(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia bildumaren bigarren liburukiak 1900 eta 1975 urteen artean Nafarroan euskaraz idatzitako literatura jasotzen du ostirala, 2018.eko abenduak 14


Euskal literaturako hamar adituk aurkeztu dute garai horretako testu eta egileen aukeraketa, euskal pizkundearekin abiatzen dena


Bigarren liburukiaren azala ( irudia handitu )

Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia bildumaren bigarren liburukiak, Nafarroako Gobernuak argitaratuak, 1900 eta 1975 urteen artean Nafarroan euskaraz idatzitako literatura jasotzen du. 75 urte horietako ekoizpena aurreko mendeetan produzitutakoaren baliokidea (edo handiagoa) da, Nafarroako euskal literatura XX. mendean zehar indartu zenaren seinale.

Liburuki honen bitartez euskal literaturako hamar adituk idatzitako genero desberdinetako hamar testu jarri dira eskura, euskal pizkundearen garaiaren berri ematen dutenak, non eragin nabarmena izan zuten Nafarroako Euskarazko Elkargoak, nazionalismoak, kultura-, hezkuntza- eta hizkuntza-politikek eta hainbat aldizkari eta egunkariren sorrerak, La Voz de Navarra egunkariak kasu, euskaraz edo euskarari buruz argitaratu zuenak.

Liburukia Nafarroako bertsolaritzari buruzko kapitulu batekin hasten da, Bidasoako hiru bertsolariren bertsoekin: Pedro Maria Etxarte Lasaga (1862-1934), José Maritorena Ezurmendia (1882-1953) eta Trinidad Urtasun Marturet (1894- 1978). Andrés Astiz Oderiz eta Juan Cruz Arrosagarayren bertsoak ere jasotzen dira, eta aipamen berezia egiten zaio Fernando Aire Xalbadorri (1920-1976), Iparraldeko bertsolaritzaren behar-beharrezko erreferentzia den aldetik.

XX. mendearen hasieratik, euskal pizkundearen mugimenduari esker, euskal kulturaren periferiatik erdigunera lekualdatu zen bertsolaritza. Mugimendu hori bere osotasunean gauzatu ez bazen ere, garrantzitsua izan zen oso 30eko hamarkadan. 1935 eta 1936 urteen artean, adibidez, "Bertsolari gudua" izenekoa hasi zen antolatzen. Gerra zibilaren ondoren, Iparraldera ihes egin zuten hainbat bertsolarik eta euskal kulturaren ekintzailek, eta bertan saiatu ziren bertsolaritzako saioak antolatzen. Nafarroan ez zen ezer antolatu 60ko hamarkadara arte. Orduan, txapelketa antolatu zen 1960 eta 1966 urteen artean. Kapitulu honen sarrerako testuak Jon Martin (idazlea eta bertsolaria) eta Asier Barandiaranenak dira.

Jarraian, kapitulu bat eskaintzen zaie Baxenabarreko autore hauei: Jean Barbier (1875-1931), Etienne Salaberri (1903-1981), Jules Moulier Oxobi (1888-1958) eta Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961), eta baita Enrike Zubiri Manezaundi (1868-1943), Alexander Tapia Perurena (1899-1957), Jose Agerre Santesteban (1889-1962), Pablo Fermin Irigarai Larreko (1869-1949), Mariano Izeta (1915-2001) eta Jose María Satrustegi (1930-2003). Hauek dira autore horiei buruz idatzi dutenak: Eneko Zuloaga, Asier Barandiaran, Rosa Miren Pagola, Jon Kortazar, Aiora Sampedro, Javier Rojo, Jon Abril eta Garazi Otxagabia.

Beste kapitulu batean Vianako Printzea Erakundeak euskal literaturaren sistema berpiztu eta sendotzeko egindako lana aitortzen da, Príncipe de Viana (1966-1985) aldizkariaren euskarazko gehigarriaren bidez bereziki. José Mari Satrustegi, Mariano Izeta, Ángel Irigaray, Bernardo Estornés eta Pedro Díez de Ulzurrun izan ziren, besteak beste, gehigarrian artikuluak idatzi zituztenetako batzuk. Antologia honetan Aingeru Irigaray (1899-1986), Frantzisko Astiz (1908-1986) eta Perpetua Saraguetaren (1905-1986) testuak bildu dira.

Azken kapituluan, Marie-Jeanne Minaberryren (1926-2017) testuak aukeratu ditu Xabier Etxanizek. Haurren euskal literaturan aitzindaria izan zen Marie-Jeanne.

Liburukiaren 600 ale argitaratu dira eta 12 eurotan jarri dira salgai. Lau liburukik osatutako bilduma baten parte da lan hau.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa