(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak emakumeen papera aldarrikatu du klima-aldaketaren aurkako borrokan asteartea, 2018.eko urriak 16


Emakumeei eta Klima Aldaketari buruzko topaketan esku hartu du, eta Nafarroak garapen iraunkorraren alde duen konpromisoa nabarmendu du


Lehendakariaren agerraldiaren uneetariko bat. ( irudia handitu )

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariak emakumeak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan lidergoa izatera animatu ditu; Lehendakariaren ustez, erronka hori dagoeneko "larrialdiko premia" bilakatu da.

Lehendakariak adierazpen horiek egin ditu Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak antolatuta Iruñean egiten ari den "Emakumeak eta Klima Aldaketa. Nafarroa 2018" topaketan. Topaketaren helburua da emakumeek politikatik, ezagutzatik nahiz aktibismoaren esparrutik klima-aldaketaren arloan egindako ekarpenak ezagutzera ematea eta herritarrei gogoeta aktiboa egitera gonbidatzea.

Uxue Barkosek ziurtatu du dagoeneko klima-aldaketa "errealitatea" dela, eta gogoratu du Nazio Batuetako adituek "neurri azkarrak eta garrantzi handikoak" hartzea eskatzen dutela, berotze globalak 1,5 gradu har ez ditzan, egungo erritmoa ikusita, 2030etik aurrera horretara iritsi baitaiteke. “Jakin badakigu berotze globalean edozein igoera gertatzen bada, horrek eragina duela gizakion osasunean, espezien desagerpenean eta itsasoen igoeran. Berotze hori eragotzita, ehunka milioi pertsona murriztea lortuko litzateke aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren arriskuak jasateko aukera duten herrietan", azpimarratu du.


presidenta

Ezker eskuin, Barkos Lehendakaria, Cristina Gallach eta Elizalde kontseilaria. ( irudia handitu )

Egoera horren aurrean, Nafarroak nazioarteko hainbat forotan garapen iraunkorraren alde egiteko hartutako konpromisoa nabarmendu du, eta hori lortzeko ematen ari den urratsak azaldu ditu Nafarroa-Klinan Klima Aldaketaren Ibilbide Orriaren bitartez. Besteak beste, ondorengoak aipatu ditu: energia berriztagarrien aldeko apustua, zero isurpeneko ibilgailuak erosteko pizgarriak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak hedatzea edo eraikin publikoetan CO2 emisioak kentzea 2030 baino lehen.

Lehendakariak azpimarratu duenez, azterketen arabera emakumeak ahulagoak dira klima-aldaketaren efektuen aurrean. “Baina analisiek –jarraitu du- baita ere erakusten dute guk arazoaren aurrean ditugun jarrerak eta erantzunak arduratsuagoak eta eraginkorragoak direla”. Hain zuzen ere, azterketei erreparatuta, oro har, gizonek emakumeek baino energia gehiago kontsumitzen dute, bereziki garraio pribatuari dagokionean; aldiz, emakumeek hartu ohi dituzte familiaren kontsumoarekin zerikusia duten erabaki gehienak, batez ere, elikagaien, uraren eta energiaren inguruan.

“Egoera larria dela kontuan izanda eta emakume bezala gure hurbileko ingurunearen zaintzaile eta kudeatzaile gisa pilatutako ezagutza medio, garrantzitsua da gure ekarpena ezagutzera emateaz gain, jakintza horrek aldaketa klimatikoaren politikak eta estrategiak bideratzen dituela jakitea: energiaren eta baliabideen kontsumoa neurtzea, kontsumitzeko gure modua nahitaez aldatzea eta gure lurraldea arazo orokor horren mehatxuen aurrean prestatzea”, amaitu du Lehendakariak.

Topaketa

“Emakumeak eta Klima Aldaketa. Nafarroa 2018” topaketari atzo arratsaldean eman zitzaion hasera Foru Parlamentuan, Nafarroako, Balearretako, Madrilgo, Valentziako Komunitateko, Extremadurako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako berrogei bat emakume politikari bildu zituen lan-saioarekin. Parte-hartzaileen artean Nafarroako Gobernuko bost kontseilariak aurkitzen ziren, eta "Emakumeok Klimaren alde" izeneko deklarazioa landu eta onartu zuten; hau da, jarduera eta konpromiso zehatzak definitzen dituena eta gaur aurkeztu dena.

Deklarazioa hitzaurre batekin hasten da, eta, bertan, aldaketa klimatikoaren egoera eta emakumeen ekarpenak laburbiltzen dira; horrez gain, "klima aldaketa emakumeen ekarpenaren indargunea erakusteko aukera bat da" azpimarratzen da, horrek "berdintasun handiagoko eredura eta natura eta pertsonak (bereziki emakumeak) gehiago errespetatzen dituen eredura aldatzen" lagunduko baitu.

Halaber, agirian gaiaren inguruko zenbait gomendio jasotzen dira, tartean emakumeak ahalduntzea Klima Aldaketaren inguruko erabakiak hartzeko, iraunkortasunaren kultura berrian oinarritutako hezkuntza sustatzea, aldaketa klimatikoak osasunean eta bereziki emakumeengan dituen efektuei buruzko azterketak eta programak egitea, edota talde ezberdinen urrakortasun klimatikora egokitutako gizarte-politikak garatzea.

Gaurko saioan, Cristina Gallach-ek, Espainiako Gobernuaren Agenda 2030erako Goi Komisarioak, inaugurazio-txostena aurkeztu du. Aurretik, Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariak Gallachi harrera egin dio, zeinak Foru Komunitatea garapen iraunkorraren alde egiten ari den apustuan garatzen ari den lana azpimarratu duen.

Gallachek bere hitzaldian adierazi duenez, “eskerrak eman nahi dizkiet kontseilariei, eta batez ere, Isabel Elizalderi, Nafarroa eredugarri bihurtzen ari direlako. Beharrezko aldaketa ari da gauzatzen hemen eta, hori ez da posible zuek gabe. Zuen herrialdea trantsizio honetan iaztik zehaztuta duzuen Klima Aldaketaren Gidalerroari jarraituz aparteko ekarpena egiten ari da, eta gainera gaur egiten ari garen eztabaiden modukoek arazoak dituzte erdigunean, baina, batez ere irtenbideak”.

Programa osatzeko, gaikako bi mahai-inguru egin dira, bat "politikatik" eta bestea "ezagutzatik eta mugimendu sozialetatik", eta gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratu dituzte.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek amaiera eman dio jardunaldiari, eta nabarmendu du instituzio guztiek eta eremu guztiek zeharkako estrategiak landu behar dituztela.

“Nafarroan, —ziurtatu du— garbi dugu elkarrizketa, topaketa, parte-hartzea, elkarrizketa integratzailea,… bezalako lanerako erreminten bidez, errazago bilatuko ditugula konpromisoak eta errazago egingo dugula aurrera. Gure ikuspegia, bai toki-erakundeetatik, Udaletatik, Mankomunitateetatik nahiz Parlamentutik eta Gobernutik, integrala, zeharkakoa, irekia,… da”. Modu horretan, “ekonomiaren beste eredu baterako, ekonomia zirkularrerako bidean aurrera egiten dugu, eta trantsizio ekologiko ordenatu ezinbesteko horretara gidatzen gaitu”, amaitu du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa