Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Foru Komunitateak langabezia-prestazioak hobetzeko eskatu dio Ministerioari, bereziki autonomia erkidegoen prestazioekiko bateragarritasunarekin lotuta
Laparra lehendakariordea Enpleguaren Biltzar Sektorialean, Madrilen.
(
irudia handitu
)
Nafarroako Gobernuak 2019an gutxienez 23,3 milioi euro jasoko ditu enplegurako politika aktiboetarako. Ministerioak eta autonomia erkidegoek atzo, osteguna, abenduaren 20an, Madrilen egindako Enplegu eta Gizarte Gaien Biltzar Sektorialean adostu zuten estatu-funtsak banatzeko sistema berria, eta 2019. urteari begira, aurreko urtean esleitutako aurrekontuaren %95a bermatzen du.
Laparra lehendakariordeak positibotzat jo du aurrekontua esleitzeko sistema berria, urte anitzekoa izango da (2019-2021), eta estatuko diru-sarreren bermea konbinatzen du enplegu-arloan, gastuaren premian eta kudeaketa egokian helburuak etengabe betetzeko pisuarekin. Lehen aldiz definitu dira banaketa-irizpideak urtea hasi baino lehen. Orain arte, apirilean jakinarazten ziren, eta ekainean/uztailean aurrekontu indargarria egiten zen. Hala ere, Nafarroa abstenitu egin da, aurreikusitako aurrekontu-igoera oso eskasa iruditu baitzaio, eta 2012an zeuden funtsetatik oso urrun aurkitzen da. Gainera, ezin da baztertu proposatzen diren programa berriak jada abian ditugun beste programa batzuen kontura finantzatuko direnik. Halaber, Ministerioari malgutasun handiagoa eskatu diote funtsak erabiltzeko eta justifikatzeko, autonomia erkidego bakoitzaren egoera eta premia espezifikoetara egokituta. Horrela egin ezean, gerta daiteke dauden baliabideek Foru Komunitatean lortu nahi den efekturik ez izatea.
Biltzarrean, Ministerioak gazteen enplegurako 2019-2021 Talka Plana ere aurkeztu du, bost helburu dituena, eta horietako lehena gazteen langabezia-tasa %23,5era jaistea (Nafarroan %22,76koa denez, lortuta dago). 50 bat neurri proposatzen ditu arlo hauetan: orientazioa, prestakuntza, enplegu-aukerak edo ekintzailetza.
Nafarroak eskasegia jo du 18 hilabetez lanbide-orientazioko teknikariak kontratatzea. "Beharrezkoa da enpleguko zerbitzu publikoetako profesionalen plantilla egonkortzea lortzea, Foru Komunitatean egiten ari den moduan”, adierazi du Laparra lehendakariordeak.
Era berean, ondorengoa berretsi du: "Talka Plan berriak agerian uzten du Gazteen Berme Planaren diseinuak ez ziela beharrei erantzuten". "Nafarroak egin duena da enplegurako politika aktiboak laneratzeko zailtasun handienak dituzten taldeetara egokitzea, tartean, gazteak", gehitu du.
Modu horretan, NL-NEZek sei pertsona ditu kontratatuta agentzia guztietan, gazteak artatze aldera. Gehigarri gisa, 2018an zehar, modu proaktiboan eskaini die arreta pertsonalizatuaren zerbitzua 1.700 bat gazteri, kontrataturiko orientazio-erakundeen bitartez.
Gazteen langabeziari aurre egiteko, NL-NEZek talde horrentzako bi laguntza-ildo atera zituen 2016an eta 2017an: enpresentzako pizgarriak praktiketako kontratuetarako eta funtsezko sektore estrategikoetako enpresetan kalitatezko enplegu-kontratuak egiteko.
2017. urtean, diru-laguntza horien funtzionamenduko lehen urte osoa, 1.484.264 milioi euro jarri zituen, eta 296 enplegu diruz lagundu ziren (130 praktikatan eta 166 eskualdeko ekonomiako enpresa ekarleetan). 2018. urtean, iazkoaren bikoitza jartzea aurreikusten da: 2.938.780, diruz lagundutako 675 enplegura iritsi arte, 403 praktikatan eta 272 S3-ko enpresetan.
Gazteen langabezia %22,76koa, estatuak 2021erako lortu nahi duen %23,5eko tasaren aurrean
2019-2021 Talka Planak bost helburu ditu: horietako bat da 25 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa %33tik %23,5era murriztea. Nafarroakoa 2021erako ezarritakoa baino baxuagoa da, egun %22,76koa baita. Halaber, jarduera-tasa %73,5era igo nahi da 20 eta 29 urte artekoen artean. Eremu horretan, Nafarroak hobetzeko marjina badu, egun %70,35ekoa izateagatik.
Beste helburu bat da gizon eta emakume gazteen arteko egungo genero-bretxa %20 murriztea langabezia-tasaren aldetik. Nafarroan aldea 4,5 puntukoa da (%52,2ko langabezia emakumeen kasuan eta %47,8koa gizonei dagokienean); Estatu osoan, aldiz, aldea 7,2koa da (%53,6-%46,4).
Lortu nahi den laugarren puntua da urtero %15 gehitzea Plana indarren den hiru urtetan gazteei egindako lan-kontratu finkoen kopurua. Nafarroan, 25 urtetik beherako gazteen kontratu mugagabeak gehituz joan dira 2015az geroztik. 2016an eta 2017an, igoera horiekin %15eko helburua lortu zen, zehazki %30,7 2016an eta %17,1 2017an. 2018ari dagokionez, abenduko kontratuak zenbatu gabe, igoera %12 ingurukoa da (3.300 kontratu finko inguru).
Beste helburu bat da, langabe bezala inskribatuta dauden gazteen %43ak gutxienez, hots, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulaziorik ez dutenak, prestakuntza-programen bitartez Hizkuntza eta Matematiketako funtseko gaitasunak hartzea. Nafarroan, 2018ko azaroko datuen arabera, 25 urtetik beherako 3.143 langabe daude, eta hilabete horretako langabezia osoaren %9,5a hartzen dute. Horietatik ia %58ak (1.821 gazte) ez du DBH edo goragoko titulaziorik. Estatuaren helburua talde horren gutxienez %43ak Hizkuntza eta Matematiketako funtsezko gaitasunak hartzea bada, gutxi gorabehera 783 gazte prestatu beharko dira.
Bermatutako Errentaren bateragarritasuna subsidioekin
Azkenik, Laparra lehendakariordeak adierazi du penagarria dela "Estatuak langabezia-subsidioen eta Bermatutako Errentaren arteko bateragarritasuna konpondu gabe jarraitzea", hainbat autonomia erkidegok erreklamatu duten moduan, horrekin Nafarroak dezente aurreztuko bailuke eta langabezian dauden pertsonak hobeto babestuko bailirateke.
Langabezia-babesaren estatu-sistemak (prestazioak + subsidioak) soilik 18.319 pertsona babesten ditu Nafarroan, langabezian dauden pertsonen %49,1a. Estatuko estaldura-tasa %57,1ekoa da. Estatuak estalitako pertsonen kopuru osotik 5.064 lagunek subsidioa kobratzen dute eta 758 lagunek Laneratzeko Errenta Aktiboa. Aurreko etapako murrizketak nahiz bateragarritasun eza medio, gaur egun bermatutako errenta da langabezian dauden pertsonak babesteko estaldura handieneko sistema, estatuko subsidioen eta prestazioen gainetik.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen