izanik).

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumont simulakroan izan da gaur goizean. Harekin batera izan dira, Barneko zuzendari nagusi Agustín Gastaminza; Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntza Publikoko zuzendari nagusi Mikel Sagües; Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari Victor Rubio; eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendari Felix Esparza; Pirinio Atlantikoetako Sute eta Salbamenduko Departamentuko Zerbitzuko (SDIS 64) hainbat agintari ere bertaratu dira.

Beaumont kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren izenean, doluminak helarazi dizkie Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Suhiltzaileen arduradun Jean Pierre Mirandari eta departamentu horretako Jendarmeriako koronel Michel Blanckaerti.


simulakroa

Presara eroritako biktima bat erreskatatzeko simulakroaren une bat. ( irudia handitu )

Simulakroa

Simulakroan, gaur eta atzo, suhiltzaile, babes zibil eta Foruzaingoaren 40 ibilgailu erabili dira. Gainera, Nafarroako Gobrnuko helikopteroetako bat Aginte Aurreratuko Postu batera mobilizatu da eta errepikagailu mugikorreko ibilgailu bat zonaldeko irrati-estaldura hobetzeko. Gainera, toki horretan, mediku-talde bat izan da saio horietan parte hartutako pertsonek jasandako edozein gorabehera artatzeko. Probak egin bitartean, Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntza Publikoko Zuzendaritza Nagusiak esku hartu du, bai eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ere.

Esan den moduan, simulakro honen helburua Nafarroa eta Pirinio Atlantikoen artean garatutako telekomunikazioko protokoloak eta sistemak probatzea izan da Safer Pyreneés mugaz gaindiko proiektuaren bidez; haren helburua bi administrazioen arteko koordinazioa hobetzea izan da Pirinio aldean sor daitezkeen larrialdiei eta babes zibileko hondamendiei behar bezala erantzuteko.

Proiektu honek 584.000 euroko kostua du, eta haren % 72 Europar Batasunak finantzatzen du babes zibilerako eta itsas poluziorako prebentzio eta prestakuntzako deialdiaren bidez.

Gogora ekarri behar da, Safer Pyreneés-en markoan, hainbat proiektu pilotu martxan jarri direla, SOS-Navarrari deitzeko puntuak jartzea, adibidez, Santiago bideko etapako telefono-estaldurarik gabeko guneetan, Donibane Garazi eta Orreaga artean; mugaren bi aldeetako larrialdi-taldeen artean elkar konektatutako komunikazio-sistema bat jartzea, eta Orreagan nahiz Iratiko basoan wifiko guneak ezartzea.

Lurrikara-arriskua Nafarroan

Seismo-jarduera txikia edo ertaina du Nafarroak. Arrisku-maila handiagoa da Pirinio aldean (Erronkarin eta Salazar aldean bereziki, Arudy-Lourdesko iturri sismiko aktiboaren eraginagatik bereziki, Frantziako Pirinioetan), eta Foru Komunitatearen hegoaldean jaitsi egiten da.

Nolanahi ere, Nafarroak lurrikara izateko arrisku-maila erdi-mailakoa edo neurrizkoa da Espainia guztiarekin alderatuz, eta txikia mundu-mailari erreparatuz. Lurrikara bat gertatuz gero sor daitezkeen kalteak arintzat jo daitezke Iruñerrian eta Ebroko Erriberan, eta erdi-mailako kalteak izango ziren gainerako lekuetan. Kalkulu hori egiteko, zenbait faktore hartu behar dira kontuan, lurzoru-mota eta eraikuntza tradizionalak, esate baterako.

Gogora ekarri behar da, 2011. urtean, Foru Gobernuak lurrikarei aurre egiteko babes zibilaren plan berezi bat onartu zuela, helburu bikoitzarekin: Nafarroako lurrikara-arriskua aztertzea, eta lurrikara bat badago kalteak ahalik eta txikienak izateko erantzun bat zehaztea, herritarrek oinarrizko zerbitzuak ahalik eta bizkorren izan ditzaten berriz. Gaur egun, Babes Zibilaren Zerbitzuak plan hori eguneratzeko lanetan dabil.

Lurrikara batean jarraitu beharreko gomendioak

Nafarroako Gobernuak herritarrei ondorengo gomendioak ematen dizkie lurrikara baten aurrean prebenituta egon daitezen eta jakin dezaten nola jokatu.

Normaltasun-egoeran, Nafarroako Gobernuak etxeko apalak eta eror daitezkeen elementu astunak (koadroak, lanparak...) ondo jarrita eta lotuta dauden berrikusteko gomendatzen du, edo apurtzeko errazak diren objektuak ere. Gainera, beharrezkoa da isur daitezkeen produktu toxiko edo arriskutsuen kokalekua jakitea eta berrikustea.

Errazago aska daitezkeen eraikineko elementuak ere berrikusi eta sendotu behar dira (tximiniak, hegalak, balkoiak…), eta baita hautsi daitezkeen instalazioak ere (elektrizitatea, gasa, ura, saneamendua...).

Lurrikararen bat badago, lasai egon behar da eta zauden tokian geratu. Dardarak segundo gutxi irauten du, baina haren ostean txikiagoko beste batzuk edo erreplikak izaten dira, kalte gehigarriak sortzeko behar besteko indarra dutenak.

Lurrikaran, Nafarroako Gobernuak eraikinetik ez ihestea aholkatzen du, eta ateburuen azian babesa bilatzea, altzari sendo batean (mahaiak, bankuak, oheak...) edo kargako zutabe eta hormen alboan. Nolanahi ere, leiho, kristalera, tximini, trenkada eta eror daitezkeen objektuengatik urrun egotea komeni da.

Dardara gertatzen denean etxetik kanpo dauden herritarren kasuan, Nafarroako Gobernuak eraikin, horma altu, kable eta eror daitezkeen beste objektu batzuetatik urrun dagoen eremu zabal bat bilatzea eskatzen die. Autoan badoaz, dardaraldian ibilgailuaren barnean egotea gomendatzen da, luiziko guneetatik urrun.

Lurrikara amaitzen denean, Nafarroako Gobernuak 112-SOS Navarra larrialdi-telefonora behar-beharrezko kasuan bakarrik deitzeko eskatzen du, telefono-lineak kolapsatu ez daitezen. Ur, gas eta elektrizitatearen instalazioen egoera egiaztatzea ere beharrezkoa da, eta produktu arriskutsuen isurketak garbitzea, halakorik gertatu bada.

Lurrikarak kalte garrantzitsuak eragin baditu, Nafarroako Gobernuak ur, gas eta elektrizitatearen hornidura moztea gomendatzen du; bero-iturriak eta erradiadoreak itzaltzea; argitzeko linternak erabiltzea eta leherketa edo sute bat sor dezaketen kandela edo beste edozein su-mota ez erabiltzea.

Elementu batzuk jasotzea ere gomendatzen du, dokumentazioa, berotzeko arropa edo irrati bat, adibidez; leiho eta ateak ixtea, giltzak ahaztu gabe; eta eraikinetik eskaileretatik ateratzea. Behin kanpoan izanik, eremu zabal bat bilatu behar da, kaltetutako eraikinetatik eta elektrizitate-zutoinetatik urrun; ez da erre edo sua piztu behar; eta salbamendu nahiz garbiketako taldeei etxebizitzaren alboko bide publikoko zatia garbitzen lagundu behar zaie.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa