(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Basoak eta mahastiak, udazkeneko programazio turistikoaren ardatz ostirala, 2018.eko urriak 5


Nafarroako Turismoak mahats-bilketa eta mikologia bezalako jarduera berezien alde apustu egin du urtaro honetarako


Agintariak ekitaldira bertaratutakoekin.

Ayerdi y Ezkutari, Orgiko basoan egindako aurkezpenera bertaratutakoekin. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak dinamizazio programa berri bat abiarazi du udazken honetarako, urtaro honi dagozkion jarduera berezien alde apustu eginez; hala nola, mahats-bilketa, perretxikotara joatea, oreinen orroa edota zaldiz ibiltzea basoetan barna.

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik eta Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik aurkeztu dute gaur programa hori Orgiko Basoan. “Nafarroan, udazkena ikusgarria da eta gure lurraldearen aberastasun natural eta kulturala ezagutzeko aukera handiak eskaintzen ditu. Basoak eta mahastiak programaren bitartez, jendea animatu nahi dugu aukera horietaz goza dadin”, adierazi du Ayerdik Lizasoko hariztirako sarbidean.

Nafarroak paisaia eta natura eremuen aniztasun handia du, eta udazkena da esparru horien edertasuna bistaratu eta horrek bultzaturiko bisitari gehien bildu ohi duen urtaroa. Produktu turistiko honen diseinuak aniztasun hori islatu du, jarduerak Komunitate osoan barna sakabanatuz, gutxiago ezagutzen diren txoko arras ikusgarriak nabarmentzeko xedez, turista gehien bildu ohi diren lekuen alternatiba gisa.


Agintariak, ekitaldira bertaratutakoekin.

Agintariak eta ekitaldian parte hartutako hainbat pertsona ibilaldia egiten Orgiko basoan barna. ( irudia handitu )

Abian jarri den lehenengo jarduera mahats-bilketaren garaiko esperientzia enoturistikoak dira, Nafarroako Ardoaren Bideko upategietan. Bisitariek mahas-bilketako paisaien koloreez eta bereitasunez gozatzeko aukera izanen dute, eta mahatsak eskuz bildu eta mahastietan hamaiketakoa egiteaz gain, upategiak bisitatu eta ardoak eta muztioak dastatu ahalko dituzte.

Nafarroako Ardoaren Bideko eskaintzaren barnean, dastaketak antolatuko dira Nafarroako ardo-esparru desberdinetan eta Iruñean. Saio bakoitzean, Ardoaren Bideko lau ardoren bertuteak eta bereizgarritasunak ezagutzeko aukera izanen da enologo baten eskutik, Erronkariko jatorri-izendapena duen gazta-pintxo batekin.

Balio eta erakargarritasun turisko handiko baso eta naturguneen aniztasun kromatikoa ikusi eta gozatzeko, zaldi gaineko paseoak antolatu dira Baztanen, Arbaiungo Arroilan eta Lokiz Mendizerraren magaleko artadietan barna, baita poney gaineko paseoa ere Orgiko Basoan zehar, haurrentzat; eta bisita mikologikoak Ultzamako eta Erro-Orreagako Parke Mikologikoetan eta Irati aldean, turistek perretxiko eta onddoen ezkutuko sekretuak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Kirola ukitua emanez, zeharkaldiak antolatuko dira Aralar mendilerroko GR ibilbideetan barna eta Erronkari eta Otsagabiako Natura Interpretatzeko Zentroek (CIN) natura ezagutzeko ibilaldiak eskainiko dituzte.

Izarren behaketa eta I. Nafarroako Argazki Rallya

Berritasun deigarrienetako bat Erronkariko Ibaxan antolatutako izarren behaketa da. Jarduera hau udazken hasierako oreinen ohiko orroea entzuten den bitartean egiten ahal da. Erronkari Starligh Helmuga Turistiko gisa sailkatuta dago, izan ere, ibarra argiaren kutsaduratik babestuta dagoenez, arras egokia da izarrez betetako zeruak ikusteko eta natura-baliabide honetan oinarritutako jarduera turistikoak garatzeko.

Gure Komunitateko baso eta mahastien balioa aldarrikatzeko ekimen honen osagarri gisa, Nafarroako Turismoak I. Nafarroako Argazki Rallya antolatu du, turistak eta bisitariak urtaro honetako koloreen edertasuna irudietan hartzera anima daitezen. Publiko osoari irekitako lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek irudiak urriaren 20tik azaroaren 20ra bitartean bidali ahal dituzte lehiaketaren www.navarradefoto.com webgunearen bitartez, eta bertan kontsultatu ahal dituzte, halaber, lehiaketaren oinarriak, baldintzak eta sariak.

Gainera, argazkigintzako teknikak hobetu nahi dituztenentzat, mugikorraren bidezko argazki tailerrak eskainiko dira lau leku hauetan: Kintoako basoetan eta Urbasa-Andia Natura Parkean, eta Sadako Bodega de Sada eta Los Arcoseko Bodegas Valcarlos upategien mahastietan.

2018-2025ko Turismo Plan Estrategikoan, turismo familiarra eta landa nahiz natura turismoa garrantzi handiko segmentutzat jo dira Foru Komunitateko turismo sektorearentzat, eta aipaturiko jarduerak abian jarriz, turismo mota horien balioa nabarmendu nahi izan da, Nafarroako kulturan, ondarean eta naturan oinarrituriko bidaia-proposamen berriak sustatuz.

Paseo gidatuak bizikletaz eta oinez, azaroa arte

Azkenik, aurrera jarraituko dute, bizikletaz eta oinez, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak ekainean abian jarri zituen paseo gidatuak. Bizikletaz, urriaren 28an bukatuko diren paseo gidatuak Nafarroako 7 esparrutan banatuta antolatu dira: Bidasoako Bide Berdea, Plazaolako Bide Berdea-Natur Bidea, Vasco-Navarroko Bide Berdea-Natur Bidea, Tarazonicaren Bide Berdea-Natur Bidea, Arga Ibaiaren ondoko Paseoa (Iruñea eta Iruñerria), Errege Bardeako Natura Parkea eta Lizarraldeko BTT Esparrua.

Bestalde, azaroaren 4an bukatuko den oinezko paseo gidatuen eskaintzan, Donejakue Bideko frantses bideko 16 zidorretan eta 7 ibilbidetan barna antolatutako 120 paseo gidatu antolatu dira guztira, Nafarroako aniztasun natural, paisajistiko eta kulturala erakusteko. Produktu turistiko honen osagarri gisa, herri, begiratoki edo monumentu natural baterako bisita, hegaztien behaketa edo elikagaien dastaketa antolatu dira.

Proposamen hauek, halaber, Turismo Plan Estrategikoari atxikita daude. Ibilbide eta bidezidor historiko eta tradizionalen eskaintza sustatzea eta natur-eremuetako turismoa bultzatzea dira Planaren helburuetako batzuk, betiere tokian tokiko ezaugarriak eta beharrak errespetatuz.

Kanpainari buruzko informazioa eta dinamizazioa indartzeko, Nafarroako Turismoak 848 420 420 telefono zenbakia eta turismo.otono@navarra.es posta elektroniko espefizikoa prestatu ditu. Batean zein bestean, arreta 10:00etatik 18:00etara bitartean emango da astelehenetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara igandetan. Ohikoa denez, jarduerak enpresa turistikoen bitartez ere erreserbatu ahalko dira.




Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa