(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak oinarriak finkatu ditu administrazio elektronikoa herritarrekin komunikatzeko bide nagusia izan dadin asteazkena, 2018.eko abenduak 26


Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren lege-proiektua onartu du, horren antolamendua eta funtzionamendua errealitate sozial berrira eta garapen teknologikora egokitzearren


Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren Foru Legearen proiektua onartu du gaurko bilkuran, administrazio elektronikoa administrazioen eta herritarren arteko komunikazio-bide nagusia izateko helburu nagusiarekin, izapideak azkarragoak eta eraginkorragoak izan daitezen, eta, ondorioz, zerbitzua ere kalitate handiagokoa izan dadin.

Halaber, arauaren helburua da administrazioen eta herritarren arteko harremanen esparru berrira egokitzea eta arlo horretako estatuko oinarrizko legedia sartzea.

Proiektuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren inguruko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea indargabetzea jasotzen da; izan ere, jada zaharkituta geratu da teknologia berrien garapenaren aurrean eta errealitate sozialaren bilakaerari eta erakunde publikoen funtzionamenduaren aldaketei erreparatuta. Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko txosteneko oharrak jaso eta Foru Exekutiboak onartu ondoren, testua Nafarroako Parlamentura eramango da, eztabaidatu eta onar dezan.

Araua honela egituratzen da: 133 artikulu, zazpi titulutan banatuta, bederatzi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bakarra, xedapen indargabetzaile bakarra, azken hiru xedapen eta bi eranskin.

Arauaren helburuak eta irismena

Legearen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren antolamendua, funtzionamendua eta araubide juridikoa arautzea. Azken horren barruan ondorengoak sartzen dira: erakunde publikoak (erakunde autonomoak eta enpresa-erakunde publikoak), zuzenbide publikoko erakunde lotuak (administrazio-aginte independenteak eta kontsortzioak), zuzenbide pribatuko erakunde lotuak (sozietateak eta fundazio publikoak) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Halaber, lege-proiektuaren xedea da Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak definitzea eta araudi-esparru egonkorra eta kalitatezkoa egitea eta bermatzea herritarren lankidetzarekin.

Administrazio elektronikoa

Lege-proiektuaren berrikuntza nagusia da baliabide elektronikoak izatea Administrazioak jarduteko eta komunikatzeko erabiliko duen ohiko modua, barne zein kanpoko harremanetan.

Zehazten denaren arabera, “administrazio arteko harremanak baliabide elektronikoen bidez garatuko dira, barruan lan egiteko gaitasuna eta segurtasuna ziurtatuko dute, eta zerbitzu publikoak elkarrekin ematea erraztuko dute”.

Bestalde, “herritarrekiko harremanak ere batik bat baliabide elektronikoen bitartez gauzatuko dira, administrazio-prozeduren izapidea hobetu eta erraztearren, administrazio-jardueraren eraginkortasunaren eta herritarren eskubideen zaintzaren artean oreka egokia izatea bermatuaz”.

Helburu horiek lortze aldera, administrazio elektronikoa errealitate izaten lagunduko duten erreminta eta aplikazio guztiak identifikatzen eta garatzen ditu arauak. Tartean, lehendik daudenak agertzen dira; hala nola, navarra.es web orrialdea eta egoitza elektronikoa (horren erregulazioa eguneratu egingo da).

Era berean, beste berri batzuk agertu dira; esate baterako, sartzeko puntu orokor elektronikoa. Hori pertsonek Administrazio guztien zerbitzu eta prozedura guztietara sartzeko eta izapide-egoera nahiz egindako jakinarazpenak eta komunikazioak ezagutzeko duten eskubidea bezala eratzen da.

Herritarrei komunikazio elektronikora sartzea errazteko asmoarekin, erregistroen arloan laguntzeko bulegoak sortzea aurreikusten da, Administrazioarekiko harremanetan elektronikoki izapidetzera derrigortuta ez dauden pertsonei orientazioa eskaintzearren.

Horrez gain, beste zenbait alderdi berri garatuko dira, tartean Foru Administrazio Publikoaren identifikazio-sistema, zigilu elektronikoaren bitartez; administrazio-jarduera automatizatuaren erregulazioa (soilik bitarteko elektronikoen bidez egindakoa); Administrazioko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa; eta artxibo digital bakarra sortzea.

Azkenik, erregistro orokor elektronikoa eta ahalordetze erregistroa arautzen dira (Administrazioaren aurrean hirugarrenen izenean aritzeko). Biak erabat eragingarriak izango dira eta beste administrazio publikoetakoekin konektatuta egongo dira.

Bestelako berrikuntzak

Lege-proiektuan, beste berrikuntza batzuk ere sartzen dira, tartean erakunde berriak sortzeko aukera: Administrazio-aginte independenteak eta kontsortzioak. Lehenengoek sektore ekonomikoen eta jarduera jakin batzuen gaineko kanpoko gainbegiratze edo erregulazio lanak egingo dituzte. Kontsortzioek, berriz, Administrazio ezberdinen edo sektore publiko instituzionaleko erakundeen intereseko jarduerak garatzea erraztuko dute, egun Toki Administrazioaren inguruko gure legedian soilik jasotzen zen egitekoa.

Gainera, administrazio arteko harremanei dagokienean, administrazioen arteko hitzarmenen eta jarduera-planen erregulazio xehatuagoa egingo da, Administrazio ezberdinen artean haien eskumenetarako egiten diren harremanak gero eta garrantzitsuagoak izateagatik.

Era berean, araudi-esparrua eta arauak egiteko prozedura hobetu nahi dira. Modu horretan, esparru egonkorra lortu nahi da, kalitatezkoa, herritarren parte-hartzea erabat kontuan hartuko duena. Azkenik, testua berrikusi da, idazterakoan hizkuntza inklusiboa (ez sexista) erabiltzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa