(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Nafarroaren turismo-garapeneko eredu berri baten aldeko apustua egiten du, lankidetzan oinarritutakoa ostirala, 2016.eko urtarrilak 22


Foru Komunitateko stand-ean landetxeen turismoko ostatu-sarearen 25 urteak ospatu dira


Barkos Lehendakaria, Nafarroaren Egunaren Fiturreko ospakizunean. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Nafarroaren turismo-garapenerako garai berri baten hasiera irudikatu du ostiral honetan Turismoko Nazioarteko Azokan, pertsona, arlo, eragile eta lurraldeen arteko "lankidetzan" oinarritzen dena.

Lehendakariak adierazi duenez, "ibilbide-orri berria" metodologia parte-hartzailearekin prestatuko da, profesionalek dituzten ezagutzak baliatzeko. "Giza taldeetako talentuan dagoen sormen eta ezagutzaren garaia da. Eta hori, soberan dugula ziur nago", esan du.

Hala adierazi du Nafarroaren Egunaren ospakizunean, Manu Ayerdi lehendakariordea eta Landa Garapeneko kontseilari Isabel Elizalde, Iñigo Alli eta Jone Belarra diputatuak, IdoiaVillanueva senataria eta turismo-sektoreko ordezkaritza bat bertan zirela. Esparru horretan, Lehendakariak Gobernuak aurrera eramango dituen lan-ildo nagusien berri eman du. Lehenik eta behin, Nafarroako Turismo Kontseilua, mahai sektorialak eta kudeaketako egiturak berriz definitzearen aldeko apustua egin du, bikoiztasuna saihestu eta erronka berriei aurre egiteko.

Bigarrenik, eskariari dagokionez, datuen azterketa handiagoa egingo dela aurreratu du (big data), eta eskaintzari buruz, "turismo-produktuen mapa" bat, Nafarroaren turismo-esperientzia osatzen duten elementu guztiek elkarri eragiteko. "Mugarriak definitzea beharrezkoa da, eskualde eta hiri bakoitzeko esperientzia garrantzitsuak; hala, beren berezitasunaren balioa nabarmendu eta definituko dituzte", kultur jaialdi handi eta ekitaldi nagusietatik harago.


Fiturreeko stand-a

Nafarroako stand-aren ikuspegia. ( irudia handitu )

Erakusteko formatu berriak

Adibidez, erakusteko formatu berriak bilatzea proposatu du, ondare-proposamen bereziak esaterako –urte bakoitzean zonalde batean– "nafarren belaunaldi berriei interesa sor diezaieketenak beren lurraldea berriz ezagutzeko plazer hutsagatik", bai eta turistak erakartzea ere. Turismoko industria berriak eratzearen alde agertu da.

Sustapenean, Barkosek aurreratu du markari buruzko "gogoeta" bat egin behar dela, eta Nafarroak "mundurako duen irteera alboan ditugun Errioxa, EAE, Aragoi eta Akitaniarekin batera berriz definitu behar duela nazioarteko garapen eta sustapeneko programei dagokienez", hau da, lankidetzako ekonomietara bideratu behar dela.

Barkosek adierazi duenez, Nafarroaren turismo-kokapena "turismoko esperientzia batek esan nahi duena ulertzetik egin behar da, paisaia natural eta giza paisaiarekiko harremana, lurralde eta pertsonekiko harremana", bisitariek toki baten "parte" izateko nahia izan dezatela, bertako kultura "bizitzeko" nahia, luxuaren ideia aldatuz, berezitasuna eta diferentzia dena, batez ere.

Barkosek aipatu du turismoa Nafarroarako zeharkako jarduera bat dela, eta bertan batzen direla: identitatea (zer garen eta zer izan nahi dugu), proiekzioa (aurkezpenerako tresna) eta ekonomia (industria, enplegua eta aberastasuna). Horregatik, legealdi honetan, Turismo arloa lehendakaritza ekonomikoaren mende geratu da.

Landa-turismoa eta paseo musikala

Fiturren ospatutako Nafarroaren Egunaren esparruan, landetxe-sareko merkaturatze bateratuaren lehen esperientzia pilotuaren 25. urteurrena ospatuko da. Foru Komunitatean ingurune natural bikainetan kokatutako 707 landetxe daude gaur egun, baimenduta.

Landa-turismoak turismoko beste eragile garrantzitsu batzuk hartzen ditu barnean, esaterako: landa-eremuko hotelak (31), aterpetxeak (99), kanpinak (24), apartamentuak (111) edo kirol eta kultur jardueretako enpresak (90). Landa-turismoa turismoaren zutabe bat da, eskualdeko BPGren % 7arekin. Nafarroak 1,2 milioi turista hartu zituen 2015ean. Landetxeak eta aterpetxeak estatuko lehen postuetan daude gaualdien hazkundeari dagokionez.

Ekitaldi instituzionala Ayerdi lehendakariordearen agerraldiarekin hasi da, eta hark landa-turismoko sektoreari buruzko bideo bati sarrera eman dio, sektorea "arrakastatsua" izaten lagundu duten historia txikietatik egindako irteera bat, gaztelania eta euskarazko bertsioekin.

Jarraian, Nafarroako Gobernuak, bost ordezkariren eskutik, landetxeen sarearen 25. urteurrena betetzen lagundu duten pertsonei aitorpen bat egin die eta Nafarroa landetxeen esparruan buru izaten lagundu dutenei: Joxepi Miura, Elizondoko Urruska landetxekoa; Angel María Loperena, Garraldakoa (Excursiones Auñak), María Jesús Rey, Beireko aterpetxekoa; eta Kerman Laskibar, Txapi Txuri landa-eremuko hostalekoa. Zehazki, Joxepi Miurak turismoko teknikarien bisitak "ikuspegi berri bat ireki zigula" aipatu du, "nekazaritza eta abeltzaintzako errentak osatu beharra baikenuen, edo emigratzea bestela, gure seme-alabei etorkizun bat eskaintzeko. Gainera, emakumeen garapenerako landa-turismoak zer-nolako garrantzia duen azpimarratu du, "beren etxeetan proiektuak gara ditzaketenak".

Bestalde, Lehendakariak nabarmendu duenez, landa-turismoa turismo-politikaren "funtsezko zutabetako bat da". Nafarroak "landa-turismoaren eta naturaren gainean ildo berritzaileak" sortu izanagatik pozik agertu da, eta horrek Estatuko turismo-erreferentzia bihurtu zuen. Barkosek bultzada hori berreskuratzearen alde egin du, ongi egiten jakitea eguneratzearen alde, erronka berriei aurre egiteko.

Ekitaldia "Nafarroan zehar egindako paseo musikal hunkigarri" batekin amaitu da. Jokin Zabalza eta Javier Olabarrietaren "Harmoniak" obrak pieza bakar batean Nafarroako musikak, erritmoak eta instrumentuak adierazten ditu, eta haiekin Foru Komunitatearen kultura- eta paisaia-aniztasuna. 10 minutuko iraupenarekin, paseo hori zenbait ataletan banatuta dago, eta, eraldatuta, `Entzun arren San Fermin´, mutildantza batekin, Baztango abestiekin, jotekin eta beste melodia batzuekin loturak dituzte. Egungo instrumentuei (bateria, baxua eta pianoa) tradizionalagoak diren beste batzuk gehitzen zaizkie (txistua, alboka edo txalaparta). Ekitaldia Nafarroako pintxoen dastatze gastronomikoarekin amaitu da.

Sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza handiagoa

Madrilen sektore eragileak zeudela-eta, Barkos Lehendakaria Turismo Kontseiluarekin, enpresekin eta Merindadetako hiri nagusiekin (Iruña, Tutera, Lizarra eta Erriberri) bildu da gaur goizean. Gobrnuak lankidetza publiko-pribatua sustatzeko asmoa duela helarazi die Turismoko Plan Estrategiko berriaren idazketan, eta eragile horiek zer behar dituzten entzun du.

Sakana eta zinema

Fiturren azoka asteazkenean hasi eta igandean amaituko da. Asteburuan jende guztia sartu ahalko da. Larunbatean, hilak 23, Sakanako Turismo Elkarteak "Sakana, hariztien bidea" aurkeztuko du, eta Altsasuko Inauterien bi emanaldi izango dira eguerdian eta arratsaldean (inauteri horiek Nafarroako Turismo Intereseko Jaia izendatu da).

Gainera, Nafarroako Zinemaren ibilbidea sustatzeko, Navacleto Agente Sekretua izango den aktore bat espazioan zehar ibiliko da, jendea geldiaraziko du eta Nafarroako stand-a bisita dezaten gonbidatuko, eta bertan beteko du bere misioa ordu guztietan puntuan. Ibilbideko filmak aurkitzeko, jendearen laguntza eskatuko du; izan ere, haren etsai Vazquezek pilula bat eman dio eta ez da gogoratzen. Navacleto topatzen duen orok asteburu bat irabazi ahalko du Nafarroako Zineman, eta baita Navacletorekin selfi originalak egiten dituztenek eta FB Reyno de Navarra Turismoa edota Instagramera igotzen dutenek (#NavarradecineFITUR). Oinarriak turismoko webgunean zintzilikatuta daude (http://www.turismo.navarra.es/imgs/rrtt/10/07/00/00/6928DOCAJ1.DOC).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa