(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2017an, 2,3 puntu murriztu zen langabezia-tasa Nafarroan, % 10,2an geratu arte, estatuko batezbestekoa baino 7 beherago




osteguna, 2018.eko otsailak 1


Behin-behinekotasuna bi puntu jaitsi da urtebetean, eta tasarik baxuena duten autonomia-erkidegoetan hirugarrena da Nafarroa


Mujeres trabajando.

Emakumeak lanean.

Nafarroan, 2017 osoan, biztanle aktiboen % 10,2 egon zen, batez beste, langabezian, aurreko urtean baino 2,3 portzentaje-puntu gutxiago, eta estatuko batezbestekoa baino % 7 gutxiago. Gainera, % 2,1 jaitsi da kontratuen behin-behinekotasuna.

Errealitate Sozialaren Behatokiak 2017ko Populazio Aktiboaren Inkestari buruz egin duen ikerketan, ikusten da, halaber, beherantz doala lanik aurkitzen ez dutenen kopurua —2015etik, % 3,6 jaitsi da, eta, 2013tik, % 7,7—, eta gero eta enplegu gehiago berreskuratzen dela. 2017an, 5.000 pertsona aktibo eta 11.200 landun irabazi zituen populazioak.

2017ko Populazio Aktiboaren Inkesta aztertzetik ateratzen den beste datu aipagarri bat da jaitsi egin dela behin-behinekotasuna —2016an % 25,1 izatetik iaz % 23 izatera pasatu zen—. Ehuneko hori, krisiaren aurretik, % 30 zen, baina behin-behineko enpleguak suntsitu ziren gehien.

Nafarroako behin-behinekotasun tasa % 23 da, eta datu hori onena den estatuko autonomia-erkidegoetan hirugarrena da, Madrilen eta Kataluniaren atzetik (% 19 eta % 21,6, hurrenez hurren). Nafarroak estatuko batezbestekoa baino (% 26,7) 3,7 puntu gutxiagoko indizea du.

2017an, mugagabeko kontratuen ehunekoa 2006an eta 2007an baino handiagoa izan da, eta, zifra absolututan, soldatapeko herritarren kendura 3.700 lagun da; beraz, ez dago orduko kopurutik oso urrun. Puntu horretan, soldatapeko emakumeek behin-behinekotasun handiagoa dute, baina badirudi azken urtean murriztu egin dela alde hori. Besteak beste, kontuan izan behar da arrazoi hau: sexuaren araberako enpleguaren banaketa sektoriala. Gizonak baino emakume gehiago ari dira lanean behin-behinekotasun handiagoa duten jardueretan. Horren adibide argia dira merkataritza, osasuna eta hezkuntza.

Hala ere, Errealitate Sozialaren Behatokiko, Plangintzako eta Gizarte Politiken Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñónek azaldu duenez, langabezia-tasa zein behin-behinekotasuna nabarmen hobetu badira ere, bere horretan jarraitzen dute krisi ekonomikoak enpleguarentzat izan dituen ondorio larriek. 2007. urtearekin alderatuta, 16.800 lagun gutxiago ari dira lanean Nafarroan, eta 17.200 lagun gehiago daude lanik gabe.

Jakina denez, Nafarroan, 14.600 lagun ari ziren lan bila 2007an, eta, 2013an, 56.400 —urte horretan igo zen gehien langabezia—. 2017an, 31.800eraino jaitsi da lan bila zebiltzanen kopurua.

Sexuaren, adinaren eta ikasketa-mailaren araberako banakapena

Langabezian dagoen populazioaren sexukako banaketan, 2007koaren antzekoa da gizonen eta emakumeen proportzioa: lan bila dabiltzan 10 lagunetik 6 emakumezkoak dira.

Adinari dagokionez, antzeko banaketa ikusten da lehenengo lau adin-tarteetan. Nolanahi ere, aipatzekoa da 2017an lanik gabe zeuden herritarren % 21ek 25 urte baino gutxiago dituela, ia % 25ek 35 eta 44 urte bitarte dituela, eta % 31,1ek 45 urte baino gehiago dituela. Kasu honetan, langabeen % 21ek 45 eta 54 urte bitarte ditu, eta % 10,1ek, 55 urte baino gehiago. Ikerketan, deigarria da gaur egun krisiaren aurretik baino askoz langabe gehiago daudela 45 urtetik gorakoak. 2007an, langabe guztien % 22k 45 urte baino gehiago zituen. Datu hori kontuan hartzekoa da, 50 urtetik gorakoentzat zailagoa baita lana aurkitzea.

Ikasketa-mailari dagokionez, nabarmentzekoa da langabe guztien % 30ek, gutxi gorabehera, Populazio Aktiboaren Inkestan goi-mailakotzat jotzen diren ikasketak dituela, % 60k Bigarren Hezkuntzako ikasketak dituela, eta gainerako % 10ak oinarrizko ikasketak dituela (Lehen Hezkuntzara arte). Gainera, 2017an, pertsona gehiagok zituzten goi-mailako ikasketak; gainerako kategorietakoek, berriz, behera egin dute; hau da, berriro ere, krisiaren aurretik bezalatsu. Beraz, arreta handiagoz aztertu behar da datu hori, eta beste iturri batzuekin alderatu, hala nola langabezia, kontratazioa eta Gizarte Segurantzako afiliazioa, sortzen ari den enplegu-motari eta eskatzen den prestakuntza-mailari dagokienez.

Sektorekako banaketan, elementu gako bat ikusten da: 2017ko langabe guztietatik, erdia baino gehiago lehenengo enpleguaren bila dabil, edota —eta hau da, ziurrenik, arrazoi nagusia— urtebete baino gehiago darama langabezian. Bestalde, langabezian daudenen % 4 lehen sektorekoa da, % 11 industriakoa, % 2 eraikuntzakoa, eta gainerako % 32a zerbitzuen sektorekoa. Komeni da kontuan izatea 2007an Nafarroako langabeen % 14 industriakoak zirela, % 10 eraikuntzakoak, eta % 43 zerbitzuetakoak.

Atzerritarrei dagokienez, langabezia-tasa jaitsi egin da krisialdiko unerik larrienarekin alderatuta; hala ere, espainiarrekiko aldea ez da murriztu, handitu baizik. 2017an, atzerritarren % 31,8 zegoen lanik gabe; espainiarren kasuan, berriz, % 8.

Adierazi denez, populazio aktiboan izan den langabezia, hau da, langabezia-tasa, beherantz doa etengabe; 2017. urtearen amaieran, populazio aktiboaren % 10,2 zen, baina, hala ere, 2007koa baino 5,5 puntu handiagoa. Alde horretatik, aipatzekoa da egiturazko langabeziatik hurbil dauden langabezia-mailak, “enplegu betearekin” alderatuta, ordukoak baino handiagoak izango direla ziur, krisiak epe ertainean eta luzean izango duen eragina dela eta.

Gobernuak gai honetan dituen kezka nagusietako bat luzaroko langabezia da, krisiaren eragin kaltegarrienetako bat. Urteko kalkuluaren arabera, luzaroko langabezia ere jaitsi egin den arren, langabeen ehuneko handi batek urtebete baino gehiago darama langabezian; zehazki, 14.075 lagunek, langabe guztien % 44,3k. Oso luzaroko langabeziaren kasuan (2 urte baino gehiagokoa), 9.700 langabe kalkulatzen dira, langabe guztien % 30,5. Hala ere, nabarmen jaitsi da: % 34,5 gutxiago urtebetean (zehazki, 7.400 langabe gutxiago), eta % 51 gutxiago 2013tik (luzaroko 14.425 langabe gutxiago). Desoreka horri dagokionez, kontuan izan behar da 2007. urtearekin alderatuta luzaroko 11.575 langabe gehiago daudela; beraz, epe laburraz harago ditu eraginak arazo horrek.

Estatuko batezbestekoarekiko aldeak

Nafarroak jarraitzen du langabezia gutxien duen autonomia-erkidegoa izaten. Estatuko batezbestekoa % 17,2 da, hau da, Nafarroakoa baino zazpi puntu handiagoa. Estatuko batezbestekoarekiko alderik handiena 2014an lortu bazen ere (8,7 puntu), krisiaren aurretik, langabezia-tasa % 5 ingurukoa zen urteetan, estatuarekiko aldea hiruzpalau puntukoa zen. Orduan ere, Nafarroa zen langabezia-tasa txikiena zuen erkidegoa, baina aldeak egungoak baino txikiagoak ziren. 2010-2013 denboraldian, Nafarroa bigarren postuan egon zen, nahiz eta estatuarekiko distantzia 8 puntu baino gehiagokoa izan.

Gizarte Segurantzako afiliazioak, % 9,3 gora

Jasotako datuek erakusten dute, orobat, enplegua erritmo handiagoan sortu dela azken urtean, 2014an hasitako gorakadaren ondoren.

Lana duten herritarren kopuruari dagokionez, 2017an, batez beste, 278.700 lagun ari ziren lanean, 2016an baino % 4,2 gehiago, 2015ean baino % 5,5 gehiago, eta 2013an baino % 8 gehiago. Ehuneko horiek ez daude Gizarte Segurantzako afiliazioak ematen dituenetatik oso urrun —horiek ere urteko batezbestekoak dira (% 3 2016arekiko, % 5,6 2015arekiko eta % 9,3 2013arekiko)—.

Lana dutenen ezaugarriei dagokienez, 2017an, haien ehunekoa % 55,3 izan zen, krisiaren aurreko urteetakoa baino txikixeagoa; izan ere, gogorarazi behar da emakume gehiago ari direla lanean atzeraldia hasi zenetik. Urteko kalkuluaren arabera, 2007an baino 13.100 emakume gehiago ari dira lanean Nafarroan, % 10 gehiago.

Lana dutenen adinari dagokionez, bi alderdi nabarmendu behar dira. Batetik, lana duten gazteen ehunekoa, gutxi gorabehera, % 5 da, 2006an eta 2007an baino txikiagoa (% 9 inguru); horren arrazoia da beranduago hasten direla lanean, kasurik onenean ikasten jarraitzen dutelako. Gogorarazi behar da krisiak agerian utzi zuen gauza bat dela, hain justu, prestakuntza urriko gazteak goizegi hasten zirela lanean. Bestetik, 55 urte edo gehiagoko landunek serieko ehunekorik handiena dute (% 17,4) —2007an % 12 ziren—. Komeni da hori kontuan izatea enplegu-berriztapena aztertzean. Zifra absolututan, halako 48.500 lagunek dute lana.

Nazionalitateari dagokionez, lana duten espainiarren ehunekoa serieko handiena da (% 93), krisiaren aurreko urteetako % 89tik urrun.

Banaketa sektorialari dagokionez, aipatzekoa da ezen, 2017an, lana zutenen % 27k sektore industrialean ziharduela; ehuneko hori duela urtebetekoa baino handixeagoa da, baita krisiaren aurreko urteetakoa baino handixeagoa ere. Zerbitzuen sektoreak ere pisu handiagoa du krisiaren aurreko urteekiko —2017an, % 64; 2007an, % 58—.

Lanpostu guztien % 16 lanaldi partzialekoa da. Ehunekorik altuena 2015ean izan zen (%18,4), eta, orduz geroztik, jaitsi egin da gutxika. Hala ere, krisiaren aurrekoa baino handixeagoa da, garai hartan lanpostu guztien % 14 inguru baitzen lanaldi partzialekoa.

Soldatapeko herritarrak, % 5,3 gora

Soldatapeko herritarren kopurua % 5,3 igo da urtebetean, % 10,1 bi urtean, eta % 11 2013az geroztik. Aldiz, 2007an baino soldatapeko 3.700 langile gutxiago daude. Beraz, oraindik ere 2007an baino 16.800 landun gutxiago badaude, alde horren arrazoi nagusia da gehiago jaitsi dela soldatapekoa ez den enplegua, hau da, norberaren kontuko lana (enplegatzaile eta langile autonomoak).

Kontratu-motari edo lan-harreman motari dagokionez, soldatapeko enplegu mugagabea % 77 izan da 2017an. 2,2 puntu igo da urtebetean, eta 3 puntu 2015etik. Ikus daitekeenez, krisiaren unerik txarrenean, ia % 80 izan zen. Kontuan izan behar da, hain zuzen, behin-behineko enpleguak izan zirela gehien suntsitu zirenak.

Beraz, lan-prekarietateari lotutako beste gai bat da ezen, ezegonkortasunaren edo behin-behinekotasunaren barruan, behin-behineko enpleguak kalitate txarragokoak direla, aldizkakoagoak, iraupen laburragokoak, soldata baxuagokoak, lan-karga handiagokoak… Adierazleek diote soldatapeko langile tradizionalaren eta orain laneratzen diren langileen arteko arrakala gero eta handiagoa dela, eta muturreraino iristen dela “lan-merkatuaren dualizazioa”.

Beste ezaugarri bat da soldatapeko emakumeek behin-behinekotasun handiagoa dutela, baina badirudi azken urtean murriztu egin dela alde hori. Besteak beste, kontuan izan behar da arrazoi hau: sexuaren araberako enpleguaren banaketa sektoriala. Gizonak baino emakume gehiago ari dira lanean behin-behinekotasun handiagoa duten jardueretan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
PresentaciónAnálisisEPAmediasanuales.pdf
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa