(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntzak murrizketen itzulketa mailakatua proposatu du itunpeko sarearentzat ostirala, 2019.eko otsailak 15


Proposamenean %2,5eko soldata-igoera aurreikusten da hiru urtetan, irakasleentzat eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileentzat


Itunpeko ikastetxeen itunaren jarraipen batzordea. ( irudia handitu )

Hezkuntza Departamentuak itunpeko sareko patronal eta sindikatuei proposamena aurkeztu die gaur, krisian zehar irakasleei aplikaturiko soldaten jaitsiera itzultzeko. Akordioaren Segimendu Batzordeak oso positibotzat jo du proposamena, 2017an lortutako akordioa betetzeko hartutako konpromisoari erantzuten baitio, Hezkuntzako kontseilari Maria Solana Aranak azpimarratu duen moduan.

%2,5eko soldata-igoera mailaz maila egingo litzateke; hau da, lehen bi urtetan, %1 igoko litzateke irakasleen soldata eta %1 Administrazioko eta Zerbitzuetako langileak barne hartzen dituzten bestelako gastuena. Hirugarren urtean, berriz, igoera %0,5ekoa litzateke irakasleentzat. Horrela azaldu du Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusiak, Nekane Oroz Bretonek, itunpeko irakaskuntzaren sektoreko Akordioaren Segimendu Batzordearen 2019ko lehen bileraren hasieran; Akordio horretara iritsi ziren patronala, sindikatuak eta Hezkuntzako Administrazioa 2017ko irailaren 7an. Itzulketa mailakatuarekin, hasiera batean, Nafarroako aurrekontuak 3.162.664 euro gehituko lirateke.

Segimendu Batzordeko ordezkariek konpromisoa hartu dute proposamena berrikusteko eta nahi dituzten ekarpenak egiteko; horiek hurrengo bileran partekatuko dituzte, eta, bertan, itunpeko irakaskuntzaren sektoreko Akordioaren negoziaketari hasiera emango diote. Akordioa 2017. urtean sinatu zuten honako hauek: ANEG-FERE, CECE FED ACES eta NIE Eskola Katolikoen erakunde patronalak; SEPNA, UGT eta LAB sindikatuak eta Administrazioak. Akordioa 2019ko irailean amaitzen da.

Gaurko Segimendu Batzordean aurkezturiko proposamenetik haratago, dagoeneko martxoko nominan itunpeko irakaskuntzako langileei (irakasleak zein Administrazio eta Zerbitzuetako langileak) soldata %2,25 igoko zaie, asteazken honetan Gobernuaren Kontseiluan horrela onartu baita. Aurretik, %1 igo zen 2017an, eta 2018an funtzionarioen neurri berean egin zen (%1,5 urtarriletik ekainera eta %0,25 gehiago uztailetik abendura). 2017. urtetik hona pilaturiko soldata-igoera %5ekoa da, eta Administrazioak Akordioaren barnean konpromisoa hartutako zenbait neurriri erantzuten die; hala nola, irakasleak ordezkatzea ordainketa eskuordetuan, jolastordua irakastordu bezala hartzea haur-hezkuntzako etapan, jardunaldiaren murrizketa adinaren arabera, erretiro aurreratua eta txanda-kontratua, irakasleek prestakuntzarako duten eskubidea eta antzinatasunaren aparteko ordainsaria.

Gainbegiratze-neurriak

Bestalde, sektoreko patronalek gainbegiratzeko eta kontrolatzeko neurriak ezartzeko konpromisoa hartu zuten, funts publikoak behar bezala erabiltzea eta ikastetxeen funtzionamendu-gastuak justifikatzea ziurtatzeko nahiz plaza hutsen kontratazioa gainbegiratzeko eta horiek Hezkuntza Departamentuaren web orrialdearen bitartez hedatzeko, meritu eta publizitatearen gaineko irizpideak errespetatuaz.

Ildo horretan, ikusita arau horietako batzuk atzeratzen ari direla, Departamentua Foru Agindu bat amaitzen ari da, ikastetxeetan estali beharreko eta funts publikoekin ordaindutako langileen plaza hutsak hautatzeko prozesuan aplikatuko diren kontrol-prozedurak ezartzearren. Halaber, hor sartzen dira "bestelako gastuak" modulua justifikatzeko prozedurak, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei baita ere ordaintzen dizkien kontzeptuak barne hartzen dituztenak, eta itunpeko ikastetxeek Departamentuaren hezkuntza-kudeaketarako plataforman (EDUCA) sartu beharreko informazioa.

Gainbegiratzeko neurri horiek lehen aldiz sartuko dira itunpeko irakaskuntzan, aurreko gobernuek ez baitzuten gai horien gaineko kontrolik egiten. Gainera, itunpeko irakaskuntzarako partidak beste partida batzuetan sakabanatuta agertzen ziren; beraz, gaia ikertzeko eta ordenatzeko lan izugarria egin da. Era berean, Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako Zuzendaritza Nagusiaren mendeko kontrol-unitatea sortu da, neurri horiek eratzeko eta horien segimendua egiteko helburuarekin. Nafarroako Kontuen Ganberak ere, 2018ko maiatzean aurkeztutako auditorian, gomendatu zuen Hezkuntzako Administrazioak "bestelako gastuak" modulua gehiago gainbegiratzea, eta horrek Gobernua ere berresten du Ogasunaren kontrolaren bitartez.

Eta, hain zuzen ere, orain gai horri heldu zaio krisiaren aurreko urteetako egoera berreskuratze aldera murrizketak medio, Hezkuntza Itunean irakaskuntza publikorako adostutako neurriak ezarrita sare publikoan dagoeneko aplikatu ondoren. Alegia, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan, ratioak gutxitu egin dira 2016/2017 ikasturteaz geroztik, eta zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira 2018/2019 ikasturtetik aurrera. Bigarren Hezkuntzari eta Batxilergoari dagokienean, ratioen murrizketa 2018/2019 ikasturtetik aurrera gertatu da eta zuzeneko irakaskuntza-orduen jaitsiera 2019/2020 ikasturtean sartuko da indarrean.

Bileran izan dira, Administrazioaren aldetik, kontseilaria bera nahiz Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendaria eta itunpeko irakaskuntzako kontrol eta gainbegiratze unitateko arduraduna. Halaber, lau patronaletako (ANEG-FERE, CECE FED ACES eta NIE Eskola Katolikoak) eta UGT, SEPNA, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak joan dira. Gauza da ELA sindikatua izan dela 2017ko iraileko Akordioa sinatu ez duen sindikatu bakarra eta aurreko bileretara joan ez dena atzerakoitzat jotzen zuen akordioaren segimendua egin beharrik ez zuela uste zuelako. Orain, ordea, bilera honetara etorri da esanez kasu honetan gaia haiei ere badagokiela, Akordioan bertan jasotzen den neurria, bere garaian sinatu nahi izan ez zutena,  izan arren (hirugarren neurria). ELAren jokabidearen aldaketa hau, gainera, testuinguru kontraesankorrean gertatu da, sindikatuak berak errekurtsoa ezarri baitio Hezkuntza Departamentuari hain justu ere departamentuak sindikatua ez sartzeagatik Hezkuntza Publikoko Hezkuntza Itunaren Segimendu Batzordean. 

Gai-zerrendako bigarren puntuari dagokionean, hau da, itunpeko irakaskuntzarekin egindako akordio berria, 2019ko irailean sinatu behar litzatekeena, Administrazioak akordioaren lehen hurbilketa egin du patronal eta sindikatuekin, egungoan zailtasun handiagoa aurkeztu duten puntuak sartuta; hala nola, araudi berrira egokitzea, ikastetxeen konpromisoak betetzea, beste gastu batzuen justifikazioa, datuak EDUCA plataforman sartzea edo irakasleen prestakuntza, bereziki baterako hezkuntzaren eremuan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa