(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bidasoa ibaia berritzeko lanak egiten hasi dira egoera ekologiko ona berreskuratze aldera ostirala, 2016.eko abuztuak 12


Neurriak inplikaturiko tokiko agenteekin batera adostu dira, Life+Ireibai europar programaren parte hartzeko prozesuaren esparruan


Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta GAN enpresa publikoaren bidez, hasiera eman die Bidasoa ibaia berriztatzeko lanei, inplikaturiko tokiko agenteekin batera adostutako neurriak abian jarrita, Life+Irekibai europar proiektuaren esparruan. Programaren helburua da arroaren egoera ekologiko ona berreskuratzea; hórrela, arrain-hazkuntza erraztu eta ibaiko habitataren gaitasuna gehituko da. 

Parte hartzeko prozesuaren lehen zatia amaitu ondoren, honako hauek jarri dira abian: eragozpenak kentzea, ibaiertzak berreskuratzea, bertako arrain-hazkuntzako faunaren segimendua egitea eta zenbait espezie inbaditzaile aztertzea.

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batera garatu dute proiektua, Leitzaran eta Bidasoa erreken konexioa berreskuratzeko eta arro horietan kokatutako habitat eta espezien (Natura 2000 guneetako interes komunitariokoak) kontserbatze-egoera bermatzeko asmoarekin. Nafarroak 1,5 milioi euro inbertituko ditu Bidasoa arroan 2016-2020 denboraldian, eta %60a Europar Batasunak finantzatuko du. Aurrekontua, guztira, 3 milioi eurokoa da.

San Martingo eta Endarlatsako presak

Parte hartzeko prozesuaren ondorio gisa, lehendabizi San Martingo presa (Berako Zentrala) eraitsiko da, ingurumen aldetik irabaziko delako eta udalerrian uholdeak izateko aukera murrizten duelako. Obra 94.775 euroren truke esleitu da jada, eta abuztuaren amaiera aldera hasiko dira. Presa horretan lehen energia elektrikoa ekoizten zen. Konfederazio Hidrografikoaren emakida 1910. urtekoa da, eta gaur egun ez da erabiltzen. Presak 103 m-ko luzera du ibaiertz batetik bestera eta 2,86 m-ko altuera; presa erabat kenduko da. Halaber, bidexka egingo da errotatik mendiaren barnealdera eta handik lehengo zentralera doan deribazio-kanalean.

Egun hauetan hasi dira, baita ere, emari ekologikoaren kontrol-elementuak ezartzen Bidasoan erabiltzen den zentral hidroelektriko nagusian, eta abuztua amaitu baino lehen bukatuko dituzte lanak.

Beranduago, agortearen amaieran, Endarlatsako presa kenduko da. Horren esleipen-kostua 71.995 eurokoa da. Parte-hartze prozesua dela-eta, presa horren uhateak irekitzea bideragarria zen aztertu zen, baina ekainean egindako azterketak, prozesuaren jardunaldietan aurkeztutakoak, proposamena ez zela bideragarria erakutsi zuen. Jardunaldi horietan adostu moduan, presaren ondoan bide berdetik eroritako horma berreraikiko da, ibaian inpaktu txikiagoa izatearren eta kostu ekonomikoa murriztearren. Bestalde, Iturengo eta Txaruta ubideko eragozpenak 2017. urtean kenduko lirateke.

Ubidea eta ibaiertzak

Irekibai proiektuan ubideak eta erriberak zaharberritzeko aukera ere jasotzen da. Tokiko erakundeek eta lan-taldeak 22 proposamen aurkeztu dituzte berritzeko aurreikusitako ekintzak osatzeko, teknikariak bisitatzen eta baloratzen hasi diren lekuetan. Emaitzen gaineko txostena abenduan aurkeztuko da.

Abuztuan zehar, Kantauriko arroetan bisoi amerikarra harrapatzeko eta ezabatzeko lanak ere hasi dira. Espezie inbaditzaile horrek bisoi europarraren (desagertzeko arriskuan dagoen espeziea) egoera larria areagotzen du. Lan hori lau urtetan luzatuko da, eta 69.400 euroren truke esleitu da.

Bestalde, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia bertako zenbait espezieren habitaten eta biztanleriaren segimendua egiten hasi da (adibidez, Iberiar desmana), emaitzak egokiak diren edo lana egiteko modua aldatu behar den ikusteko. Horrez gain, presak eraitsi aurretiko izokinaren segimendua egiten ari dira, eta, irailetik aurrera, kanpoko lanei hasiera emango zaie Bidasoan trabetako arrainen pasabideen funtzionamendua aztertzeko. Kolakaren eta lanproiaren segimendurako lanak 2017. urtetik aurrera hasiko dira.

Proposamen horiez gain, gogoratu behar da Ingurumenak jadanik abian jarri duela parte hartzeko prozesua, Nafarroan arrantzaren kudeaketa hobetzeko asmoarekin, eredu hori hobetze aldera Foru Komunitatean.

Era berean, proiektu osoan zehar, egiaztatu nahi dira eragozpenak kentzeak Bidasoako geomorfologian eta Ezkurra eta Txaruta ubideetan sortuko dituen aldaketak eta presak eraistearekin egoera ekologikoaren hobekuntzan izan daitezkeen efektuak.

Bestalde, Irekibai proiektuan bertako biztanleria sentsibilizatu nahi da ibaiak dituen balioen inguruan; beraz, udazkenean boluntariotza eta ikasleentzako programa abian jarriko dira.

Parte-hartzeari buruzko datuak 

Parte hartzeari dagokionez, adierazi behar da prozesuaren lehen fasean (otsaila eta ekaina artean) egindako bileretan, jardunaldietan edo tailerretan 100 pertsonatik gora bildu direla. Horrela, hobetzeko 73 proposamen eta aldaketa aurkeztu dira.

Ekarpen horien artean, lan-taldeak egindakoak aipatu behar dira. Lan-taldea honako hauekin zerikusia duten 26 lagunek osatu dute: hezkuntza, toki-administrazioa, elkarteak, adituak, arrantzaleak, ibaiertzekoak, besteak beste. Horiek ere proiektuaren barruko jarduerak aztertu dituzte.

Ondoren, proposamenak segimendu-batzordeak baloratu ditu. Batzordea honako hauen ordezkariek osatu dute: Bidasoa, Leitza eta Goizueta udalerriak; Cederna-Garalur; Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa; Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; eta GAN. Batzordeak ezarri beharreko neurriak adostu ditu kontuan hartuta parte hartzeko prozesuko emaitzak, eta proiektua aplikatzeko erabaki-proposamen bat egin du.

Gainera, arrantza-espezien segimenduari eta ubideak eta ibaiertzak berreskuratzeari buruzko hiru tailer egin dira. Halaber, Leitzaran ibaiaren arroa iragazkortzeko lanak bisitatu dira Andoainen (Gipuzkoa), hori guztia aurrez aurre ikuste aldera.

Ekarpenak

 

Parte hartzeko prozesuan egindako ekarpen nagusiak honako puntu hauetan oinarritzen dira:

- Berako San Martin presa eraisteko lanak 2016. urtera aurreratzea eta Berako ubidea Berako eta Endarlatsako obrako hondakinekin betetzea. Gainera, mapak eguneratzea eta udalerri horretako uholde-aukeren kalkulua jasotzen dira.

- Endarlatsako presako uhateak irekitzearen bideragarritasuna aztertzea, eraitsi ordez. (2016ko ekaina).

- Endarlatsako presa eraistea 2016ko agorraldiaren amaierarako.

- Bide berdea konpontzea, Endarlatsako eraiste-lanak aprobetxatuaz.

- Berreskuratze ekologikoaren inguruan toki-erakundeek eta lan-taldeak egindako 22 jarduera-proposamenen aurkezpena. (2016ko uztaila-abendua).

- Zalain Zokoko presa txikia eraistea Lesakan. (2017).

- Erregeletak jartzea ubidean, ubide ekologikoaren betetzea ikusi ahal izateko Las Nazasen. (2016ko abuztua).

- Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea plangintza hidrologikoaren esparruan ubideak adosteko prozesuarekiko interesa eta zatirik sentiberenetan iraungitako emakida hidroelektrikoak berritzeko beharra. (2016ko ekaina).

- Nafarroako arrantza-kudeaketaren inguruko arrantza-proposamenak parte hartzeko prozesura eramatea. Jadanik bi jardunaldi egin dira. (2016ko ekaina).

Azkenik, adierazi behar da parte-hartze prozesuaren bigarren zatian proiektuaren ekintzen segimendua egingo dela.

 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa