(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak gizon eta emakumeen arteko berdintasunarekin bere konpromisoa adierazi du martxoaren 8ko ospakizunen karira astelehena, 2016.eko martxoak 7


Adierazpen instituzional bat onartu eta arlo horretako prestakuntza programa bat hasi du hitzaldi batekin eta zenbait tailerrekin


Balantza orekatu bat.

Gobernuak, 2016an, berdintasunaren lege berria lantzea, Foru Administrazioko genero-unitateak sustatzea eta elkarteen mugimendua berreskuratzea lehenetsiko ditu.

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du, astearte honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta. Adierazpen horretan, gizon eta emakumeen arteko bere konpromisoa erakusten du, eta baldintza hori, azpimarratu du, oinarrizkoa da "Nafarroako gizarteak aurrera egin dezan giza eskubideen eta demokraziaren esparruan".

Gobernuak aurreratu duenez, 2016ko proiektu garrantzitsuena Berdintasunaren Foru Lege berria lantzeko prozesua izango da, eta haren aurretik Nafarroako egoeraren diagnostiko bat egingo da. Arau horrek, emakumeen indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legearekin batera, "emakumeen eskubideei toki nagusi bat emateko ezinbestekoa den eta nahitaez bete beharreko araudi-esparrua" osatuko dute.

Beste lehentasun batzuk genero-berdintasuneko unitateak sustatzea izango dira, ikuspegi hori politika publikoetan jasotzeaz arduratuko direnak, eta lana emakumeen elkartegintzaren mugimenduarekin berreskuratzea.

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala

Adierazpenaren testuak honako hau dio, hitzez hitz:

Emakumeen Nazioarteko Eguna den Martxoaren 8ko ospakizunen karira, Nafarroako Gobernuak konpromisoa adierazi nahi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin, oinarrizko baldintza delako hori nafar gizarteak aurrera egin dezan giza eskubideen eta demokraziaren esparruan.

NBE emakumeak entitatearen "Emakumeen aurrerabidea munduan, 2015-2016. Ekonomiak eraldatu eskubideak gauzatzeko" izeneko azken txostenean erronka gisa hartzen da lege eta politiketan islaturiko berdintasun formal batetik haragoko berdintasun erreala erdiestea, lege eta politika horiek, emaitzak emateaz gain, erakunde ekonomiko eta sozialak –eta erakunde horiek moldatzen dituzten sinesmenak, arauak eta jarrerak– eralda ditzaten gizarteko maila guztietan, hasi etxe barruetatik eta lan merkatuetaraino, erkidegoetatik erakundeetaraino.

Txosten horren arabera, lan egiteko adinean dauden lau gizonetik hiru biztanleria aktibokoak dira eta, aldiz, lan egiteko adinean dauden emakumeen %50 baino ez dira egoera horretan daudenak. Mundu mailan, emakumeek batez beste gizonek baino %24 gutxiago irabazten dute eta gizon batek baino aukera gutxiago dute pentsio bat eskuratzeko.

Haatik, munduko eskualde guztietan emakumeek gizonek baino lan handiagoa egiten dute: batez beste gizonek baino gutxienez bi eta erdi aldiz gehiago egiten dute etxeko lan eta ordaindu gabeko zaintza lanean, eta ordaindu gabeko lana ordaindutakoarekin konbinatzen badugu, emakumeek gizonek baino lan ordu gehiago egiten dituzte egunean ia herrialde guztietan.

Generoa-pobrezia erlazioari dagokionez, emakumeak zaurgarriagoak dira: pobrezia, ordaindutako lanean sarbidea izateko orduan desberdintasuna, sarrera txikiagoak, babes sozialik eza, eta aktiboetarako (lurra eta jabetza) sarbide mugatua ezagunago dituzte.

Krisi ekonomikoak oro har enpleguari eragin badio ere, gizonen enplegua emakumeena baino azkarrago ari da berreskuratzen.

Genero estereotipoek genero segregazioa dute ondorio, lehenik hezkuntza sisteman eta ondoren lan merkatuan. Neskek oraindik ere aukera txikiagoa dute arlo teknologiko eta zientifikoko ikasketak hautatzeko eta, hala egiten dutenean, aukera txikiagoa dute esparru horietan ordainsari handiko lanpostuak eskuratzeko. "Hautaketa" horiek neskendako aproposak diren lanen gaineko estereotipoetan oinarritzen dira, gaitasunetan oinarritu beharrean.

Gauza bera gertatzen da lan merkatuan. Izan ere, emakume ugari baitago administrazioan eta asistentzian zein zainketarekin loturiko ogibideetan, maiz ordainsari makurragoak izaten dituztenetan.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, honek larriagotu egiten ditu desabantaila materialak eta eragotzi egiten die emakumeei beren egoera hobetzeko balio dezaketen zerbitzu eta aukeretara iristea. Hori, ahaztu gabe hiru emakumetik batek aitortzen duela indarkeria fisiko eta/edo sexuala pairatu duela bere bizitzako uneren batean, ongizate fisiko eta psikologikoan ondorio eta eragin garrantzitsuak izanik.

Nafarroako zenbait daturi dagokionez, emakume parlamentarien ratioa gizon bakoitzeko 0,52 emakume da legegintzaldi honen hasieran. Aldiz, duela 10 urte %0,18 emakume ziren gizoneko. Horrek Nafarroako parte-hartze politikoan aurrerapen bat adierazten du.

Nolanahi ere, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2015eko azken hiruhilekoan, Nafarroako emakumeen jarduera tasa, biztanleriak oro har duen jarduera tasari dagokionez, Estatuko bosgarren handiena da, %53,38rekin, baina gizonen tasa baino txikiagoa da, 8 puntu portzentual txikiagoa.

Nafarroako emakumeen langabezia tasa gizonena baino handiagoa da, %15,2 emakumeen kasuan eta %12,06 gizonen kasuan. Horrek genero arraildura eragiten du lan munduan, gainerako erkidegoetakoa baino handiagoa termino absolutuetan eta portzentualetan, %30,46 baita.

Okupazioari dagokionez, emakumeen enplegu tasa txikiagoa da gizonena baino, %43,12 eta %55,46. Gainera, emakumeen kontratazioan dagoen partzialtasuna %26,6 handiagoa da gizonena baino. Horrela, emakumeen kontratuen %32,8 partzialak badira, gizonen kasuan %6,2k baino ez du kontratu mota hori.

Nolanahi ere, Nafarroan goi mailako hezkuntza duten emakumeak %33,1 dira, gizonak (%30,7) 2,4 puntutan gaindituz.

Emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, egunean 3 salaketa jartzen dituzte Nafarroako emakumeek. Joera hau mantendu egin da azken urteetan, baina gora doa Nafarroako Gobernuaren zerbitzu espezializatuek artaturiko emakumeen kopurua: 500 izan ziren 2014an, eta 528, aldiz, 2015ean.

Gizarte testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez dituen lan ildoetan, Administrazioko Genero Berdintasunerako Unitateetako lana bultzatuz eta finkatuz jarraitzen du, administrazioan zeharkako genero ikuspegi bat txertatu ahal izateko nahitaezkoa den urrats gisa, bere eginez politika publiko guztien kudeaketan eragina izanen duten urteko programak departamentu bakoitzean finkatzeko konpromisoa.

Gobernu honek bere egiten du genero berdintasuna gizarte eta herritar esparruan sustatzeko erronka, emakume elkarteak bultzatuz. Azken hauek izanen dira, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluarekin batera, agertoki politiko berri batean, ildo estrategikoak ekarriko dituzten hausnarketa berriak sortzen lagunduko duten parte-hartze sozialeko organoak, mundu diferente bat eraikitzeko, emakumeen ekintza gaitasuna, ahotsa eta banakako zein talde mailako parte-hartzea indartuz.

Baina, zalantzarik gabe, aurtengo proiekturik garrantzitsuena Berdintasunerako Foru Lege berri bat sortzeko prozesuaren hasiera izanen da. Giza eskubideen itunetako konpromisoek, kasu CEDAWk, estatuak behartzen dituzte emakumeen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko positiboak diren neurriak hartzera, baita legeriak, politikek eta ustez neutralak diren genero alorreko irizpideetan oinarrituriko programek emakumeengan eragin kaltegarria dutenean eman daitekeen egiturazko eta zeharkako diskriminazioa ezabatzera ere.

Horregatik, Berdintasunerako Foru Lege berria, Nafarroako egoeraren diagnostiko bat aurrez duela, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Foru Legearekin batera, ezinbesteko araudi esparrua izanen da, nahitaez bete beharrekoa, emakumeen eskubideak erdigunean jartzeko politika ekonomiko eta sozialak diseinatzeko eta aplikatzeko orduan. Horrek, zalantzarik gabe, gizarte bidezkoago eta berdinago bat ekarriko du, ekonomia indartsuago eta oparoago batekin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa