(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gizarte Segurantzako afiliazioak 1.619 pertsonatan egin du gora otsailean eta 7.879 pertsonatan gora 2018.urtearekin alderatuta astelehena, 2019.eko martxoak 4


Langabeziak 260 pertsonatan egin du gora otsailean, baina 2.249 pertsonatan behera azken urtean, Estatuan izandako batez besteko jaitsiera gaindituz


Errealitate Sozialaren Behatokiko eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñón, otsaileko langabeziari buruzko datuen aurkezpenean. ( irudia handitu )

Otsailaren bukaeran 33.839 pertsona erregistratuta zeuden Nafar Lansareren (NL) agentzietan.

Hilabete honetako langabeziari buruzko datuen balorazioa negatiboa da, izan ere, langabeziak % 0,77 gora egin du, eta ondorioz, aurreko hilabetean baino 260 langabe gehiago daude. Hala eta guztiz ere, urtebeteko epean 2.249 langabe gutxiago daudela nabarmendu behar da, % 6,23ko jaitsiera tarteko. Bestalde, iturri desberdinez hilez hileko bilakaerari erreparatuta, balorazio globala ez da horren argia, izan ere, langabeziarekin batera, Gizarte Segurantzak ere gora egin du, hots, enplegua sortzen jarraitu da. Hortaz, hiletik hilerako zein urtetik urterako kopuruetan, Nafarroa da enplegu gehien sortzen ari den autonomia-erkidegoetako bat.

Horrela, langabeziari dagokionez, langabeziaren bilakaera baldintzatzen duen urtaroen araberako joerari erreparatuz eta martxotik udazkenera bitartean langabeziak behera egin ohi duela kontuan hartuz, hilabeteko igoera hau aldian aldiko "gertaera negatibo" gisa definitu behar da, eta ondorengo hilabeteetan mantenduko balitz, ekonomiaren balizko motelaldiaren hasierako ondoriotzat jo beharko litzateke, enpluguaren gainean izan ditzakeen efektuak barne harturik. Zernahi gerta ere, egoera xehetasun handiz aztertu beharko da, joera aldaketa gertatzen ari ote den egiaztatu ahal izateko, eta hala balitz, egoeraren araberako ildo eta neurriak inplementatzeko.

Nolanahi ere, otsailean izandako langabeziari buruzko datuen azterketa xehatuak aurreko urteetatik bereizten dituen bi osagai zehazten lagundu du. Hartara, azterketak argi utzi du hilabete honetako langabeziaren ezohiko igoeraren eragile nagusiak enpleguarekin lotutako jarduerak deritzonak izan direla; hala nola, aldi bateko lan enpresak (98 langabe gehiago hilabetean) eta aurretiazko enplegurik gabeko pertsonak delako multzoa (urtarrilean baino 95 langabe gehiago). Azken kasu honetan gogoratu behar da, egun, Nafarroan, aurretiazko enplegurik ez duten langabeen artean, hamarretik zazpi emakumezkoak direla.

Bestalde, langabeziaren edozein igoera txarra izanda ere, gogoan hartu behar da Nafarroako langabezia-kotarik handiena 2013ko otsailekoa izan zela, 56.524 langaberekin. Harez geroztik, langabezian izandako guztizko jaitsiera % 40,1ekoa izan da, 22.685 langabe gutxiago erregistratuta daudelarik.

Gainera, hiletik hilera gerta daitezkeen gorabehera guztien gainetik, azken hamahiru hilabeteetako langabeziaren babez besteko balantzea, 2018ko otsailetik 2019ko otsailera bitartekoa, arras positiboa izan da aurreko epealdi beraren aldean (2017ko otsailetik 2018ko otsailera), langabeziak % 8,7ko jaitsiera izan baitu.

Bestalde, Estatuan, langabeziak % 0,10 egin du gora hilabetean, baina % 5,22ko jaitsiera izan du urtetik urtera. Beraz, langabeziaren hileko igoera zertxobait handiagoa izan da Nafarroan, baina urtetik urtera izandako jaitsiera nabarmenagoa izan da.

Langabeziagatiko estatuko babes-sistemaren estaldurari dagokionez, aurkeztutako azken datuek argi utzi dute estatuko sistemak begi-bistako mugak dituela, estalduraren proportzioa hobetu den. Urtarrilari dagokion azken datu erabilgarriaren arabera, langabeziagatiko estaldura-tasa % 53,72koa izan da. Bestela esanda: abendukoa baino 1,7 puntu handiagoa eta duela urtebetekoa baino 3,45 puntu handiagoa.

Laburbilduz, langabeen erdiek baino gehiagok (% 50,6k, zehazkiago esanda) oraindik ez dute estaldurarik sistema horretan. Hortaz, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan estaldurarik ez duten 16.996 langabe daude. Horregatik da hain garrantzitsua Errenta Bermatua gisako babesteko tresna propioak izatea, Estatuko sistemaren mugapenak eta eskasiak hein handi batean arindu ahal izateko.

Estatuan, estaldura-tasa % 61,9ra igo da; hau da, 8,2 puntu handiagoa da. Hala ere, urtetik urterako kopuruetan, 2,7 puntu gehitu da, Foru Komunitatean baino zertxobait gutxiago (3,4 puntu urtebetean).

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Langabezian izandako jaitsieraren aldean nabarmendu beharreko alderdi arras positiboa izan da afiliazioan gertaturiko gorakada berria. Hortaz, enplegua sortzen jarraitu da, Estatuko batezbestekoaren gainetik jarraitu ere.

Datuei erreparatuta, Nafarroan Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua batez beste 281.752 lagunekoa izan da otsailean; beraz, aurreko hilabetean baino 1.619 gehiago eta duela urtebete baino 7.879 gehiago. Igoera horiek ehunekoetan -% 0,58ko gorakada erakusten dute hilabetean eta % 2,88koa urtetik urtera.

Estatuarekin alderatuz gero, afiliazioaren hileko igoera handiagoa izan da, hileko zein urteko kopuruetan. Estatuan gorakada % 0,37koa izan da hilabetean eta % 2,86koa urtean. Urtetik urterako kopuruetan, Nafarroa da enplegua gehien hazi den seigarren autonomia-erkidegoa (afiliazioetan neurtuta) eta laugarrena urteko bigarren hilabetean.

Bestetik argi utzi behar da, gure inguruko autonomia-erkidegoekin (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) konparatuta, Nafarroako afiliazioaren hilabeteko zein urteko hazkundea positiboa izan dela. Lehen adierazi denez, urtetik urtera afiliazioak % 2,88 egin du gora. Euskadin, urteko igoera hori % 1,81ekoa izan da, Errioxan % 2,37koa eta Aragoin % 2,18koa.

Kontuan izan behar da afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean gertatu zela, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, otsaileko azken datua kontuan harturik, 38.247 gehiago daude, % 15,7ko igoera tarteko.

Kontratazio-kopuruei dagokienez, aurreikusten ahal zenez, hiletik hilera behera egin du. Kasu honetan, otsaila hilabete txara izan ohi da kontrataziorako. Hartara, 2019ko otsailean, lantokia Foru Komunitatean duten 26.721 kontratu erregistratu dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 6.934 kontratu gutxiago daudela, % 20,6ko hileko jaitsiera tarteko. Hala ere, urtetik urterako kopuruetan, kontratu-kopurua % 1,5 gehitu da; hau da, 2018ko otsailean baino 399 kontratu gehiago daude, eta kontuan hartu behar da urte horretan kontratazio-mailan kopuru historikoa lortu zela. Hortaz, 2019ko urtarrileko eta otsaileko kopuru metatuen arabera, kontratuek % 5eko igoera izan dute 2018ko epealdi beraren aldean.

Orobat, azpimarratu beharreko beste elementu positibo bat izan da mugagabeko kontratazioan izandako urtetik urterako igoera handiagoa, kopuru absoluluetatik aztertuta. Kontratu mugagabeen kopurua % 5,9 handiagoa izan da iazko hilabete berekoa baino, eta aldi baterako kontratuetan, igoera % 1,1ekoa izan da.

Bestalde, urteko lehendabiziko bi hilabeteak kontuan harturik, kontratazio mugagabearen urteko igoera % 7,5ekoa izan da, aldi bateko kontratuetan izandako % 4,7ko gorakadaren aldean.

Aldakuntza horien harira, kontratazio mugagabearen pisua otsailean egindako kontratazioaren % 8,1 ingurukoa izan da, aurreko hilabeetako proportzioa gaindituz.

Langabeziari buruzko datuen banakapena

Enplegu agentzien arabera, hiletik hilerako datuetan langabeziak behera egin du Donezteben (-% 4,4), Altsasun (-% 3,7) eta Tafallan (-% 0,1), eta gora egin du Iruñeko agentzietan (% 0,6), Agoitzen (% 0,7), Tuteran (% 1,1), Lodosan (% 3,5) eta Lizarran (% 4,1).

Urtetik urterako aldakuntzari dagokionez, langabezia bulego guztietan jaitsi da, baina intentsitate desberdinarekin. Doneztebeko enplegu-bulegoan (-% 7,5), Altsasukoan (-% 7,4), Iruñekoetan (-% 7,3), Tuterako agentziak (-% 6,2), Agoizkoan (-% 4,9), Lodosakoan (-% 3,3), Lizarrakoan (-% 3,3) eta Tafallakoan (-% 1,0).

Langabeziaren ezaugarriak kontuan harturik, sexuaren arabera, 20.064 langabe emakumezkoak ziren, % 1,42ko hileko igoera tarteko (281 emakume langabe gehiago) eta 13.775 langabe gizonezkoak, % 0,15eko jaitsia arinarekin (21 gizonezko langabe gutxiago). Beraz, hiletik hilera, emakumeak izan dira langabeziaren igoeraren protagonista bakarrak. Gertaera hau estu-estu lotuta dago enpleguan dagoen sexuaren araberako segregazio okupazional iraunkorrarekin. Ondotik azalduko denez, langabezian izandako hiletik hilerako igoeraren eragile nagusiak, emakumezkoen presentzia handiagoa izan ohi duten osasun-jarduerak, merkataritza eta aldez aurreko enplegurik gabeko kategoria gisako sektoreak izan dira.

Bestalde, urtetik urterako aldakuntza genero ikuspegitik aztertuz gero, langabeziaren banaketa orekatuago batera itzuli dela egiaztatzen ahal da. Gizonezko langabeen kopuruaren urtetik urterako jaitsiera handiagoa izan da (% 8,7koa) emakumezkoena baino (% 4,5ekoa). Ondorioz, egun, emakume langabeen kopurua langabezia osoarenarekin alderatuta % 59,3koa da; 2009aren bukaeran, % 49koa izatera iritsi zen.

Adin-taldeei erreparatuta, langabeziak gora egin du adin-tarte guztietan, 55 urte edo gehiagoko langabeen artean izan ezik, zertxobait behera egin baitu. Horrela, 25 urtetik beherako langabeen kopurua 141 pertsonatan egin du gora, % 4,8ko igoera tarteko. Hauxe da gorakadarik handiena, kopuru erlatiboetan nahiz absolutuetan. Bestalde, 25 eta 34 urte bitarteko langabeen artean, hiletik hilerako igoera % 0,97koa izan da (62 langabe gehiago); 35 eta 44 urte bitartekoen artean, % 0,57koa (46 gehiago); eta 45 eta 54 urte bitartekoen artean, % 0,22koa (18 langabe gehiago hilabetean). Azkenik, 55 urtetik gorakoen taldean, langabeziak % 0,09 behera egin du hiletik hilera (7 langabe gutxiago hilabetean)

Honela, 25 urtetik beherako langabeak 3.102 lagun dira (kopuru osoaren % 9,2), 25 eta 34 urte bitarteko langabeak langabezia osoaren % 19ra iristen dira (6.437), 35 eta 44 urte bitarteko langabeak % 24,2 dira (8.178) eta 45 eta 54 urte bitartekoak % 24 (8.124 pertsona). Azkenik, 55 urte edo gehiagoko langabeak % 23,6ra iristen dira; hots, 7.998 pertsona.

Urtetik urtera izandako aldakuntzari dagokionez, gazte langabeen kopurua % 6,4 jaitsi da; 25 eta 34 urte bitartekoen artean, beherakada % 4,5ekoa izan da, eta 35 eta 44 urte bitarteko langabeen artean % 8,2koa. Bestetik, 45 eta 54 urte bitarteko langabeen kopuruak % 7,3 egin du behera urtetik urtera, eta 55 urtetik gorakoena % 4,4 jaitsi da.

Ikasketa-mailari dagokionez, ohi bezala nabarmendu behar da hamar langabetatik zazpik ez dutela Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako formakuntzarik; hau da, langabe guztien % 70,6k (23.896). Bestalde, unibertsitate-ikasketak dituztenen langabezia-tasa, % 9,7koa da (3.271 pertsona). Unibertsitate-ikasketak dituzten langabeei dagokienez, adierazgarria da hamarretik zazpik emakumeak izaten jarraitzen dutela (% 70,9).

Bestalde, nazionalitateari dagokionean, 2019ko otsaileko langabeen %19,4a atzerritarra da; hain zuzen ere, 6.569 pertsona. Hilabeteko eta urteko aldaketei erreparatuta, urtarriletik hona atzerritarren langabezia-tasa %1,94 gehitu da; espainiar nazionalitatea dutenena, aldiz, %0,50 gehitu da. Urteko datuak kontuan hartuta, atzerritarren langabezia-tasak %5,2 behera egin du, eta espainiar nazionalitatekoena, aldiz, %6,5 jaitsi da.

Iraupen luzeko langabeziari

dagokionez, urtebetetik gora langabezian dauden pertsonak 12.148 dira, eta langabezia osoaren %35,9a osatzen dute. Alderdi positibo gisa adierazi behar da iraupen luzeko langabezia hilabete honetan jaitsi egin dela (-%0,12). Gainera, urte batean, gehiago murriztu da, -%10,7 kopuru osoaren -%6,2ren aurrean. Langabeziaren luzapenaren ondorio ezberdinak direla-eta, ezbairik gabe nabarmendu beharreko alderdi positiboetariko bat da.

Azkenik, sektore ekonomikoka, langabeziak gora egin du lehen sektorean eta zerbitzuen sektorean; industrian eta eraikuntzan, ordea, berriro jaitsi egin da. Modu horretan, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan langabezia apur bat igo da, %1,7 (sektore horietan 33 langabe gehiago), industrian %1,20 jaitsi da (57 langabe gutxiago), eta eraikuntzan ere %2,25 jaitsi da (38 langabe gutxiago). Zerbitzuen sektorea langabezia gehien igo den sektorea da termino absolutuetan, 227 langabe gehiago baitaude, %1,01. Azkenik, aurreko enplegurik gabeko pertsonen langabezia ere %3,51 gehitu da (aurreko enplegurik gabeko 95 langabe gehiago); zalantzarik gabe, hilabete honetan izandako langabeziaren igoeraren elementu edo gertaera erabakigarrienetarikoa da.

Urteko datuei erreparatuta, langabezia gutxitu egin da sektore guztietan, modu ezberdinean bada ere. Portzentualki, aipatzekoa da eraikuntzan izandako jaitsiera, -%21,2 (446 pertsona langabe gutxiago). Gainerako sektoreetan, urteko aldaketa honako hau izan da: lehen sektorean 174 langabe gutxiago egon dira; hau da, urteko -%8,1 jaitsi da; industrian langabezia -%4,3 jaitsi da (210 langabe gutxiago); zerbitzuen sektorean langabeziaren urteko jaitsiera -%4,9koa izan da (1.160 langabe gutxiago). Azkenik, enplegurik gabekoen langabezia -%8,5 jaitsi da urtean (259 pertsona gutxiago).

Gaur egun, sektore ekonomikoka, langabezia-tasa honela banatzen da: %5,8 lehen sektorekoak dira, %13,9 industriakoak, %4,9 eraikuntzakoak, %67,1 zerbitzuen sektorekoa eta gainerako %8,3 aurreko enplegurik gabeko pertsonak dira. Ildo horretan, azpimarratu behar da industriako langabeziaren pisua krisi hasierakoa baino askoz ere baxuagoa dela, 2009ko otsailean %23koa izatera iritsi baitzen eta 2007. urteko otsailean %19,7koa, egungoa baino ia sei puntu altuagoa.

Azkenik, langabezia azpisektore ekonomikoka aztertu ondoren, esan daiteke langabeziak hilabetean gora egin duela neurri handi batean adar hauetan: enpleguarekin loturiko jarduerak (urtarrilean baino 98 langabe gehiago), aurreko enplegurik gabeko pertsonak (95 gehiago), osasun-jarduerak (58 gehiago) eta txikizkako merkataritza (51 gehiago).

Aurreko urteekin alderatuta, elkarrengandik urruntzen diren elementu gisa nabarmentzekoa da enpleguarekin zerikusia duten jardueretako langabeziaren igoera (adar honetan sartzen dira aldi baterako laneko enpresak) eta aurreko lanik gabeko langabeen kopuruaren igoera. Azken kasu horretan, aurreko enplegurik gabeko langabe-kopuru osotik %72,6 emakumeak dira. Datu bereziki deigarria da kontuan izanik termino absolutuetan urtebetean langabezia gehien jaitsi den kategoria bat dela.

Bestalde, urtarrilarekin alderatuta, langabeziak adar hauetan egin du behera neurri handiagoan: Administrazio Publikoa eta Defentsa, derrigorrezko Gizarte Segurantza (47 langabe gutxiago hilabete batean), ostatu-zerbitzuak (43 gutxiago) eta eraikuntza espezializatuko jarduerak (33 gutxiago).

Langabeziaren urteko aldaketari dagokionean, ia jarduera-adar guztietan behera egin du langabeziak: aurreko enplegurik gabeko pertsonak (2018ko otsailean baino 259 gutxiago); txikizkako merkataritza (238 langabe gutxiago); eraikuntza espezializatuko jarduerak (224 gutxiago); eraikinen eraikuntza (187 gutxiago); janarien eta edarien zerbitzuak (165 gutxiago); nekazaritza, abeltzaintza eta horiekin loturiko zerbitzuak (162 gutxiago); Administrazio Publikoa eta Defentsa; derrigorrezko Gizarte Segurantza (145 gutxiago) eta elikaduraren industria (122 gutxiago).

Bestalde, langabeziaren urteko igoera adar nagusi hauetan gertatu da: metalurgiaren adarrak; burdin, altzairu eta ferroaleazioko produktuen fabrikazioa (74 langabe gehiago urte batean); motordun ibilgailuen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa (54 gehiago) eta posta-jarduerak eta postetxetakoak (28 pertsona langabe gehiago adar horretan).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa