(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Punto de Vista jaialdiak Oteizak filmatutako grabazio eta super8 erako film argitaragabeak, eta bere lanean oinarritutako filmak programatuko ditu
asteartea, 2017.eko otsailak 21


Ostiral honetatik aurrera eros daitezke sarrerak Internet bidez, Punto de Vista webgunean eta Baluarterenean, baita Baluarteko leihatilan bertan ere


Jorge Oteiza bere lantokian.

Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak lau saio programatuko ditu Jorge Oteizak egindako grabazio eta super8 erako film argitaragabeekin, bai eta euskal eskulturagilearen lanean oinarrituta beste zinemagile batzuek egindako filmekin ere. Horixe iragarri dute, gaur goizean jaialdiaren hasieraren eta azkeneko berritasunen berri emateko Baluarte egindako prentsaurrekoan.

Han izan da Ana Herrera Kulturako, Kiroleko eta Gazteriako kontseilaria, Oskar Alegria Jaialdiko zuzendari artistikoarekin batera; Alegria Heterodoxias zikloko protagonistarengan zentratu da, eta azaldu du zaila dela filmik egin ez zuen zinemagile bati buruzko atzerabegirako bat egitea. "Hala ere, Jorge Oteizaren existitzen ez den obrari eskainitako lau zinema-arratsalde beteko ditu Punto de Vista jaialadiak", adierazi du.

Heterodocsias da bidegabeki baztertuta geratu diren gure herrialdeko zinemagile heterodoxoei eskainitako jaialdiaren atala da, eta Jorge Oteiza da, zalantzarik gabe, zinemaren heterodoxo gorena; bere buruan sortutako gidoi ugarietatik bat bera ere filmatu ez zuena, baina ohar eta gidoietan idatzitako bere balizko zinemaren ondare ederra utzi zuena.

Oteizak ez zuen filmik egin, hainbat arrazoirengatik: batez ere, bere garaian zinemak zituen zailtasun teknikoengatik; lan kolektiboa zen nahitaez, eta bulkada indibidual sortzailearen indarra galdu egiten zen prozesuan, eta diluituta edo aldatuta geratzen zen azken emaitzan. Bere zinemak, bada, ideiagintza askeko lehenengo etapa horretan geratzea erabaki zuen, oraindik egilearekiko leialtasunari eusten dion etapa horretan.

Horrela, bada, hiru bidetan oinarrituko da Oteizari eskainitako jaialdiaren atzerabegirakoa: lehenengoa, bere ideietatik sortu eta beste batzuek filmatu duten zinemari dagokiona; A propósito de Oteiza izenburuaren pean aurkezten diren bi saioak eskainiko zaizkio horri, hau da, Oteiza inspirazio-iturri hartuta egin den zinema. Bigarren bidea izango da Oteizak berak filmatutako super8 erako filmen eta bere film-ideien inguruko soinu-grabazioen forman, bere artxiboetan ezkutatutako zinemarena: El Hombre que huye izenburuaren pean aurkeztutako Oteizaren zinema-altxorrak. Eta, azkenik, jaialdiaren amaierako galan, ikus-entzunezko antzerkiak Orioko sortzailearengana hurbilduko gaitu; itxiera horretan, Oteiza zinemarekin lotzen da eta, aldi berean, jaialdiaren edizio honetako gaiarekin, HEGAN EGITEA, Oteiza y la luna izenburuko festan.

Jorge Oteiza 1908an jaio zen Orion, eta euskal eskulturagile nagusia da Eduardo Chillidarekin batera; eskulturaren arloko nazioarteko saria irabazi zuen 1957an, Sao Pauloko Biurtekoan. Bere lana hustasunaren eta desokupazioen muturreko proposamen batean oinarritzen da, egiten ari zenaren aurka –bere zinema bezala, unean unekoaren aldeko apustua egiten baitu, memoriaz hustutako gizonari zuzenduta–. 1963an, bere eskulturagile ibilbidea uztea erabaki zuen, diziplina horretan bere diskurtso guztia amaitu zela ikusi zuenean, eta zintzotasun handiz aitortu zuen dagoeneko ez zuela ekarpen berririk egiteko. Orduan, buru-belarri eskaini zitzaion olerkiari eta zinemari, zinemaren teknika masiboari berak zioen bezala, eta zineman, eskulturan eta olerkigintzan harrapatzerik lortu ez zuen gizona harrapatzea zuen helburu. Horrela, zinemaranzko desbideratze hori eta eskultura alde batera uztea logika esperimental baten ondorio izan ziren, eta ez gutizia baten ondorio.

Adibidez, esaten zuen lan egin zuen lehenengo filma, egiatan, bere azken eskultura izan zela: Acteon, egin zuen lehenengo gidoi luzea, eta pantailetara eraman zena (baina Jorge Grauk zuzenduta; horren haserre zegoen Oteiza emaitzarekin, ezen bere izena kredituetatik kentzea eskatu baitzuen). "Eskultorea zineman izan naiz ni", esaten zuen erabateko artista honek, arteak hermetiko eta beren buruaren hilotz bihurtzen dituzten muga guztiak ezabatuz. Horren aurrean, Jorge Oteiza bizi-bizia eta berpiztua aurkeztuko dugu hemen, paradoxikoa bezain bikaina, zinemaz gainezka dagoen zinemarik gabeko zinemagile bikain gisa.

Sarrerak salgai 

Punto de Vista jaialdiaren hamaikagarren edizioaren emanaldietarako sarrerak ostiralean, hilak 24, jarriko dira salgai, Interneten, Punto de Vista jaialdiaren webguneko lotura batean (www.puntodevistafestival.com) eta Baluarteren webgunean (www.baluarte.com); aurrez aurre erosteko aukera ere badago, Baluarteko leihatilan (Baluarte plaza, z.g.).

Hona hemen leihatilen ordutegia:

-Baluarteko leihatila, Baluarte Plazan: astelehenetik larunbatera, goizez eta arratsaldez (11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara).

-Baluarteko Hall-eko leihatilan, jaialdian zehar: martxoaren 6tik, astelehena, martxoaren 10era, ostirala, 09:30etik 13:00etara; astelehena, hilak 6, eta larunbata, hilak 11, arratsaldez, 16:30etik 20:30era; eta martxoaren 7tik, asteartea, martxoaren 10era, ostirala, arratsaldez, 16:30etik 22:30era.

Punto de Vistaren webgunean ikus daiteke jaialdiaren egitarau osoa; gainera, eskuko egitaraua deskarga daiteke webgune horretan bertan. Informazio gehiago, jaialdiaren bulegoan: arretarako ordutegia: 09:30etik 14:00etara, eta 16:30etik 20:30era.

Luce Vigo

Atsekabe handiz hartu du jaialdiak Luce Vigoren heriotzaren berria; Luce Vigok lanean jarraitzen zuen, Parisetik Nafarroako jaialdiarekin kolaboratzen ari zen. Bere oroimenez, hari eskainiko dio jaialdiak hamaikagarren edizio hau, eta omenaldi-saio bat programatuko du, bi lan eskainita: L’Atalante, Jean Vigoren film mitikoa, eta Cruzando caminos con Luce Vigo, Luce Iruñan egon zen aldi batean Jem Cohenen filmatutako erretratua.

Atal Ofiziala-Eskualde Nagusia

Bederatzi luzemetrai eta bederatzi laburmetrai lehiatuko dira Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren Atal Ofizialean-Eskualde Nagusian; martxoaren 6tik 11ra izango da jaialdia.

Europan, Amerikako Estatu Batuetan, Tunisian edo Brasilen, gaur egungo krisiak, ezegonkortasunak eta erresistentzia politikoak argiztatzen dituen aukeraketa bat da aurtengoa; non Treblinkarako trenen iragana Greziako eskuin muturrekoen manifestazioen kontrapuntua baiten; non ezgaitasuna eta haurtzaroa filmatzeko modua birplanteatzen baiten; non itxuraz kontrajarriak diren kulturen arteko elkarrizketa saiakerak frogatzen baitiren; non ama galtzearen min unibertsalari hitzak eta irudiak jartzen baitzaizkion, eta non errefuxiatuen Mediterraneoko dramari heltzen baitzaion.

Luciano Emmer egileari eskainitako atzerabegirakoa

2017ko edizioan, Punto de Vista jaialdiak atzerabegirakoa eskainiko dio Luciano Emmer (1918-2009) zinema- eta telebista-lan oparoaren egileari: hirurogeita hamar dokumental baino gehiago, fikziozko hamaika luzemetrai, eta publizitate-iragarki mordoxka. Bere lanik ezagunenak fikziozko film batzuk dira; berrogeita hamarreko hamarraldian, arrakasta handiz batu zituen film horietan neoerrealismoa eta italiar komedia. Hala ere, bere bizitzaren amaieran, Con aura… senz’aura bere autoerretratu sortzailea den filmean bere lana gogora ekartzean, temati jokatu zuen bere filmografiaren zati bat bakarrik gogoratzeko eta nabarmentzeko: arteari buruzko filmak. Horiekin iritsi zen zinemagintza profesionalera hogei urterekin, eta fikziozkoa ez zen zinemagintzaren lerro oso baten iraultza ekarri zuen.

Maria Cañas, Pilar Monsell eta Omar Razzak, gonbidatutako errealizadorean X Filmetan

Zazpigarren deialdi honetan, X Films proiektuak Espainian, fikziozkoa ez den zinemagintzaren panoraman egiten den zinemarik alternatiboaren onena ordezkatzen duten hiru gazte aukeratu ditu. Maria Cañas, Pilar Monsell eta Omar Razzak gazteek jaialdian zehar filmatutako entsegu-proiektu bat aurkeztuko due, Nafarroa izango duena oinarri geografikotzat.

Gainera, Velasco Brocaren Nuevo altar eskainiko du jaialdiak, 2016rako aukeratutako eta egindako proiektua; Tubal figura mitikoa aurkezten digu proiektu horrek, eta pertsonaia horrek bere tribuarekin batera zeharkatu zituen paisaiak eta lekuak erakusten ditu.

Hegan zikloa 

Bederatzi programatan banatutako berrogei film; horiexek osatzen dute, dagoeneko iragarritako inaugurazioko –II Castello (Massimo D´Anolfi, Martina Parenti, 2011)– eta itxierako –Nuestro siglo, Artavazd Pelechian, 1982– saioekin batera, Punto de Vista jaialdiaren aurtengo atzerabegirako tematikoa, HEGAN izenekoa, eta gizakiak hegan egiteko duen nahiari eskainitakoa, baina baita hegaztien hegaldiak ezkutatzen duenari, airearen osaerari, aireportuen egunerokotasunari, astronauta baten sentipenei, tranpolin-jauzilarien akrobaziei, lainoen botere hipnotikoari, xeke arabiarren zapelatzekiko pasioari, hegaldun izaki bihurtzeko saiakerei, zinemagilearen begirada bertikalari eta zeruko beste ibiltari batzuen abenturei eskainitakoa ere.

Filmen atal hori hainbat programatan dago banatuta, eta hegan egiteari buruz hausnartzeko gonbita egiten du: grabitatearen legea, erorketa, droneak, jauzi egitea, zeruaren azterketa, lainoen atzealdea, hegaztiak eta zeruko beste ibiltariak aztergai izango dira, bere saioen bitartez aireratze progresiboa proposatzen duen ideien azterketa honetan. Hasteko, bidaiariak lurrean atxikita, Italiako aireportu batean. Amaitzeko, kosmonauta sobietarrak, airean zintzilik. Tartean, hegaldia eta haren inguruabarrak. Zikloko bi film: Massimo D’Anolfiren eta Martina ParentirenII Castello, eta Artavazd Pelechianen Nuestro siglo izango dira inaugurazio- eta itxiera-saioetako protagonistak.

Zinemagile handien erretratuen zikloa

Dokumentalgile bikainen bost aurpegi edo profil aurkeztuko ditu Punto de Vista jaialdiak bere XI. edizio honetan, metazinema eskainiz, bere bertsiorik pertsonalenean: berak filmatu ordez, zinemagilea denean filmatua.

Hunter hunted da plano horretarako adierazpidea; nahi gabe, filmaren egilea irudiaren hondoan ageri da, errodajeko hutsegite batean. Badaude horrelakoen bildumak egiten dituzten fetitxistak. Hemen, bost figura horien erretratugileek lehen planora ekarriko dituzte. "Ehiztari ehizatua" ziklo berriak bost film dakarzkigu, Abbas Kiarostami, Manoel de Oliveira, Raul Ruiz, Jean-Luc Godard eta Chris Markerrengana hurbiltzen gaituztenak. Bost maisu horiek istorioak irudi bidez kontatzeko duten pasioa agerian uzten dituzten bost proposamen "Ehiztari ehizatuan".


Punto de Vista jaialdiko kontzertuak

Bost musika-emanaldi egongo dira jaialdian, zinemaz harago doazen arte-adierazpideetara irekitzeko bere asmoan: Sherpa, Kokoshca, Gari, Cabezafuego eta Amorante izango dira edizio honetako bost kontzertuen protagonistak.

Horregatik, antzerki-ziklo batez eta La quinta pared izeneko dokumental bat proiektatzeaz gain, berriro egongo da 2016an abian jarri eta arrakasta itzela izan zuen irrati-kontzertuen formatua, zinemaz harago doan elkartzeko hitzordua eskainiz. Iruñeko Katakarak liburudendako kantinan (Kale Nagusia, 54) zuzenean grabatuko dute Radio 3 irratiko El Septimo Vicio irratsaioa; edonor joan daiteke, doan, asteartetik (hilak 6) ostegunera (hilak 9), 21:00etatik aurrera.

Gainera, ostiralean, hilak 10, Baluarteko Kongresuen Jauregiko sarrera nagusian, Amoranteren emanaldia egongo da; sarrera, irekia. 21:30ean hasiko da kontzertua.

Pilotari buruzko bi filmez osatutako saio berezia

Kirol horri eskainitako saio berezia antolatu du Punto de Vista jaialdiak. Jørgen Leth daniarraren bi film ikusteko aukera egongo da, 30 urteko aldearekin filmatutakoak, gure tradizioan denboraren joanak izan duen eragina ikusteko. Hori guztia, protagonista diren pilotarien parte-hartzearekin; filmaren ondoren egingo den eztabaidan izango dira. Baita Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa ere, gure frontoietan ibili zenean zinemagile daniarraren gidari izan zena, eta berarekin batera zuzendu zuena.

Aldi bereko jarduerak

Hirian zehar hedatzeko helburuz, Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak, aldi bereko hainbat jarduera antolatu ditu XI. edizio honetan, Iruñeko eta eskualdeko 12 kultura-gunetan egingo direnak. Gayarre antzokian, La quinta pared izeneko antzerki dokumental zikloa eskainiko da; bi antzezlan aurkeztuko dira, errealitatea kontatzeko beste modu batzuk aldarrikatzen dituztenak. Otsailaren 5ean eta 7an, Maruja enamorada eta Nadia lanak taularatuko dituzte, fikziorik gabe, bere bizitza propioak protagonizatuko dituzten aktoreek. Bestalde, Niza eta Plaza Baluarte kafetegiek eta Civican zentroak, programa horren beste zati bat eskainiko dute; hain zuzen ere, Etiquette izeneko auto-antzerki lan bat. Ikusleek, bikoteka, mahaietako batean garatzen den ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute, aurikularren bitartez jasotzen dituzten jarraibideen arabera.

Gainera, Huarte Arte Garaikideko guneak zinema dokumentalari buruzko tailerra eskainiko du, Sergio Oksman zinemagile brasildarraren eskutik.

Jaialdiaren beste eginkizun sozial bat izango da ikastetxeetan egingo duen lana; zinema kontatzeko moduari buruz Oskar Alegria jaialdiaren zuzendari artistikoak prestatu duen tailerra eskainiko dute ikastetxeetan. Vazquez de Mella ikastetxe publikoan eta Jaso Ikastolan hasiko da ekimena, eta egitarauan "Inoiz ikusi gabeko filma" bezala iragarritako saio batean ikusi ahal izango dira ekimenaren emaitzak, ekimenaren ezustekoa gordetzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa