(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Errenta Bermatua jaso eta lan egin dezakeen pertsona orok enplegua izanen du lehendabiziko bi urteen barruan astelehena, 2018.eko otsailak 26


Nafarroako Gobernuak pobrezia larria erdira murrizteko helburuari ere eutsi dio


Transcripción textual del video

Eskubide Sozialen lehendakariorde Miguel Laparrak, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek eta Hezkuntza kontseilari María Solanak Gizarteratze Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dute astelehen honetan. Dokumentu honen bidez, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du, Errenta Bermatua jaso eta lan egin dezakeen pertsona orok lanik gabe bi urte baino gehiago ez egoteko eta horien % 50ek lehenengo 12 hilabeteen barruan enplegua lortzeko konpromisoa. Gainera, Exekutiboak pobrezia larria erdira murrizteko konpromisoa hartu du. Erabilgarri dagoen 2015eko azken datuaren arabera, biztanleriaren % 8,8 zegoen pobrezia larrian.

lana

Eraikuntzako bi langile

Eskubide Sozialen lehendakariorde Miguel Laparrak, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek eta Hezkuntza kontseilari María Solanak Gizarteratze Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dute astelehen honetan. Dokumentu honen bidez, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du, Errenta Bermatua jaso eta lan egin dezakeen pertsona orok lanik gabe bi urte baino gehiago ez egoteko eta horien % 50ek lehenengo 12 hilabeteen barruan enplegua lortzeko konpromisoa. Gainera, Exekutiboak pobrezia larria erdira murrizteko konpromisoa hartu du. Erabilgarri dagoen 2015eko azken datuaren arabera, biztanleriaren % 8,8 zegoen pobrezia larrian.

Babestutako enplegu soziala gisako formulen eta enplegu-politika aktiboen laguntzaz, Foru Exekutiboak erantzuna eman nahi die iraupen luzeko langabezian dauden pertsonen egoerarik larrienei, enplegua baita pertsona horien gizarteratu eta lan-munduratzeko funtsezko elementua. Horrela, Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonen % 50ek lan-munduratzeko aukera izanen dute lehendabiziko 12 hilabeteen barruan, eta gainerakoetan, lan egiteko moduan daudenek lanposturen bat jasoko lukete 2 urte egin baino lehen. Laparra lehendakariordeak ziurtatu duenez “Errenta Bermatuaren jasotzaileen enplegagarritasunari buruzko diagnostikoak bukatzen ari garen arren, helburua eskakizun handikoa baina arrazoizkoa dela uste dugu”.

Exekutiboak, halaber, pobrezia larria erdira murrizteko helburua bereganatu du, izan ere, 2015ean bildutako azken datu erabilgarriaren arabera, Nafarroako biztanleriaren % 8,8 pobrezia larrian zegoen, NASTATek urte horretako autonomia-erkidegoko batez bestekoan (5.150 €) oinarrituta landutako Nafarroako Errentaten Estatistikari jarraiki. Gobernuak gutxienez % 4,4ra murriztu nahi du pobrezia larria. Izendapen honi atxikita dago pobrezia-mailaren azpian –diru-sarreren erdiko balioaren % 30, pertsonen kontsumo-unitateko– bizi diren pertsonen portzentajea.

Dokumentuak etxebizitza eskubide subjektibotzat jo du, hau da, Administrazioari eska dakiokeen eskubidetzat, eta horren ondorioz, etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien dituzten sektoreei –hots, gazteak eta familia kalteberak; 2.500 familia-unitate, guztira– zuzendutako etxebizitza-eskaintza zehazteko beharra ezarri du. Puntu honetan, Gobernuak alokairu sozialeko etxebizitza edo alokairua ordaintzeko laguntza eskaini nahi die gazte guztiei nahiz merkatuko alokairua bikoizten duten diru-sarrerak ez dituzten erregistratutako pertsona eskatzaile guztiei, baldin eta aurretiaz eskaini ez bazaie edota azken 5 urteotan eskaintza honi uko egin ez baldin badiote.

Hezkuntza arloan, hezkuntzarik eza baita bazterketa eragiten duten beste faktoreetako bat, Gobernua eskola-abandonu goiztiarra murriztu eta % 8tik beheiti kokatzeko modua aztertzen ari da, betiere kontuan izanda 2017an arazo honek Nafarroako gazteen % 11,3ri eragiten ziela eta, 2020ko mugari begira, Europar Batasunak % 10eko helburua ezarri duela Batasun osorako eta % 15ekoa Espainiarako.

Aurrekoarekin bat etorrita, Planak ikasten nahiz lanean ez diharduten gazteen proportzioa murriztu nahi du. Adierazle hau % 14,3koa zen Nafarroan 2017an, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Hezkuntzari buruzko Estatistikaren arabera, eta helburua Foru Komunitatean % 10aren azpitik murriztea da, 15 eta 29 urte bitarteko biztanleen artean.

Osasunaren arloan, Planak % 10 murriztu nahi ditu Errenta Bermatuaren jasotzaileen osasun-egoeran hautemandako desberdintasunak. Kontuan izan behar da pertsona hauen osasun-egoera biztanleria osoarena baino dexente txarragoa dela, gaixotasunak pobreziarekin duen lotura estuaren seinale. Horren harira, haur eta gazteen obesitatea eta gainpisua hiru aldiz ohikoagoa da Errenta Bermatuaz profitatzen diren pertsonen artean, faktore hau zuzen-zuzenean lotuta baitago elikagai osasungarriak eskuratzen eragozten duten oztopo ekonomikoekin. Era berean, diabetesa ohikoagoa da kolektibo honetan. Horrekin batera, nabarmendu behar da, Errenta Bermatuaz profitatzen diren 40 urtetik goitiko emakumeen % 40k depresio-koadroak dituela edo izan dituela. Azkenik, 5 urteko adinaz geroztik, asaldura mental larrien intzidentzia handiagoa izan ohi da Errenta Bermatua jasotzen duten biztanleen artean.

Planean aurreikusi denez, finkatutako adierazleek eta bereziki 6 helburu estrategiko hauek hobekuntza nabarmenagoa ekarriko diete bazterketa sozialaren egoera gehien pariatzen duten biztanleria-taldeei: haur eta gazteei, emakumeei, jatorri atzerritarreko biztanleei, komunitate ijitoari edota guraso bakarreko etxeei, baita egun intzidentzia gehien duen lurraldeei ere.

Aurkeztutako dokumentua azken 20 urteotan landutako lehendabiziko Gizarteratze Plana da (aurrekoa 1998koa izan zen) eta lau urteko indarraldia (2018-2021) aurreikusi zaio. Foru administrazioko zenbait departamenturi eragiten dion neurrian, zeharkako dokumentua da, eta honen elaborazioan, toki-erakundeek, ekimen sozialekoek, oinarrizko gizarte-zerbitzuek eta prestazio desberdinen erabiltzaileek ere parte hartu dute. Gaur egun, Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean jartzeko administrazio-prozesuan dago, datozen hilabeteotan onartu baino lehen.

Gizarteratzea eta Errenta Bermatua arautzen dituen Foru Legea abiapuntutzat hartuta landutako dokumentu honek gizarteratzeko eskubidea gorpuzten du.

Plana bi bloke nagusitan eta 7 ildo estrategikotan egituratuta dago. Lehenengo blokean, honako ildo estrategiko hauek bildu dira: “Diru-sarreren bermea eta oinarrizko beharrak”, “lan-munduratzea” eta “gizarteratzea”. Bigarren blokean, ondoko ildo estrategiko hauen inguruko neurriak zehaztu dira: “etxebizitza”, “hezkuntza”, “osasuna” eta “gizarte-erantzukidetasuna”.

Enplegua, diru-sarreren bermea eta oinarrizko beharren estaldura

Planak Errenta Bermatuaren egungo eredua finkatzeko beharra nabarmendu du, babes sozialari dagokion potentzialtasuna hedatuz, eta alargunen pentsioak nahiz gainerako pentsio baxuak zaintzeko sistema hobetu eta sistemaren prestazio-multzoari koherentzia emateko beharra azpimarratu du.

Neurririk garrantzitsuenen artean, Errenta Bermatuaren eta gainerako prestazioen kudeaketa, informazioa eta kontrola sinplifikatzen jarraitzeko beharra aurreikusi du, horien ebaluazio jarratuari eutsiz, gizarteratzeko eta lan-munduratzeko ezarriak dituen helburuetarako. Era berean, lan-munduratzeko mekanismoak indartu nahi ditu, Errenta Bermatua jasotzen dutenen % 50ek gutxienez prestazioa jasotzen hasi eta lehendabiziko urtebetearen barruan lan-eskaintzaren bat jaso dezaten, eta lan egin dezaketen pertsonen % 100ek prestazioa jasotzen hasi eta bi urte igaro aurretik lan-eskaintzaren bat jaso dezaten. Horretarako, enplegu-politika aktiboak eta babestutako enplegu sozialeko politikak kolektibo hauei zuzenduko zaizkie nagusiki, Legean bildutako enpleguaren aldeko pizgarriei buruzko zabalkundean eta informazioan ahalegin handiagoa eginez.

Halaber, Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea betez, Errenta Bermatuaren zenbatekotik goitiko lan-errentak jasotzen dituzten pertsonei zerga-kenkaria aplikatzeko aukera aztertu eta ezarriko da, hala badagokio.

Aurrekoaz gain, enpleguaren arloan, bestelako neurriak ere aurreikusi dira; hala nola, Nafar Lansareren eta gizarte-zerbitzuen arteko elkarlana, prestakuntza-eskaintzak lurraldeko beharretara eta bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonen profiletara egokitzea, arazo hau larriagoa den lekuetan ahalegin handiagoa eginik, lan egiteko moduan ez dauden pertsonei zuzendutako izaera okupazionaleko ekintzak sustatzea, eta, behar bezala ebaluatu ondoren, berrikuntza sozialeko ERSISI proiektua Tuteran eta Altsasun garatzen ari den enplegu eta gizarte politiken eredu integratua Nafarroa osora hedatzea.

Gizarteratze arloan, Planak oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko Dekretuaren aldaketa ekarriko du, lehen mailako arreta ardatz gisa harturik. Arreta-eredu integratua ezartzea da Gobernuaren helburua, eta horretarako, gizarte-zerbitzuen zorroa aldatuko du. Ezarri beharreko beste neurri bat gizarte-akonpainamendua da, izaera okupazionaleko alternatiben sustapenarekin batera. Gizarteratze-prozesu honetan, gizarte-kohesioa eta bizikidetza sustatzeko protokoloak planteatuko dira biztanleria ijitoari begira, edota errefuxiatuendako harrera-protokolo bat.

Etxebizitzaren arloan, Gobernuak bere horretan mantenduko du etxebizitza soziala eraikitzeko estrategia, eta berritasun gisa, etxebizitza erabiliaren erosketa publikoa egiteko aukera aztertuko du, gazteen integrazioa eta emantzipazioa sustatzeko helburuari jarraiki. Halaber, alokatzeko poltsa publikorako etxebizitzak erakartzeko kanpainak indartuko ditu eta etxebizitza bana bermatuko die ISAE (integrazio sozialeko alokairuzko etxebizitzak) programari atxikitako familia-unitate eskatzaileei, 2.500 familia-unitatera iritsiz. Departamentuak etxebizitzen birgaikuntza sustatzeko eskaintzen dituen neurriei eusteaz gain, Planak Housing first proiektua hedatzea du xede. 2017az geroztik abian dagoen programa pilotu hau etxerik ez duten pertsonei zuzenduta dago. Etxebizitzan gizarteratzeko programa Erriberako eskualdera zabalduko da.

Zehazkako plana: osasun eta hezkuntza arloetako neurriak

Osasun arloan, Planak bazterketa sozialeko egoeran edo horren arriskuan dauden pertsonen osasun-egoera hobetzea aurreikusi du, kolektibo honek osasun-sistemaz baliatzeko dituen zailtasunak gaindituz, esparru sozio-sanitarioa bultzatuz eta esku-hartzerako, lankidetzarako, koordinaziorako nahiz informazio-trukerako esparruak hobetuz.

Neurririk garrantzitsuenen artean, bazterketa sozio-sanitarioaren arriskuan dauden pertsonen historia klinikoa identifikatzea aurreikusi da, arreta-eredua beraien behar espezifikoetara egokitzeko asmoz, kalteberatasun berezia edo bazterketa sozialaren arriskua duten biztanleendako arreta-protokolo integralak landuz eta arreta goiztiarreko programa 0-6 urteko adingabeengana hedatuz nahiz arrisku psikosozialeko faktoreak dituztenengana zabalduz. Beste neurri bat izango da, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei tratamenduetarako irisgarritasuna erraztuko dieten laguntza edo prestazio osagarriak bultzatzea, haurtzaroko desgaitasunari lotutako premiei arreta berezia eginez.

Gainera, lehentasuna emanen zaie zerbitzuak eskualdeetara hurbiltzeari eta Bizitzaren Autobusa gisako neurriei, tratamendu klinikoez baliatzeko egin beharreko joan-etorrien ondoriozko zailtasun ekonomikoak murrizteko xedez. Halaber, pertsona ardatz gisa hartuta Tafallan abiarazitako arreta sozial eta sanitario integralerako proiektu pilotua nabarmendu behar da.

Azkenik, Esku-hartze Komunitario Soziosanitariorako Kontseiluak sortzea aurreikusi da, behar trinkoak dituzten kasu espezifikoen gaineko esku-hartze komunitarioa eta kudeaketa integrala lehenesten laguntzeko, betiere Osasuneko eta Errealitate Sozialeko Behatokiek emandako datuetan oinarrituta.

Hezkuntza arloan, Planak, beste hainbat ekintzaren artean, honako hauek proposatu ditu ezarritako helburuak lortu ahal izateko: hezkuntza-baliabideen zentrokako nahiz eskualdekako banaketa hobea bultzatzea, laguntzaren premia handiena duten ikastetxeak identifikatuz eta berrikuntza zein hobekuntza planei ekiteko behar dituzten baliabideez hornituz, eta horrekin batera, bazterketa eta hezkuntza-sistemarekiko abandonua saihestu eta prebenitzeko ekintzak inplementatzea, departamentuen arteko sareko lana sustatuz zonaldeen arabera, hezkuntza-sistema barneratzailea lortzeko xedez.

Puntu honetan, Hezkuntza kontseilari María Solanak adierazi du “2016/2017 ikasturtean, Nafarroan, ikasleen % 90,51 DBHan graduatu zela, azken bost ikasturteotako kopurik handiena. Hezkuntza Departamentuak eskola abandonua ahalik eta gehien prebenitzeko neurrien aldeko apustuari eusten dio, metodologia eraberrituz eta aniztasunari arreta eginez”.

Ikuspegi orokorretik begiratuta, Planak gizarte-erantzukidetasunaren arloko giltzarrizko neurriak bildu ditu, diskriminazioaren aurkako eta tratu-berdintasunaren aldeko kanpainetan eta ekintzetan sartzeko, eta horretarako, komunikabideen inplikazioa ere lortu nahi du. Horren harira, gizarteratzeko eta lan-munduratzeko sistemetatik etorritako pertsonei zuzendutako enplegu-aukeren sorkuntza bultzatu nahi du.

Gobernuaren estrategien itzulkinaren bila, gizarte-erakundeekiko solaserako eta partaidetzarako bideak irekitzea ere aurreikusi da, politika publikoak ebaluatzeko.

Nafarroako Gizarteratze Planari 45,7 milioi euroko aurrekontu osagarria esleituko zaio 2018tik 2021era bitartean, aurreikuspenen arabera.

Horren harira, enplegu-politiketarako eta alargunen pentsioen nahiz gainerako pentsio baxuen hobekuntzarako egindako aurrekontu-ahalegina nabarmendu behar da, Errenta Bermatuan aurreikusitako gastuaren kaltetan, bereziki horren jasotzaileen zati handi baten lan-munduratzearen ondorioz.

Enpleguaren arloan, 2021ean, 12,3 milioi euroko aurrekontutik 23,1 milioira igarotzea aurreikusi da; alargunen pentsioetan eta gainerako pentsioetan, 2021ean 29 milioi euroko kopurura iristea aurreikusi da, 2016an izandako 3,2 milioiko aurrekontuaren aldean, eta Errenta Bermatuaren arloan, beharrezko aurrekontua 11 milioi murriztea aurreikusi da indarraldian zehar.

Etxebizitzaren arloan, urteko ahalegina 6,4 milioitik 11 milioira igotzea aurreikusi da; Hezkuntzan, 8 milioitik 10 milioira, eta gizarteratzean, urteko 3,4 milioitik 5,4 milioira.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Planestrategicoinclusionresumen.pdf
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa