(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta CENIFER zentroak bioeraikuntzako ikastaroa sustatu dute astelehena, 2017.eko martxoak 27


Jarduera horretan izena emateko epea irekita dago; Lizason (Ultzama) izango da ikastaroa maiatzetik irailera, Estatu osoko erreferentziazko irakasleen eskutik


Barraskilo itxurako eraikinean egongo da "slow food" eskola. ( irudia handitu )

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak – Nafar Lansarek, CENIFER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren bitartez, Bioeraikuntzaren arloko lanbide heziketako ikastaro pilotua sustatu du; bioeraikuntza da material naturalak eta bertakoak bakarrik (hala nola, harria, lurra, lastoa, adobea, karea eta egurra) erabiltzen dituen eraikuntza-modalitatea.

Espainian Bioeraikuntzari buruzko berariazko ikastaro ofiziala antolatzeko egiten den lehen saiakera da. Iñaki Uria arkitekto bioklimatikoak zuzenduko du ikastaroa, eta Estatu osoko erreferentziazko irakasleek emango dute.

Nafar Lansarek eta CENIFER zentroak dagoeneko ireki dute ikastaro pilotu horretan izena emateko epea; doakoa da, eta maiatzaren 9an hasi eta irailaren 8an amaituko da. Lizason (Ultzama) izango da ikastaroa, Ultzama Fundazioarekin lankidetzan. 20 plaza daude, eta lehentasuna izango du eraikuntzako gremioetako langabeek.

Behin edukiak aztertu ondoren, CENIFER zentroaren helburua da, energia berriztagarrien arloan trebatzeko nazio mailako erreferentziazko zentroa den aldetik, Prestakuntza-espezialitateen Katalogo Nazionalean sartzea eta Estatu osoko eraikuntzako langileak zein irakasleak trebatzen edo birziklatzen hastea.

Horrela, Nafar Lansarek eta CENIFER zentroak aurrea hartu diote gai horretan trebatzeko dagoen gero eta eskari handiagoari; eskari hori handitzen joatearen arrazoia da gero eta handiagoa dela ingurumenaren eta energia-eraginkortasunaren inguruko kontzientzia ere, Nafar Lansareko Gaitasun Profesionalen Garapenaren zerbitzuko zuzendari Ignacio Catalanek eta CENIFER zentroko teknikari Alberto Diazek prentsaurrekoan azaldu dutenez.


Ikastaroaren aurkezpena, Lizason. ( irudia handitu )

Proiektu pilotua: Lizason barraskilo itxurako eraikin bat eraikitzea

Ultzama Fundazioarekin lankidetzan egingo da ikastaro hori; Ultzama Fundazioa garapen jasangarriarekin lotutako arloa bultzatzen ari da Lizason. 2013ko irailean jarri zuen abian bere Abeltegi Eskola; eskola horren bitartez, ikastetxeak, familiak eta, oro har, turistak sentsibilizatzen ditu lehen sektoreak (animaliak, mami-tailerrak, 0 kilometro elikagaiak), ekologiak eta permakulturak duten garrantziari buruz.

Fundazioak bere buruari jarri dion helburu bat da janari osasungarriei buruzko nazioarteko proiekzioa izango duen munduko lehen "slow food" eskola eraikitzea. Eraikin nagusiak barraskilo itxura izango du, eta 225 metro koadrokoa izango da.

Ikastarorako onartzen dituzten pertsonek, bioeraikuntzako irizpideekin eraikin oso bat eraikitzen ikasiko dute. Hain zuzen ere, ikasgela-jantoki erabilera izango duen eraikinaren zati nagusia (barraskiloa) eraikiko dute, 200 metro koadro baino gehiago izango dituena (ikasgela-jantokia, sukaldea, komunak eta zerbitzurako beste gela batzuk) eta 25 lagunentzako edukiera.

Ikastaroa doakoa da, Nafar Lansarek hartuko baitu bere gain irakasleen kostua, eta Ultzama Fundazioak materialena. "Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren beste adibide bat da, alde biak ateratzen dira irabazten, eta kasu honetan, gainera, efektu biderkatzailearekin; izan ere, Espezialitateen Katalogo Nazionalean sartuko dugu ikastaroa, eta Estatu osora heda daiteke", adierazi du Ignacio Catalan Nafar Lansareko Gaitasun Profesionalen Garapenerako zerbitzuaren zuzendariak.

Abeltegi Eskolako Beatriz Otxotorenak, berriz, ikastaro honek Ultzamaren garapen jasangarrian eta nekazal turismoan izango duen eragina azpimarratu du, eraikuntza-proiektuak onurak ekarriko baitizkio eskualdeari, "ahaztu gabe bertako janariei buruzko sentsibilizazio-lana egiten ari garela". Eskualdeko udal ordezkariak egon dira prentsaurrekoan.

Hautapen-prozesua

630 bat orduko iraupena izango du ikastaroak eta praktikoa izango da batez ere. Igeltserotzako (zimenduak, lastozko hormak, entokadura buztintsuak, karea eta sabai biziak), arotz-lanetako (egitura, lurzorua eta teilatua) eta berogailu- eta hozte-sistema pasiboetako (naturalak) prestakuntza eskainiko zaie ikasleei, bai eta lan-arriskuen prebentzioko gaiak.

Interesatuek izena eman dezakete www.formaccion.info atarian, cenifer.com webgunean eta enplegu-agentzietan. Izena ematen dutenen artean hautapen-prozesu bat egingo da; eraikuntzaren arloan duten esperientzia eta ibilbidea eta izangaien motibazioa hartuko dira kontuan. 07:00etatik 15:00etara izango dira eskolak, maiatzaren 9tik irailaren 8ra.

Hamar ikasleko bi talde egingo dira, eta bi irakasle izango ditu talde bakoitzak. "Oso ikastaro osoa eta praktikoa izango da, eta arreta ia pertsonalizatua eskainiko zaie ikasleei", adierazi du CENIFER zentroko Alberto Diazek.

Slow Food

Haurrei, ikasleei, familiei eta nekazaritzako turistei zuzenduta dago Slow Food Eskola. Janari egokiari (osasungarria eta kalitatezkoa) buruz sentsibilizatzeaz gain, janari zuzenari (prezio egokia nekazari eta abeltzainentzat) eta garbiari (pestizidarik gabe) eta hurbilekoari (100 kilometro baino gutxiago) buruz sentsibilizatuko du eskolak. "Bizitza-filosofia bat ere erakutsiko du: erritmoak eta denborak errespetatzearen, aniztasunaren, kontzientziaren garapenaren, parte-hartzearen eta beste hainbat alderdiren garrantzia", esan du Otxotorenak. Urrian inauguratuko dutela aurreikusten dute.

Ez dago mundu osoan ikaskuntza horiek biztanleria osoari eskaintzen dizkion horrelako zentrorik; izan ere, dagoen unibertsitate bakarra Italian dago, eta sukaldariei bakarrik zuzendutakoa da. Ultzama Fundazioak eskola eraikitzeko Slow Fooden baimena eskuratu du eta, Caja Navarra Fundazioaren laguntzarekin, era guztietako erakundeen laguntza jasotzen ari da (Nafarroako Gobernua, tokiko administrazioak, elikadurarekin lotutako enpresak, ikerkuntza-zentroak, unibertsitateak, etab.).

Bioeraikuntza eta Nafarroa

Eraikuntza konbentzionalaren aldean (hormigoia eta adreiluak), ingurumenarekiko errespetua (aztarna ekologiko txikiagoa), osasunarekiko errespetua (material toxiko gutxiago), energia-eraginkortasuna (isolamendu termikoa, berogailu eta hozte-sistema artifizialaren erabilera txikiagoarekin) eta obraren kostua (kalitate/prezio harremana) dira eskaintzen dituen abantailak.

Nafarroan, sistema hori erabili da zuzkidura-eraikin batzuetan (Lorenean, Noaingo Zentzuen Parkean; Berriozarko gaztetxean), turismo-erabilerako eraikinetan (Arbizuko kanpina), bai eta etxebizitza batzuetan ere (Usun). Frantzian, eskola publikoak ere eraiki dituzte material horiekin. "Bioeraikuntza ez da turismo-azpiegituretan bakarrik aplikatzen. Bizitegien eta zuzkidura publikoen esparrura ere ari da hedatzen. Gero eta jende gehiagok eskatzen du, alergia, kontzientzia edo energia-gastu txikiagoa tarteko", azpimarratu du Iñaki Uriak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa