(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Zerbitzu publikoen aldeko apustua, 48 milioiko inbertsioak, 840 lanpostu publiko eta lehen kontsultetako itxaron-zerrenden % 40ko murrizketa dira legealdiko hirugarren urtearen balantzeko puntu nagusiak Osasun Departamentuan asteartea, 2018.eko uztailak 24


Itxaron-zerrendak murrizten jarraitzea, Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoaren aldeko apustuari eustea eta Tutera nahiz Lizarrako osasun-eremuetan zerbitzu berriak sortzea dira epe laburreko erronka nagusietako batzuk


Transcripción textual del video

 

Osasun kontseilari Fernando Domínguez

Osasun kontseilari Fernando Domínguez ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Domínguezen iritziz, Nafarroan berdintasunezko osasun-sistema sozialago baten oinarriak finkatu eta horren emaitzak bistaratzen hasiak dira dagoeneko, 2017ko uztailetik 2018ko ekainera bitarteko legealdiko hirugarren epealdiari dagokion departamentuaren kudeaketari buruzko balantzearen aurkezpenean adierazi duenez.

Jendaurreko agerraldian, Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondo eta Osasunbideko zuzendari-kudeatzaile Oscar Moracho ondoan zituela, kontseilariak gogoratu du Osasun Departamentuaren estrategia berria herritarren eskubideen aitorpenean oinarrituta dagoela, eta horren mugarri nagusietakotzat jo ditu Nafarroako osasun-arretaren unibertsalizazioa, migratzaile irregularrei osasun-arreta ordaindu beharra kendu izana eta Lurralde-Arteko Kontseiluaren barruan araudiaren aldaketari emandako bultzada, eskubide hau estatu mailan aitortua izan dadin.

Berdintasunezko osasun-sistema sozialagoa garatzearen aldeko apustuari atxikita, osasun-sistema Humanizatzeko Plana landu da, Heriotza Duinaren Behatokia sortu eta aldez aurreko borondateen prozedura osasun-zentroen laguntzaz deszentralizatu da, eta Sexu eta Ugalketarako osasun politika berri bat garatu da, Transbide (Transexualitatearen Diziplina Anitzeko Unitatea) abian jarriz eta lagundutako giza-ugalketarako nahiz zutitzearen disfuntzioari aurre egiteko prestazio berrien bitartez.

Haren esanetan, zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoaren harira, Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) sukaldeak berreskuratu dira, ZIUa ireki da Tuterako Ospitalean, aurrekontu-murrizketak deuseztatu dira eta ordaikidetza farmazeutikoa diruz lagundu da 18.000 eurotik beherako errentem kasuan.

Epe laburreko konpromiso eta erronken artean, honako hauek nabarmen daitezke: itxaron-zerrendak murrizten jarraitzea eta Lehen Mailako Arretaren estrategia garatzea Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako Osasun-Eremuetan, kronikoen programa helduen beste 7 patologiatara eta haurren beste 3 patologiatara hedatzea, Osasun Mentaleko zerbitzu berriak barneratu eta garatzea, Tafallako eskualdeko arreta soziosanitarioa garatzea, Tuterako Ospitalean erresonantzia, minaren unitatea eta urologia zerbitzu berriak eta Lizarrako ospitalean osasun mentaleko zerbitzua ezartzea, eta San Adrianen erradiologia zerbitzu berria abian jartzea.

Krisiaren aurreko aurrekontu maila gainditu da

Eskubide eta prestazioen garapenarekin batera, baliabideak gehituz joan dira pixkanaka-pixkanaka. Azken bi urteotan, Osasun Departamentuaren hasierako aurrekontuak 1.000 milioi euroko zenbatekoa gainditu du, 2018an 1.059 milioikoa izanik, hots, 2015ean baino 126 milioi gehiagokoa (% 13). Honela, krisiaren aurreko aurrekontu-maila gainditu da.

Departamentuak egindako inbertsioei dagokienez, aurtengo aurrekontua 48,8 milioikoa da, eta honek % 100eko igoera suposatzen du 2015eko aurrekontuaren aldean (24,2 milioi).

18.000 pertsona gutxiago lehen kontsultako itxaron-zerrendan

2015eko ekainetik 2018ko ekainera bitarteko epean, lehen kontsultetako itxaron-zerrenda 18.125 pertsonatan murriztu da (-% 39,6): 45.987 paziente 2015ean eta 27.862 paziente 2018an. Jaitsiera hau hiru Osasun Eremuetan gertatu da: Iruñean (-% 38,2), Tuteran (-% 54,4) eta Lizarran (-% 22,8).

Ebakuntzetarako itxaron-zerrendan ere 862 pertsona gutxiago daude (-% 10): 7.827 paziente aurtengo ekainean eta 8.689 paziente 2015eko hilabete berean.

Era berean, oso adierazkorra izan da bermeen legetik kanpo dauden pertsonen kopuruaren bilakaera, 577 pazientetan murriztu baita, hots, % 68. Une honetan, 269 pertsona daude guztira, 2015ean zeuden 846 pertsonen aldean.

Azkenik, aurreko ekainean, 4.165 paziente gutxiago zeuden proba osagarriak egiteko itxaron-zerrendetan (-% 25); alegia, guztira 12.451 paziente daude, 2015eko hilabete berean 16.616 paziente zeudelarik. Atal honetan, erresonantzia magnetikorako itxaron-zerrenda % 52 murriztu dela gaineratu behar da.

21 milioiko inbertsioa Lehen Mailako Arretan

Lehen Mailako Arretaren aldeko apustua Lehen Mailako Arretaren eta Arreta Komunitarioaren Estrategiaren onarpenean islatu da, partaidetza-prozesu zabal baten ondoren eta aurrekontu-aurreikuspena tarteko.

Bestalde, Lehen Mailako Arretarako obra eta ekipoetan egindako inbertsioen aurrekontuaren igoera nabarmen daiteke: aurten 12,3 milioi eta 799.255 euro baizik ez 2015ean.

Osasun Departamentuak 21,1 milioiko inbertsio metatua egin du hiru urte hauetan Lehen Mailako Arretarako obra eta ekipamenduetan. Jarduketa aitzindarietako bat izan zen ekografiako ekipoak osasun-zentroetara hedatzea. Zehazkiago esanda, 2018ko ekaina arte 46 ekografo instalatu edo esleitu dira, 2015ean zeuden 2 ekografoen aldean.

Halaber, Tafallako Arreta Soziosanitariorako Plana abiatu da, Koordinazio Soziosanitarioko Taldea sortuz eta abian jarriz eta datorren urtearen hasieran funtzionamenduan sartuko den Eskualdeko Larrialdi Zerbitzuaren plangintzaz.

% 100eko estaldura

Azken kudeaketa-aldi honetako emaitza bistaragarrien artean, kolon-ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarrerako, gaixo kroniko eta pluripatologikoentzako nahiz etxez etxeko ospìtalizaziorako programen estaldura herritarren % 100era zabaldu izana nabarmendu behar da.

Aurten, Kronikoen eta Errehabilitazio Funtzionalerako programa oinarrizko 57 osasun-esparruetara hedatu da, eta 2015ean oinarrizko 5 esparrutan baizik ez zegoen.

Ekainean 139 ohe zeuden Etxez Etxeko Ospitalizaziorako, 2015eko hilabete berean zegoenaren bikoitza baino gehiago. Era berean, ospitaleratze kopurua hirukoiztu da: 1.549 ospitaleratze urte hartan eta 4.562 aurten.

Horrekin batera, koloneko minbizia antzemateko programako partaidetzan izandako gorakada nabarmendu behar da, % 74koa baita egun.

NOGeko zerbitzuak hobetu eta barneratzea

2017ko uztailetik 2018ko ekainera bitarteko epealdian, NOGeko zerbitzuak hobetzea helburu duten garrantzi handiko jarduketak gauzatu dira. Horien artekoak dira ospitaleko ebakuntza-gela berriak abiarazi eta hornitu izana, Zainketen Bikaintasunarekiko Konpromisoa egiaztatzen duen akreditazioa jaso izana, kirurgia anbulatorio nagusi berria, anestesia ondoko bizkortze gela berria (URPA), Ubarmingo instalazioen hobekuntza, Hematologiako Eguneko Ospitalea eta B pabilioiko igogailuen eraberritzea.

NOGeko sukalde berriak erabat abian jartzeaz gain, honako zerbitzu hauek barneratzeari ekin zaio eraginkortasun hutsagatik: errehabilitazio neurologikoa Ubarminen, kirurgia bariatrikoa, dentsitometria, koklea-inplanteak, giltzurrunetako trasplanteak berrikusteko kontsultak, konplexutasun baxuko kirurgia orokorra eta iodo erradioaktiboaren bidezko tratamenduetarako gelak.

ZIU abian jartzea Tuterako Ospitalean

Tuterako Osasun-Eremua eta bertako arreta integratua indartzeko jarduketen artean, honako hauek nabarmen daitezke: Reina Sofia Ospitaleko ZIUa abian jartzea, ortogeriatria programa, osasun-zentroetako ekipamendu teknologikoaren eraberritzea, haur-gazteentzako arreta handitzea, aurpegi-masailetako kontsulta eta aho-kirurgiako zerbitzu integratua.

Horrekin batera, endoskopia ekipoa berritu eta ginekologiako kontsulta berriak ireki dira, Etxez Etxeko Ospitalizazio zerbitzua handitu eta Ribaforadako kontsultategi berriko lanak eta ekipamendu-horniketa gauzatu eta osatzeaz gain.

Lizarrako Osasun-Eremuko hobekuntzak

Lurralde-zuzentasunaren printzipioari jarraiki, jarduketa garrantzitsuak egin dira Lizarrako Osasun-Eremuan; esaterako, Errioxarekiko hitzarmenaren sinaketa, mugakide diren zonaldeen osasun-arretarako, edota Osasun Komunitarioa Sustatzeko Programa, udaletxeen lankidetzaz.

Era berean, mamografo berri bat jarri da García Orcoyen Ospitalean eta bertako traumatologia eta endoskopiako ekipamendu guztia berritu da, zentroko kirurgia anbolutario nagusiari buruzko proiektua idazteaz gain.

Horrekin batera, Lodosa, Villatuerta eta San Adrian herrietako osasun-zentroetan egindako lanak aipatu behar dira; San Adrianen, 2019tik aurrera erradiologia zerbitzu berria finkatuko den esparrua egokitzeko.

Osasun-ohitura osasungarriei buruzko esku-hartze gehiago

Ondoz ondoko hirugarren urtez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren aurrekontua igo da, eta horren harira, aurten 22,5 milioiko aurrekontua izanen du, 2015ean baino 4,8 milioi gehiago (+% 27).

Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko estrategia garatu da “Adinekoak positiboan” deritzon kanpainaren bitartez eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko esku-hartzeak areagotu dira osasun-zentroetan (110.000 baino gehiago). Haur eta nerabeei dagokien prebentzioaren arloan, haurrei buruzko departamentu-arteko plana landu eta “Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke” kanpaina zabaldu da, ikastetxeetan, osasun-zentroetan eta UPNAn sexu-heziketarako programak egiteaz gain.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) balantzean, aintzakotzat hartu behar dira Nafarroan dauden osasun arloko desberdintasunei buruzko ikerlana eta zonalde bakoitzeko osasun ikerlanak, Osasun Komunitarioaren Behatokiaren barnean egindakoak, baita osasun proiektuak aurrera ateratzeko udalei nahiz elkarteei emandako 2 milioi euroko laguntzak ere.

3.000 pertsona baino gehiago atxiki zaizkio osasun-zentroetan erretzeari uzteko laguntza farmakologikoko programari, 380.000 euroko aurrekontu-gastuarekin.

Babesaren eta prebentzioaren arloan, % 65 gehitu dira Ingurumen Osasunari buruzko ikuskapenak eta % 17 Elikadura Segurtasunari buruzkoak, eta lan-osasuneko prebentzioaren arloan, lehendabiziko aldiz, sistematizatutako bisiten kanpaina egin da 648 enpresatan lan-istripuak saihesteko, eta prebentzioko delegatuen prestakuntzan lan egin da. Mutualitateek aldi bateko ezintasunetan alta emateko igorritako 5.356 proposameni buruzko balorazioa egin da, 2015ean baino ia hiru aldiz gehiago.

840 lanpostu publiko

Kalitateko enplegua ildo estrategikotzat sortzeko helburua legealdiko hirugarren urtean islatu da, Osasunbideak deitutako bi Lan Eskaintza Publikoren onarpenaren bitartez (840 plaza, guztira).

Lehenengoa 2017ko abenduan deitu zuen, 219 plazakoa, eta bigarrena uztail honetan, 621 plazakoa.

Legealdiko hiru urte hauetan, guztira 1.032 lanpostu biltzen dituzten lan eskaintza publikoak onartu dira, 2013tik 2015era bitartean onartutako 145 lanpostuen aldean.

Ikerketarako, 2015ean baino % 133 gehiago

Osasun Departamentuak irakaskuntzaren eta ikerketa biomedikoaren aldeko apustu argia ere nabarmendu du, izan ere, 2018an, ikerketa eta berrikuntzarako aurrekontua % 133 gehitu da 2015eko aurrekontuaren aldean, eta % 53 prestakuntzarako aurrekontua.

Atal honetan 2017ko uztailetik 2018ko ekainera bitartean nabarmen daitezkeen jarduketen artean, NOGak jaso berri duen Unibertsitate Ospitalea izendapena, osasun-ikerketa publikoa xede duen NavarraBiomed zentro mistoaren sorrera, NavarraBiomeden plan estrategikoa eta IdisNA akreditatzeko prozesuen bukaera aipatu ditu, besteak beste.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa