(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

31/2010 Foru Dekretua, maiatzaren 17koa, Barne Kontroleko Erregelamendua onesten duena

 

(2010eko 72. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 14an)

Atarikoa

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak foru sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne kontrola arautzen du. Arauketa horrek abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen bitartez ezarri zena ordeztu zuen, foru lege hori indargabetuta geratu baitzen foru lege berriak indarra hartzean; era berean, barne kontroleko modu berriak ezarri zituen: bereziki, kontrol finantzario iraunkorra sortu zen, eta auditoretza publikoaren alderdi batzuk eta besteak zehaztu ziren.

Hirugarren xedapen iragankorrak ezartzen duenez, indarra duten erregelamendu xedapenak aplikatuko dira, foru lege berrian xedaturikoari aurka egiten ez dioten neurrian. Honela definitzen den esparrua egokia da kontrol-sistemari eusteko, baina ez foru legean agertzen diren kontrol-modu berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko.

Barne Kontroleko Erregelamenduak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean definitzen diren hiru kontrol mekanismoak arautzen ditu: Kontu-hartzea, Kontrol finantzario iraunkorra eta Auditoretza publikoa. Foru legean aipatzen diren kontzeptuak zehazten ditu eta kontrol mekanismo horiek aplikatzeari buruzko prozedurazko alderdiak garatzen ditu.

Horrenbestez, kontu-hartze eginkizuna Nafarroako Ogasunari eskatzen ahal zaizkion betebehar ekonomikoak zehazten dituzten egintzen aurretiazko kontrol gisa taxutzen da. Kontrol horrek prozeduren tramitazioa eteteko ahalmena du, baldin eta foru legean ezarritako kasu batean dagoela uste bada. Komenigarria da adieraztea foru legean kontu-hartze eginkizunak jarduteko ahalmen zabal horretaz gain berariazko ondare-erantzukizuna eta barne kontroleko jarduerak egiten dituzten langileen jarduerarako autonomia dituela esleituta. Testuinguru horren barnean -prerrogatiba zabalak, prerrogatiba horiek burutzeko erantzukizuna eta funtzionamendu-autonomia-, eginkizunaren norainokoa zehaztasunez arautzea kudeaketa-sistemen egonkortasunerako nahitaezko baldintza da, horrela ezartzen baitira fiskalizazioaren joko-arauak, eta horrela, halaber, desagerrarazten baitira ziurgabetasunak, bai kudeatzaileentzat -ardurapean dituzten prozedurei eragiten dieten alderdien definizio zehatza baitute eskura-, bai fiskalizazioa egiten duten langileentzat -egin behar dituzten kontrol eginkizunen definizioan baitute erreferentzia, eta eskatzen ahal zaien erantzukizunaren zehaztapen argia ere bai-. Aldiz, araututa ez dagoenez, baliteke gatazkak sortzea eginkizunaren norainokoari buruzko ikuspegi batzuen eta besteen artean, eta horrek ez dio batere onik egiten Administrazioaren funtzionamendu onari.

Kontrol finantzario iraunkorrari dagokionez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean entitate, unitate edo arlo funtzional bakoitzaren egoera eta funtzionamendua modu jarraituan egiaztatzeko modu gisa definitzen da, eta kontrolerako ohiko araubidea izaten ahalko da zehazten diren esparruetan, kontu-hartze eginkizuna ordeztuz. Adierazi behar da kontrol finantzario iraunkorra -auditoretza publikoa bezala- kudeaketaren ostean burutzen dela, eta auditoretzako teknikak erabiltzen direla ondorioak ateratzeko. Ondorio horiek txostenetan azaltzen dira, eta era berean, txosten horietan kudeatzaileentzako gomendioak egiten ahal dira, atzematen ahal diren akatsak zuzendu ahal izateko. Erregelamenduak kontrol lan horien oinarrizko premisak ezartzen ditu, alderdi teknikoan eta prozedurazko alderdian.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako beste kontrol mekanismoa Auditoretza Publikoa da. Honela definitzen da: foru sektore publikoaren jarduera ekonomiko eta finantzarioa egiaztatzea da, gerora eta sistematikoki. Halaber, Nafarroako sektore publikotik kanpoko pertsona fisiko eta juridikoek funts publikoak zuzen aplikatzen dituzten ere aztertuko du. Foru legeak zehaztasunez agerrarazten ditu egiten ahal diren auditoretza motak: kontabilitate-erregulartasuneko auditoretza, betetzeari buruzko auditoretza, auditoretza operatiboa edo diru-laguntzen auditoretza; beste alde batetik, Erregelamenduak foru legean agertzen ez diren gai batzuk zehazten ditu, auditoretza publikoko lanak planifikatu eta egiteari buruzkoak, adibidez baliabide propioekin edo gainerakoak kontratatuz egitea, lanen gutxieneko zehaztapenak edo txostenen egitura.

Auditoretza publikoaren barnean atal berezia merezi du NBEUF-LGENF Erakunde Ordaintzailearen auditoretzak. Auditoretza horren tamaina, norainokoa eta berariazko baldintzak direla-eta, gainerako auditoretza lanetatik bereizten den tratamendua hartzen du.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA. Kontrol modalitate guztietarako xedapen komunak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta haren sektore publikoa osatzen duten entitate eta sozietateen kudeaketa ekonomiko-finantzarioko jardueren barneko kontrol sistema arautzea da, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean, Erregelamendu honetan eta kontrolaren eremuan aplikatzen ahal diren xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera.

2. artikulua. Kontrola egiteko modalitateak eta modua.

1. Aurreko artikuluan definitu den barne kontrola kontu-hartze eginkizunaren, kontrol finantzario iraunkorraren eta auditoretza publikoaren bitartez eginen da.

2. Aurreko zenbakian aipatzen diren eginkizunak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eginen ditu, Kontu-hartzailetza Nagusiaren bitartez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean, Erregelamendu honetan eta aplikatzen ahal zaizkion xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera.

3. artikulua. Langileen betebeharrak.

Kontu-hartze Nagusiaren eremuan jarduten duten langileek zuhurtasunez jokatu beharko dute beren eginkizunak betetzean jakiten dituztenei buruz.

4. artikulua. Kontu-hartze Nagusiari laguntza ematea eta harekin elkarlanean aritzea.

1. Eginkizun publikoak egiten dituztenek edo Foru Komunitateko Administrazioan, haren erakunde autonomoetan eta haren sektore publikoa osatzen duten entitate eta sozietateetan lan egiten dutenek, behar den bezala elkarlanean aritu beharko dute barne kontroleko eginkizunez arduratzen diren langileekin, eta behar denean langile horiei lagundu beharko diete, kudeaketari buruz kontrol zereginak egiteko beharrezkotzat jotzen den informazioa emanez.

2. Egintzaren, dokumentuaren edo espedientearen izaerak eskatzen duenean, Kontu-hartze Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko, haren erakunde autonomoetako eta entitate eta sozietate publikoetako organo, administrazio unitate edo langileei beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza juridikoa eta txosten teknikoak eskatzen ahalko dizkie. Nolanahi ere, aplikatzen den araudian horretarako aurreikusita dagoen bidea erabiliko du, baita barne kontroleko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren aurrekari eta dokumentuak ere, horien euskarria edozein dela ere. Aurrekari eta dokumentu horiek eskumena Foru Komunitate osoan duten organoei eskatu behar bazaizkie, Kontu-hartzaile Nagusiak eskatuko ditu.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bitartez, eta erakunde autonomoek, zuzendaritza organoen bitartez, kontu-hartzailetza delegatuei laguntza eman beharko diete, kontrol eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren baliabide lagungarrien bitartez.

5. artikulua. Autonomia printzipioa.

Barne kontroleko jarduerak egitean, Kontu-hartzailetza Nagusiaren organoek autonomia osoz jarduten dute kudeaketa kontrolpean duten entitate, organo eta langileekin alderatuta.

II. KAPITULUA. Kontrol finantzario iraunkorraren eta auditoretza publikoaren xedapen komunak

6. artikulua. Urteko Kontrol Plana.

1. Kontu-hartzailetza Nagusiak, urte bakoitzeko urtarrilean, urteko kontrol plana eginen du. Plan horretan bilduko dira ekitaldian kontrol finantzario iraunkorraren eta auditoretza publikoaren esparruetan egiteko aurreikusita dauden jarduketak.

2. Jarduketa horiek prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta erakunde autonomoek jarduketetarako proposamenak egiten ahalko dituzte aztertzeko, baloratzeko eta, bidezkoa bada, urteko planean txertatzeko.

3. Urteko plana Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak onetsiko du.

4. Kontu-hartzailetza Nagusiak txostena egin ondoren, urteko plana Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak aldatzen ahalko du hori justifikatzen duten inguruabar bereziak gertatzen direnean.

5. Urteko plana eta, bidezkoa bada, haren aldaketak, Comptos Ganberari jakinaraziko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.

7. artikulua. Kontrol jarduketen garapena.

1. Lanak planifikatu eta garatzean, Erregelamendu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Kontu-hartzailetza Nagusiak ondorio horretarako ezartzen dituen Jarraibide Teknikoetan -edo bestela Sektore publikoaren auditoretzako arauetan- xedatuta dagoena bete beharko da.

2. Laneko programa bat bete beharko da. Programa horretan, lortu nahi diren kontrol arloko helburuetarako, programaren beraren norainokoak zehaztuko dira, baita egin beharreko zeregin eta prozedurak ere.

3. Kontrol jarduketa guztietan nahikoak, egokiak eta baliozkoak diren frogak lortu beharko dira, kontrol helburuei buruzko iritzi, ondorio eta gomendioen oinarria izateko. Ondorio horietarako, frogatzat hartuko dira dokumentu-erregistroak, gertakarien aitorpenak edo kontrol organoaren ondorioetarako lagungarriak diren beste informazio guztiak.

4. Egindako lanaren eta ateratako ondorioen artxibo osoa eta zehaztua eratuko da. Artxibo horretan laneko paper guztiak sartuko dira. Laneko paperak, kontrola egiten duen organoak prestatutako edo jasotako dokumentu guztiak izanen dira. Modu horretan, multzoan hartuta, paper horiek erabilitako informazioaren, lortutako frogen eta lana egitean egindako proben bilduma izanen dira, iritzi bat taxutzera iristeko hartu behar izan diren erabakiekin batera.

8. artikulua. Kontrol txostenak.

1. Kontrol finantzario iraunkorreko eta auditoretza publikoko jarduketa bakoitza txosten batean agerraraziko da. Txosten horretan agertu beharko dira gutxienez kontrolaren helburuak, norainokoa, egindako jarduketen emaitza, ondorioak eta gomendioak.

2. Egindako txostena behin-behinekoa izanen da hasieran. Kontrolaren arduradunak sinatuko du, eta Kontu-hartailetza Nagusiko Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman beharko du.

3. Behin-behineko txostena kontrolaren mendean egon den organo, zerbitzu edo entitatearen titularrari igorriko zaio, jaso ondoren gehienez ere hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

4. Aipatu epe hori igarotakoan, behin-behineko txostena, jasotako alegazioak eta, bidezkoa bada, lanaz arduratzen diren langileek alegazio horiei buruz egindako oharrak oinarri direla, kontrol organoak behin betiko txostena eginen du. Adierazitako epean alegaziorik jaso ezean, behin-behineko txostena behin betiko txosten bihurtuko da.

5. Behin betiko txostenak eskura izanen dituzte Comptos Ganberak, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak eta erkidegoko kontrol finantzarioko erakundeek, beren eskumenak erabiltzeko.

9. artikulua. Gomendioak.

1. Txostenetan jarduketari buruzko gomendioak agertuko dira organo kudeatzailearentzat, atzeman diren akatsen ondorio gisa.

2. Egindako gomendioak, atzeman diren akatsen garrantziaren arabera, honela kalifikatuko dira: gomendio nagusia, erdi mailakoa edo txikia, irizpide hauen arabera:

a) Gomendio nagusia: kudeaketaz arduratzen den departamentu edo erakundeko goi mailako arduradunen berehalako arreta behar duten akatsak. Nolanahi ere, gomendio nagusiak gainerakoek funtsak itzul ditzatela proposatzen dutenak izanen dira, baldin eta funts horien zenbateko osoa faktura aurkezte hutsaz -edo, bidezkoa bada, kreditua erreserbatuz- tramitatzen diren kontratuetarako muga gisa ezartzen dena edo hortik gorakoa bada.

b) Erdi mailako gomendioa: kontrolaren mendean dagoen kudeaketaren arduradunen berehalako arreta behar duten akatsak. Gainerakoek funtsak itzul ditzatela proposatzen duten gomendioak, aurreko idatz-zatian adierazitakoa baino zenbateko txikiagoa dutenean, gutxienez erdi mailako gomendioak izanen dira.

c) Gomendio txikia: akats arinak edo hobetzeko aukerak, berehalako esku-hartzea eskatu ez arren dagozkien arau- edo antolakuntza-aldaketen testuinguruan kontuan hartu behar direnak.

3. Gomendio nagusiak edo erdi mailakoak akats larrien ondorioz egiten badira, inguruabar hori espresuki adieraziko da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 108.1 artikuluan eta artikulu honetako hurrengo zenbakian ezarrita dagoenaren ondorioetarako.

4. Kontrola egitean akats larrien ondorioz gomendio nagusiak edo erdi mailako gomendioak egin direnean, kudeaketaren titularrak, behin betiko txostena egin eta hilabeteko epean, beharrezkoak diren neurriak eta akatsak konpontzeko aurreikusita dagoen epea adierazi beharko du, Kontu-hartailetza Nagusiko Zerbitzuaren zuzendariari zuzendutako idazki baten bidez. Epe hori bete ezean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 108. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den jarduketen gaineko txostena egin beharko da.

5. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak organo kudeatzaileek jakinarazitako neurri zuzentzaileen jarraipena eginen du, baita, bidezkoa bada, Gobernuak jarduketen gaineko txostenen ondorioz hartutako erabakien jarraipena ere.

II. TITULUA. KONTU-HARTZAILETZA EGINKIZUNA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. atala. Mugaketa

10. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak kontu-hartzailetza eginkizunaren mendean egonen dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean eta Erregelamendu honetan ezarrita dagoen bezala.

2. Kontrolatu beharreko eduki ekonomikoa duten egintzak, dokumentuak eta espedienteak sortzen dituzten kudeaketa prozeduretan Administrazio Publiko batek baino gehiagok parte hartzen duenean, kontu-hartzailetza eginkizuna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan egiten diren egintzetara mugatuko da.

11. artikulua. Kontu-hartzailetza eginkizunaren xedea.

1. Kontu-hartzailetza eginkizunaren xedea eskubideak aintzatestea edo gastuak egitea dakarten egintzak kontrolatzea da, egintza horiek onetsi aurretik, baita egintza horietatik ondorioztatzen diren diru-sarrera eta gastuak kontrolatzea ere, eta orokorrean funts publikoak inbertitu edo aplikatzea, honako hauek ziurtatzeko:

a) Aplikatzen ahal den araudian ezarritako eskakizunak betetzen direla dena delako egintza onesteko.

b) Organo kudeatzaileak aplikatzen ahal den araudian eskatzen diren baldintzak egiaztatu dituela.

c) Erabakiaren oinarri diren txosten teknikoak eskumena duen norbaitek sinatu dituela.

d) Kontabilitatea eta aurrekontua zuzenak direla.

e) Baliabide publikoak aurreikusita dagoen xederako aplikatzen direla.

f) Nafarroako Ogasunari ez zaiola kalterik egiten.

2. Erregelamendu honetan adierazitako ondorioetarako, Nafarroako Ogasunarentzat kaltea dagoela ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Jaso beharreko prestazioaren eta ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko korrelazioa mantenduko dela bermatzen ez denean.

b) Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek kontzesioaren xede izan den interes publikoaz besteko jarduketak finantzatzeko erabiltzen direnean.

c) Nafarroako Ogasunaren eskubide ekonomikoen osotasuna hondatzen edo arriskuan jartzen denean.

d) Administrazio egintzen ondorioa dena delako kredituari dagozkion Aurrekontuei buruzko Foru Legean aurreikusita dagoen helburuaz besteko betebeharrak aintzatestea denean, edo gerora hala izanen denean.

e) Eginen den gastuari lotutako finantzaketa lortzeko baldintzak betetzen ez direnean.

f) Orokorrean, dena delako egintzari dagozkion Nafarroako Ogasunaren ondasun edo eskubideen erabilera, helburu edo kontsumoaren eta interes publikoko xede baten artean loturarik ezartzen ez denean.

12. artikulua. Eginkizuna gauzatzeko modalitateak.

1. Kontu-hartzailetza eginkizuna gauzatzeko modalitateak kontu-hartze formala eta materiala dira.

2. Kontu-hartze formalean egiaztatuko da 11. artikuluan erabakiak hartzeari buruz definitutako betebeharrak betetzen diren, espedientea nahitaez osatu behar duten agiri guztiak aztertuz.

3. Kontu-hartze materialean funts publikoen aplikazioa egiazkoa eta eraginkorra izan den egiaztatuko da.

13. artikulua. Kontu-hartzailetza eginkizunaren edukia.

Kontu-hartzailetza Nagusiko organoek egiten duten kontu-hartzailetza eginkizunak alderdi hauek izanen ditu:

a) Eskubide eta betebehar ekonomikoak edo funts edo balioen mugimendua sor ditzaketen egintza, agiri edo espediente guztiak aldez aurretik fiskalizatzea, agiri edo espediente horiek ebazpena eman baino lehen aztertuz.

b) Gastuaren likidazioaren edo betebeharraren aintzatespenaren kontu-hartzea. Honako honetan datza: dagokion ebazpena eman aurretik egiaztatzea betebeharrak legearen edo sinatutako negozio juridikoaren araberakoak direla eta hartzekodunak bere konpromisoak bete edo, bidezkoa bada, bermatu dituela.

c) Ordaintzeko aginduaren kontu-hartze formala: Foru Komunitateko Diruzaintzaren kargura ordainketak egiteko aginduak behar bezala ematen direla egiaztatzea.

d) Ordainketaren kontu-hartze materiala: ordainketak behar bezala emandako ordainketa aginduen bitartez egin direla egiaztatzea.

e) Funts publikoen aplikazio edo erabilpenaren kontu-hartzea eta egiaztapena: ordainketak egindakoan, ordaindu egin dela, kopuru zuzena ordaindu dela eta kopuru hori aurrez ezarritako xedera bideratu dela egiaztatzea, Erregelamendu honen 34. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua. Kontu hartzeko unea.

1. Kontu-hartzailetzak fiskalizagai diren administrazio-espedienteak jasoko ditu, behin nahitaezko justifikazio eta txostenak espedienteari erantsita daudenean eta organo eskuduna erabakia edo ebazpena emateko prest dagoenean.

2. Espedientea fiskalizatzeko fase guztietan, Kontu-hartzailetzaren txostena izanen da azkena. Hala ere, aholkularitza organoren batek irizpena ematea beharrezkoa den kasuetan, irizpen hori azaldu aurretik fiskalizazioak indarreko arauak betetzen direla egiaztatu behar du, eta irizpena azaldu ondoren, berriz, fiskalizazioak irizpen hori badagoela, eta, aldekoa bada, hala dela, besterik ez du egiaztatu behar.

3. Espedientea fiskalizatu ondoren aldatzen bada, berriro fiskalizatu beharko da.

15. artikulua. Fiskalizaziorako epea.

1. Kontu-hartzailetzak hamar eguneko epean fiskalizatu behar du espedientea, hura jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita. Epe hori erdira laburtuko da fiskalizazio bereziko araubidea aplikatzen bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 98. artikuluko 3. idatz-zatiaren babespean.

2. Epe hori eten eginen da baldin eta Kontu-hartzailetzak, bere ahalmenak erabiliz, bere eginkizunak betetzeko egokitzat jotzen dituen aholku juridikoak edo txosten teknikoak eskatzen baditu. Halakoetan organo kudeatzaileari etenduraren berri eman behar zaio.

2. atala. Kontu hartzeko eskumenak

16. artikulua. Kontu-hartzaile Nagusiaren eskumenak.

1. Kontu-hartze arloan, Kontu-hartzaile Nagusiari dagokio agiri eta espediente hauek aurretiaz fiskalizatzea:

a) Nafarroako Gobernuak onetsi edo baimendu behar dituenak.

b) Kontu-hartzaile Nagusiak berak aurretik fiskalizatutako beste egintzaren bat aldatzea dakartenak.

c) Eskumena daukan Kontu-hartzaile Delegatuak ekartzen dizkionak, arrazoiak azaldurik, baldin eta Kontu-hartzaile Nagusiak horietan kontu hartzeari bidezkoa irizten badio.

2. Kontu-hartzaile Delegatuek agiri edo espedienteren bat Kontu-hartzaile Nagusiari goiko c) idatz-zatian esandako moduan aurkezten diotenean, agiriarekin batera txostena aurkeztu behar diote. Txosten horretan Kontu-hartzaile Delegatuak, gutxienez, kontrolpean jarri nahi duen egintza beraren iritziz egokia den ala ez adierazi behar du. Fiskalizazioari dagokionez txosten horrek ez du ondoriorik izanen.

3. Erregelamendu honen 16.1-a) artikuluan ezarritakoa gorabehera, Kontu-hartzaile Nagusiak edozein egintza, agiri edo espedientetan kontu hartzen utz diezaiotela eskatzen ahalko du, bere ekimenez edo eskumena daukan Kontu-hartzaile Delegatuak proposaturik.

17. artikulua. Kontu-hartzailetza Delegatuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzak eta haren erakunde autonomo administratibo bakoitzak gutxienez Kontu-hartzailetza Delegatu bat izanen du, baina Kontu-hartzaile batek departamentu edo erakunde batean baino gehiagotan jardun dezake.

Horrez gain, eskumen arlo horizontalak ezartzen ahalko dira, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera osoko berariazko sektoreak barnean hartzeko.

18. artikulua. Kontu-hartzaile Delegatuak.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak izendatuko ditu Kontu-hartzaile Delegatuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko langileen artetik, edo Administrazioko beste departamentu batzuetakoak izanik lehenago Ekonomia eta Ogasun Departamentuan egon diren langileen artetik.

19. artikulua. Kontu-hartze Delegatuen eskumenak.

1. Kontu-hartze Delegatuen egitekoak ondokoak dira:

a) Kontu-hartze lanetan aritzea, bakoitza bere eskumeneko eremuaren barnean eta Erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz, salbu eta kontu-hartze eginkizunak berariaz beste organoren bati ematen zaizkionean.

b) Kontu-hartzailetza Nagusiko organoei era guztietako azterketak eta kontrolak egiten laguntzea beharrezkoa denean.

c) Arauetan berariaz ematen zaizkion gainerako egitekoak, eta Kontu-hartzaile Nagusiak bere kontu-hartze eginkizunetan ari denean ezartzen dizkionak.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak erabakiko du Kontu-hartzailetza Delegatuetako langileek norainoko eskumenak izanen dituzten eta elkarren ordezpenak nola eginen dituzten.

3. atala. Kontu-hartzearen gauzapena eta emaitzak

20. artikulua. Adostasunez egiten diren kontu-hartzeak.

1. Adostasuna egonez gero, kontu-hartzea, orokorrean, eginbide sinatuen bidez gauzatuko da, haren arrazoiak azaldu beharrik izan gabe. Eginbide sinatu bana eginen da Erregelamendu honen 13. artikuluan azaldu diren faseetako proposamenak jasotzen dituzten agirietan.

2. Dena dela, Kontu-hartzailetzak txostena egiten ahalko du bere jarduketaren edozein fasetan, egokitzat jotzen dituen edukiarekin eta luzerarekin.

3. Kontu-hartzaile Nagusiak arau bereziak ematen ahalko ditu, fiskalizatu beharreko egintza eta espedienteen administrazio- edo kontabilitate-prozesuetako agiri jakinetan eginbide sinatua egin dadila agintzeko.

4. Eginbide sinatuen ordez, barneko prozedurek horretarako aukera ematen dutenean, bestelako jarduketak egiten ahalko dira informatikako sistema edo bitartekoak erabiliz.

21. artikulua. Eragozpenak.

1. Aztergai diren egintza, espediente edo agirien funtsarekin edo formarekin ados ez badago, Kontu-hartzailetzak bere iritzia azaltzen ahalko du, idatziz, bere eragozpenak azalduz.

Eragozpena fiskalizazioaren pean dagoen egintza edo agiria sustatu duen organoari jakinaraziko zaio.

2. Kontu-hartzailetzak eragozpenen bat azalduz gero, espedientearen tramitazioa eten eginen da harik eta eragozpena ebatzi arte, ondoko kasu hauetan:

a) Nahikoa krediturik ez dagoela edo proposatutako kreditua ezegokia dela argudiatzen denean eragozpenaren oinarri gisa.

b) Betebeharraren aitorpenaren justifikazio agirietan irregulartasun larriak atzematen direnean edo hartzailearen eskubidea aski frogatzen ez denean.

c) Obra, hornidura, erosketa eta zerbitzuen egiaztapen materialen ondoriozkoa denean.

d) Egintzaren deuseztasuna erakartzen ahal duen eskakizun edo izapideren bat burutu ez denean, edo kudeaketa administratiboaren jarraipenak Nafarroako Ogasun Publikoari edo hirugarren bati kalte ekonomikoa egiten ahal dionean.

e) Aurrekontuak aldatzeari dagokionez Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean edo Aurrekontuei buruz aplikatzen ahal den Legean aipatzen diren betebeharrak betetzen ez direnean.

f) Nafarroako Gobernuak erabakitzen duenean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposaturik.

3. Espedientean atzemandako akatsak aurreko letretan aipatzen ez diren eskakizun edo izapideak ez betetzearen ondoriozkoak badira, Kontu-hartzailetzak akats horiek nabarmenduko ditu, baina espedientearen izapideak ez dira etengo.

4. Izapidea eteteko eragozpena zuzentzen zaion organoak, behin hura onartuz gero, atzemandako akatsak konpondu egin beharko ditu, eta, bidezkoa bada, jarduketak Kontu-hartzailetzari berriro igorri beharko dizkio.

22. artikulua. Desadostasunak.

1. Organo kudeatzaileak, eteteko eragozpena onartzen ez badu, bere desadostasuna agertzen ahalko du, arrazoiak azalduz eta bere iritziaren oinarri diren arauak eta egintzak aipatuz, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Ezadostasuna adierazirik, honelaxe jokatuko da:

a) Kontu-hartzailetza delegatu batek aurkeztu badu eragozpena, Kontu-hartzailetza Nagusiari egokituko zaio ezadostasunaren berri izatea, eta ebazpen hori nahitaez ebatzi beharrekoa izanen da harentzat.

b) Eragozpena Kontu-hartzailetza Nagusiak aurkezten duenean, bere kasa arituz edo kontu-hartzaile delegatu batena berretsiz, eta organo kudeatzailearen ezadostasunak bere horretan badirau, horrek Ekonomia eta Ogasun Departamentura igorriko du espedientea, eta Departamentu horrek Nafarroako Gobernuaren eskuetan utziko du, behin betiko ebazpena eman dezan.

23. artikulua. Emaitzen berri ematea.

Kontu-hartzailetza eginkizuna betetzean egindako txostenak xede dituzten espedienteen zati izanen dira. Halaber, egokia den organoari igortzen ahalko zaizkio, desadostasunen tramitazioa, fiskalizaziorik eza edo kontrolerako beste jarduketa zehatzen bat izaten den kasuetarako.

24. artikulua. Kontu-hartzerik ez egitea.

1. Erregelamendu honetan edo aplikatzekoak diren beste arauetan ezarririkoaren arabera, kontu-hartzea aginduzkoa izanik egin ez bada, ezin izanen da aurrekontuen exekuzioko egintzarik egin, ezta ordainketa izapidetu eta kasuan kasuko espedientearen alde kontu hartu ere, ez-egite hori artikulu honetan ezarririko baldintzetan aztertu eta hari buruz ebatzi arte.

2. Kontu-hartzaile Nagusiak edo Kontu-hartzaile Delegatuek, beraien eskumenen arabera, aurretiazko fiskalizaziorik izan ez duen espedientearen berri dutenean, beraien iritzia idatziz emanen dute eta ondoko hauek adieraziko dituzte:

a) Beraien ustez aurretiazko fiskalizaziorik gabe egintza burutu den unean antolamendu juridikoaren aurka izan diren ustezko urratzeak, baldin eta horrelakorik balego.

b) Organo kudeatzaileen jarduera dela-eta izaten ahal diren ustezko adostasunik ezak.

c) Fiskalizaziorik izan ez duen egintza horren ondorioak.

d) Egintza hori agindua eman zuten organo kudeatzaileek baliokidetzea, baldin eta horrelakorik egitea zilegi balitz.

3. Baldin eta Kontu-hartzailetzak, honen aurreko puntuan adierazi denaren arabera, espedientean urratze edo adostasun-ezik ez dagoela adierazten badu, hau da, fiskalizazioaren hasierako ez-betetze hori bazter utzita, egintza baliokidetu eginen da administrazioko prozeduraren arauetan ezarri dena betez.

4. Baldin eta Kontu-hartzailetzak bere iritzia eman eta antolamendu juridikoaren aurkako ustezko urratzeak daudela edota organo kudeatzailearen jarduketarekin ados ez dagoela adierazten badu, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio horrek ebazpena eman dezan.

II. KAPITULUA. Eskubide eta sarreren kontu-hartze eginkizuna

25. artikulua. Eskubide eta sarreren aurretiazko fiskalizazioa.

1. Eskubide eta sarreren aurretiazko fiskalizazioaren bitartez, likidazioak egiteko proposamenak aztertu egiten dira organo eskudunak haiek onetsi baino lehen.

2. Fiskalizazio hori kontabilitateko arrazoi-hartzeari datxekion kontrolaz eta kontrol finantzario iraunkorraz ordezten ahalko da; betiere, Kontu-hartzailetza Nagusiko langileek egoki deritzeten egiaztapen guztiak egiten ahalko dituzte.

3. Likidazioak egiteko proposamenetan akatsen bat atzematen bada, edo Kontu-hartzailetza ez badago ados egintzen funtsarekin edo formarekin, Erregelamendu honen 20. eta 21. artikuluak aplikatzen ahalko dira. Eragozpen horrek, hala ere, ez du etengo eskubideen likidazioa. Behin organo eskudunak eragozpena berretsi eta gero, hala egiten badu, likidazioa zuzendu eginen da.

4. Aurretiaz fiskalizatu beharko dira gerorapenak, zatikapenak eta orokorrean zor diren kopuruak kobratzeko ezarritako baldintzak aldarazten dituzten egintza guztiak.

III. KAPITULUA. Betebehar eta gastuen kontu-hartze eginkizuna

1. atala. Eduki ekonomikoko egintza eta agiriak

26. artikulua. Araubide arrunta.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta haren erakunde autonomo administratiboen egintza guztiak burutu aurretik fiskalizatu eginen dira, baldin eta beraien bidez gasturen bat egitea onesten bada eta organo eskudunak gastu horretarako funts publikoak erabil daitezela xedatzen badu.

2. Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek sinatzen dituzten hitzarmenak, akordioak eta antzeko egintzak, besteak beste, aurretiazko kontu-hartze horren pean egonen dira, eduki ekonomikoa baldin badute.

27. artikulua. Aurrekontua kudeatzeko eragiketak.

1. Aurrekontua kudeatzeko honako eragiketa hauek ez dira egonen aurretiazko fiskalizazioaren mendean:

a) Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 42. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den orotarako kreditua erabiltzea.

b) Aurrekontua aldarazten duten egintza eta erabakiak, aipatu foru legearen 43.. artikuluko a), b), c) eta d) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

c) Foru lege horren 38. artikuluko 2. idatz-zatian zerrendatutako kredituei eragiten dieten funts mugimenduak.

2. Aurreko zenbakian aipatzen diren eragiketak bideratzeko egintzek arrazoituak izan beharko dute eta eraginpean dauden kredituak identifikatzeko beharrezkoak diren datuak bildu beharko dituzte.

3. Lotutako finantzaketa duten gastuak murriztea dakarten eragiketetan eragiketa horrek aurrekontu-orekan izaten ahal duen eragina aztertuko da.

28. artikulua. Ondarearen osaeraren aldaketak.

Ez dute aurretiazko kontu-hartzerik beharko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean agertzen diren honako egintza hauek bideratzeko egiten dituzten egintza hauek, aurrekontu arlokoak izan zein ez:

a) Kostubidezko eskurapenak.

b) Zorrak ordaintzeko esleipenak.

c) Ondasunen errentamendua, eskurapena barnean egon zein ez.

d) Ondasun eta eskubideen besterentze eta trukeak.

e) Ondasun eta eskubideen doako lagapenak, erabilerarenak zein jabetzarenak.

29. artikulua. Justifikatu beharreko eragiketak.

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 56. artikuluan aipatzen diren justifikatu beharreko eragiketei dagokienez, eragiketa hauek fiskalizatu beharko dira:

a) Kutxa finkoko aurrerakinak eratzea.

b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduak libratzea.

2. Justifikatu beharreko funts libratuekin egindako gastuen aplikazioek gastuen izaeraren arabera aplikatzen den fiskalizazio araubidea izanen dute.

3. Entregatu diren eta justifikatu behar diren funtsen mugimenduak ez dira aurretiaz fiskalizatuko, baina funts horiek ezarrita daudeneko banku-kontuak kontrol finantzario iraunkorraren mendean egonen dira, sortu zireneko helburuetarako erabiliko diren egiaztatzeko.

4. Justifikatu beharreko eragiketak fiskalizatzean honako alderdi hauek egiaztatu beharko dira:

a) Aplikatzen ahal den araudian ezarritako prozedurari jarraitu zaion, eta eragiketa behar bezala baimenduta dagoen.

b) Funtsen kudeaketak eskatzen dituen erantzukizunak definituta eta identifikatuta dauden.

c) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kasuan, gastua behar bezala baimendu eta kontabilizatu den.

2. atala. Ordainketaren kontu-hartze formala eta materiala

30. artikulua. Ordainketaren kontu-hartze formala.

1. Ordaintzeko aginduen kontu-hartze formala behar dute Foru Komunitateko Diruzaintzaren kargura ordainketak egiteko agintzen duten egintzek. Kontu-hartze horren xedea ordainketak egiteko aginduak organo eskudunak emanak direla eta betebeharraren aintzatespenaren egintzari doitzen zaizkiola egiaztatzea da.

2. Ordainketa agindua betebeharraren aintzatespenaren ekintzari doitzea agirien azterketaren bidez egiaztatuko da, edo, bestela, egintzak eta fiskalizazioa egin dituen organoak berak egintza horri buruz eginen duen ziurtagiriaren bidez.

3. Baldin eta ordainketa aginduak bitarteko informatikoen bidez jasotako proposamenetan oinarrituta egin badira, uste izanen da adierazi den doikuntza hori proposamen mota horrentzat ezarri den prozedurarekin bat igortzen diren unean gertatuko dela.

4. Ordaintzeko aginduaren kontu-hartze formala ordainketaren gutxipenerako aginduetara hedatuko da atxikipen judizialen kasuetan, horretarako xedatuko diren erabakien bidez edo hartzekodunaren zorren konpentsazioen bidez.

31. artikulua. Ordainketaren kontu-hartze materiala.

1. Ordainketaren kontu-hartze materialak jasotzailearen nortasuna, ordainketaren zenbatekoa eta bankuko kontuetan ordainketari aurre egiteko diru nahikoa dagoela egiaztatuko du.

2. Kontu-hartzeari lotuta daude xedetzat ondoko hauek dituzten ordainketa aginduen burutzapenak:

a) Foru Komunitateko Administrazioko Diruzaintzaren eta haren erakunde autonomoen betebeharrak betetzea.

b) Funtsak jartzea legez hartzekodunei ordainketak egiteko pertsona gaituen eta/edo eskumenak dituzten eragileen eskuetan.

c) Foru Komunitateko Diruzaintzaren kontuen arteko funts eta baloreen mugimendua gauzatzea.

3. atala. Gastuaren eta inbertsioaren likidazioa

32. artikulua. Unea.

1. Gastuaren likidazioaren edo betebeharraren aintzatespenaren kontu-hartzea horiek egiteko erabakia gertatu aurretik eginen da.

2. Une horretan agirien bidez egiaztatuko da hartzekodunak gastuaren baimena eta konpromisoa zehaztu duten kontratu, erabaki edo xedapenen ondorioz funts publikoak jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituela.

33. artikulua. Egiaztapenen edukia.

Gastuaren likidazioaren aurretiazko kontu-hartzea egiten den unean ondoko hauek egiaztatu beharko dira:

a) Betebeharrak gastu onetsiei lotuta daudela eta, hala denean, aldekotasunez fiskalizatuei lotuta, salbu eta gastuaren eta betebeharraren aintzatespenaren onespena aldi berean egiten den kasuetan.

b) Betebeharra bidezkotzen duten agiriek aplikagarriak diren legezko eta arauzko xedapenak betetzen dituztela. Hori gorabehera, dokumentazioan ondoko hauek azalduko dira:

-Hartzekodunaren identifikazioa.

-Betebeharraren zenbateko zehatza.

-Ordaintzeko betebeharra sorrarazten duten prestazioak eta beste kausa batzuk, dagozkion egiaztapenak egin zituenaren nortasuna, egiaztapenen norainokoa eta emaitza adierazita.

c) Inbertsioa gauzatu delako egiaztapen materialaren akta egotea, baldin eta Erregelamendu honen hurrengo artikuluan ezarri denaren arabera bidezkoa bada.

34. artikulua. Inbertsioa gauzatu dela egiaztatzea.

1. Organo kudeatzaileak funts publikoen inbertsioa benetan gauzatu dela egiaztatzera doazenean, kontrol organoek horretan esku hartzearen ondorioetarako, jarraian adieraziko diren kasuetan Kontu-hartzailetza Nagusiari jakinaraziko diote gutxienez hamar egun lehenago:

a) Obrak egitea, ondasun higiezinak eskuratzea edo kapital diru-laguntzak ematea, horien zenbatekoa 150.000 eurotik gorakoa denean.

b) Hornikuntzak eta gainerako zerbitzugintzak, horien zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa denean.

Egiaztapena egiteko eguna eta ordua gutxienez bost egun lehenago jakinaraziko dira.

2. Aurreko zenbakian adierazi den jakinarazpena egin eta bost eguneko epearen barruan Kontu-hartzaile Nagusiak, bidezkotzat joz gero, delegatua izenda dezake, edo jasotze ekintzara kontrol organoak agertzeari gaitziriztea erabaki.

Kontrol organoek egiaztapenean esku hartzeari gaitziritziko zaio arestian adierazi den epe hori igaro eta Kontu-hartzaile Nagusiak ez badu horretara agertzeko delegaturik izendatu.

3. Baldin eta gastua benetan egin dela egiaztatzeko beharrezkoa bada ezagutza teknikoak edukitzea, Kontu-hartzaile Nagusiak bidezko gastuaren proiektuan, zuzendaritzan, adjudikazioan, kontratazioan edo betearazpenean esku hartu ez duen funtzionario bat izenda dezake.

4. Inbertsioa benetan egin dela egiaztatzeko adostasun aktan bertaratu diren kideen sinadura behar da, edo, hala denean, egin den zerbitzugintza jaso behar duen organoaren titularraren txostena edo ziurtagiria.

5. Baldin eta inbertsioa egin dela egiaztatzeko ekintzan Kontu-hartzaile Nagusiaren delegatuak parte hartu badu, aurreko zenbakietan ezarri denaren arabera, adostasun aktaren ale bat Kontu-hartzailetza Nagusira igorriko da.

6. Horrela jarduteko bideak eskaintzen dituzten inguruabarrak daudenean, Kontu-hartzaile Nagusiak obrak, zerbitzugintza edo hornikuntza kontratuen bidez eskuratu diren ondasunen fabrikazioa egiten diren bitartean egiaztapen materialak egiteko agindua eman dezake, horien zenbatekoa gorabehera.

7. Artikulu honetan ezarri dena betez egiten diren egiaztapen materialek, hala denean, kontratuen eta frogagirien azterketa ez ezik, errealizazio edo emateen egiaztapen fisikoa eta materiala jasoko dituzte.

IV. KAPITULUA. Aurretiazko fiskalizazioko prozedura bereziak

35. artikulua. Salbuetsitako gastuak.

1. Kapitulu honetan espresuki salbuetsita dauden gastuez gain, aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsita egonen dira gastu arruntak edo inbertsioetako gastuak, baldin eta beren zenbatekoa kontratuei buruzko legedian faktura aurkeztea besterik eskatzen ez duten kontratuak izapidetzeko adierazten den mugatik gorakoa ez bada.

2. Salbuetsitako gastuak kontrol finantzario iraunkorraren mendean egonen dira.

36. artikulua. Nomina bidez ordaintzen diren gastuen aurretiazko fiskalizazioa.

1. Aurretiazko fiskalizazioaren mendean egonen dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 44. artikuluko 3. idatz-zatian adierazten diren langileen kudeaketako egintzak, baita foru lege horren 52. artikuluko 1.a) eta b) idatz-zatietan definitzen diren aurrekontuaren exekuzioaren faseetako bati dagozkion egintza guztiak ere.

2. Betebeharrak aintzatetsi eta ordaintzeko, nomina erabiliko da. Nomina hori aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsita egonen da. Dena dela, gastuak behar bezala kontabilizatzeko egin behar diren egiaztapen eragiketak egiten ahalko dira.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazi dena gorabehera, ordainsari aldakorrak jasotzeko bidea ematen duten baimenak aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsita egonen dira, baina baimen horiekin batera zerbitzuko zuzendariak behar adinako kreditu egokia dagoela egiaztatzeko sinatutako agiria aurkeztu beharko da.

37. artikulua. Kontratuen aurretiazko fiskalizazioa.

1. Erregelamendu honetan salbuesten diren jarduketak edo Nafarroako Gobernuak etorkizunean salbuesten ahal dituenak gorabehera, honako jarduketa hauek fiskalizatuko dira, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen mendean dauden kontratuei dagokienez:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak iragarkia baimentzea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 65. artikuluko f) idatz-zatian eta 76. artikuluko 2. idatz-zatian azaltzen den bezala.

b) Esleipena ebaztea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 65. artikuluko k) idatz-zatian eta 76. artikuluko 9. idatz-zatian azaltzen den bezala.

c) Kontratuak exekutatzearen ondoriozko betebeharrak aintzatestea.

d) Kontratuen aldaketak eta prezioen berrikuspenak.

2. Fase guztietan aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsita egonen dira Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen mendean dauden kontratuen artean izapidetzeko faktura aurkeztea besterik -eta bidezkoa bada kreditua erreserbatzea- eskatzen ez dutenak, baita kontratu horien aldaketak ere.

38. artikulua. Diru-laguntzen aurretiazko fiskalizazioa.

1. Erregelamendu honetan salbuesten diren jarduketak edo Nafarroako Gobernuak etorkizunean salbuesten ahal dituenak gorabehera, honako jarduketa hauek fiskalizatuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen mendean dauden diru-laguntzen kudeaketari dagokionez:

a) Oinarri arau-emaileak onestea, hori aurrekontua exekutatzeko fase batekin parekatzen ez bada ere.

b) Diru-laguntzak zuzenean emateko baimena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen dena.

c) Diru-laguntzen deialdiak egitea eta diru-laguntzak ematea.

d) Diru-laguntzak kudeatzearen ondoriozko betebeharrak aintzatestea.

e) Diru-laguntzak justifikatzea, ordainketarik egon ez arren.

f) Oinarri arau-emaileen edo kontzesioen aldaketak.

2. Diru-laguntzen kontzesio eta ordainketak aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsita egonen dira baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako zenbatekoa gehienez ere Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73. artikuluan izapidetzeko faktura aurkezte hutsa eta kreditua erreserbatzea eskatzen duten kontratuetarako muga gisa ezartzen direnetatik txikiena izan behar da. Fiskalizaziotik salbuestearen ondorioetarako, emandako zenbatekoa hau izanen da:

-Norgehiagokaren prozeduraren bidez emandako diru-laguntzetan, deialdiaren zenbateko osoa.

-Kontzesioko gainerako prozeduretarako, onuradun bakoitzari dagokiona.

b) Justifikazioa diru-laguntza osoa jaso baino lehen egin behar da.

c) Gastua ez da urte anitzetarakoa izanen, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluan aipatzen denaren arabera.

3. Salbuesteko baldintzak egiaztatzea gastua baimendu baino lehenagoko fiskalizazio zereginetako bat izanen da.

39. artikulua. NBEUF-LGENF Europar Batasuneko Funtsen Erakunde Ordaintzailearen diru-laguntzak.

1. NBEUF-LGENFk, Europar Batasuneko Funtsen Erakunde Ordaintzaileak izapidetzen dituen aurrekontuko diru-laguntzen espedienteen aurretiazko fiskalizazioa, espediente horiek Batasunaren Erregelamendu egokietan ezarritako kontrolen mendean daudenean, besterik gabe alderdi hauek egiaztatzea izanen da:

a) Aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa izatea.

b) Kontzesioa ebazteko proposamena instrukzio organo eskudunak egitea.

c) Diru-laguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena eranstea, eta bertan agertzea onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

d) Betebeharrak organo eskudunak onestea.

e) Laguntzak onesteko erabaki-proposamenak, foru aginduak edo ebazpenak akats materialik ez izatea.

2. Aurretiazko fiskalizazio mugatuko araubide hori kontrol finantzarioaren mendean dagoen Erakunde Ordaintzailearen jarduketak finantzatzen dituzten aurrekontuko kontu-sailei aplikatuko zaie. Aurrekontuko kontu-sail horien bitartez ezin izanen dira finantzatu Erakunde horri ez dagozkion jarduketak.

40. artikulua. Administrazio elektronikoa.

1. Nafarroako Gobernuak berariazko kontrol araubideak ezartzen ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2. artikuluan adierazita dagoenaren arabera onetsitako prozedurekin izapidetutako egintzetarako.

2. Artikulu honen arabera onesten den kontrol araubidea dena delako prozedura elektronikoarekin izapidetzen diren egintza guztiei aplikatuko zaie.

3. Gobernuaren Erabakia izapidetuko da sistema erabiltzea onetsi ondoren, aipatu 11/2007 Foru Legearen 2. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta eta Kontu-hartze Nagusiak txostena egin ondoren.

4. Artikulu honen arabera ezarritako kontrol araubide berezi baten mendean dauden prozeduretan aldaketak egiteko, Kontu-hartzailetza Nagusiak aldeko txostena egin beharko du. Txosten horretan Gobernuaren baimenaren oinarri izan ziren baldintzak betetzen jarraitzen dela azalduko da.

III. TITULUA. KONTROL FINANTZARIO IRAUNKORRA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

41. artikulua. Definizioa.

1. Kontrol finantzario iraunkorra unitate organiko edo arlo funtzional bakoitzaren egoera eta funtzionamendua ekonomiari eta finantzei dagokienez modu jarraian egiaztatzea helburu duen kontrol modalitatea da. Araudia eta jarraibideak betetzen direla egiaztatzen du eta, oro har, haien kudeaketa bat datorrela kudeaketa finantzario egokiaren printzipioekin. Kontrol modalitate hori egiteko auditoretza prozedurak erabiliko dira.

2. Kontrol finantzarioaren helburuak hauek dira:

a) Kontrol honen mendean dagoen entitate, unitate organiko edo arlo funtzionalaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioak kudeaketa finantzario egokiaren printzipioak eta aplikatzen ahal zaion araudia zein neurritaraino betetzen dituen ikusteko modua ematea, egindako kudeaketaren azterketaren eta ebaluazioaren bitartez.

b) Bidezkoa bada, gomendio eta proposamenak egitea atzematen diren akatsak zuzentzeko jarduketei buruz, akatsak saihesteko prebentzio neurriei buruz, edo kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa hobetzen laguntzen ahal duten ekintzei buruz.

42. artikulua. Aplikazio esparruaren zehaztapena.

1. Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren proposamenari jarraikiz, kontrol finantzario iraunkorra barne kontroleko sistema arrunt gisa aplikatzeko esparru zehatza mugatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruaren barnean. Gobernuaren Erabakiak, gutxienez, honako alderdi hauek hartuko ditu barnean, gutxienez:

a) Kontrolatu beharreko jarduera mugatzea. Organo edo erakunde osoei, prozedura zehatzei edo prozeduren zatiei buruzkoa izaten ahal da.

b) Kontrolaren helburuak, txostenek azaldu beharko dituzten kudeaketako alderdiak kontuan hartuta definituta. Betiere, alderdi horien artean egonen dira aurretiazko kontu-hartzetik salbuetsi diren jarduketak, Erregelamendu honetan definitutako aurretiazko fiskalizazioak duen hedadurarekin.

c) Atera beharreko ondorioen garrantzia, kontrol txostenean iritzi esanguratsuak zein organo kudeatzailerentzat azaldu behar diren adierazita.

d) Kontrola egiteko eman beharreko informazio eta agiriak, eta informazio eta agiri horien osotasuna bermatzeko mekanismoak.

2. Kontrol finantzario iraunkorreko jarduketak lau hilabeteko epeetarako eginen dira, eta epe bakoitzerako txosten bat eginen da. Hala ere, aurreko zenbakian aipatzen den Gobernuaren Erabakiak bestelako aldizkakotasunak ezartzen ahalko ditu beharrezkoa balitz, kontrolaren helburuak hobeto betetzeko. Nolanahi ere, urte osorako txosten bat gutxienez egin beharko da.

3. Txosten bakoitzaren hizpide den jarduera uneko ekitaldi ekonomikokoa izanen da.

43. artikulua. Exekutatzeko eskumenak.

Kontrol finantzario iraunkorra orokorrean Kontu-hartzailetza Delegatuak eginen du. Dena dela, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen 93.3 artikuluan azaltzen den barne kontrolerako urteroko planak ezartzen ahalko du kontrol finantzarioko jarduketa jakin batzuk Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuko beste unitate batzuek egin ditzatela.

44. artikulua. Kontrol finantzario iraunkorreko jarduketen plangintza eta garapena.

1. Kontrol finantzario iraunkorreko jarduketak egingo direneko unitate organiko bakoitzeko arduradunak hau egin beharko du:

a) Eraginpean dauden langileei eginen diren kontrol finantzarioko jarduketen xede eta helburuen berri ematea.

b) Kontrola egiten duen Kontu-hartzailetzako taldearen arduradunaren eta zuzendaritza-zentroaren arteko mintzakide bat izendatzea.

c) Kontrola egiten duen kontu-hartzailetzako taldearekin elkarlanean aritzea, kontrol finantzario iraunkorraren helburuak lortzeko. Alde horretatik, instalazio eta ekipamenduak eskuratzeko aukera emanen dio, hala eskatzen badu, eta beharrezkoak diren baliabideak eskura jarriko dizkio.

2. Kontrola egin behar duen Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuko organoaren ardurak hauek dira:

a) Zentro kudeatzaileari ekitaldian eginen den kontrol finantzario iraunkorreko urteko planaren barneko kontrol jardueren berri ematea aldez aurretik.

b) Kontroleko agiri eta erregistroak gordetzea, eta informazioaren konfidentzialtasuna zaintzea.

45. artikulua. Kontrol finantzario iraunkorreko jarduketen dokumentazioa.

Erregelamendu honen 8. artikuluan adierazita dagoen gutxieneko edukiaz gain, kontrol finantzario iraunkorreko txostenetan arlo berberari buruz aurreko txostenetan egindako gomendio nagusien eta erdi mailakoen jarraipenak agertu beharko du.

46. artikulua. Txostenen hartzaileak.

Behin betiko txostenak organo kudeatzaile zuzenari, zuzendari nagusiari edo, bidezkoa bada, dagokion erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileari eta Departamentuko idazkari tekniko nagusiari igorriko zaizkio.

47. artikulua. Urteko txostena.

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 106. artikuluko 2. idatz-zatia aplikatzeko, Kontu-hartzailetza Nagusiak urteko txosten bat eginen du, ekitaldian egindako kontrol finantzario iraunkorreko jarduketen emaitzak biltzeko.

2. Kontrol finantzario iraunkorraren urteko txostena departamentuka egituratuko da, jarduera kontrolpean izan duten organo kudeatzaileak zeini dagozkion kontuan hartuta; gainera, txosten horrek eduki hau izanen du:

a) Kontrolatu beharreko jardueren deskribapena.

b) Egindako gomendioen jarraipenaren laburpena.

3. Nafarroako Gobernuak kontrol finantzarioaren urteko txostena aztertuko du.

II. KAPITULUA. Araubide bereziak

48. artikulua. Salbuetsitako gastuak.

1. Erregelamendu honen 35, 36, 37 eta 38. artikuluetan salbuetsitzat jotako gastuen gainean egiten diren kontrol finantzario iraunkorreko eragiketak urtean behin eginen dira, eta eragiketa horien ondorioak esanguratsuak izanen dira zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bakoitzarentzat.

2. Gastu salbuetsiei dagozkien kontrol finantzario iraunkorreko txostenak urte bakoitzeko lehenengo seihilekoan eginen dira, eta aurreko ekitaldian egindako gastu salbuetsiei buruzkoak izanen dira, kontrol lanak ekitaldi osoan egin diren ala ez kontuan hartu gabe.

49. artikulua. Nomina bidez ordaintzen diren gastuak.

Nomina bidez ordaintzen diren gastuen kontrolaren ondorioek garrantzi hau izanen dute:

a) Ordainsari finkoetarako, ondorioak nomina egiteaz arduratzen den organo bakoitzerako azalduko dira.

b) Ordainsari aldakorretarako, ondorioak Departamentu eta Erakunde Autonomo bakoitzerako azalduko dira.

50. artikulua. Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren Erakunde Ordaintzailearen jarduketak.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren Erakunde Ordaintzailearen urteko kontuetan egindako auditoretza 38. artikuluan azaltzen diren eragiketa salbuetsiei nahiz Erregelamendu honen 39. artikuluan aipatzen diren eragiketei dagokien kontrol finantzario iraunkorraren zati da.

2. Kontrol finantzario iraunkorreko txostenak barnean hartuko ditu Erakunde Ordaintzailearen kontrol finantzarioko txostenaren ondorioak nahiz aurreko idatz-zatian azaltzen diren kontu-sailen bidez finantzatutako jarduketen azterketatik ateratzen diren ondorioak, baldin eta azken horiek kontrol finantzarioaren mendean dagoen Erakunde Ordaintzailearen kontutik baztertu badira. Txosten hori urtean behin eginen da.

51. artikulua. Administrazio elektronikoa.

40. artikuluaren arabera onetsitako fiskalizazio-araubide berezien mendean dauden egintzen kontrol finantzario iraunkorrean, nolanahi ere, sistema informatikoaren segurtasun eta osotasuna mantentzeari buruzko urteko txostena agertuko da. Txosten hori Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunek egiten ahalko dute, Kontu-hartzailetza Nagusiak eskatuta.

IV. TITULUA. AUDITORETZA PUBLIKOA

I. KAPITULUA. Araubide orokorra

52. artikulua. Definizioa eta aplikazio esparrua.

1. Auditoretza publikoaren funtsa bere aplikazio esparruaren barnean dauden organo eta entitateen jarduera ekonomiko eta finantzarioa egiaztatzea da, gerora eta sistematikoki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ematen dituen eta aplikatzekoak diren auditoretza arau eta jarraibideetako berrikuste eta hautatze prozeduren bidez, edo horiek izan ezean, Estatuko Kontu-hartzailetza Nagusiak onetsitako Sektore publikoaren auditoretzako arauetan ematen direnen bidez.

2. Barne kontrolerako urteroko planean xedaturikoaren arabera, auditoretza publikoa eginen zaie foru sektore publikoa osatzen duten organo eta entitateei, bazter utzita Nafarroako Parlamentua eta haren mendeko organoak, Nafarroako Kontseilua eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua, ezertan galarazi gabe Kontuen auditoretzari buruzko uztailaren 12ko 19/1988 Legeko auditoretza pribatuaren menpeko jarduketak, sektoreko legediak merkataritza sozietateei ezarriak.

3. Bereziki, hurrengo artikuluan aipatzen den diru-laguntzen auditoretza funtsen hartzaileei ere eginen zaie.

53. artikulua. Lanak egitea.

1. Hurrengo artikuluan adierazita dagoena gorabehera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen V. tituluan agertzen diren auditoretza publikoko jarduketak ondorio horretarako izendatzen diren kontu-hartzailetza Nagusiko organoak eta horren langileek eginen dituzte, jarduketa horretarako aurreikusita dauden eginkizunen arabera, eta beren lanerako jarduketa horri atxikitako edozein langileren laguntza izaten ahal dute, baita, beharrezkoa izanez gero, beste administrazio-unitate batzuetako langileena ere.

2. Auditoretzako lanak barneko langileekin ezin direnean egin, edo beste bitarteko batzuen parte-hartzea behar denean, Kontu-hartzailetza Nagusiak Foru Komunitateko Administraziokoak ez diren kanpoko bitartekoen laguntza teknikoa kontrata dezake.

3. Kontu-hartzailetza Nagusiak kanpoko auditoreen lanaren kalitatea berrikusi eta kontrola dezake betiere. Bitarteko horiek eskaintzeko kontratuetan, txostenak eta ondorioak prestatzeko oinarritzat hartuko diren laneko euskarri eta agirietara iristeko aukera azalduko da.

4. Halaber, Kontu-hartzailetza Nagusiak kanpoko auditoreengana jo dezake eta horiek egiten dituzten auditoretza eta zereginekin zerikusia duen edozein informazio eskatu, baldin eta hori funts publikoen kontrolerako beharrezkoa bada.

5. Kontu-hartzailetza Nagusiak, bere eginkizunak betez, Foru Komunitateko Administrazioko organo kudeatzaileetara edo erakunde autonomo, entitate eta sozietate publikoetako arduradunengana jo dezake, eta kanpoko auditoreek auditoretza publikoaren esparruari lotuta dauden subjektu eta jarduerei buruz egiten dituzten auditoretzetako edozein txosten eskatu.

54. artikulua. Urteko kontuen auditoretzak.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 113. artikuluan aipatzen den kontuen auditoretzak kontu horien arduradun diren entitateek kontratatuko dituzte. Egin beharreko auditoretzaren norainokoa foru lege horren 114. artikuluan adierazten denaren araberakoa izanen da, eta egiten diren kontratuetan 53. artikuluko 3. idatz-zatian azaltzen diren kontu-hartzailetza Nagusiaren prerrogatibak erabili ahal izateko klausulek agertu beharko dute.

55. artikulua. Auditoretza publikoko jarduketen planifikazioa.

1. Ekitaldian egin beharreko auditoretza publikoko lanak Erregelamendu honen 6. artikuluan azaltzen den Urteko Kontrol Planean sartu beharko dira, honako gutxieneko zehaztapen hauekin:

-Auditoretzaren helburua, egiaztatu beharreko alderdi zehatzak bilduko dituena. Alderdi horiek Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 111. artikuluan aipatzen direnetakoak izan beharko dute.

-Auditoretzaren hartzailea, kontrolatu beharreko jardueraren arduradun den erakunde, entitate edo unitatea, alegia. Diru-laguntzen auditoretzaren kasuan onuradunak eta entitate laguntzaileak aukeratzeko irizpideak hartuko dira.

2. Europar Batasunaren funtsen kudeaketa eta kontroleko araudiek behartzen dituzten auditoretzen kasuetan, aplikatzen ahal den araudiaren aipamena egin beharko da.

56. artikulua. Jarduketen hasiera.

1. Hartzaileari jakinaraziko zaio kontrol jarduketak hasi direla, eta lanak bitarteko propioekin ala kontratatutako laguntza tekniko baten bidez eginen diren ala ez adieraziko zaio.

2. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak kudeaketan parte hartzen duten organoei lanak egiteko beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die, baita auditoretzaren mendean egon den herri bakoitzari dagozkion laginak ateratzeko beharrezkoak diren fitxategi informatikoak ere, eta 5 egun balioduneko epea emanen dio informazio hori emateko.

57. artikulua. Txostenen egitura.

1. Auditoretzako txostenek honako egitura hau izanen dute:

-Txosten exekutiboa edo laburpena: kontrolaren eta horren ondorioen funtsezko datuak bilduko ditu.

-Sarrera: besteak beste, kontrola egiten duen organoa, jatorria eta hartzailea azaltzen dira.

-Aplikatzen ahal den legedia: aplikatzen ahal den araudi osoa zehazten duen zerrenda azalduko da.

-Helburuak: plangintza fasean definitu diren helburuen zerrenda azalduko da.

-Lanen norainokoa: zein elementu zehatz aztertuko diren azalduko da, eta lanaren ardatz izanen diren espediente, prozedura eta subjektuak adieraziko dira. Laginketa bidezko hautapenik badago, hautatu den lagina zehaztuko da, eta lagin horrek biztanleria osoarekin alderatuta duen garrantzia ere azalduko da.

-Egindako lanak: hautatutako espedienteetarako egindako proba guztiak azalduko dira.

-Egiaztapenen emaitzak: aurreko probak egitean lortu diren emaitzak azalduko dira.

-Ondorioak eta gomendioak: egindako frogen emaitzen arabera ateratzen diren ondorioak zehaztuko dira, eta bidezkoa bada, dagozkion gomendioak emanen dira 9. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera.

-Auditoretzako iritzia.

2. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak bere auditoretzako txostenerako muga bat azaltzen ahal du baldin eta auditoretza egin zaion entitatea honako inguruabarretako batean badago:

a) Lanak ezarritako epean egiteko beharrezkoa den dokumentazioa ez aurkeztea.

b) Aztertu beharreko espedienteen laginak ateratzeko beharrezkoak diren ordainketen fitxategiak ezarritako epean ez aurkeztea.

c) Hautatutako espedienteak auditoreen eskura ezarritako epean ez jartzea.

d) Auditoreei behar bezala ez laguntzea lanak egiten dituzten bitartean.

58. artikulua. Txostenen hartzaileak.

1. Auditoretza publikoko behin betiko txostenak Kontu-hartzailetza Nagusiak bidaliko dizkie honako hartzaile hauei:

a) Haien nagusi den Departamentuari edo atxikia duten organo, erakunde edo entitateari.

b) Kontrolatu beharreko organo edo entitatearen titularrari.

c) Diru-laguntzen edo laguntza publikoen kontrol finantzarioei dagokienez, horiek eman dituen organo edo entitatearen titularrari.

d) Estatuko Administrazioko kontu-hartzailetza Nagusiari, baldin eta hark eskatzen badu, kontrola Europar Batasunaren edo Estatuko Administrazioaren funtsen kontura finantzatutako laguntza edo diru-laguntzen gainean egin denean, eta lanak Administrazio Publikoen arteko lankidetza esparruaren barnean egiten direnean.

e) Egitura funtsen kontrola bada, egokia den Agintaritza Kudeatzaileari edo Erdi Mailako Erakundeari.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak egindako txostenen helburua zabaltzen edo aldatzen ahalko du beharrezkotzat jotzen duenean, dela egindako lanaren izaeragatik, dela lan horren ondorioengatik.

II. KAPITULUA. Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren Erakunde Ordaintzailearen auditoretza

59. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen berezitasuna.

Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren Erakunde Ordaintzailearen urteko auditoretza titulu honetako I. kapituluan adierazita dagoenaren arabera eginen da, kapitulu honetan azaltzen diren berezitasunekin.

60. artikulua. Auditoretza planifikatzea.

1. Erakunde Ordaintzaileari ekitaldiko kontuetan sartuko diren laguntzei buruz eta laguntza horien ordainketa kopuruari buruz beharrezkoa den informazioa eskatu ondoren, Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak urteko plangintzako agiria eginen du. Agiri hori behar bezala onetsiko da eta auditoretzaren eraginpean egon den entitateari jakinaraziko zaio, honako gutxieneko zehaztapenekin:

-Auditoretzaren helburua, egiaztatu beharreko alderdi zehatzak bilduko dituena.

-Aztertu beharreko laginen hedadura.

-Jarduketen kronograma.

-Lanak baliabide propioekin ala kanpoko auditoreen bitartez eginen diren.

2. Auditoretzaren xede den entitateak mintzakide bat izendatuko du Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuarekiko harremanetarako, auditoretza lanen plangintza eta exekuzio prozesuan sortzen diren auzi guztiak ebazteko.

61. artikulua. Lanen hasiera.

1. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak urte osoan lanak egiteko beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko du, baita ordainketen fitxategi batzuk ere, auditoretzaren mendean egon den herri bakoitzari dagozkion laginak ateratzeko, eta 5 egun balioduneko epea emanen du informazio hori emateko.

2. Laginak atera ondoren, auditoretzaren mendean egon den entitateari aukeratutako espedienteen zerrenda jakinaraziko zaio. Espediente horiek behar bezala dokumentatuta egon beharko dute auditorearen eskura 5 egun balioduneko epean, auditorea espedienteok aztertzen hasi ahal izateko.

3. Ekitaldia amaitzean, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren Erakunde Ordaintzaileak ekitaldi osoari dagokion ordainketen fitxategia, Urteko Kontua eta beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia aurkeztu beharko ditu, ezarritako epean Txostena eta Egiaztagiria egiteko.

62. artikulua. Lanak egitea.

1. Lanak egiten ari diren bitartean, auditoreak aldian-aldian bilerak eginen ditu auditoretzaren mendean dagoen entitatearen mintzakidearekin, sortzen diren zalantzak eta gorabeherak konpontzeko. Gorabeheren xehetasuna idatziz emanen da, eta ebazteko epe bat emanen da.

2. Lanak amaitu ondoren laguntzen araubide bakoitzari buruz behin-behineko txosten bat eginen da, betiere abenduaren 15a baino lehen. Txosten hori organo kudeatzaileari igorriko zaio, 7 egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

3. Kontuak itxi eta hurrengo urteko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian auditoretzaren xede izan den ekitaldiko NBEUF-LGENF Kontuaren Egiaztapeneko Behin-behineko Txostena eginen da, Europar Batasunak ezarritako orientabideei jarraituz. Txosten hori 7 egun naturaleko gehieneko epean Erakunde Ordaintzaileko zuzendariari igorriko zaio alegazioak egiteko. Txostenaren atalen bati buruz aurretiaz txosten partziala egin bada, Erakunde Ordaintzaileak ezin izanen du atal horren inguruko ohar eta gomendioei buruz alegaziorik egin.

4. Lanak egiten ari diren bitartean finantza arloko akatsak atzematen badira, alegazioetarako epea luzatzen ahalko da NBEUF-LGENF Kontuaren Egiaztapeneko Behin-behineko Txostenaren alegazioetarako epea amaitu arte.

5. Lanak egiteko eta NBEUF-LGENF Kontuen Egiaztapeneko Behin Betiko Txostena eta Egiaztagiria egiteko epea, betiere, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak eta Europako Batzordeak eskatzen dituzten daten mendean egonen dira.

63. artikulua. Gomendioak.

1. NBEUF-LGENFen Kontuen Egiaztapeneko Txostenean egiten diren gomendioak baimen egiaztapenetan eta adostasun egiaztapenetan kalifikatuko dira. Egiaztapenen kategoria hauek ezarriko dira baimenen arabera:

a) Oinarrizkoak: agintaritza eskuduneko eta Erakunde Ordaintzaileko arduradunaren berehalako arreta eskatzen duten alderdiak.

b) Garrantzi ertainekoak: kontrol arloko baldintza orokorrei dagozkien alderdiak, Erakunde Ordaintzaileko eta agintaritza eskuduneko maila goreneko arduradunen arreta azkarra eskatzen dutenak.

c) Txikiak: garrantzi gutxiko alderdi nabarmenak, Erakunde Ordaintzaileko dena delako mailan eskumena duten arduradunen arreta eskatzen dutenak.

2. Era berean, egiaztapenen kategoria hauek ezarriko dira adostasuna kontuan hartuta:

a) Oinarrizkoak: oinarrizko kontroletan atzemandako gune ahulekin zerikusia duten alderdiak, Erakunde Ordaintzaileko maila goreneko arduradunen berehalako arreta eskatzen dutenak.

b) Garrantzi ertainekoak: kontrol osagarrietan atzemandako gune ahulekin zerikusia duten alderdiak, Erakunde Ordaintzaileko dena delako mailako arduradunen arreta azkarra eskatzen dutenak.

c) Txikiak: beste gune ahul batzuekin zerikusia duten alderdiak, dagokion mailan arreta eskatzen dutenak.

3. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak urtero auditoretzako txostenetan egindako gomendioen eta organo kudeatzaileek hartutako neurri zuzentzaileen jarraipena eginen du; bidezkoa bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/ 2007 Foru Legearen 108. artikuluan ezartzen diren jarduketen gaineko txostenak egiten ahalko ditu.

4. NBEUF-LGENFen Kontuen Egiaztapeneko Txostenean, Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak egiaztapen erakunde eta kontrol organo independentea den aldetik aurreko paragrafoan azaldu diren jarduketak kontuan hartuta egindako gomendioak betetzeari buruz emandako iritzia txertatuko da.

64. artikulua. Auditoretzako iritzia.

1. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak bere egiaztagirian Erakunde Ordaintzailearen urteko kontuei eta barneko kontroleko prozedurei buruzko iritzia emanen du. Iritzi horrek Auditoretzako Nazioarteko Arauen definizioak beteko ditu, eta Europako Batzordearen Orientabideetan ezarrita dagoena ere bai:

-Erreparorik gabe: auditoreak ondorioztatzen duenean finantza egoerak alderdi garrantzitsu guztiei buruz ikuspegi erreala eta inpartziala ematen duela edo behar bezala azaldu direla, erreferentzia-esparruaren arabera.

-Erreparorik gabe, gai garrantzitsuren bat azpimarratuta: auditoreak paragrafo bat erantsiko du finantza-egoerari dagokion gai bat nabarmentzeko, baina iritzia ezertan ere aldatu gabe.

-Erreparoekin, hedadurak muga izateagatik edo desadostasunak atzemateagatik: auditoreak ondorioztatzen duenean erreparorik gabeko iritzirik ezin duela eman baina hedaduraren norabide edo mugari buruzko desadostasunen eragina aurkako iritzi bat edo iritzi-abstentzio bat eskatzeko bezain garrantzitsu edo orokorra ez dela.

-Iritzi-abstentzioa-hedaduraren mugak: hedaduraren mugak izaten ahal duen eragina hain garrantzitsu edo orokorra da non auditoreak auditoretza-froga nahikoa lortu ezin izan baitu eta, horrenbestez, finantza egoerei buruzko iritzirik eman ezin baitu.

-Aurkakoa: desadostasun baten eragina finantza egoera guztietarako hain garrantzitsu edo orokorra da non auditoreak ondorioztatzen baitu erreparoak dituen iritzi batek finantza egoerak iruzurrezkoak edo osatugabeak direla behar bezala azaltzen ez duela.

2. Kontu-hartzailetza Nagusiko Zerbitzuak bere auditoretzako txostenerako muga bat azaltzen ahal du, baldin eta auditoretza egin zaion entitatea honako inguruabarretako batean badago, Erregelamendu honen 57. artikuluan adierazitakoez gain:

a) Ordainketa kopuruei eta auditoretzan sartu beharreko laguntzei buruzko konpromisoa ez betetzea plangintzarako eskatu den informazioan.

b) Ekitaldia amaitzean Kontu-hartzailetza Zerbitzuari Urteko Kontua eta beharrezkoa den informazioa ez ematea ezarritako epean.

3. Auditoretza egitean Erakunde Ordaintzaileak aurreko idatz-zatietan azaldu diren betebeharrak (dokumentazioa ematea, alegazioak epearen barnean aurkeztea eta auditoreei laguntzea) urratzen baditu, Kontu-hartze Nagusiko Zerbitzuak Amaierako Txostena eginen du adierazi diren fase eta epeetako bakoitzaren amaieran duen informazioa oinarri hartuta.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Arau hauek indarrik gabe geratu dira:

-132/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Kontu-hartzailetza Nagusiak egiten duen barne-kontrolari buruzko Araudia onesten duena.

-133/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 3koa, Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomo administratiboentzat betebehar ekonomikoak sortaraz ditzaketen egintzetan, agirietan eta espedienteetan kontu hartzeko prozedurak arautzen dituena.

Halaber, indarrik gabe geratzen dira Erregelamendu honen aurka egiten duten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa