(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak eta Udalak adinekoentzako errentako 32 etxebizitza dituen blokea sustatu dute Azpilagaña auzoan ostirala, 2019.eko otsailak 22


Miguel Laparra lehendakariordeak eta Joseba Asiron alkateak zahartzearen erronkei etxebizitzaren arloko erantzuna emateko zurez eraiki eta auzoan integraturiko Passivhaus eraikin batean gauzatu den ‘Zure-tokia proiektua’ aurkeztu dute 


Ikus argazki oina informazioaren bukaeran. ( irudia handitu )

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak eta Iruñeko alkate Joseba Asironek elkarrekin aurkeztu dute gaur goizean Zure-tokia proiektua (‘zurezko tokia’ eta ‘zure tokia’, aldi berean), 65 urtetik gorako adinekoei zuzendutako tutoretzapeko errentako 32 apartamentu dituen blokearen sustapen publikoa, Iruñeko Azpilagaña auzoko hiri-ingurunean integraturikoa.

Bi erakunde publikoaren arteko lankidetza da esperientzia pilotu honen bereizgarri nagusia, izan ere, Nafarroako Gobernua inbertsioaz arduratu da eta Udala zorua jartzeaz. Ekimen hau etxebizitza eskuragarriko formula berrien aldeko izaera sozialeko planteamenduaren ondorioz sortua da, zahartze aktiboaren errealitate eta beharren harira sortzen ari diren erronka arkitektonikoei erantzuteko.

Apartamentuak erabat irisgarriak eta moldagarriak izanen dira, eta logela bat edo bi izango dituzte errenteroen behar eta inguruabarren arabera, baina oroz gain, ez dira bizitoki-multzo periferikoak izango, izan ere, adineko pertsonak auzo baten bizimoduan integratuta geldituko dira, hiri-sarearen barnean, herritar guztien esparruak eta zerbitzuak partekatuz.

Halaber, zuzkidurazko apartamentu-bloke horretan, eraikuntza iraunkorrari dagozkion garrantzi handiko faktore berritzaileak txertatu dira; hala nola, Passivhaus estandarraren arabera eraikitzea –hauxe da Ia Kontsumori Gabeko Eraikinen (ECCN) energia-eraginkortasunari buruzko estandarrik zorrotzena-, zurez egitea –egitura nahiz itxiturak- edota eraikuntzaren diseinuan, obraren zuzendaritzan nahi geroko mantentze-lanetan Building Information Modeling (BIM) metodologia aplikatzea, honetaz baliatzen den lehendabiziko sustapen publikoa izanik.

Energia berriztagarrien arloan erabilitako berrikuntzei dagokienez, Zure-tokia eraikina biomasaz baliatuko da berokuntzarako –energia elektrikoa eta termikoa uztartuz- eta Plug&Play deritzon sabai fotovoltaikoa izanen du, baita energia biltergiratzeko sistema berritzaile bat ere: Iruñeko Smart Communityko STARDUST proiektu europarrari atxikitako soluzio industrializatu bat.

Zahartze aktiboa hiri-ingurunean

Nasuvinsa etxebizitza arloko sozietate publikoa arduratu da Zure-tokia ekimenaren arkitektura-proiektuaz, sustapenaz eta inbertsioaz, eta Iruñeko Udalak Alzania ibaiaren kaleko 18an, Azpilagañako Manuel Turrillas plazaren parean kokaturiko udal titulartasuneko zuzkidurazko lursail bat zesioan emateko hartutako erabakiari esker, hiri-ingurunean finkatu ahal izan da.

Horri esker, apartamentu hauek alokatzen dituzten adinekoek ez dute periferiako etxebizitza-multzoetara joan beharrik izango eta auzoko bizimoduan eta gizarte-harremanetan integratzen ahalko dira, zerbitzuetara, partekaturiko esparru publikoetara edota gertuko saltokietara bat-bateko sarbidea izateak dakartzan abantailekin, zahartze aktiboa sustatzeko moduko inguruneak sustatzea xede duten programen garrantzizko beste hainbat alderdiren artean.

Horrela, etxebizitza horien geroko alokairuaren kudeaketan, Nasuvinsako teknikariek Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintza Arloko udal zerbitzuekin, Auzoko Unitatea gisako baliabideekin eta auzoko zein gizarte eta kultura arloetako elkarteekin lankidetza estuan lan egitea aurreikusi da.

Laparra lehendakariordeak eta Asiron alkateak nabarmendu dutenez, Iruñean herritarren parte-hartzeari, bizikidetzari eta ahalduntzeari irekitako gizarte-baliabideak, zerbitzuak eta esparruak sortzen jarraitzea da proiektu honen bitartez lortu nahi den helburu nagusia, adinekoei hiriko bizimoduan eta inguru sozialean integratuta jarraitzeko aukera eskainiz.

Nasuvinsako arkitektoek egikaritze-proiektua idazten bukatu bezain laster, sozietate publikoa arduratuko da eraikuntza lanen lizitazioa irekitzeaz, eta ondoren, apartamentuen alokairu babestua prezio merkeetan kudeatuko du, eraikinean egindako inbertsioa errenta horien bitartez amortizatzeko.

Bestalde, eraikinak, kota desberdinen arteko desnibelaren ondorioz azalera desberdinak dituzten beheko bi solairuetako esparru batzuk emanen dizkio Iruñeko Udalari zerbitzuetarako erabil ditzan; zehazkiago esanda, 280 metro koadroko jubiloteka bat eta 265 metro koadroko zentro komunitarioa sortzeko.

Ultzama Campusaren ekarpena

Eraikinaren diseinuan erabilitako metodologiari dagokionez, proiektuak aintzat hartu ditu Ultzama Campuseko lan-taldeetan sorturiko ekarpenak eta gogoetak. Nasuvinsak eta Arkitektura eta Gizartea Fundazioak bultzaturiko arkitekturako karrera amaierako eta gradu ondoko ikasleentzako udako eskola honen bi edizio egin dira orain arte, zahartzearen erronkei eta adineko pertsonen egiazko eskakizunei erantzungo dieten arkitektura eta etxebizitza mota berriak esploratu eta eskaintzeko xedez. Zehazkiago esanda, 2016ko udako edizioan, Eduardo Souto de Moura arkitekto portugaldarra buru zuen lan-taldeak Zure-tokia proiekturako oinarritzat erabili den Azpilagañako lursail honetarako aurreproiektuaren zirriborroa landu zuen.

Horren harira, planean aurreikusita dagoenez, eraikitako apartamentuak erabat irisgarriak eta moldagarriak izanen dira, eta gela bat edo bi izan ahalko dituzte errenteroen behar eta inguruabarren arabera. Halaber, eraikineko esparru komunen artean, elkarte gastronomikoaren antzera funtzionatuko duen txoko bat ere sortuko da bizikidetza sustatzeko, baita psikomotrizitatea lantzeko eta jarduerak antolatzeko gelak eta jubiloteka ere, besteak beste.

ARGAZKI OINA: ezkerretik eskuinera, Hiri Bizigarri eta Etxebizitza arloko zinegotzi ordezkari Joxe Abaurrea, Nasuvinsa enpresa publikoko zuzendari kudeatzaile José María Aierdi, Iruñeko alkate Joseba Asiron, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra eta Giza-Ekintza eta Komunitate Garapenerako zinegotzi ordezkari Esther Cremaes.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa