(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak “elkartasuna, etorkizuneko erronkei aurre egiteko kemena, ahalegina eta itxaropenaren” balioak aldarrikatu ditu astelehena, 2018.eko abenduak 3


2018ko Nafarroaren Eguneko hitzaldi instituzionalean adierazi du "onena iristeko zain dagoela, eraikitzen, lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko gauza baldin bagara" 


Transcripción textual del video

2018ko Nafarroaren Eguneko hitzaldi instituzionalean adierazi du "onena iristeko zain dagoela, eraikitzen, lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko gauza baldin bagara"

Barkos Lehendakaria, hitzaldi instituzionalean. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek, 2018ko Nafarroaren Eguna ospatzeko hitzaldi instituzionalaz baliaturik, jendaurrean berretsi du "ondorengo belaunaldientzat hobea izanen den Nafarroaren alde lan egiteko konpromisoa". Barkosen esanetan, "egun, ilusioz eta konfiantzaz begiratu ahal diogu etorkizunari. Nafarroa solidarioago, modernoago, pluralago, oparoago, aurreratuago eta kohesionatuagoaren oinarriak finkatu ditugu, geroak ekarriko dizkigun erronka zirraragarriei gogotsu aurre egiteko".

Jendaurreko agerraldian, Uxue Barkosek halakoxe parekotasuna ezarri du, 2018ko Nafarroako Urrezko Domina irabazi duen Saray elkartearen berezko lau balioren –"elkartasuna, kemena, itxaropena eta ahalegina, nafar gizartean ere oso sakon errotuta dauden balioak"– eta nafarrek ondorengo hilabete eta urteetako erronkei aurre egiteko erabili beharreko jarreraren artean.

Honela, Nafarroako Lehendakariak elkartasunaren balioa azpimarratu du, "den-denok bat eginda aurrera egin dezagun", eta inondik ere errazak izango ez diren erronkak aipatu ditu; iraultza digitala, kasu. Halaber, Barkosek ziurtatu du "kanpoko klima ekonomikoa zalantzak sortzen hasia dela eta honek eragin zuzena izango duela Nafarroan. Hala ere, nik uste dut baldintza hobeagoetan aurre egiteko gai izango garela, izan ere, azken urteotan, gure ereduaren zimendu nagusiak indartzea lortu dugu: hezkuntza, osasuna, mendekotasunaren arreta, berdintasuna, berrikuntza edo ingurumena, inor bide-bazterrean ez gelditzeko babes sozialeko sistemarekin batera".


Klaustro isabeldarraren ikuspegi orokorra, Barkos Lehendakariaren agerraldian. ( irudia handitu )

Alabaina, Uxue Barkosek bestelako mehatxuak ere izan ditu hizpide: "Olatu xenofobo berri bat sortzen ari da Europan nahiz Atlantikoaren beste aldean. Ez da urruneko mehatxua. Gu ez gara errealitate horretatik kanpo bizi. Eta ongi baino hobeki ulertu behar dugu geure esku dagoela horren aurka egitea. Oso arma zehatzak ditugu horretarako: demokraziaren armak eta gizarte-eredu bidezko eta zuzena eraikitzearen aldeko armak".

Horregatik, bigarrenik, kemenaren balioa aldarrikatu du beldurraren aurrean. "Gizarte bezala, ezin gara kokildu gu erosionatzea, desanimatzea, gogogabetzea eta gorrota eta konfrontazioa zabaltzea helburu dituzten diskurtsoen aurrean. Etorkizunari begiratu behar diogu, gure aukerarik eta bertuterik onenetan sinetsiz, eta ausartziaz jokatu behar dugu". Horren harira ziurtatu du nafar gizartea ausarta dela, "era guztietako desberdintasunei aurre egitea xede duena".

Hirugarrenik, Nafarroako Lehendakariak ahaleginaren balioa erreibindikatu du. Gogoratu duenez, "Nafarroak egun bizi duen errealitatea ez da inolaz ere ausazkoa: nafar gizarteak ahaleginaren, lanaren eta konpromisoarn bidezidor gogor eta segurua hautatu du beti". Hori dela eta, Barkosek esan du, "orain arte lortutako aurrerabidean jarraitzeko eta abangoardian kokatzeko, nahitaezkoa dugula gure aukerei probetxua ateratzea, gutako bakoitzak eman dezakeen onena emanez. Gure arteko desberdintasunen onarpenetik eta errekonozimendutik, gure aniztasunetik, gure pluraltasunetik... horren aberatsak egiten gaituen pluraltasunetik abiatuta. Pluraltasuna eta aberastasuna, aberastasun linguistikoa ere, gu guztiok harrotzen gaituzten bi hizkuntzen altxorrari esker".

Azkenik, Barkosek itxaropena aipatu du zailtasunei aurre egiterakoan. "Konfiantza osoa dut gure etorkizunean. Ez da optimismo itsua, oinak lurraren gainean dituen optimismoa baizik. Ziur nago onena iristeko zain dagoela", adierazi du. "Baina horretarako, eraikitzen, lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko gauza izan behar dugu. Den-denok bat eginda. Sarayk irakatsi digun bezalaxe: elkartasunez, kemenez, ahaleginez eta itxaropenez. Horrela, gure seme-alabak harroaraziko dituen Nafarroa eraikiko dugu", ziurtatu du Nafarroako Lehendakariak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa